Ihesi: Tolosatik Berastegira tontorrez tontor

  • Duela zenbait ale Urretxutik Elgoibarra iristeko azalpenak eman genituen moduan, antzeko gonbidapena luzatzen dizuegu: Tolosa eta Berastegi herriak lotzea mendiz mendi eta lepoz lepo bide eginaz. Tolosako zaindaria den Uzturretik abiatuta, arku itxurako mendi-sokatea ekialdera luzatzen da, Belabieta, Urdelar, Larre eta Ipuliñoko tontor segida, Berastegi inguruetan amaituz, Nafarroako mugatik gertu.
Uzturreko inguru jendetsutik Urdelarreko bakardadera igaroko gara, ezkerrean bailara malkartsu eta laiotzaren hondoan, Leitzaran ibaia Oriara bidean jirabiraka dabilen bitartean, eskuinean, Berastegi bailarako larre eguzkitsuak begi-bistan ditugula. Modu berean, pagadiaren freskotasunetik edota altzifreen iluntasunetik autobideko harrabots etengabera pasatuko gara bat-batean, izan ere, duela jada hamarkada A-15 autobidea zabaldu zen sokate honetan bertan, zauri larri konponezinak eraginez.

Udaletxe aurreko Plaza Zaharrean zaudetela (75 m), Nafar zubia deritzonetik Oria ibaia zeharkatu eta Santa Klara komentu ondotik Izaskunera igotzen den bideari heldu. Autobide azpitik igaro eta berehala, errepidetik joan nahi ezean -dezente luzeagoa da bide hau-, eskuinera jo eta gorantz abiatzen den lasterbide berritua hartu.

Erdi bidean ikus daitekeen panelak dioen moduan, bide hau XX. mendearen hasieran zabaldutako gurutze bidea zen, 1979an N-1 autobideko obrak zirela eta moztuta eta erabilerarik gabe geratu zena. Baina 1996an Galardi elkarteak txukundu eta konpondu du, Tolosa eta Ibarrako udalen laguntzaz, herritarren gozamenerako.

Tarteka burua jaso eta Tolosako herrigunea behean geratzen ari dela nabarituko duzue. Hainbat bihurgune emango ditu eskaileraz osatutako zidorrak errepidera irten baino lehen. Bazterretik aurrera egin eta bihurgunean errepidea utzi eta lasterbidetik segi. Etxe eta baserri batzuen ataritik igarota, berehala izango zarete Izaskungo ermita aurrean (285 m).


Uzturreko gurutzeraino, gogorrena

Begi-bistan izango duzuen Uzturreko gurutzera abiatzen den asfalto bidea hartu behar duzue. Ur biltegiak dauden muinoa gainditu eta bidegurutzera iritsiko zarete. Ezkerrera doan bide harritsua hartu orduan. Bide zabala duzue eta zail da inor ez ikustea gora edo behera, eguraldia edozein dela ere. Behetik gora igoko zarete, porlanezko eraikuntza eskuinean utzi, baita pinudia ere, eta zatirik gogorrenari heldu.

Bihurgune itxiaren ondoren malda leundu egingo da. Aurrera jarraitu eta berehala helduko zarete tontorpeko ordokira. Ezkerrera jo orduan, belardiko zidor garbitik.

Laster ikusi ahal izango duzue amildegiaren ertzean Uzturreko gurutze zuri itzela (688 m). Paratu zuten bigarrena duzue hori. Izan ere, lehena, 6 metro garai zena eta 1927an inauguratua, otsaileko haize erauntsi gogorrak behera bota zuen 1941ean. Laster batean paratu zuten ordea, 10 metroko bigarren hau. Tolosaldeko behaleku aparta duzue talaia hori, ibilbidean izango duzuen onenetarikoa. Ondo erreparatu, beraz, zer duzuen begi aurrean.

Uzturreko lekurik ikusgarriena gurutzea izanagatik ere, ez da gunerik garaiena. Tontorrera iristeko, beraz, metro batzuk atzera egin, eta bi langen artean irteten den zidorrari heldu. Harrizko harresiaren ondotik gora hamar minutuan hartuko duzue gaina, buzoia eta geodesiako ikurra.


Belabietako mendi-lepoetara

Mendi gaineko bidetik jarraitu behar duzue. Soilgunera iritsiko zarete. Pinudi eta izei artean sartuko zarete ondoren, lurrazpitik doazen gas-hodiak zabaldutako bidetik. Bigarren soilgunera irtendakoan, bideak Uzturreko gandorreko azken muinoa ezkerretik inguratzeari eta altuera galtzeari ekingo dio. Maldan behera eskuinera irteten den lasterbidea hartu. Utzitako bidearekin ostera bat eginda laster ailegatuko zarete Deskarga lepora eta Akolegiko bordara -porlanezko eraikuntza zatarra- (606 m).

Aurrera jarraitu ahal izateko Belabietako gaina hartu beharko duzue. Belartsu, zabal eta biribildua, geodesiak adieraziko dizue gunerik garaiena zein den (684 m). Jarraian behera egin beharko duzue ostera, eta tontor hau hurrengoarekin lotzen duen lepora jaitsi. Ibingo langa duzue lepo hori (608 m). Langa gurutzatu eta ezkerrean ezkutatu samar ehiza postu, zikin eta trakets baten ondoan, mugarri triangeluarra topatuko duzue, aldeetako batean 1829ko data idatzirik duela. Tolosak, Billabona-Amasak eta Berastegik -Eldua Berastegi udalerrikoa baita- puntu horretan bat egiten dutela adierazten du mugarriak.


Urdelar eta Larre

Berrobitik gora datorren pista zeharkatu eta pinudiaren ertzetik doan bidean gora jarraitu. "Zuhaitz eklipsea" zer den jakingo duzue ondoren, izan ere Lawson altzifre sail trinkoan barrena doa bidea eta eguerdia izanik ere, gaua dela irudituko zaizue. Ilunpetik soilguneko argitasunera irtengo zarete ondoren.

Zuek aurrera segi, eta bidean gora zoaztela, harlauzazko teilatua duen Azolako borda albotik pasa eta Belabieta Txiki mendi-lepora iritsiko zarete (750 m). Trikuharria duzue bertan: kamara ixten duen gaineko harlauza ez izan arren, mendilerro honetan irauten dutenetatik osoen dagoena da berau.

Alertze artean maldan gora abiatu. Goialdean jada, eskuinean, Basaburuko trikuharria basoko soilgune txiki batean utzi, ezkerrera biratu eta malda handirik gabe, pinudi, eta altzifre artean aurrera segi. Pista zabalagotik tontorrera ailegatuko zarete (849 m). Adi ibili! Ikur geodesikoa, buzoia eta oroitarria dauden soilgunea oharkabean igaro baitezakezue bestela.

Zertxobait aurrerago, baso behaketarako erabili zen metalezko eraikuntza topatuko duzue, egun utzia, herdoildua eta erdi eroria. Hainbat hamarkada atzera ikuspegi aparta eskainiko bazizuen tontor honek, egun koniferek ez dute inora ezer ikusten uzten.

Altzifre landaketako zuhaitz ilera artean gandorretik aurrera egin. Laster izango dituzue begi-bistan Leitzarango bailara meharreko bihurguneak batetik eta Berastegiko lautada berde ederra bestetik. Aurrez aurre, hurrengo jomuga, Larre tontorra; garai batean edukiko zituen bai larre ederrak, egun, ordea, basoek estaltzen dute ia osotasunean.

Hainbat ehiza posturen ondotik doan zidor estuak zuzenean jaitsaraziko zaituzte bi mendien artean zabaltzen den Muga lepora (680 m). Bertan ikusiko dituzue bidegurutzea, Moako tumuloa eta aldamio gainean uso parada itzela.

Pistarik hartu gabe, poliki-poliki, bizkarrean gora igotzeari ekin behar diozue jarraian. Harlauza gorrixkez hesitutako sarobe politetik pasako zarete laster, baita eraikuntza baten ondotik ere. Igo ahala garbiago topatuko duzue zidorra.

Axerigaina lehen muinoa inguratuko duzue, bi antenatzar dituen tontor nagusira iritsi baino lehen. Aldamenean, kohete itxurako buzoia duzue (804 m). Metro batzuk aurrerago, hurrengo goragunean, ikus dezakezue pagoen artean San Lorentzo ermita.


Ipuliño, mendi-sokateko errege

Gandorretik aurrera, zuzenean Gorosmendiko lepora jaisten den zidorra hartu. Malda polita duzue. Pista ugarik egiten du bat mendi-lepo honetan (665m).

Indarrez makal bazabiltzate eta Ipuliñora igotzea beste baterako uzten baduzue, aukera ona duzue bertatik Berastegira jaisteko. Borda berritura joan lehenik. Basoan behera, pista batekin egingo duzue topo ondoren. Hari jarraitu, kasik Berastegiraino eramango zaituzte-eta. Borden ondotik pasa eta gero, ezkerrera jaisten den bide zaharra hartu. Hark bai, harrizko itxituren artean, elegante, zuzenean Berastegira gidatuko zaituzte (400 m).

Ipuliñora igo nahi izanez gero, lehen maldetako zidor lausotik gora abiatu, harri blokez osatutako gandorra hartu arte. Goldizgain (794 m) deitutako gain luzatua alderik alde zeharkatuko duen zidorrari heldu, harik eta Itxurtxabal harratera iritsi arte (680 m). Ezker-eskuineko bideei jaramonik egin gabe, aurrera jarraitu eta pagadian barneratuko zarete. Malda gogortu egingo da, baina zaudete lasai, ez baita luzea. Goialdean jada malda leundu eta azken metroak burutu ondoren Ipuliñoko tontorrean agertuko zarete (928 m), mendi-sokate luze honetako gailur garaienean. Atseden hartu, baina eguraldia lagun baduzue, ez aukera galdu. Jaso burua, zabaldu begiak eta inguruaz gozatu... egindako ahaleginak merezi izan du, ezta?

Berastegira iristeko igotzerakoan pasatako lepora jaitsi, igotako bidetik (680 m). Han, ezkerrera egiten duen bidean behera abiatu. Langa gainditu eta malda behera gogorrean, autobide gaineko pista zabalera irtengo zarete, hainbat bihurgune eman ondoren.

1995ean autobidea zabaldu zenetik, inguru hauek aldaketa latza jasan dute. Bide zaharrak betirako galdu eta berri zatarrak zabaldu dira. Hori gutxi balitz, mendiotako sosegu eta isiltasuna desagertu egin dira motor zarata etengabearen ondorioz.

Pistan behera segi behar duzue eta eskuinera jaisten den lehen bidea hartu, autobide azpitik pasa eta behera jarraitu. Ur biltegiaren parean eskuinera jo, porlan bidetik. Laster izango zarete Berastegiko etxe eta baserri ederren artean.

Larreko San Lorentzo ermita
Larre mendiaren goialdean dago, pagadi txiki baten erdian. Herri hizkeran "Salontxo" izenez ezagutua, XV. mendean jada ba omen zen (Irigoien). Herriko armarriak santu beraren eta ermita baten irudia darama.
Ingurukoek debozio handia diote, pikor edo grano, zorna eta horrelakoetatik babes dezakeelakoan, baita suteetatik ere. Ohitura zen, ez dakit oraindik mantentzen denentz, iltzeak eramatea, triangelu sekziodunak eta pentagono-burukoak, pikorreko bat. Kriseiluetako olioa ere eraman ohi zen, eta lehenagotik zegoenarekin pikorrak igurtzen zituzten, horrela sendatuko zitzaielakoan. Ermitaren eraikuntzan nola materiala garraiatzen aingeruek lagundu zutela uste zen.
Urtero abuztuaren 10ean, inguruotako jende andana hurbiltzen den erromeria ospatzen dute bertan, gaur arte iraun duen erromeria bakanetakoa.
Larre mendiaren magalean, Berastegiko errepide bazterrean, Zamargin baserria dago, eta haren aurrean San Lorentzo Txiki bezala ezagutzen den ermitatxoa. Berastegin esaten denez, aspaldian, baserriko etxekoandreak, santua ikusi omen zuen goialdean paseatzen. Beheraino ere jaitsi omen zen behin, zelatan zebilen etxekoandrearengana. Horregatik eraiki omen zuten San Lorentzo Txiki hantxe bertan. Andreak ordea, begi bat galdu zuen zelatan zebilen batean. Zer gertatu ote zitzaion?


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude