“El Salvadorren errepresioa aplikatzen segitzen dute”

  • El Salvadorreko Nejapa herriko alkate da René Canjura. Udal hauteskunde garaian heldu zen Espainiara. Handik, Euskal Herrira. Gasteizen izan zen, elkartasun laguntza eske. Askotariko jendearekin mintzatu zen egonaldian: politikariak, boluntarioak, ikasleak… El Salvadorreko iraganaz, orainaz eta geroaz jardun zigun bere sorterriko gerran esku hartu zuen gizonak. Gerrillan lehen, herriko alkate gaur egun. Gizartearen aldeko borrokan ari da, esku huts bizi denak gutxienekoak behintzat izan ditzan: bizi hobea, duina.
René Canjura
Dani Blanco
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

René Canjura, izen-deiturak.


Bai, “Mario”, gerrako izenez. Horrelakoxe gaitzizenak erabili genituen gerra izeneko erokeria hartan parte hartu genuen denok.


Kargurik izan al zenuen?


Borrokalari izan nintzela esaten dut nik. Banuen kargua, baina ez nintzen komandante izatera iritsi, adibidez.

Erokeria hitza erabili duzu.


Bai, uste dut gerra guztiak erokeria direla. Ez dago gerra justifikatuko duen ezer.

Ryszard Kapuscinski irakurtzen ari naiz tarteka. Dio gerra, berez, gizakiaren eta gizartearen baitan dagoen ahuldadearen adierazgarri dela. Gerran denok galtzen dugula. Gerra guztien kontrako dela. Izatez gero, defentsa gerra salbu.


Bai horixe. Saia zintezke azalpen bila, baina nik erokeriatzat definitzen dut gerra. Izan ere, hamaika bidegabekeria egiten dira gerran, zeinahi aldetatik datozela ere. Guk, esaterako, El Salvadorren, zera esaten genuen: “Iraultzaren izenean egiten dugun konfiskazioa da”. Baina bestek egiten bazuen, “lapurreta” zen. Non da aldea? Gure kontzepzio ideologiko-politikoaren ikuspegian, “hilketak” egiten ziren. Bestek egin, eta “krimena”. Esadazu non dagoen ezberdintasuna. Horregatik diot gerra, izan, erokeria dela. Gerrak iraun zuen hamabi urteetan jardun nuen borrokan El Salvadorren eta benetan uste dut sekula ez zela gerra egin behar. Irakeko gerra, adibidez, geratu beharra dago. Hemen abiatu zen prozesuaren berri jakin nuenean, zera esan nuen: “Ongi etorri izan bedi gerra hau gerarazteko egiten den edozein saio”. Eta kontuan hartu hemengo gerra ez dela gure herrian izan zen hura bezain latza, baina, ahal dela, inork arma bat hartzea galarazterik baldin badago, galarazi. Horrek ez du preziorik. Barajasko hori eta! Bi latinoamerikar hilik. Eta zer zuten ikustekorik hemengo gerrarekin? Erokeria bat da!

Zuen kasuan, hamabi urte iraun zuen erokeriak, 85.000 hildako…


Ez dago hainbeste heriotza justifikatuko duen ezer. Askotan gure buruko bartzari begiratu behar diogu, gatazkak direla eta ez direla. Baina zergatik ez saiatu elkar ulertzen?

Erokeria hartan parte hartu zenuen…


Hamabi urteak. Eta gaur galdetuko balidate, “Egingo al zenuke berriz?”, zera erantzungo nuke: “Asko da behin. Nahikoa da”. Horregatik poztu nintzen hemen prozesua abiarazi zutela jakin nuenean. Nahiago nuke hemen hauetako politiko gutxi-asko argiek prozesua burura eramango balute. Ez naiz hemengoa eta ez dakit askorik, baina pentsaezina da inork armen bidez horrelako borroka bat irabaztea.

Konponbidea helburu, zein da oinezkoaren egitekoa?


Oinezkoa bigarren mailako aktore da. Ez du egitekorik. Izatekotan, baliteke bi aldeen artean gertatzea, eta kaltetan irtetea. Bestelakoan, nik ez dut jendetzarik ikusi, armak hartu behar direla esanez aldarrika. Alderantziz, demokrazia ikusi dut, bere on eta gaitz guztiekin, bidea egiten ari dena.

Euskal preso baten amak esan zidana datorkit gogora: “Demokraziak ez du, nahitaez, justizia esan nahi”.


Eta, seguru askorik arrazoi izango du. Baina gerra baino hobea da demokrazia ez perfektu hau. Gerta liteke zu eta biok ados ez egotea, baina nolatan hasiko gara iritzi ezberdintasunak armen bidez eztabaidatzen? Horixe da hamabi urteko gerrak irakatsi didana, ikasi dudana. Zenbait jendek burutik nagoela esango du, edo El Salvadorren esaten ohi duten bezala, “eskuineko egin zaigu”.

Esan al dizute zuri hori, eskuineko egin zarela?


Bai, jakina. Nahiz eta CIAk ordaindu kontuok. Garai berriak aztertzeko ezintasunetik ere badatoz esamesa horiek. Alferrik da mundu globalizatuan bizi garela ukatzea. Beste alternatibarik ez dugu ezagutzen. Eraiki behar dela? Baliteke. Baina, bitartean, nola bizi mundu global honetan, ezberdintasunak hain handi izan gabe? Gutxi batzuk aberatsak, eta milaka jende eguneroko ogia nondik inguratuko izerditan.

Hedabideen jabe direnek, berriz, El Salvador ondo ari dela diote. Ekonomiaz ari dira, nonbait.


“El Salvador ongi doa”. Makroekonomia arrano beltzaren pare doa, goian. Baina beldurra ematen duten lekuetara jaitsi, guk esaten dugun bezala…

“Beldurra ematen duten lekuetara”…


Bai, pobrezia bizirik dagoen lekuetara. Esango dizut: lehengo batean azterketa batzuk egitera joan ginen halako paraje batera, etxeak jaso nahi genituen eta. Joan eta lau gaztetxo topatu genituen, antosin baten inguruan jarrita. Tortilla bat zuten, artozkoa, ontzi bat indabetan busti eta jaten. Ez zuten indabarik jaten, taloa busti besterik ez! Zein etorkizun dute gaztetxo horiek? Makroekonomia esango dute gero! Han badugu egunean dolar bat baino gutxiagorekin bizi denik. Askok, dolar horixe ere ez dauka. Hortaz, alferrik etorriko zaizkit niri makroekonomia kantatzen, pobrezian baino okerrago bizi denean jendea. Jakina, joan San Salvadorko Gran Viara eta hango eraikinak eta! Dotoreak, horratik! Zoragarria! Baina, atzeko aldea aztertu eta beldurra ematekoa da. Kontrasteen herrialdea da El Salvador.

Ezberdintasun sozialak itzelak omen dira…


Nik esaten dudana: “Ez dago gerra egiteko arrazoirik”, eta bestek dio: “Eta nola zuzendu egoera?”.

Gerra egiteko arrazoirik ez, borroka egiteko arrazoirik bai, inondik ere.


Bai. Gizarte borroka. Soldata duin baten aldekoa, adibidez. Han, gutxieneko soldata 150 dolarrekoa da. Baina erosketak egitera joan eta oinarrizko otarrak 500 balio dizkizu.

Eta zer sentitzen duzu Euskal Herrira etorri, Gasteiza kasu honetan, eta hemengo aberaskeria ikusita?


Poz ematen dit herri hau ikusteak: lan egin duela, inbertsioak egin dituela, beste mundu bat bizitzea tokatu zaiola ikusita. Inbidia positibo moduko bat ematen dit. Nahiago nuke gure herriko ikasleek hemengoek dituzten aukera guztiak izango balituzte. Irakasle batekin mintzatu nintzen hemen lehengo batean. Gormutuen hizkuntza daki. Zera kontatu nion, nola heldu zen gure herrira brigadista bat orain dela bi urte, eta hogeita bost gormutu bildu zituela eskolan! Nik ez nekien horrelakorik. Bai, ezagutzen nituen halako eta halako gormutu, herrian ezagunak direlako eta denek iseka eta burla egiten dietelako, gaitzizenak jartzen dizkietelako… baina argiak baino argiagoak direnak. Hitz egingo balute, akabo! Hain dira argiak, izan ere! Brigadista hark lana egin bai, baina, gero? Gobernu zentralak ez du jaiotzatiko gutxitasunak, edo geroztikakoak, zuzentzeko programarik. Hortaz? Eta Zapaterok udal hauteskundeetarako azken mitina egin zuenean ere, han zen emakumezko bat, gormutuentzako interprete lanak egiten. Hau beste mundu bat da.

Oraintxe esan duzu egia. Batetik, mundu globalizatuan bizi garela diozu. Bestetik, hau beste mundu bat dela. Ez ote da makroekonomia globalizatzen ari, berdintasun sozialak bigarren mailako lagata?


Berdintasun soziala da landu behar dugun alderdia. Hortxe dago koska. Herrialde aberatsek protesta egiten dute. AEBek, esaterako, eragozpenak jartzen dizkigu, esanez bi milioi eta erdi salvadortar daudela han lanean. Sarekadak egiten ditu. Jendea ezkutatuta bizi da. AEBetan dagoen salvadortar langilea ez du gringoak zuzenean kontratatzen, bere egoera erdizka legalizatu zuen salvadortarrak azpikontratatzen du herrikidea. Gringoak gutxi ordaintzen zion, eta azpikontratatzen duen salvadortarrak, berriz, askoz okerrago. Herrialde aberatsek ez badute funts bat abiarazten lana sortzeko, beti izango dira emigranteak. Espainiara heldu nintzenean, hogeita bost salvadortarrekin egin nuen topo aireportuan, eta ez turismoa egitera etorriak. Konbentzituta nago geratzera etorri zirela. AEBek hesi beldurgarria jaso dute. Herrialde indartsuek horrela jokatzen badute, norantz doa mundu hau?

Zer du El Salvadorrek halako zigorra jasoa izateko. Hamabi urteko gerra, 85.000 hildako, sarraskia eguneroko ogi, Romero monsinorearen asasinatzea elizan, Ellacuria eta enparauen akabatzea… Zer zuten AEBek El Salvador su eta garretan iraunarazteko?


Lehen, Gerra Hotza zen aitzakia. Bateko SESB, besteko AEB. Hauek beren etxe atzeko patiotzat zeukaten El Salvador eta ez zeuden prest status quoa aldatu nahi zuen mugimendurik onartzeko. Ondorioz, heriotza eskuadroiak finantzatu zituzten, Romero monsinorea asasinatu… Eta zer egin zuen Romerok, asasina zezaten? Hurkoa maitatzea predikatzen zuen, ezberdintasunak seinalatzen zituen, ahotsik ez zutenen ahotsa zen… Horregatik akabatu zuten. Jesuiten hilketa dela eta, gerrillarion arduradunak omen ziren! Odol hotzean asasinatu zituzten. Eta, asasinatu ez ezik, gerrillari leporatu nahi izan zioten! Bonba “inteligenteak” bezala da hori. Botatzen dute eta ez dakit zenbat haur hiltzen ditu. Zer bonba eta zer inteligentzia da hori, gero! Justifikatu nahi badute, bila dezatela arrazoiren bat, baina ez dezatela uste ergelak garenik. AEBek bost milioi dolar inbertitzen omen zituen egunero El Salvadorreko gerran. Hobeko zuten azpiegituretan inbertitu izan balute! Herrialde aberatsak bildu bai, hitzarmenak adostu bai, baina bete ez, eta betearazi ere ez El Salvadorri eta beste herri askori. Eta, nirekiko, horixe da nik onartuko nukeen interbentzio modu bakarra, ezer ez dutenei onura ekarriko dien esku hartzea, eta ez “bota” agintean jarraraztea. Bota militarra, alegia.

1931z gero bata bestearen ondotik heldu ziren estatu kolpeak El Salvadorren.


Lehengo batean galdetu zidaten hemen, ikastola batean: “Ba al duzue beste hizkuntzarik?”. “Bai, nahua hizkuntza, baina desagertu egin zen, 1932ko sarraskiaren ondoren”. Hogeita hamar, berrogeita hamar mila indigena asasinatu zituzten garai hartan. Beste asko, ezkutatu egin ziren, asasina ez zitzaten. Indigenak ezkutatu, hizkuntza galdu. Urtean ehun, ehun eta berrogeita hamar bat animalia espezie galtzen omen da. Zer egiten da hori galarazteko? Balea galzorian, eta oraindik indartsuek eztabaidan segitzen dute, premiazko neurriak hartu gabe. Zertan gara, ordea? Zer izan behar du honek? Ematen du ez dugula oroimen historikorik. Gurean, El Salvadorren, gerra ez da kontu zaharra, eta gerra aurreko errepresio bide berak aplikatzen segitzen dute.

Ba ote?


Bai. Asasinatzeak, bahitzeak… Gaur egun bestelakoak dira aitzakiak, baina lehengo lepotik burua. Hamabi gerra urte nahiko izan ez balira bezala!


ARENA alderdia (Aliantza Errepublikar Nazionalista), 89tik agintean… Egoera iraultzeko modurik ez?


Ezkerreko politikariak inteligenteagoak izango balira, beharbada. Baina ez dago itxurarik.

“Ezkerreko politikariak inteligenteagoak izango balira”. Haiek. Non zaude zu?
Ezkerrekoa naiz, baina ez nago alderdi nagusietako batean ere. Kanporatu egin ninduten. FLMNkoa (Askapen Nazionalerako Farabundo Marti Frontea) nintzen baina azkeneko hauteskundeetan bestelako bandera baten pean aurkeztu nintzen. FDR izeneko alderdia osatu genuen (Fronte Demokratiko Iraultzailea). Memoria eginez, FLMNren beso politikoa zen FDR. Batak tiroak botatzen zituen, besteak, elkartasuna bilatzen, dirua biltzen. Gordin esateko, dirua biltzen zuen, armak erosi eta batak bestea hiltzeko, ze armak inguratzen dituzunean horretarakoxe da, jendea hiltzeko.

Gogoan daukat mitin bat, aspaldikoa. Hemengo herri batean zen, Lekeition, eta herri askotako ordezkariak ziren hizlari. Tartean, Fronte Sandinistakoa, Nikaraguan artean Somoza diktadoreak agintzen zuenean. Hark dirua eskatu zuen, itzulingururik gabe, armak erosteko.


Horrela izan da. Beharbada, balio zuen garai hartako. Gerra zegoen, ezberdintasun handiak… Gaur egun besterik da: zergatik ez dirua inguratu bakearen alde? Alegia, horrek zera esan nahi du, pobrezia gainditzea, hezkuntza, osasuna… Nahi baduzu oso erromantikoa izan ninteke. Horixe leporatu zidaten behin, “erromantikoa” nintzela. Baina erromantizismo horrek merezi du.


“Erromantikoa”, beraz.


Bai. Pobrezia, hezkuntza, osasuna, etxebizitza… “Erromantizismoa”. Japonen ikusi nuena: zazpi graduko lurrikara gertatu eta, zenbateko txikizioa? Leiho bat goitik behera amildua. El Salvadorren, hondamendia izango zen ondorioa: bi, bost edo hamar mila etxebizitza eroriko ziren. Zergatik, lurrikararen indarra bera baldin bada? Ez dago ikertzaile izan beharrik hor zer edo zer gaizki dagoela antzemateko.

Azkenak
2025-09-10 | Gedar
“Ontzidia blokeatzen badute, unibertsitateak hartuko ditugu”

Europako hainbat unibertsitatetan ikasleek abiatutako dinamikarekin bat egin du IAk, eta hurrengo deialdietara adi egoteko eskatu du.


Azaroaren 23an izango dira Arabako kontzejuetako hauteskundeak

Arabako Foru Aldundiak adierazi du litekeena dela irailaren 21ean irekitzea epea hautagaien zerrendak aurkezteko.


Hezkuntzan eremuka lan egitea fokupean jarri du Kataluniako Auzitegi Nagusiaren ebazpenak

DBHko 4. mailan eremuka irakastea planteatzen duen curriculum agindua bertan behera utzi du Kataluniako Auzitegi Nagusiak, aurrez Batxilergoan egin zuen gisan. Eremukako proiektuen aurkako salaketa Aspepc DBHko irakasle katalanen sindikatuak jarri zuen.


Israelek Hamaseko negoziatzaileak bonbardatu ditu Qatarreko hiriburuan

Erasoaren helburu izan direnak Trumpek proposatutako su-etena negoziatzen ari zirela azaldu du Hamasek. Israelek erasoa baieztatu du, eta Qatarrek “eraso kriminala” kondenatu.


Nepalgo lehen ministroak dimisioa eman du, protesta gogorren ondorioz

Liskarretan gutxienez hogei pertsona hil dira astelehenean. Astearte goizean, lehen ministroaren etxeari su eman diote manifestariek. Herritarrik gazteenak ari dira protestan, gobernuaren ustelkeriaren aurka, eta bereziki, sare sozialen debekuak eraginda.


2025-09-09 | ARGIA
Aske utzi dute Jose Mari Dorronsoro euskal presoa, 32 urteren ondoren

Jose Mari Dorronsoro preso politikoak Frantziako Estatuan bete zuen zigorra aintzat hartu ondoren, aske utzi zuten abuztuan, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.


2025-09-09 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Bazuen mezua, noski, Pekineko desfileak; baina zein zen mezua?

Zuzenean, askok, edo geroago ehunka milioik ikusi ahal izan duten irailaren 3ko Pekineko desfile militar erraldoiak bazuen, bai horixe, mezua. Halako guztiek bezala, esan genezake. Antolatzaileen borondateaz harago doazen mezuak, batzuetan. Mezu horiek zein eta norentzat ziren... [+]


Eskola segregazioa gainditzea helburu duen mahaia abiatu du Jaurlaritzak, STEILAS eta ELA gabe

"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.


2025-09-09 | Jon Torner Zabala
Itsasoaren berotzeak euskal kostaldeko espezie batzuen portaera aldatu du, Aztiren arabera

"Berdela iparralderantz ari da mugitzen, itsasoa berotzeak sardinari ez dio on egiten eta geroz eta gutxiagoa dago, antxoarentzat ona da eta geroz eta gehiago dago, baina txikiagoa da...", dio Aztiko ikerlari Xabier Irigoienek, EITB Datak tenperaturaren gorakadaz egin... [+]


Israelek Gaza hiria ebakuatzeko agindua eman du eta drone batek eraso egin dio Flotillari Tunisian

Hirian milioi bat pertsona inguru bizi da egun, eta ez dute nora jo. Pazienteekin eta lanean geratuko direla adierazi du Shifa ospitaleko zuzendariak, eta babesa eskatu dio nazioarteari. Bestalde, gauerdian, Global Summud Flotillako ontzi bati eraso egin dio drone batek... [+]


2025-09-09 | Gedar
EAJko presidente ohi Andoni Ortuzar kanpo-aholkulari gisa fitxatu du PwC multinazionalak

 "Komunikazioan eta gai publikoetan" lagunduko dio enpresari. Lizitazioak manipulatzeagatik isundu izan dute konpainia, eta lotura zuzenak ditu EAJrekin. 


Nafarroako azoka ekologiko handiena Noainen lurreratuko da irailaren 12tik 14ra

Hamargarren urtemuga ospatuko du aurten Nafarroako Azoka Ekologikoak. Berrogei postuko azokaz gain mintzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta erakusketak izanen dira


2025-09-09 | Irutxuloko Hitza
Kaleratzeak Stopek gaitzetsi du Donostian GOe egiteko azkartasuna, ondoko orubeko gazteentzako apartamenduei ekiteko datarik ez dutenean

Joan den astean jakinarazi zuten Basque Culinary Centerren GOe eraikina urriaren 20an inauguratuko dutela, eta horren harira, Kaleratzeak Stop plataformak idatzi bat helarazi du komunikabideetara. Bertan, gaitzetsi egin du Basque Culinary Centerreko eraikin berria 20 hilabetetan... [+]


Eguneraketa berriak daude