ARGIA.eus

2020ko uztailaren 08a

Nolako Kuba ezagutuko ote dute?

2007ko urtarrilaren 21a
Kubako lurra lehen aldiz zapaltzean, bertan aurretik izana zarenaren sentsazioa duzu. Bertako jendearen gertutasunak argi uzten du Kuba turismora bideratutako lursail arrunt bat baino gehiago dela. Aireportutik Habanarako bidean, Kubako negu goxoak ongi etorria ematen dizu. Aireak, Karibeko usain eta zaporeak gerturatzen dizkio bisitariari.

Kubatarrek bizitza kalean egiten dute, eta edozein aldera begiratuz gero jendea ikus daiteke, autobusari itxaroten, lagunekin solasean edo lau aulki eta mahai baten inguruan Kubako kirol nazionala praktikatzen: dominoa, hain zuzen ere. Habanako bidean, gamelu famatua aurreratu dugu. Autobus tankerako erremolke honek lanera edo etxera doan jende mordoa darama barruan. Garai batean Bilboko kaleak zeharkatzen zituen Bilbobusa ere aurreratu dugu. Euskal Herriak Kubarekin duen elkartasunaren aztarnetako bat dugu autobus hori-zuria. Izan ere, Kuba osoan zehar ikus daitezke urtetan euskaldun eta kubatar brigadistek egindako lanak: ikastetxeak, osasun zentroak edota berreraikitako azukre fabrikak.

Bidean goazela, gure begi aurrean ageri da argazki askotan ikusi dugun irudi ezaguna: goitik behera Che Guevararen aurpegi erraldoia duen Barne Sailaren eraikina. José Martí aireportutik Habanara doan 30 kilometroko ibilbide honetan, 59 urtez Kubaren gidaritza izan duen Fidel Castroren aldeko kartelak ugariak dira: «Con Fidel, te seguimos», «Abajo el imperialismo», «Viva la revolución».


Habana, beti inventando

Kubatarrek ondo babesten duten altxorra dugu Habana. Hiriburuak badu xarma berezi bat. Kubatarren erritmoak harrapatuz gero, hilabeteak pasa daitezke Habanako zokoetan. Bertan murgilduz gero, atzean utziko duzu Europako erritmo eta bizimodua, lasaitasuna baita nagusi Habanan. Presa hitza beraien hiztegietatik at geratzen da. Askotan esan ohi da kubatarra alferra dela izatez, baina gogor egiten dute lan aurrera egiteko. Dituzten baliabide eskasekin, beti ari dira buruari jira eta bueltaka aurrera egiteko. Beraiek esaten duten moduan, kubatarra beti dago inventando. Horretan oso iaioak dira. Adibide sinple bat aipatzearren, metxeroa agortzen denean guk zakarretara bota ohi dugu. Kuban, aldiz, dena da baliagarria eta horregatik edozein kale bazterretan aurkitu dezakezu metxero konpontzaileren bat. Bete ezin daitekeen metxero bati iltze baten bidez zulotxoa egin, gasa sartu, trebezi bereziarekin zulotxoa berriz itxi eta gure ustez baliorik ez zuen gailua erabilgarri bihurtzen dute.

Vedado auzoko Linea 23 kalean behera jotzen badugu, parez pare Kubako leku xarmangarrienetako bat topatuko dugu: malekoia, kubatarrek atseden hartzeko duten lekua. Itsasoari begira orduak ematen dituzte bertan. Asko zekien horretaz Kuba denbora luzez bizileku izan zuen Ernest Hemingway idazle amerikarrak. Kubatarrek malekoiko harrizko horman beren afaria arrantzatzen ari diren gizonei so pasatzen dute eguna, baita harkaitzaz harkaitz saltoka eta jolasean egon ohi diren gaztetxoei so ere. Orduak pasatzen dituzte urrunari begira, ikus ez daitekeen lur horrekin ametsetan. Egunero malekoia ezagutzeko asmoz bertara hurbiltzen diren turistak ere kubatarren begiraden jomuga dira, beren hitz jario trebearen bidez dolarren bat aterako ote dieten esperantzarekin.

Malekoian zehar ikus daitezke denboraren ajearengatik zaharturiko garai bateko etxe dotoreak. Oraindik nabaria da garai batean eraikin haiek izandako distira. UNESKOk Habanako hainbat leku ondare historiko izendatu zituenetik, herrialde askok diru laguntzak eman dizkiete etxe horiek garai bateko jantzi dotoreak berreskuratu ditzaten. Hori dela-eta, etxe asko dira berrikuntza lanetan ikus daitezkeenak.

Malekoiaren xarma atzean utzita, iraultzaren museoa zeharkatu eta Habana zaharrak ongietorria eman digu. Kanpotarra izanik, segituan agertu da laguntza eskainiz amigo bat: alde zaharra erakutsiko digun laguna, puruak preziorik onenean salduko dizkigun laguna... Habana zaharrean hanka sartu bezain laster egin ditugun lagun mordoek edozein trikimailu asmatuko dute dolartxoren bat irabazteko. Habana zaharreko etxe gehienak oraindik distiratsu eta dotore mantentzen badira ere, zaharkituak eta ia erortzeke dauden etxeak ere badaude bertan. Eraikin horiek Espainiaren kolonialismo garaikoak dira.

Habana zaharreko kaleetara kubatar musikari ugari hurbildu ohi dira turistei Karibeko erritmo beroak nola dantzatu erakusteko asmoz. Erretzen topatu daiteke adineko aitonaren bat, gitarra eskuetan duela eta abesten, musikaren bidez bere bizitzako ajeak atzean utziko balitu bezala. Kuba biztanle zahar gehien duen herrialdetariko bat da. Ez dakigu elikagaia, eguzkia edo bizitzari aurre egiteko duten lasaitasunagatik izango ote den, baina bertan ikus daitezkeen aitonak gazte sentitzen dira.


Etorkizun ziurgabea

2006ko abuztuaren 1ean Fidel Castrori egindako ebakuntzaren ondorioz, Kubako agintaritza Raúl Castro bere anaiaren eskuetan utzi zuen. Horrelako erabaki bat hartzen den lehen aldia izan da Fidel Castrok 1965ean Kubako gidaritza hartu zuenetik. Kubako Gobernuak ofizialki Fidel gaixo zegoela aitortu zuen arte, zurrumurru ugari etorri zitzaizkigun uhartetik, batik bat beti etsai amorratu izan duen AEBetatik.

Gauza jakina da AEBek saiakera ugari egin dituztela urte hauetan Castroren gobernu komunista hankaz gora jartzeko. Ez dute halakorik inoiz lortu, ordea. Gaur egun, inork ez daki Fidel Castro estatuburua zehazki zein egoeratan aurkitzen den. Kubako Gobernuak publikoki irudi gutxi batzuk erakutsi dizkio munduari; esanguratsuenak, Castro Hugo Chávez Venezuelako presidentearekin solasean agertzen direnak. Argi dago bideo horiek Castroren osasunaren inguruan sortutako espekulazioak isilarazteko kaleratu direla. Pasa den abenduaren 27an, Kubako Gobernuak eskatuta, José Luis García Sabrido Madrilgo Gregorio Marañon ospitaleko mediku espainiarra Kuban izan zen Fidel Castro aztertzen. Ondoren, Madrilen eskainitako prentsaurrekoan, ukatu egin zuen Castrok minbizia zuenik; aldiz, Kubako gobernuburuaren osasuna apurka hobetzen ari zela esan zuen.

Hala ere, argi dago, nahiz eta Castro osatu, nekez hartuko duela berriro Kubaren gidaritza. Gainera, Fidel Castro ospitalean dagoen bitartean sortutako lantaldeak ondo baino hobeto gainditu du proba. Kubari eta bereziki nazioarteari ederki erakutsi die Fidel Castro gabe Kuba aurrera joateko gai dela. Silvio Rodríguez abeslariak Euskal Herrira egindako azken bisitan, honakoa erantzun zion kazetari batek gobernuburuaren inguruan egindako galderari: «Fidelekin ez da amaituko Kubako iraultza, funtsezko aro bat baizik».

Abenduko azken astean egindako bisitan, Kuban irudi bitxi bat ikusteko aukera izan genuen. Lehen aldiz, AEBetako talde kongresista eta errepublikar bat Kubako ordezkaritza talde batekin bildu zen Habanan. Bi aldeak ez ziren inongo adostasunera heldu, baina urtetan emandako lehen urratsa izan zen bilera. Prest egon daiteke AEB Kubarekin negoziatzen hasteko bere erregimena auzitan jarri gabe?


Fidel eta Raúl, xede desberdinak

Raúl Castrok Kubako gidaritza hartu duenetik planteamendu aldaketa bat ikus daiteke. Fidelek beti izan ditu bi helburu nagusi: bata, internazionalismoarekin lanean gogor jarraitzea. Bestetik, bere herriaren alde lan egitea. Raúlek badirudi kanpora begira indarrak xahutzea baino, nahiago duela bere herriari behar duen arreta eskaintzea. Raúlen esanetan, Kuban gauzak hobetu daitezen azpi-azpitik hasi beharra dago lanean, iraultzaren lehen urteetan bezala. Hau da, lehenik eta behin Kubak dituen gabeziak ikusi eta ondoren, horiei irtenbidea bilatu behar zaie.

Dena den, Europa eta munduko beste hainbat herrialdetako komunikabideetan hainbeste orrialde betetzen ari den gaiari, Kuban bertan ez diote hainbesteko arreta eskaintzen. Uhartean, lasaitasuna da nagusi Fidel Castroren osasunaren edo geroaren aurrean. Kubatarrek eguneroko bizitza egiten jarraitzen dute, kanpotik etortzen diren berriei inongo jaramonik egin gabe. Kubako Gobernuak Castroren osasunaren inguruan ez die inongo berririk ematen herritarrei, estatuko segurtasun neurriak direla-eta.

Kaleko jendeari gobernuburua hilko balitz zer gertatuko litzatekeen galdetuz gero, argi eta garbi erantzungo dute ez dela ezertxo ere gertatuko; hau da, Kubak bere horretan jarraituko duela. Nazioartean berriz, galdera asko planteatu dira dagoeneko: Zein aldaketa gertatuko dira Fidel Castro hiltzean? Sistemak iraungo ote du? Trantsiziorik egongo al da? AEBek zein jarrera hartuko dute?...

Bai Fidel Castroren jarraitzaile sutsuek eta bai bere aurkariek argi dute Kubak aldaketa ugari behar dituela gaur egungo garai berriari eusteko. Baina nolako aldaketa? Herritarren gehiengoak ez du uste inongo trantsiziorik egongo denik. Ezta sistema kapitalista inposatuko denik ere. Kubatarrek oraindik gogoan dute iraultzaren aurretik zer nolako egoeran bizi ziren eta iraultzak zer eman dien: ikasketak, medikuntza, etxea, lana, janaria... Kubak heziketa eta prestakuntza aldetik oso maila altua dauka. Medikuntza arloan beti izan dira aurrerakoiak eta Kubatik munduko herrialde askotara joan dira medikuak: Afrikara, Errusiara, Txinara, Europara, Hego Amerikara... Edozein hondamendiren aurrean beti agertu dira medikuak bidaltzeko prest. Are gehiago, AEBak urtetan blokeo baten menpe eduki dituzten arren, irailaren 11ko atentatuen ondoren, Kubako Gobernuak berehala eskaini zion laguntza medikuak bidaliz. Baita Katerina urakanaren ondoren ere.

Halaber, urtetan defendatu duten sistema ez da egun batetik bestera desagertuko. Nola azaldu kubatar bati, estatuak 48 urtetan doan eman dizkion baliabideak, orain, sistema aldaketa baten ondorioz, bere poltsikotik ordaindu beharko dituela? Horrelakorik ez zaie buruan sartzen. Argi dago sistemak iraun dezan, hausnarketa sakon bat egin beharko dutela. Baina ez da kanpotik inposatutako zerbait izan behar, beraiek erabakitzen duten zerbait baizik.

Turismoa nagusi
Azken urteetan, turismoa uharteko diru iturri nagusi bihurtu da. Orotara, denboraldi honetan 2,3 milioi pertsona joan dira uhartera eta hauek irlan egin dituzten gastuak %10 hazi dira. Datorren denboraldian berriz, 2,5 milioi pertsona espero dituzte Kuban, inoizko kopuru handiena. Horregatik, asko dira beren etxeak Paladar izeneko jatetxe bilakatu dituztenak.

Historia pixka bat
1956ko abenduaren 2an Kubako kostaldean Granma izeneko yateak lurra hartu zuen 82 gizonekin, tartean Fidel eta Raúl Castro, Ernesto Che Guevara eta Camilo Cienfuegos zirela. Batista Kubako orduko presidente eta diktadorearen armadak ustekabean harrapatuta, 12 gizonek baino ez zuten lortu Sierra Maestrara iristea. Bi urte igaro ondoren, 26 de julio izeneko gerrilla osatu zuten Castroren gidaritzapean, eta Batistaren armada menperatzea lortu zuten. 1959ko urtarrilaren 2an, Ernesto Che Guevararen gerrillako zutabeak eta Camilo Cienfuegosenak Habanara iritsi ziren eta Batista koronelak ihes egin behar izan zuen Dominikar Errepublikara. 1959ko urtarrilaren 8an, José Martí zutabea, Fidel Castro buru zuela, Habanan sartu zen.

Hego Amerikarekin itxaropen handia
Azken urte hauetan, Latinoamerikako hainbat herrialdeetan ezker mugimenduek gora egin dutela ikusi dugu. Ezkerreko bultzada honek Hugo Chávez, Evo Morales, Nestor Kirchner, Michelle Bachelet, Tabare Vázquez, Lula da Silva, Daniel Ortega edo Rafael Correa politikariak ekarri ditu agintera. Mugimendu ezkertiar hauek estatua indartzea dute xede, politika eredu sozialaren bidez. Kuban ere ikusi dute bizilagun dituzten herrialdeetan mugimendu ezkertiarrek gora egin dutela, urtetan izandako politika desegokien ondorioz. Hugo Chávez presidenteak Kuba eta Venezuelaren artean hartu-emanak handitu ditu, bi herrialde ezkertiarren artean merkatu finko bat sortu arte. Horren bidez, orain arte AEBek Latinoamerikan izan duten kontrolari aurre egin nahi izan diote. Mugimendu honek Kubako herrialdean itxaropen handia piztu du, AEBek orain arte ezarritako eredu kapitalistari aurre egitea posible dela frogatzen hasiak direlako.

Kalekoen iritzi kontrajarriak
Egoera aldatu daitekeela ikusirik, kubatarrengandik iritzi oso desberdinak jaso ditugu gure azkeneko bidaian. Camilo, esaterako, 30 urteko gazte habanarra da eta bere esanetan, Fidel Castrok urte gehiegi eman ditu boterean. Aldaketak egiteko garaia heldu dela dio: «Ezin dugu bizimodu duin baten alde bizitza guztia borrokan pasa. Merkatu berriak ireki behar ditugu, gure ekonomiak gorantz egin dezan». Orlandok berriz, 80 urte inguruko aitonak, beste iritzi bat bota du lagunekin dominoan jokatzen duen bitartean: «Batistaren Gobernuarekin urte gogorrak bizi izan genituen. AEBek beren burdel propioa egin zuten gurean. Fidelek aldiz, guzti hori garbitzea lortu zuen. Mundu osoaren aurrean, kubatarrak herri duina garela erakutsi dugu. Osasuna, ikasketak, lana, medikuntza... Bizitzeko behar ditugun baliabide guztiak lortu ditugu iraultzari esker eta azken arnasa arte borrokatuko dut nire herriaren alde».

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Kuba

Kuba kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2007ko urtarrilaren 21a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude