«Gizonezkoak ez du nire liburua egiteko premiarik ikusten»

  • Gaur egungo emakumearen destino petrala joa da Ana Urkiza. Etxean ez ezik, lanean ari da handik kanpo. Hiru seme-alaba, batetik; komunikazio aholkularitzan, bestetik. Gehiago ere bada Urkizaren eguneroko lan agendan: irakasle da unibertsitatean, eta idazle. Destino petral horixe erakutsi du bere azken liburuan, zortzi idazleren bizitza eta lanak aitzakia harturik. Emaitza, Zortzi unibertso, zortzi idazle. Zortzi sortzaile agerian, ezkutuan bederatzigarrena: haien ispiluan erretratatu da Ana Urkiza bera.
     
Ana Urkiza
Dani Blanco

Zortzi unibertso, zortzi idazle, azaroan argitaratu zenuen liburua. Bertan, Aurelia Arkotxa, Yolanda Arrieta, Itxaro Borda, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra eta Arantxa Urretabizkaia elkarrizketatu zenituen. Liburu bukaerako erantzuna dakarkit hona, emakumezko idazleen lekuaz Yolanda Arrietaren erantzuna: “Oraindik martxoaren 8rako deitzen digute”.


Bilbon izan ginen martxoaren 8an nire liburuaren aurkezpena egiten, FNACen. Lau idazle eta ni neu. Miren Agur Meabe, Yolanda Arrieta, Laura Mintegi eta Aurelia Arkotxa. Gonbita egin zidaten eta deialdia egin nuen liburuan parte hartu duten idazleen artean. Batzuek bestelako konpromisoak zituzten eta ahal izan zutenak, edo nahi izan zutenak, joan ziren hara.

Ona al da martxoaren 8a aitzakia jasotzea deia?


Nire ustez, egun horretan zerbait egin behar dela ez da dudarik. Baina egun horretarako deitzea, liburu hori aurkezteko, ez zait iruditzen egokia denik. Liburua, hain zuzen ere, kontrakoa esatera baitator.

Baina zerbait egin behar da, diozunez.


Alde handia dago adin bateko eta besteko idazleen iritzien artean. Nagusienek, adibidez, ez dute dudarik egiten. Haiei oso ondo iruditu zitzaien aurkezpena egitea. Martxoaren 8an zerbait egiteko ohitura dute, oso aktibo eta oso konprometituta bizi dira. Nik, hain justu, kontrako ustea nuen. Liburua martxoaren 8an aurkezteak ez zuela zentzurik. Beste batzuek bestela uste dute, ahotsa emanez gero hartu egin behar dela, eta halaxe joan ginen, baina ez ni zeharo konbentzituta nengoelako.

Aldean izan dut Argiak iaz argitaraturiko Larrun, XXI. mendeko feminismoari eskainia. Bego Muruaga itzultzaileak bertan esana daukat azpimarraturik: “Martxoaren 8 guztietan komunikabideetatik deitzen digute eta orain hogeita hamar urte egiten zizkiguten galderak egiten dizkigute”.


Horrela da. Uste dut egoera ez dela askorik aldatu. Urtean behin ematen digute ahotsa emakumeoi. Urtean behin, egun bakarra dugu! Galderak, berriz, beti berdintsuak. Uste dut galderak egiten direla, baina ez dela erantzuna jasotzen.

Zortzi unibertso, zortzi idazle liburuaren atarikoa irakurrita, galderak nire baitan irauten du: Hasier Etxeberriaren liburua gabe, Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan, izango al zen hau?


Galdera zaila dut hori. Uste dut baietz, izango zela. Ez, seguru, formula horrekin, zeren eta formula Etxeberriarena baita. Baina liburua izango zela, bai. Aspaldi neukan liburu horren asmoa barruan. Atariko edo hitzaurrean ere esaten dut, egunen batean helduko zela. Etxeberriarena lehenengo deia izan nuen. Haren elkarrizketa-liburua agertu eta, bertan, halako hutsunea nabaritu nuen. Gero, Anna Caballeren beste liburu horretan, Lo mío es escribir (Idaztea da nirea), emakumeak agertzen ziren, beste kontsiderazio batekin. Hurrena, berriz, Joseba Jaka bekak eman zireneko argazkia, egileak egunkarian, gizonezkoak denak… Uste dut orduantxe esan niola neure buruari liburua egin beharra zegoela. Halaxe sentitu nuen, beharra, eta niri tokatu zitzaidala egitea.

