«Abangoardia eta tradizioa ez daude hain aparte»

  • Saxoaren mokoari hozkaka bizi da Judith, urrezko hodiari kontrako eztarritik zein soinu aterako. Eta hozk, eta hosk, hotsk, mokoa irensten segituko du, barru-barruraino, han, hodi tartean, haizea urre bihurtu nahirik, alkimisten moduan.
Judith Montero
Dani Blanco

Nola entzuten dugu musika?


Aldizkari batean irakurri nuen lehengoan zientzialari batek idatzitako artikulua, eta hark zioen musika hautematean gure buruak eraikuntza bat egiten duela, eta eraikuntza hori oso lotua dagoela guk txikitan entzundako musikarekin. Musika entzun ahala gure burua eraikuntza bat egiten ari da nota horiek guk txikitatik entzun dugunaren itxura har dezaten.


Eta zein da zure buruko plano musikala?


Pentsatzen dut dantzak izugarri eragin didala, eta musika garaikideko piezak entzutean mugimenduak ikusten ditut askotan, dantzako mugimenduak bailiran. Jotzerakoan ere mugimenduak pentsatzen ditut etengabe, espazio loturak, eta jendeari oso gogorra egiten zaionean pieza bat, maiz pentsatu dut “honi mugimendua jarriko bagenio jendeak askoz ere hobeto barneratuko luke”.

Dantzaria izan nahi zenuen?


Bai, eta hamahiru hamalau urterekin baletaren munduan nengoen erabat murgilduta, ez nintzen berez saxofonista konbentzitua eta maitemindua. Asko gustatzen zitzaidan musika, baina saxofoia musikara hurbiltzeko bide bat baino ez zen niretzat. Norbait marinba bat jotzen ikusten banuen orduan marinba jotzen hasi nahi izaten nuen. Nik dantzaria izan nahi nuen.


Eta nola aukeratu zenuen orduan saxoa? Ez dakit zergatik zail egiten zait balet dantzari bat saxofoia jotzen irudikatzea…


Bai, saxoa arraro samar gelditzen da baletaren mundu horretan. Aitak ere halaxe esaten zidan: “Saxoa? Pianoa edo biolina ongi, baina saxoa?!”. Dantza klasikoan ere neska gehienek pianoa edo biolina jotzen zuten, akordeoia ere bai batzuek, baina saxorik ez.

Zuk bai.


Solfeoko irakaslearengatik. Saxofonista zen bera eta saxo ikasle bila ibili zen bere lanaldi osoa saxo klaseekin bete nahi zuelako. Solfeo klaseetan saxoa jotzen zigun egunero, Pantera Arrosa, Gadget inspektorea… Eta hala urte hartan jende pila bat hasi ginen saxo klaseetan. Eta baita ni ere.

Nola gogoratzen duzu musika garaikidea entzun zenuen lehen aldia?


Negua zen, eta eliza baten barruan, Josetxo Silguerok jo zuen, Bordeleko beste konpositore batekin batera. Entzun, eta harrituta gelditu nintzen, “baina hau zer da? Ez dut ezertxo ere ulertzen!”. Dena zen berria niretzat, eta ez nuen tutik ere ulertu. Amona batzuk zeuden han eserita, eta kontzertu erdian alde egin zuten, jende pila bat joan egin zen, eta ni harrituta. Ez dakit gustatu zitzaidan edo ez, ez bainuen ulertu. “Zer demontre da hau?!” esaten nuen, eta jakin mina piztu zidan.

Musika garaikidea ulertzeko egina da?


Oso gai kuriosoa da hori. Jendeak esaten du, “musika garaikidea ez da ulertzen”, eta nire erantzuna da, “ah, eta bestea bai ala?”. Kontua da jaso egin behar duzula, emozioa, tentsioa, edo zerbait. Nik batzuetan herri musika entzuten dut eta “hau ez da ba musika garaikidea baino ulergarriagoa –pentsatzen dut–. Musika garaikideko belarria jarri eta berdin-berdin pasa zitekeen musika garaikide bezala, eta aldiz, hau, jendearentzat ulergarria da? Eta bestea berriz ez. Zergatik izango ote da?”. Horrek zer pentsatua ematen dit, baina ez diot erantzunik aurkitu. Beharbada aurreko erreferenteen kontuarekin du zerikusia, gure barnean dugun “oroimen” musikalarekin eta musika hori gertatu zen egoera sozialak sorturiko sentsazioen oroimenarekin; gauza bera gertatzen da beste batzuetan ere; adibidez, inori zuhaitz bat iradokitzen duten bi pintzelada erakutsi eta zuhaitza erraz ikus dezake eta hau ulergarria zaio, atsegina. Aldiz, ezin interpretatu ditzakeen bi pintzeladen aurrean beharbada beste jarrera bat izango du.

Musikarekin ere, kanta ezagun bat erdi desafinatua entzunda ere, berak aurretik duen kanta entzungo du, eta atsegin bezala berrinterpretatu. Aldiz, tonu laurdenak auditorio batean entzun, normalki “afinatuta” jotzen duten musika-tresnetan eta arraroa irudituko zaio, ulergaitza akaso. Eta ez ulertzeak oso deseroso sentiarazten du pertsona asko, eta jarrera ezkorra sortzen diela iruditzen zait. Behin halako egoera batean deseroso sentitu denak akaso ez du beste musika garaikideko kontzertu batera bueltatu nahi, bere “ondo pasatzeko” aukera zalantzan jarri duelako musika horrek. Hala ere, ez dut uste ezezagunak ezeroso izan behar duenik; beharbada gure buruei harritzen utzi behar genieke, esperientziak “bizi” eta ez hainbeste “polita/itsusi” eta “gustatzen zait/etzait gustatzen” binomioetan mugitu. Sorpresa ederrak hartzen dira halakoetan!

Musika garaikidea ez ba beti ongi onartua izan. Baina Mikel Laboak badu alde garaikide bat, eta ezin esan inork zalantzan jartzen duenik.


Nik ere horixe esaten nuen, baina lagunartean adarra jo izan didate beti, “Judith, ez engainatu zure burua, Lekeitio kantua iristean jende guztiak zinta aurrera pasatzen du!”, kar, kar, kar… Baina hori hala izan edo ez Mikel Laboaren kasua esanguratsua da, jendeak oso ongi onartu du, eta beste asko ez. Egia da Laboa ez dela hori bakarrik, baina agian modu bat aurkitu du, eta segur aski jende batek Mikel Laboa bere joera garaikide horregatik baloratuko duen bezala, beste askok beste alderdi batzuetatik disfrutatuko du. Baina dudarik gabe Mikel Laboak hor bide bat egin du, eta berak egindakoa oso koherentea da.


Baina, ea ongi esplikatzen naizen, eta barkatu ausardia, Mikel Laboak ahots ederra du, musika garaikidea aldiz, ez da beti atsegin-atsegina egiten belarrira, eta hori…


Gure burmuinak soinu disonanteak soinu desatsegin bezala hautematen ditu, eta soinu kontsonanteek halako lasaitasun bat ematen digute. Ez dakit zergatik den baina badirudi hala dela. Eta behin Mozarti buruzko pasarte bat irakurri nuen sekulako grazia egin zidana. Mozart, txikitan, jaikitzen omen zen gauean eta bere aitari akorde disonante bat jotzen zion, eta tentsio bat sortzen zuen. Orduan bere aitak jaiki behar izaten zuen eta hori konpondu, kontsonantzian bukatu, pianoa itxi, eta oheratu. Eta egia da musika garaikidean asko erabiltzen direla horrelako sonalidadeak. Gogoratzen naiz lehengusu txikiek askotan esan izan didatela: “Honek beldurrezko filmetako musika ematen du!”. Eta egia da, beldurrezko pelikuletan-eta askotan erabiltzen dira halako efektuak, eta musika garaikidean ere badago horrelako deserosotasun puntu bat. Horregatik esango dit jendeak niri: “Hau ez da polita, hau ez dakit zer”. Eta orduan pentsatzen dut neurekiko: “Zinean ere ikusten duzunean bat beste bat akabatzen, polita, polita, ez da, interesantea behar bada, baina polita...”.


Zarata ere musika da?


Musika garaikideak muga hori hautsi egin du. Hasieran muga hori zalantzan jarri zuen eta orain muga hori gainditu egin du, eta nik esango nuke hori dela musika garaikidearen ekarpenetako bat: ateak guztiz irekitzea eta zarata edo musika, sonalidade guziak sartzea musikaren zakuan. Soinuen arteko nolabaiteko hierarkia gainditzea, soinu mundu bat onartzea, soinuen sozialismoa da, kar, kar... Eta oso literarioa ematen du, baina egia hutsa da, nik musika garaikide asko entzuten dudan garaietan, gero edozein soinutatik musika entzuten dut. Edozein hodik egiten duen soinua entzun eta harmoniko bat entzuten dut, eta “ui, norbaitek musika dauka jarrita!” iruditzen zait. Gezurra dirudi baina hala da. Ilusio optikoak dauden bezala ilusio akustikoak ere badaudela esango nuke.

Hemengo hezkuntza musikalak garaikideari zenbateko lekua egiten dio?


Oro har ez dio lekurik uzten, baina ez dio uzten garaikideari eta berdin beste hainbat musikari. Nik uste dut denbora kontua dela, baina baita intentzio kontua ere, begira adibidez jazza. Jazz musikak gero eta leku gehiago du, Musikenen ere jazza sartu dute, baina oinarrizko mailan eta erdi mailan oraindik ez dago ezer arautua. Garaikideak momentuz ez du espaziorik, baldin eta zure irakasleak horrekiko sentsibilitate bat baldin badu behintzat, baina ez dagoenez arautua, ez dago curriculumaren barne, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Eta arazoa hori ere bada. Musika garaikidea musikari profesional askori ez zaio gustatzen, eta zuk nola erakutsiko diezu zure ikasleei zuri gustatzen ez zaizun zerbait? Bestalde musika garaikideak duen trabetako bat da teknika aldetik maila handia eskatzen duela, ez dagoela oraindik haurrentzako prestaturiko material askorik, eta orduan haur bat ezin da prest egon horretarako. Eta hori baino okerrago, umetan ez daude prest, eta pixka bat hazita prest daudenerako burua itxiegia izaten dute. Aldiz, haurrak zirenean askoz ere irekiago zeuden, umea berez izaten delako irekiagoa.

Beraz gero eta teknika perfektuagoak espiritua ixtea ekar lezake.


Denbora kontua ere bada; haurrek jasotzen dute zer den musika eta zer ez den musika eta guregana iristerako, kontzeptua oso garatua izaten dute eta “hau ez da musika” erraz entzuten dugu tamalez. Baina zenbat eta lehenago hasi honelako gauzak lantzen, orduan eta hobe. Nik askotan esaten diot neure buruari, musika garaikidea jotzeak hainbat aurreiritzi apurtzen laguntzen duela eta hori oso onuragarria dela, ez bakarrik musikarako, baizik bizitzarako! Teknikara bueltatuz, uste dut teknika bidea dela, tresna, zuk nahi duzuna adierazteko. Arazoa da batzuentzat helburu bihurtzen dela teknika, eta helburu bihurtzen denean hutsa da teknika. Musikak bestelako arima behar du. Agian birtuosoaren karreran teknika oso garrantzitsua izango da, lehiaketaz lehiaketa ibiltzeko, eta irabazteko teknika handia behar duzulako, baina azkenean kirola bihurtzen da. Niretzat bata kirola da, eta bestea artea. Mikel Laboa, esate baterako: Mikel Laboak ez du teknikatik begiratuta ondo kantatzen, ez luke opera kantatu ahal izango era horretan... Baina zer da ‘ondo’? Zer du Mikel Laboak? Duen ahotsa oso berea dela, oso ahots berezia, oso polita, eta egiazkotasun handia du. Horrek balio du.

Saxofoi klaseak ere ematen dituzu. Gustuz, ala Euskal Herrian saxofoiak ere ez du dirurik ematen?


Musikarien artean dagoen dilema bat da hori, jotzetik bizi ala klaseak eman. Nik klaseak ematen ditut, beste batzuek aldiz, “ez, ez, ni jotzetik biziko naiz” esaten dute. Baina adibidez ni banda batean nago, eta askotan tokatzen zait gustatzen ez zaidan piezak jo beharra, eta pentsa freelance baldin bazara, jazzekoei esaterako askotan tokatzen zaie Isabel Pantoja datorrela, eta bere kontzertuan jotzea. Eta soldata ateratzeko edozer gauza jo behar dute. Beraz beste batzuek “horretarako nahiago dut nik klaseak eman eta gero nik nahi dudana jo” esaten dute.

Bestalde, behin baino gehiagotan esan didate niri inguruko saxofonistek: “Ez, nik ez dut jotzen musika garaikidea, jendeari ez zaio eta gustatzen”. “Hori ez da egia, eta ez esan, esan ez duzula hori jotzen zuri ez zaizulako gustatzen, ez egin jendearen aitzakia! Niri gustatzen zait eta jotzen dut, eta jendea joaten da ni ikustera, ez igual asko –esaten diot– baina zuk jende askorentzat jo nahi baldin baduzu ez jo bandako musika, jo Madonnaren musika. Madonna ikustera askoz ere jende gehiago joaten da Bilboko Banda ikustera baino!”.

Garaikidea musika bakarrik ez, artea ere bada. Zergatik izan dira beste arte plastiko garaikideak onartuagoak musika garaikidea baino?


Horixe bera galdetzen dut nik askotan, eta ez dakit. Begira, adibide bat datorkit gogora: Txillida Leku ireki zenean, inaugurazioan Bachen musika jo zen, Txillidari asko gustatzen omen zitzaion eta Bachen biolontxelorako Suiteak jo zituzten. Niri ere izugarri gustatzen zaizkit, baina “begira zeinen kuriosoa! –pentsatu nuen– horrelako pertsona batek ez du gaur egungo musika jartzen. Ez du sorkuntzarekin lotutako musika jartzen”. Ondo dago Bach ere, eta bere momentuan garaikidea izan zen, batez ere pieza horiek, momentu hartan txeloaren mundua aldatu zutenak izan ziren, baina bada esanguratsua; arte garaikideko pieza bat edukitzeak badu halako estatus bat, eta gero jende hori opera entzutera joaten da, ez opera garaikidea. Uste dut merkatua, status-a, dirua, ideologia... beste gai batzuk daudela hemen, agian soziologoek aztertu beharko lukete hori.


Gaiz aldatuko dugu orain, eta genero kontuetara etorri. Emakume izateagatik, musikaren munduan, oholtzan, ezin batzuk, min batzuk, sentitu al dituzu?


Oholtzan baino gehiago oholtza atzean. Baina ezberdintasuna aurkitu dut mundu akademikoan eta mundu akademikotik kanpo. Mundu akademikoan gertatzen dira generoarekin zerikusia daukaten istorioak, baina oso bestelakoak dira, oso ezberdinak. Ni gertatu izan naiz ikastaro batean, –agian berrogei mutilen artean bi neska bakarrik, baina horretara ohitua nago– eta klasera iritsi, baita oso matxista fama zeukan irakasleren baten klasera ere, eta bion arteko tratua oso ona sumatu, arazorik ez. Lanera esertzen zarenean horretaraxe zaude, eta irakaslea ere bai. Baina herri giroan eta txaranga edo bandaren inguruan min gehiago sentitu izan dut. Esate baterako askotan entzun dut, eta baita musikari profesionalen ahotan ere, “joder, itxura hutsari begiratuta esango nuke horrek ederki jotzen duela!”. Eta beti mutilekin hori, itxura hutsagatik! Baina ez duzu entzun ere egin eta! Horrelako aprioriak markatzen dira. Eta apriori horiek pasilloetan, tabernan, komentarioetan, umorean.sortzen direla ere esango nuke. Ez dute jotzearekin berarekin inongo loturarik! Eta neskak, edo ni behintzat askotan diskretuago, uzkurrago, gehiegi nabarmendu nahi izan gabe ibili naiz eta horrela “itxura hutsagatik” ez omen da ondo jotzen dugun ikusten, eta askotan entzun eta gero onartzen zaigu ondo jotzen dugula. Ikusi beharko litzateke taberna horretan, bazkari haren ostean egindako txisteetan, pasilloan ez dakit zer esan zidatenean hain gustura eta eroso sentitu ote nintzen eta geroko entsegura nola iritsi nintzen... Konturatu naiz ustez apriori ematen ez zidaten balioa demostratu nahi izanak izugarrizko nekea sortu didala urtetan eta karga hau uzten ikastea garrantzitsua dela gero norbere proiektuetan sinestu eta aurrera egiteko. Sortzeko kargarik gabe egon beharra dago.

Ornitorrinkus emanaldia bi emakumek sortua da, Maialen Lujanbiok eta zuk. Nondik abiatzen da dena? Kezka komunetatik? Esperimentatu nahi batetik?


Kezka komun batzuk, eta gero bakoitzak beretik atera nahia. Eta horrekin bat guk esan nahi duguna esan nahi bat. Maialen dago alde batetik, beti gai-jartzaile bat, beti abiapuntu bat, eta beti erantzunez bezala ari da bertsotan. Eta nik ere har hori neukan, “ez dakit nondik deitu didate eta hura joko dut, eta beti beste batzuek jarritako partiturari erantzunez nabil”. Eta bestalde niri musika garaikidea gustatzen zait eta hor proposamen bat egin nahi nuen, nire proposamena, eta puntu horretan geunden biak. Horrez gainera iruditzen zitzaigun bi jardunak ongi etor zitezkeela bat, eta zerbait egin zitekeela. Alde batetik bertsoa, hain tradizionala, edo tradiziotik datorrena, eta bestetik musika garaikidea, abangoardia nolabait. Eta esaten den bezala abangoardia eta tradizioa ez daude hain aparte, eta biak maila berean jartzeko ahalegin bat ere izan da. Eta modu trinko batean gai batzuk proposatu eta ematea; era berritzaile batean baina xume, esnobismo nahirik gabe.

Musikan ere, eta jazzean bezala garaikidean, badira inprobisatzaileak. Posible da bien arteko inprobisazio jardun bat egitea?


Oso kuriosoa da, normalean bertsolariak baitira inprobisatzen dutenak, eta guk partituretakoa jotzen dugu. Kasu honetan gehiago da alderantziz. Baina biok inprobisatuz zerbait egin ote litekeen, baliteke, Maialenek inprobisatu dezake eta nik erantzun, eta inoiz saiakeraren bat egina dugu, hoskidetasunarekin-eta, baina hor ari gara, esperimentatzen, eta bilatzen, eta beraz ez da proiektu itxi bat, baizik eta emanaldirako bilaketa lan bat, esperimentazioa. Beraz, inprobisazioa? Gerta daiteke, baina nik uste dut gure nahia ez dela hainbeste hori izan, ez dugu esan “inprobisatzera goaz”, baizik eta “gaiak lantzen arituko gara”.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude