Inauteriak suarekin amaitu, sardina, angula edo dena delakoa erreaz. Su honek negua erraustu eta haren hotza berotzen du. Eguzkiaren gurtza eta udaberri berri baten, izerdi berri baten hasiera da. Ez da alferrik eguna gaua baino luzeago egingo laster.
Martxoa epaila dela dakitenentzako inausketa aroa da. Eguna luzatzeak izerdi berria dakar, honek guraize eta aizturren ahoek egindako zauriak amaren batean dotore itxiko ditu. Zuhaitz eta zuhaixkak epaituta inausi, edo epaia eman, edo lepatu, edo kimatu, edo adaondu… Inauteria inausteria.
Izerdi berriak dakarren poza, uzta berri baten hasiera dena, kalbario baten abiera dute Kristo errege dutenen sektakoek; hobe beharrez, gozamena beti gerorako uzten dute. Kontuz ibili beharra dago, ordea, aihotza zorrotz baitarabilte… Inauterietako irribarre alaia bat-batean zast moztu eta errezo behartuaren leizera bultza nahi gaituzte. Inauterietako suaren txingarra oraindik bizi, hausterrea ospatuko dute: etxeko azienda gisa bere markatuko zaituzte kopetan errauts-hausterreaz eta lokatzetik lohi zatozela gogoraraziko. Erramu edo ereinotz lodikotea ipurditik eraitsi eta haren egurra erretzetik sortutako errauts bedeinkatua arma. Gero kalbarioa amaitzen dutenean, udaberriko lehen ilargi betea "aste santu" bihurtu eta erramu eguna ospatuko dute. Beste behin aihotzaren ahoa zorroztu eta erramuari zast. Hau ere bedeinkatu eta etxean jaso, urte guzian kalbario histailearen oroimena muturraren aurrean: kontuz, bizitza ez gozatu esanez.
Kalbarioaren hasiera eta amaiera, eta kalbarioa bera ere antzerkitzat dute beraiek ere, naturari eskerrak. Urtero berritu beharko lukeen errautsa aspaldi egindako pilatik hartzen duela argitu zidan lehengoan eliz bateko serora den lagun batek…
Erramu gaixoa. Geure erramu gaixoa lapurtu digute. Sekta hauekin argi ibili beharra dago eta badaezpada, lokatzetik ez baizik eta basa eta mausar ederretatik gatozela jakintzaun.
OHARRA: Aukera hau hautatuz gero hurrengo aldietan ez dizu galdetuko ze instantzia erabili nahi duzun.
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...