Neure golkoan, uste nuen Etxeberriaren liburua ongi pentsatua zegoela eta, beraz, han egindako okerra egiturazkoa zela. Aldiz, Joseba Jaka beken kasuan, emakumerik ez egotea koiunturala zela, beketan emakumezkoak batean gehiago, bestean gutxiago izaten direla… Euskadi Sarietan bezala, urteren batean lau sarituak dira emakumezko. Hurrena, denak gizonezko. Hutsuneak ere ez al dira ezberdin?


Uste dut zuk erabilitako kasuak salbuespen direla. Euskadi Sarietan lau sarituak emakumezkoak izatea, alegia, salbuespena da. Aldiz, Joseba Jakarenean, hutsunea estrukturala dela esango nuke. Liburuan ez dut daturik ematen, ez dut eta konturik ateratzen jardun. Areago abiatu naiz ezinegon batetik, sarritan gertatzen denetik. Horregatik egin dut galdera: “Zergatik gertatzen da beti edo gehienean?”. Nik neronek ere hausnarketa egin beharra izan dut.

Zein eratako hausnarketa?


Nire irakurketak oso maskulinoak dira. Literatura irakurtzen dudanean oso ikuspegi maskulinoa darabilt, nire erreferente nagusiak halaxe izan direlako, maskulinoak. Emakumezkoak geroago deskubritu behar izan ditut. Pertsonaia femeninoak ere deskubritu egin behar izan ditut. Hargatik egiten nuen galdera liburuan: “Ez ote da gizonezkoek ez ezik, emakumezkoek ere berdin egiten dutela, guk ere irakurketa maskulinoa egiten dugula? Hortik ote dator sariak ematen ditugunean beti gizonezkoei ematea? Hortik ote dator gizonezkoari intelektualtasuna suposatzea, eta emakumezkoari, aldiz, halako hunkiberatasun bat, halako intimismo bat?”. Nik galderak egitera jotzen dut, erantzunik ez daukat eta. Eta daturik ere ez, uste horiek errealitate direla egiaztatzeko.


Nik ez dut dudarik liburuko galderak egiterakoan zeure burua erretratatu duzunik, baina erretratu horixe bistaratu nahiko nuke. Ana Urkiza umetan.


Gure etxean bai aitak eta bai amak egin dute lan, betidanik. Aitak, kooperatiba batean. Ama jostuna da. Etxean hasi zen josten erakusten, eta gero tailer txiki bat jarri zuen herrian. Aitak egun osoko lana zuen. Amak, berriz, arratsalde, iluntze aldera jarduten zuen. Hiru anai-arreba gara. Hirugarrena berandu etorri zen eta neba eta bion oroitzapena dut, beraz, txikitakoa. Arratsaldeak bakar xamar pasatzen genituen, amaren lana zela eta. Aita, egun osoko lanaz gainera, oso gizon konprometitua izan zen, kulturarekin konprometitua bereziki. Ikastolako guraso batzordean egon zen. Ikastolaren aldeko taberna jartzen zenean, diruzain lanak egiten zituen. Musika eta dantza taldea zegoen herrian eta hango idazkari, diruzain eta beste izan zen. Hori daukat gogoan: aita oso konprometitua, baina etxetik kanpo. Bestalde, garai hartan batzar asko egiten zela daukat akorduan. Franco hil ondoko garaia zen, sei-zazpi urte nituenetik hamabi urte bete arte edo, gurasoak askotan irteten ziren bateko eta besteko batzarretara. Gurasoak herria egiten ari zirelako sentsazioa bizi izan dut. Ni neu ere nahiko konprometituta ibili naiz, aitak parte hartzen zuen ekimen guztietako partaide: dantzari, musikari, idazle… Mugimendu dezente, beraz, nire inguruan.

Zure jaioterria ez da nolanahikoa: Ondarroa.


Herri bizia, eta bereizia. Bi alderdiok bizitzea tokatu zait. Bi ikastola ziren herrian eta batera joaten banintzen ere, beste zenbait aktibitate bestelako leku batzuetan egiten nituen, neure gogoz eta hautuz. Herriaren kontzepzio oso politikoa bizi izan dut. Gogoratzen naiz, bestalde, gurasoek askotan eraman izan nindutela gauez antolatzen ziren saioetara: Intxixu antzerki taldearen aurkezpenera, zenbait musika jaialditara… Alegia, artean erdi klandestinoak ziren ekitaldi askotara. Hori, adibidez, oso barruan geratu zait. Egin beharra, sortu beharra… Taldearen ideia, zeren eta egitekoak ezin zitezkeen bakarka egin: taldea behar zen. Taldearen babesa, taldekideekiko konpromisoa… Barruan gorderik dauzkat horiek.

Ana Urkiza, sortzailea.


Betidanik idazten ari naizela iruditzen zait. Galdera bat sentitu dut beti nire barruan, nondik etorria den ez badakit ere, baina jakin-mina iturri duena, nahi baduzu. Zerbait jakin nahi badut, aztertzen hasten naiz, ikasi artean. Ikasi dudala iruditzen zaidanean –nolabait esateko, ikasi– forma ematen saiatzen naiz, ni bezain ezjakin zirenek gauza nola den jakin dezaten. Hori da nire prozesua.

Ana Urkiza sortzaile, emakumezkoa.


Argi izan dut beti idaztea gustatzen zaidala. Ez nekien zenbateraino profesionalizatu nahi nuen, zenbateraino nahi nuen hori nire bizitzaren parte egin, baina beti jakin dut idatzi egin nahi nuela, nire izaeraren atal zela. Senarrari ere beti esan izan diot: “Idazte kontu hori nire parte bat da, hori gabe ez naiz ni, ezin dut etsi”. Kontua da inguruak hori gabe ikusten zaituela. Bai, esaten dizute: “Libre zara idazteko!”. Baina, ondoren, ez duzu askatasun, eskubide edo dena delako hori praktikan jartzeko modurik. Orduan datoz loturak eta mugak. Gogoratzen naiz ezkondu nintzela idatzi nahi nuela esanez, ez nintzela ezkontzen ama izateko, argi eta garbi neukala hori.

Eta hiru seme-alaba dituzue.


Bai. Lau urte ezkonduta egin eta ama izateko gogoa sortu zitzaidan. Haurdun nengoela, zera esan nion neure buruari: “Tarte batean utzi egingo diot idazteari, umea pixka bat hazi arte bada ere. Ama izateari emango diot nire denbora”. Esan bai, baina bete ez: ez zen posible izan. Alegia, ezin izan nion idazteari utzi. Lehenengo umea jaio, Maite, eta lo onekoa ez zela gertatu. Gauez, hari bularra ematera jaiki, titia eman, haurra atzera lotaratu eta ni, atzera ohera beharrean, idazten hasten nintzen. Hori izan zen nire lehenengo amarrua.

Lehenengo amarrua. Ergo, gehiago ere izan dira…


Bigarren umearekin emakume nintzela konturatu nintzen. Bateko begi-zuloak eta besteko nekea. “Horrela beharko du! Horrela izango da!”, esaten nion neure buruari. Idaztea dela eta, berriz, senarrari esan nion: “Badakit ez diodala idazteari utziko, tarte bat behar dut!”. “Bai, bai, edukiko duzu!”, erantzuna. Baina ez da modurik. Orduantxe probatu nituen emakume izateak dakartzan mugak, zailtasunak eta ezinak. Alegia, gizonezko izanda edukiko ez nituenak. Hortik atera nuen poema liburua: Bazterreko ahotsa.

Ana Urkiza, obra. 2000. urtean argitaratu zenuen lehenbiziko liburua. Harrezkero ez da eten zure obra. Noiz helduentzat, noiz haurrentzat idatzi duzu; noiz poesia, noiz prosa…


Gauari kentzen dizkiot orduak. Etxeari eta familiari, ez. Lo gutxi eginez bizi naiz. Idazteari dagokionez, eskuartean zer edo zer dudanean, burua martxan dago, etengabe. Ez nago denbora osoan ordenagailuaren aurrean. Aldiz, burua pentsatzen ari da, egiturari buruz edo beste xehetasun askori buruz. Asmo bat abantean dagoenean, egun guztian abantean dago makineria. Gauean, ordenagailuaren aurrean jarri eta tarte horiei errentagarritasuna ateratzen saiatzen naiz.

Ana Urkizaren irudi publikoa.


Jakin nahiko nuke zein den irudi publiko hori! Kar, kar, kar…

Horretaz gogoeta egitera behartu dituzu zure liburuko zortzi idazleak. Atarikoan aurreratzen duzunez, asko dira lanen gaineko isiltasunak eragindako minak… Emakumea ikusezina ei da.


Irudiaz ohar bat lehenengo. Oraintxe ezintasuna daukat irudi publikoa eduki ahal izateko beharko nituzkeen plazak egiteko. Liburu honen kariaz, adibidez, dei dezente jaso dut, baina ezin izan dut beti baiezkoa eman. Aurtengo, esaterako, astean irteera bat baino gehiago ez egitea agindu diot neure buruari. Badago deia, eta gehiago ere eduki nezake, baina ezin diot erantzun. Beraz… Eta hori erreala da, benetakoa. Nire gizona oso berandu etortzen da lanetik etxera. Berak ezin du etxeko martxa eraman, eta neuk eraman behar dut. Hortaz, idatzi nahi izatekotan, edo nire lanak zabaltzen ibili nahi izatekotan, beste zerbaiti kendu behar diot denbora. Hori erreala da.

Esan nahi duzu, gizonezko bazina ez zenukeela zure lana zabaltzen jarduteko eragozpenik izango.


Ereduaren araberako gizona banintz, ez nuke zailtasunik izango. Nire lanbideari emango nioke denbora guztia, lehenengo lanbideari, edo bigarrenari, baina lanbideari.


Hortaz, gizonezkoek lanbideari ematen diote lehentasuna?


Bai, orain artekoek bai. Salbuespenak salbuespen. Emakumeetan ere badira horrela jokatzen dutenak: “Nik, nire lanbidea!”. Horiek uko egin diote beste zenbait gauzari. Nik, hala ere, badakit momentu honetan familian egon behar dudala. Hori badakit. Are gehiago, hori egin nahi dut. Baina, bestearen erdia ere balego, nik nire lanbideari gehiago eman ahal izango nioke. Baina gaur-gaurkoz familia da nire hautua, hor ezinbestekoa naiz. Horrekin batera datoz idazteko gorabeherak.

Euskal literaturan daukazun lekuaz denaz bezainbatean, non da Ana Urkiza gure literaturaren plazan? Zer diozu kanonaz?


Nire liburuei dagozkien iruzkinak bai, izan dira. Jarraipena egin zaio nire lanari. Nik uste iruzkin zuzenak izan direla, onerakoak zein txarrerakoak. Kanona dela eta, bi irakurketa egin behar dira: bata obraren jarraipena egitea da, eta bestea aldiz, obrak kontuan hartzea bigarren irakurketa egiten denean. Lehenengo irakurketa bai, egin zait. Ez dakit, ordea, bigarren irakurketa egin behar denerako nire obra aintzat hartua izango den ala ez, kalitateagatik, edo beste zenbait ekarpenengatik.

Kalitatea. Gai hori ez zegoen nire agendan.


Lan literarioaren kalitatea dago alde batetik, eta bestetik, idazleak sortzaile eta pertsona bezala kulturari egin diezaiokeen ekarpena. Eta ez dakit bi parametro horiek kontuan hartzen diren.


Zergatik hitz egiten dugu emakumezkoekin emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun eta endredoez eta, aldiz, beti “munduaz” besterik ez gara ari gizonezkoekin?


Gizonak ez duelako egoera ezbaian jartzen. Emakumeak bai. Emakumea jabetzen da egoeraz, aldarri egiten du. Gizonak ez du zalantzan jartzen. Nik egin dudan liburua egin zezakeen gizonezko batek, baina ez du egiten, ez du eta premia ikusten.

Azkenak
2025-06-07 | ARGIA
Euskara hutsezko plaza bete dute Ziburuko Azokan

1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]


EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Eguneraketa berriak daude