"Estatu Koloniala desegin behar da"

  • Aurpegieratik baino hobeto ezagutu liteke pertsona esku ahurretik. Presidenteek bostekoa luzatzen diote elkarri, eta pasatzen dira esku txuriak, esku guriak, esku garbiak, inoiz hortzik estutu gabeko eskuak. Baina estutu bat eta estutu bestea, iritsi da esku bat besteak ez bezalakoa, esku bat lurraren kolorekoa, esku bat erreka bidez marraztua, esku bat gogorra; esku bat, esku izatea zer den badakiena. Ez dago aurpegira begiratu beharrik, Evo da.


2006ko irailaren 17an
Evo Morales
Evo MoralesTxomin Txueka

Indigenak lurrera begira ibiltzen ziren, lehen, kalean. Orain, burua altxatzen hasiak dira. Zer gertatu da?

Badago indar bat, autoestima bat, jaio berri dena. Gure anaiek, gure aiton-amonek, ez zuten Murillo plazara sartzeko eskubiderik, ez zuten eskubiderik espaloian ibiltzeko ere. Hirira sartzen zirenean armak azaltzen zitzaizkien gainera, DEAk hiria garbitu egin nahi zuen, gu infekzio bat izango bagina bezala. Parlamentura lehen aldiz iritsi ginenean ozen esan genuen, «parlamentuan sartu gara, laster palaziora ere iritsiko gara!», eta iritsi gara, beraz orain da gure herriko historian aldaketa sakon horren alde apustua egiteko garaia. Ni harro sentitzen naiz jatorrizko indigenen eta laborarien mugimenduaz, horiek dira beren presidentea gehien sentitzen dutenak.

Izan ere Boliviako errepublikako presidentea bakarrik ez, Ameriketako jatorrizko herri indigena guztien presidente ere izendatu zintuzten. Hori ez da titulu txikiagoa...

Ohore bat da niretzat Ameriketako indigena guztien presidente izatea. Horrek askoz ere gehiago konprometitzen gaitu bizitzaren alde, humanitatearen alde, eta batik bat herri indigenen alde apustu egitera. Indigenak historikoki kanporatuak eta marjinatuak izan dira, politikoki zapalduak, kulturalki alienatuak, ekonomikoki lapurtuak, eta sozialki gorrotatuak eta mespretxatuak. Horregatik antolatu ginen gu, ez inor baztertzeko eta mendekatzeko, ez inor morroi edo azpian hartzeko, baizik eta gizaki guztien eskubideak errespetatuak izan daitezen eta berdintasuna bizi dadin.

Ibiltzen hasi eta urrutira iritsi zara, baina 1959 hartan Moralestarren etxean Evo txikia jaio zenean, zein izango zen bere aitaren eta amaren ametsa ume txiki harekin?

Inoiz ez nion nire buruari galdera hori egin, zein izango ote zen nire aita-amen ametsa... Nire amak beti esaten zuen: «Guk nahi dugu zuek profesional batzuk izatea, irabaz dezazuela ongi, eta ez nik bezala sufritu. Nik nahi nuke zuek goizeko zortzietan jaikitzea lanera». Izan ere lur sailetan goizeko lauetan edo bostetan esnatu behar da, gosaldu eta goizeko seietan lanera ateratzeko, ganadutara. Iluntzean, eguna lanean pasa eta gero, zortzietan iritsi etxera, afaria prestatu, afaldu, eta gaueko hamarretan edo hamaiketan lotara. Eta biharamunean berriz ere goizeko lauetan edo bostetan esnatu behar. Hainbeste lan egin eta apenas ezer irabazten den.

Eta klase politikoan?

Klase politikoa esertzen da, jaten du, potro-jorran ibiltzen da, eta dirua barra-barra erortzen zaio.

Esaten da gora iristeko behetik hasi behar dela. Ez da denen kasua hala izaten. Zer da behean sekula egon ez denak ez dakiena?

Palazio Quemadotik pasa diren beste presidenteek ez dute ezagutu zer den gosea, ez dakite zer den oinez ibiltzea, ez dakite zer den argirik eta ur edangarririk gabe bizitzea, ez dakite zer den sufritzea. Presidente horiek ez dira inoiz bizi izan. Ezagutzen baldin badute ere, liburuetan irakurrita ezagutuko dute, baina ez herri boliviarraren bizipenetik bertatik. Eta gero hitz egiten dute, beren erara, herriaren egoera ekonomikoaz, edo berdin herriaren egoera sozialaz, baina ezagutu gabe ari dira hizketan.

Zuk gosea pasa zenuen?

Bai, altiplanuan gose handia pasa genuen. Oroitzen naiz 1971ko urte hartaz, diktadura bete-beteko urtea zen, eta nire familiako bostok, aitak, amak, eta hiru anai-arrebok, arto zuri zaku bat besterik ez genuen. Gosaria, bazkaria eta afaria, handixe egiten genuen. Tira, bagenuen haragia ere, llama haragia, eta arkume haragia, baina horixe izaten zen gure dieta, haragi eta arto hutsa, besterik ez zegoen. Beste zenbait familiak ez zuten hori ere, ez artorik eta ez haragirik; oso egoera gogorra bizi zuten. Inauteri garaia zenean, otsaila eta martxoa artean, tuberkulu batzuk egiten ziren, patata bezalakoak, eta horixe jaten zuten.

«Bostok» aipatu duzu, aita, ama eta hiru anai-arreba. Baina anai-arrebak zazpi zineten jaiotzean, lau ez ziren aurrera atera...

 Bai, zazpi ginen gu. Niri gurasoek kontatzen zidaten, oheratzerakoan, «Evo, zenbat llama eta zenbat ardi behar diren hemen baten bizitza salbatzeko...». Eta hala, nire lau anai-arrebak urte bat bete aurretik hil ziren. Nik neska txikia bakarrik ezagutu nuen, gure erregina, azkeneko haurtxoa zen, ni jaio nintzen etxetxoan jaio zen bera ere. Baina mutikotxoa nintzela aitak Argentinako zafrara eraman ninduen lanera, eta gu itzuli ginenerako han ez zegoen neska txikirik, hila zen ordurako. Horixe da bizitza ezta?

Izango da. Lan egitea ere bada bizitza, ogia irabaztea. Aitarekin Argentinara joan zinenean sei urte zenituen zuk. Zenbat lan egina zara bizitzan?

Pertsona batek hanka gainean ibiltzen hasten den momentutik familiari zerbitzu bat ematen dio. Ni oroitzen naiz gure sukaldeaz, ama janaria prestatzen ari zen eta esaten zidan, «Evito, ekarri iezadazu eltzea», eta nik eltzea eraman, edo «Evito, ekarri iezadazu basoa», eta ni basoa eramatera, edo sua itzaltzen ari zen eta «Evito ekarri iezadazu egurra», eta sutara egurra sartu behar. Hortik hasten da mutikoaren edo neskatilaren ardura, komunitateetan haurrak oinez normal ibiltzen hasten diren unetik aritzen dira lanean.

Zu izango zara, agian, munduko lehendakarietan ikasketa akademiko gutxien duena, eta bizitzako ikasketa gehien duena...
Ez nuen sekula pentsatu orain arte... Horixe izango da bai. Espero dut hala izatea.


Gaztea zinenean nola ikusten zenituen politikoak?

Mesedez, mesedez, oraindik gazte izaten segitzen dut eh! Kar-kar-kar.

Egia, mutil kozkorra zinenean beraz. Diktadura militarrak zure larruan ezagutu zenituen. Nola ikusten zenituen politikoak?

Garcia Mesaren diktaduraren bazterketa jasan nuen nik Chapare-n. Hasieran pentsatzen nuen presidente hura boliviar guztien aita zela, eta aita batek bezala bere seme-alaba guztiei kasu egin behar ziela. Baina 1981a izango zen, diktadura gogorra zegoen, eta Chaparen ikusi nuen nola erre zuten anaia ketxua bat. Gasolina isuri eta su eman zioten. Zirudienez narkotrafikante izateaz akusatzen zuten narkotikoek. Narkotrafikoaren aurka egiten zuen polizia bereziaren izena zen narkotiko, eta hori gobernuaren mende zegoen, beraz gobernuaren ardura zen hilketa hura. Hemezortzi edo hemeretzi urte izango nituen, oraindik ere ideiak marrazteko, baina ezin nuen ulertu: «Nola demontre erreko gaituzte bizirik!?». Ez zitzaidan kabitzen. Aita batek bere semea bizirik erretzera bidaltzea jendea! Sindikatuak mobilizazioa deitu zuen, kontzentrazio bat osatu zen, eta guk futbol zelaiko gazte bezala mobilizazio hori babestu behar genuela pentsatu genuen, «hau oso larria da, goazen gu ere». Niretzat hori izan zen gure herriko egoera sozial, politiko eta kulturala ulertzeko abiapuntua.

Eta pentsa abiapuntu horretatik noraino iritsi zaren. Orain arte zuriak eta korruptoak izan dira Bolivian lehendakari. Kolpez, herriaren babesarekin indigena bat sartu da palazioko atetik. Zer gertatu da Bolivian hain aldaketa erradikala etortzeko?

Gure herrian eredu neoliberala landatu eta ureztatu denetik laborariak eta jatorrizko populu indigenak izan dira horren aurka gehien borrokatu direnak. Borroka bi ildotan laburbiltzen zen: lurraren jabetzarako borroka, eta botere politikoa berreskuratzeko borroka. Boterea berreskuraturik lurraren jabe egin nahi zuen indigenak, lurra bere errekurtso natural guztiekin. Horixe izan da Bolivian bostehun urte baino gehiagoko borroka historikoa. Baina 1992ko urriaren 12an aldaketa handi bat gertatu zen borrokaren bidean. Kontinente osoko indigenek erresistentziatik boterea hartzera iragatea erabaki genuen, eta Bolivian behintzat konpromiso hori bete egin genuen, erresistentziatik boterea hartzera pasa ginen, alegia, borroka sindikaletik borroka elektoralera. Garrantzitsua izan da gure indar hori sektore urbanoekin, mugimendu sozialekin, intelektualekin, eta erdiko klasearekin elkartzea eta osagarritzea. Horiekin guztiekin indartu gara. Eta orain zabaldu berri den Asanblada Konstituziogilea lerro horretan doa.

Asanblada Konstituziogileak konstituzioa eta herria goitik behera eraberrituko ditu. Nolako Bolivia marraztu nahi duzu?

Lehenik estatu koloniala desegin behar dugu, eta bigarrenik estatu neoliberala. Estatu koloniala oraindik ere bizi da, hor ditu barruko eta kanpoko instrumentuak, hor ditu bere normak, eta hor ditu bere organismoak, kanpotik inportatzen dituzten programak eta proiektuak. Beraz Boliviak behar duena iraultza kulturala da. Horrek ekarriko du estatuko estruktura guztiak goitik behera aldatzea, eta estatu koloniala desegitea.

Estatu neoliberala ere eraitsi nahi duzula diozu, baina ezkerraren espazio politikoa oso da mugatua eta estutua gaurko munduan. Zenbateraino da zuena sozialismorantz doan mugimendua?

Komunitate indigenak historikoki beti bizi izan gara kolektibitatean eta armonian. Ni jaio nintzen lekuan ez dago jabetza pribaturik, ez dago jabetza indibidualik, dena kolektibitatetik abiatuta sortzen da, dena komunitatetik abiatuta egiten da. Hori oraindik ere bizi da. Gainera ez da gizakien arteko armonia bakarrik, baita lurrarekiko eta natura osoarekiko armonia ere. Beraz, ama-lurra, pachamama, errekuperatu egin behar da. Mendebaldeko ereduarekin, hango industrializazioarekin, Lurra planeta txikitzen ari dira, eta niretzat Lurra planeta ama-lur handia da. Beraz ez badugu hori aldatzen, ez bagara denak aldatzen, jai dugu. Eta okerrena da Mendebaldeko politikek planetaren txikizioa hartzen dutela oinarri, zertarako, eta kapitala esku gutxi batzutan biltzeko.

Hego Amerikak Kubaren eta Venezuelaren bidea jarraitu behar du?

Nor dira 2005ean Latinoamerikan hazkuntza ekonomiko handiena izan dutenak? Eredu neoliberalaren aurka ari diren herriak, inperialismoaren aurka ari diren gobernuak, horietako presidenteak. Kuba izan zen hazkuntza ekonomikorik handiena izan zuena, %11koa baino handiagoa. Eta Kubaren atzetik nor? Hugo Chavez, eta Hugo Chavezen atzetik Kirchner. Beraz, eredu ekonomiko neoliberal horiek, eredu kapitalista horiek, ez dira inondik inora ere soluzioa humanitatearentzat. Hori dela eta, guk sistema sozial komunitarioa bultzatu nahi dugu, edo behintzat horixe da Asanblada Konstituziogilearekin dugun desioa.

Ez dituzu hitz gozoak Mendebaldearentzat, han ere komunikabide askok ez zaituzte jainkoarekin parekatzen. Baina zuzenean nolako deiak eta harrerak jaso ditu Evo Moralesek nazioartetik?

Ni guztiz txundituta nago nazioartetik datorkidan babesarekin eta elkartasunarekin. Elkartasun hori baldintzarik gabekoa da batzuen kasuan, nola Kubaren eta hala Venezuelaren kasuan, eta orain Argentina eta beste herri batzuk ere bildu dira elkartasun baldintza gabe horretara. Horrek arnas handia ematen digu. Kontsulen mezuak ere jaso ditut, enbaxadoreenak berdin, eta hala diote: «Ados gaude zuen lanarekin, ados zuen gobernuarekin, laguntza bikoiztu egingo dugu». Norvegiak adibidez, sekula ez du laguntzarik eman kanpoko gobernuentzat, inoiz ez du laguntzarik eman GKEentzat, inoiz ez fundazioentzat, eta orain dudan informazioa zuzena bada, bulego bat ireki nahi du gure gobernuari laguntzeko. Txundituta nago.

Aterako da Bolivia zulotik?

Dena beharko du, gauden egoera honetan kooperazioa behar dugu, laguntza, kredituak, baina sekula ahaztu gabe gure baliabide naturaletan oinarrituz atera nahi dugula krisi honetatik.

Ez lehen bezala kudeatuak badaude...

Nola ba? Europatik gure baliabide natural guztiak lapurtu dizkigute. Eta Europaz hitz egiten hasten bagara zor historiko bat ekarri behar dugu gogora. Dena lapurtu digute. Ingalaterrak adibidez, ez da herri osoa izango, baina badira mentalitate hori duten zenbait; faxistak, arrazistak...

Espainia ere ez da atzera gelditzen...

Berdin Espainia ere, familia espainiar batzuk bai behintzat. Baina nik Ingalaterrako zenbait dokumentutan irakurri izan dut, beraiek herri indigenen esterminazioa pentsatu zutela, gu eliminatzea, gu akabatzea. Ongi da, saiatu ziren, baina eutsi egin dute, eutsi egin dugu, eta orain guk ez dugu inor akabatu nahi, bakar-bakarrik nahi duguna da denek eskubide berdinak izatea.

Hitz eman bezala hidrokarburoak nazionalizatu zenituen. Hurrena zer etorriko da?

Industrializazioa. Estatuaren enpresak berreskuratu eta industrializatu behar dira, orain dauden bezala estatua bera ere zorretan uzten dutelako. Baina berreskuratze eta industrializazio hori guztia prozesu baten barruan etorriko da.

Koka hostoa ere auzitan jartzen dute Mendebaldean. Kokaleroen burua zinenez gero, egin ezazu bere defentsa.

Gaixoa, oso satanizatua daukate. Begira, 1960ko hamarkadan ez zegoen kokainarik, ez zegoen drogarik, eta arazoa kanpotik inportatu zuten koka hostoa zigortzeko. Baina koka hostoa kokaina dela guztiz faltsua da. Uste dut hor atzean badudala koka hostoz betetako poltsa bat, baita hortxe bertan koka hostoz egindako Txeren irudia ere. 1950eko, 1960ko, eta 1970eko hamarkadan, AEBek koka hostoaren produkzioa sustatu zuten meatzariek koka hostoa kontsumituz meategi horiek aurrera egin zezaten. Jakina, meategi horiek AEBetako hazkundearen mesedetan zetozen. Espainolak ere, kolonia garaietan, koka hostoaren produktore handiak ziren, noski, beren kapitala handitzeko, aberasteko. Baina orain zer da, eta koka kokaina dela esaten ari zaizkigu, noiz, eta laborariok ere koka hostoa baliatu nahi dugunean. Guk koka hostoarekin helburu legalak baino ez ditugu bilatzen, ez gabiltza bide zidorretatik, eta espero dugu pixkanaka hor justizia egingo dela. Koka hostoak ezin du segitu bere etxean bertan bahiturik, eta munduaren aurrean preso harturik. Oraingo borroka garrantzitsuenetako bat da koka hostoa askatzea.

Zu ere izana zara preso, behin baino gehiagotan, sindikalista buru zinenean. Orain presidente zarenez gero, kartzelak badu funtziorik gizarte batean?

Tira, horrek hari luzea ematen du borroka sozialen korapilorako. Gidari eta ideologo sozialek esaten dute kartzelak ez duela ezertarako balio. Ni nago nola konpondu lapurreten gaia, delinkuentziarena, ongi baitakit hemen ez dagoela delinkuenterik berak hala nahi duelako, delinkuentziara erortzen da lana falta duena, horixe da arazo horren jatorria. Beraz, delinkuentziaren arazoa konpondu nahi bada lan iturriak sortzeko apustua egin behar da. Niregatik balitz, hartu traktoreak, sartu kartzelara eta ez nuke kartzelarik zutik utziko, baina lapur handiak, bahitzaileak... badira, eta azkenean uste dut behartuak ere bagaudela.

Sei hilabete pasa dituzu gobernuan. Zer da ikasi duzuna?

Ezinezkoa dela sei hilabetetan dena konpontzea. Baina horrek ez du esan nahi aurrera egin ezin denik, eta uste dut urrats handiak eman ditugula bai arazo sozialetan eta baita arazo estrukturaletan ere.

www.argia.eus/bolivia helbidean, elkarrizketaren pasarte gehiago bideoan.

Enbaxadore indigenak munduan zehar
"Mugimendu indigena ez da baztertzailea. Beraz, guk, komunitate indigenetako bizipenak palaziora ekarriko ditugu, parlamentura, ministerioetara, baita atzerriko zerbitzuetara ere. Kubako enbaxadorea yurakare bat da, arreba ketxua bat dago Frantzian, eta aimarak dira Perukoa eta Panamakoa".
Nortasun agiria
Evo Morales Ayma 1959ko urriaren 26an jaio zen, Isallavi komunitate txikian (Oruro-Bolivia). Zazpi anai-arreba ziren jaiotzean, baina hiru bakarrik atera ziren bizirik haurtzaro gogor hartatik. Laborari seme, lurrarekin eta animaliekin hizketan pasa zuen gaztaro osoa. Tarte bat zuenean trapuzko baloi bat hartu eta hari ostikoka gozatzen zen. Eskolan urte gutxi egin zituen, baina idaztera eta irakurtzera jarri zen. 1980an, familia osoa Cochabambara aldatu zenean, hasi zen Evo bide politikoetan oinez. Herriko sindikatuan kirol arduradun, Tropikoko sindikatu buru, kokaleroen lider, diputatu, aimara txikia eskaileretan gora eta gora joan da, 2006an, MAS (Movimiento al Socialismo) alderdiaren hautagai bezala, presidentzia palazioraino iritsi den arte. Izan zen laborari, izan zen okin, izan zen limosna eskeko tronpeta jole, eta orain, Boliviako errepublikako presidentea da.

Azkenak
2024-03-19 | ARGIA
NBEk ohartarazi du maiatza baino lehenago gosetea Gaza iparraldera iritsiko dela

31.000 hildakotik gora eragin ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Natasha Rueda, Gasteizen euskaldundua:
"Euskarak duen traba nagusietako bat da ikasteagatik dirutza ordaindu behar izatea"

Astelehen iluntzean ibili da 23. Korrika Gasteizko kaleetan zehar, eta euskaltzaleek hiria aldarriz bete dute. Bertan izan da Natasha Rueda ere, eta prestaketa lanetan zebilela hitz egin dugu berarekin. Kolonbiarra jatorriz, Gasteizen bizi da duela 25 urtetik; Korrika pasa dela... [+]


2024-03-19 | Leire Artola Arin
Beskoitzeko ikastolari 2025era arte luzatu diote lurrak erabiltzeko baimena

Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.


Elkarrekin Arabak Euneiz-en proiekturako zuhaitz mozketa masiboa salatu du

David Rodriguez bozeramaileak ohartarazi duenez, jarduera horrek “eragin larria izango du Salburuako hezeguneetan, bertako floran eta faunan”.


Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Eguneraketa berriak daude