«Goiz edo berant, EAJk eta ETAk beharko dute politika berdina egin»

  • Nun dira ene lagunak, Otxagabian, Joseba Elosegi, Zutik, Yup lala… Etxamendi eta Larralderen botzak, biak bat eginik, airean, garai joan batekoak iduri, gure ekialdeak ekarriak. Dei bat noiz gozoa, noiz larria zekarren biko mitikoak, aldarrikapen politikoa irakiten zegoen aro batean. Borbor hura pausaturik ere, txinparta garretan dira Eñaut Etxamendiren buru-bihotzak. Kantuan ari zenean bezain bipil eta bilorik gabe mintzo da olerkari, eleberrigile, irakasle ohi, laborari… “baina abertzalea!” –Telesforo Monzonek oihu egin ohi zuen maneran– den nafarra.
Eñaut Etxamendi
Dani Blanco
Zure arreba ezagutu nuen Kalifornian, Maite. Orduan nuen jakin zuen etxean azkarki izan zela emigrazioa.
Zortzi haurride izan ginen, eta zazpi gara bizirik. Anaia lehena hil zen bi urtetan. Zazpi horietarik, gehiago dira Ameriketan hemen baino. Anaia gehiena ez zen Ameriketara partitu, eta arreba bat ere banuen hemen, Garaziko Lekunberrin, duela hiru urte galdu nuena. Haiek biak eta ni geratu ginen hemen.

Nola izan zen zure haurrideen partitzea? Bazen tradizioa edo zerbait, Amerikarako?


Bai, bazen, baina hemen izan zen memento bat, ekonomia eta kultura aldetik oso behea, oso gaizki. Gerra denboran, nekazariek hein bat, ez dut erraten ontsa zirela, baina hein bat egiten zuten, baizik eta janarien prezioak garestitu ziren eta zertxobait irabazten zuten. Gerla bukatuta, bospasei urte goiti-beheiti, 1952 arte edo, lehenbiziko krisia izan zen, haragiarena, okelarena. Frantzian eta Europan produkzioa bazen, baina hemen atzerago geunden. Toki hau ez zen batere administratua. 1947an edo 48an, etsenplu bat emateko, eritasun izugarrizko bat izan zen arditan. Egunero hiltzen ziren ardiak! Nehork ez zekien zer zen. Ez zen inoiz izan administrazioko fitsik, ez albaiterorik ez fitsik, hemen! Nik esaten dudalarik, nik, ene haur denboran ikusi dudan gauza bakarra: estatuak zer egiten zien gure ciudadano frantsesak diren hauei? mutilak eramaten zituzten gerlara! Bizirik etortzen zirenak biziatuta tabakoan, alkoholean eta putetan! Hori zen Frantzia sainduak nik ezagutu dudan nire umetako gizarteari egiten zion guztia.

Neskak?


Neskak joaten ziren neskato, etxetako garbiketak egitera etortzen diren horiek bezala, Bordelerat eta Pariserat. Mutilak ere joaten ziren Ameriketara! Bazen Donibane Garazin agentzia bat Air France-rena, eta astelehenetan, merkatu egunean, ikusten zenituen mutilak, batzuk besteen atzetik, paperen egiteko. Lapurtxo bat zen hori egiten zuena.

Zendako partitu ziren zure haurrideak Amerikara eta zu, aldiz, hemen izan zinen?


Nik banuen tipitik izugarrizko sarraski bat ukanik ezkerreko zangoan. Hortarik gelditu zitzaidan infekzio bat hezurrean: tafilokoko doratua. Eta, noizetik noizerat, berriz hanka hatsetzarri egiten zitzaidan eta hemen gelditu nintzen. Denbora hartan elizak eta apezek izugarrizko eragina zuten, eta nire ama gaixoak bazituen bi iloba beneditarretan zirenak, apezgai. Eta, ama batek nola egiten duen, Beloken sarrarazi ninduen eta horrela egin ditut estudioak. Gero, nekazaritzako goi-eskolan ikasi nuen Purpanen, jesuiten artean, eta Zientzia Politikoak Tolosan. Zazpi haurridetarik bakarra izan naiz estudioak egin dituena.
(Nola Zientzia Politikoak ikasi zuen kontatu du, nola emaztegaia egin, ezkondu eta Senegalen izan zen bi urtez, tesia egiten eta lanean... Eta luzaz, oren erdiz, segitu du Senegalgo hidrologiaz, ureztatze sistemaz, ur ezti eta gaziaz eta han inprimaturik ikusi zituen ezin konprenituzko zozokeriez haserre… Eten diodan arte). Eñaut!, zu irakasle ohitua zara, baina ez ikasle!
Utziko zaitut… Inspektore batek erran zidan: “Ez duzu aski mintzarazten eskolan”.

Zu mintzatuko zinen orduan ere! Ez didazu galderarik egiten ere uzten. Berrogeita bost minutuz ari izan zatzaizkit nekazaritzaz mintzatzen. Non da Etxamendi kantaria?


Kantaria… Nornahi kantari da. Etxean ama ere kantari zen. Arreba ere bai. Ez da, ez, hori izan enetako inportanteena, kantatzea. Enetzat gauzarik garrantzitsuena nekazaritza zen beti, hori zen arimazko gogoa. Eta nekazari jendea. Hemen euskalduna besterik ez zen, eta ikusten nituen denak joaten. Mutilak Ameriketara eta neskak putetxeetara lanera, Parisera. Behin hori erran nuen, Enbata sortu garai hartan, eta, “Alua!”, gizon batek. Uste nuen joko ninduela. Egiaren errateak, mina, zauria konpontzea ekarriko du. Bizkitartean, zauria hunki gabe ezin duzu konpondu mina.


Zuk zauri hori kantatu nahi ukan duzu, Larralderekin.


Hamazazpi urtetarik eta hogeita hamabost urte arte, gertatu da hemen memento bat lazgarria, gogorra iruditu zitzaidana, baina jendeak ez ziren denak kontziente. Hemen ikusten nituen mutilak, charterrak osoak, Ameriketara, eta neskatoak Pariserat. Jendeek ez zuten ikusten, eta ez zuten nahi! Apaizek eta horiek erraten zidaten: “Sozietatearen etsaia, hi!”. Erotzen ziren, ez zuten nahi! Partikularki, tokiko eliteek, edo elite bezala zirenek, mediku, apez eta burgesek. Gu horiendako deabru gorriak ginen! Erraten ziguten jendea zikintzen, lotsatzen ari ginela. Erraten genuelarik “horrelako nekazaritza ez da bizitzen ahal, behar da beste gisaz jokatu”, lotsarazten genituen! Elite bezala ziren haiek ez zuten hori nahi!


Bada beste gauza bat euskaldun askori gertatzen zaiona, bai hemen eta bai Hegoaldean. Eta kolonian ber gauza ikusi dut arabeekin eta beltzekin. Ez dute sekula dena erran, ez dute erranen gogoan duten hori dena. Sobera ahul sentitzen direlako, eta indar astapitoa dutelako, gainetik den inperioa, kontsentsu zera hori, mintzatzeko manera… Ahul guziek ikasten dute. Ez dute bakarrik handiek gezurra erraten. Jende ahulak gezurra du bere zaindaria. Gezurra erraten da, lehenik eta bat, bere buruari ez sobera fite min egiteko. Gezurtariak lehenik bere burua nahi du konbentzitu.Horretan

Horretan gara gu, egun?


O, bai! Izugarrizkoak ikusten dira. Txanogorritxo bezala, “seduzitu behar dugu Madril!”. Otsoari Txanogorritxok erraten dio: “Ez naiz polita?!”. Alukeria horrekin berarekin baduzu tesi baten egiteko! Konparazione, orain erraten dutena, Enbata: negar ematen du. Alukeria! Lehenik erran dezadan, ez gaizki konprenitzeko, nehork ez du maite gerla, ez nik, ez soldaduek, ez ETAko inork. Ez du inork egiten plazerez afera hau. Baina, gero, hamaika aldiz egunean goraki erranez, “ordainketa politikorik gabe”…, zer dela jendea uste dute? Horrek erran nahi du belaunika eta ipurtzulotik sartzen! Rocard, aski pazifista da, beste asko gauzaren artean erran du: “Bi alderdiek ez baldin badiote elkarri zerbait onartzen, ez da posible!”. Ez naiz batere, baitezpada, Batasuna zale, baina, erran zuten lehenik mugatzen zutela beren galde hitza Hegoaldeari bakarrik, Nafarroa uzten zutela berak hautatzera bere bidea, eta autonomia munduan gelditzen zirela. Besteek ez zuten milimetrorik ere!

Ez zara, baitezpada, Batasuna zale, diozu. ETA zale izan zara, lagunak ukan dituzu. Nun dira ene lagunak… Goratu duzu zure kantuetan: Zutik, mutil, eta zutik


Ez naiz beti ados izan, gerla orotan bezala, petto gaitzak izan dira. Baina ETA zale nintzen, bai… eta oraino ere hala naiz. Egunetik biharrera, ez balitz…

Zu baino hotzago da, egun, anitz jende.


Uste, hotzago dela. Jendea bada hozten dena. Konparazione, hor dut, irakurtzen ari dut, Madariagaren bizia. Gizajoa, iragana duenarekin, ulertzen da ezin duela bide horretarik segitu. Madariagak hirurogeita hamalau urte ditu, baina badira hogeita lau urtekoak, eta hamalau urtekoak beste batzuk. Horiek oraindik ez dute egin Madariagak bizi izan duena, eta horiek berriz eginen dute. Batzuek erraten dutelarik, “jendea hoztu da”, bistan da, adinak emanik, eta disgustuarekin, baina beste jende bat bada itxaropena horretan duena. Hori isilik dago, ez duzu ikusten. Gure etsaia entseatzen da hori drogatzen. Ameriketan horrela egin zuten Kennedy sainduak eta. Izan zirelarik hippyak, eta black panter eta horiek, denak drogarekin ezeztatu zituzten.


Bada erraten dena, eta sinetsi gabe erraten dena. Beste batzuetan, jendeek hobe lukete mihia jan balute mintzatzen hasi aitzin. Iruñean badut aspaldiko lagun handi bat, adiskide mina. Erran duelarik “ETAk erran du ohartarazi gabe ez duela ezer egiten eta aldi honetan, deus erran gabe, zartarazi du bonba”. Eta astoekin badoa, beleak beleekin karranka sartzen diren bezala. Behar zuen asmatu seguruenik hori egin bazuen errana ziola parekoari, eta parekoak errana zion “izorra hadi!”. Nolako gezurrean jendea egoten! Espres egina dute! Krimen horretan beste hiru aldiz ohartarazi zuten. Hiru aldiz!


Ez duzu esaten duzunaren gaineko kezkarik?


Pentsatzen dut nik analiza bat egin dezakedala, eta ez da hori propaganda egitea. Gero, zuhaurek ere kasu eginen duzu nola ezartzen duzun.

Haurtzaroan hasi gara mintzatzen. Nekazariaz ere ari izan gara eta, ondotik, politikan estekatu gara, kantura heldu gabe. Ez al da ETAk gainerako solas eta borroka mota oro isilarazten?


“ETAren borrokak itzalkatzen dituela beste borrokak” arrazonamendua da hori. Hein batean erraten ahal da baietz, baina beste hein bat handiago da, ezen beste borroka horiek baldintzatzen ditu ETAk. Ikusten duzularik 800 familiek badituztela semeak eta alabak preso, horrek gutako bakoitzean badu eragina, guhaur ohartu gabe lanean ari baita. Ogiaren orea ari delarik hantzen, andre batek ume bat ari duela sabelean egiten, ez da negarrik entzuten, ez da ogirik egiten. Bakoitzean-bakoitzean ari da lanean.
Nork daki noiz hautu batzuk presentatu, bai edo ez egiten duelarik, kontuz horien sakrifizioak egiten duen eragina! Egiten dugun lana behar dugu egin ahalik eta zorrotzen, hoberen. Ez gara egoten ahal. Beste batzuk, nahiz eta ados ez izan, konparazione, zibilak hiltzen hasi zirelarik, ni ez nintzen ados, etsitzekoa ere bazen, gure buruari ari ginen harrika, printzipioz ez zuten amore ematen ahal. Ez gara egoten ahal ahoa zabalik tragediari so, beste batzuk bezala, nahiz ados ez izan beti… Baina printzipioz ez zutela amore ematen ahal ulergarri da: hara tragedia. Metodoak alda? Baina borroka jarrai. Berrogei urtez “deus gabe”? Ez. Batzuek fruituak, bestek kartzela.

