Munduko leihotik jarriak

  • I

    Egunkaritan jaso ondoren
    berrien biharamuna,
    aho zapore garratzen aje
    ta burukomin astuna
    bilakatzen da pasotismoan
    egonarazten gaituna.
    Fikzioaren amets soila da
    bakearen erresuma,
    deskantsua da ilunabarra
    amets gaiztoa eguna,
    begi aurrean daukagulako
    ikusi nahi ez duguna.
II

Nork ote dauka Palestinaren
konponbiderako giltza?
Non geratzen da gizartearen
erabakia ta hitza?
Noiz arte hainbat errugabe hil
duen borroka bortitza?
Batak bestea garaitu ezin
su eta ketan dabiltza.
Berriro ere gertatuko da
halako mila ekintza,
galtzeko duten bakarra bada
infernua den bizitza.

III

Euskal Herritik ihes egin du
konponbidearen trenak,
orain alperrik izango dira
aitzakia eta kondenak.
Ederki daki zer datorkion
lehendik sufritu duenak,
betikoaren beldur minetan
nahasten zaizkigu barrenak.
Berriz lekurik izango al du
bakerako su etenak?
Gure destaina merezi dute
aulkitik altxa direnak.

IV

Bere etxean bihozgabea
kalean umil ta jator,
eskuzabala itxuraz baina
beti berean, egoskor...
Gauez irten da lagunengana
ederki moldatzen da hor,
etxera heldu erdi balantzan
andrearen bila dator;
lepotik heldu, lurrera bota
eta kolpatu du gogor.
Gehiago dela sinestu nahi du
ez delako sentitzen nor.

V

Hainbat etorkin plaia ertzetik
iristen dira gazterik.
Nahiz nik ez dudan espero hemen
ezer aldatzen hasterik,
kontsolagarri ez da hemengo
diskurtso eta usterik,
ez ote dago praktikan hasi
ta teoriak uzterik?
Ez digu axola, ez dugu entzuten
haien behar ta eskerik,
ez dugulako aintzat hartu nahi
geure burua besterik.

VI

Korapiloa askatu ezin
buruari mila buelta,
nola erantzi hipokresia
estaltzen duen kareta.
Kontzientzia lasaitzearren
alperrik da berriketa.
Dena aldatu dezakegula
pentsatu arren tarteka,
senti ninteke etsipenean
eta amorruz beteta.
Behingoz gelditu bedi mundua
jaitsi egin nahi dut eta.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argiako Bertso jarriak
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


Xanti Zabalari omenaldia martxoaren 16an
Bertso idatziei ahotsa emateko garaia

2019-03-03 | Miren Osa Galdona
Zeruko Argia eta ARGIAko bertso jarriak
Xanti Zabala "Lexo"ren emaria

2014-01-19 | Imanol Lazkano
Basarriren mendeurrenean
Doinua: Ari naizela

 

Bertsolaritza zeraman bere
bihotz eta bekokian
berrikuntza bat behar zuela
ere berak bazekian.
Ostatuetan jaio zen hura
txertatuaz antzokian
urrats berririk eman ez balitz
norabide... [+]

Eguneraketa berriak daude