Zer dio zure barneak geroari buruz?


Ez dut ikusten biharko! Baina goiz edo berant, EAJk eta ETAk beharko dute politika berdina egin. Egunen batean EAJko jendeak eginen du ETAren estrategiarekin bat, Madrilek beharko du bere brageta jaitsi, beharko du kalmatu. Goiz edo berant, Euskal Herriko eskuinak beharko du, gisa bat edo beste, beharko du etorri estrategia komun batera besteekin. Hori hurrantzeko manera hoberena da elekziotan indarraren galtzen hasten badira. Ehun mila boz galdu dituzte eta hori da bide ona. Ez dute besterik konprenitzen. Ez dira usatuak burgesak berek egiten gerlak. Pobreak egiten dituzte CRS, guardia zibil, soldadu eta. Pobreak helarazten dituzte gerlarat, berak ez dira usatuak, ez dira arrisku horien hartzeko gizonak. ETAren eta ezkerraren presio hori ez balitz, ni segur naiz Madrilek ez liokeela utziko uzten duen autonomia hori, eta berek ez lezaketela egiten duten bezainbat egin. Ageri da beste esperantza bide bat: gizarte zibila euskal instituzio guztiak baino aurrerago da, anitz gauzatan.


“Konparazione”?


Ikusten dituzularik lehenbiziko guraso gazteak, arriskatu direla, orduan ziren aurreiritzi negatiboekin, ausardia hartu dutela, estatuaren hostilitatea han izanki eta, beren umeak –bakoitzak maite ditu bere umeak!– ezartzen eskola batean ez dakizuna zer emanen duen pedagogia mailan, ofizialki administrazioa kontra duzuna. Bestalde, sakelan beharko duzu ezarri eskua, dirurik ez… Orain ikusten duzularik, hogeita bost urteren buruan, unibertsitate mailan, goren mailan, besteak baino hobeak direla ikastoletatik atera umeak… –UPNkoek ere ezartzen dituzte umeak ikastolan!–, hori egin behar zen. Ez zen eginen, hori gizarteak du egin! Hemen Herrikoa sortu delarik, estatuak ez du onartu, hemengo prefetak ezetza eman dio! Lehen kooperatiba Arrosakoa egina zelarik, zurgintzaz, Paueko prefetak Labeguerieri errana: “Ez dut sekula kooperatiba hori baimenduko, banda separatista baten bilgune baita!”. Egin zen hala ere. Alta, mugatuak gara, ez gara biziki abilak, ahulak gara, guhauren artean badugu lanik aski, besteak bezalakoak gara… Zuberoakoak bezala.

Zuberoakoak?


Zuberoa etsenplu izugarria da. Ikusten duzularik herri ttipi batean hirurehun jende ez den batean, eta muntatzen dute pastorala. Eta berek ez dute pastorala ikusteko xantzarik, zeren berak denak dira lekuan ezartzen, edo edaterat ematen. Parisen dituzten herritarrak, eta herritarren emazteak edo, senarrak edo… Ahal duten guztiak harat joaten dira, eta sei hilabetez aritzen dira galdua duten hizkuntza batean, olerki osoak ikasten eta kantatzen. Eta zuberotar jendea gu bezain gaiztoa da. Ikaragarri!

Departamenduko liskarrik gehien tribunal aitzinean –orain dela urte asko horrela izan da, orain ez dakit horretan denez–, Barkoxen izanak dira. Beti auzoak elkarren aurka. Auzoko emaztearen ipurdia hunki eta ez dakit zer. Denak badituzte! Beste sozietateak bezala. Eta horrekin guztiarekin, zuberotarrek egiten dute egiten dutena! Gizakiek ezin sinetsizko gauzak egiten dituzte, eta mugatuak dira, gaiztoak dira, deseuskaldunduak dira.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude