Kode zibileko 16. artikuluaren erreformak gay eta lesbianen ezkontza ahalbidetuko du Espainiako Estatuan. Madrilgo Kongresuak lege proiektu hau onartu egingo duela aurreikusten da, eta abuztu edo irailerako jarriko dela indarrean. Albiste honen aurreko jarrerak, homosexualen askapenerako mugimenduak dituen planteamendu desberdinei buruzko arrastoa ematen digu. Guztiok eskubide berak izan ditzagun urrats bat gehiago emango du ezkontza legeak. Baina, ezkontzaren kontra beti egon direnek ospatzeko moduko albistea al da? Hori al da bidea eguneroko bizitzan natural bizi ahal izateko?
Alberto Lopez, Bizigayeko (Sexu Askapenerako Alkartasuna) arduradun bat da. Hona bere iritzia: «Gure aldetik ezkontza ez da gehien eskatzen duguna, baina arlo guztietan berdintasun juridikoak izatea oinarrizkoa da. Ez da nire eskema, baina nahi duenarentzat irekita egon behar du, errenta aitorpena barne». Gorka Gonzalez, Bost Axola gazte taldeko kideak argi du lege hau pauso historiko bat dela: «Kasu honetan legea gizartea baino aurrerago doa, eta gizartea hezi egin behar da, orain arte gobernuak ez baitu hau egin, elkarteek baizik».
Queer aktibista (ez du izenik eman nahi izan eta hemendik aurrera horrela deituko diogu) kritikoago ageri da bide horrekin: «Eskubide politikotan oinarritzen da, ez askatasunetan. Eskubide politikoak botereak ematen ditu, eta askatasunak gizarteak. Gizartetik egin behar da lan. Lege hau isilarazteko modu bat da: Oso aurreratuta gaudenaren irudia ematen du, baina homofobia oraindik oso handia da eta ez da familia eredua zalantzan jarri nahi». Queer teoriek normaltasuna kaltegarri ikusten dute, queer aktibistak kontatzen digunez: «Praktika denak normaltasunera bideratzea eta erabakitzea zer den normala eta zer ez, horrek egiten du kalte. Arazoa ez da ezkontzea edo ez ezkontzea. Arazoa da, estatuak erregulatzen duela norekin bizi zaren, nor den zure bikotekide ofiziala eta abar. Lagun bat galtzean ez duzu pentsiorik jasoko, eta agian batak bestea bakarrik zuen munduan eusteko, baina sexu harremanik egon ez denez, ez duzu merezi eta kito. Ezkontzak botere osoa estatuaren esku jartzen du, eta beste familia ereduak ukatzen ditu, derrigorrez bikoteka antolatu behar da eta monogamian noski. Gure helburua ez da eredu horretan asimilatzea. Bikotea ez da elkarbizitzarako antolaketa eredu bakarra».
Horri buruz badaki Anek (ez du bere izenik eman nahi izan eta hemendik aurrera Ane deituko diogu), orain 20 urtetik ama ezkongabea baita eta duela lau urtetik neska lagunak izan ditu. Garai hartan ama ezkongabea izatea ez zela txantxetakoa kontatzen du: «Pentsa, semea jaio zenean juzgatuan inskribitzeko, aitaren izen abizenak inbentatu behar izan nituen, derrigor, ezin izan nuen aitaren laukia zuriz utzi». Oraingo gizarte laguntzarik ez zuen izan, ezta inolako erraztasunik ere. «Test psikoteknikoak ere egin dizkidate, medikuak galdetu izan dit senarra non dudan, edo lanetik bota izan naute», kontatzen du. «Baina gauzak oso argi izan ditut beti eta neure independentzia landu dut». Gaur egun egoera aldatu dela nabari du. Ezkontza absurdua da beretzat, nahiz eta gizarteko protokoloetarako homosexualei ezkontza ahalbidetuko dien legea aurrerapausoa izan: «Ezkondu nahi ez dugunok ezkontzen direnen eskubide eta onura berak izatea litzake benetako lorpena».
Denek onartzen dutenez, debatea piztu izana bera ez da gutxi: «Interesgarria iruditzen zaizkit eskuinetik sortu diren erreakzioak eta horri buruz egiten den balorazioa», dio queer aktibistak: «Ezin da pentsatu PPko eta Elizako jendea gizartean gutxiengo txiki bat denik. Jende asko dago ezkontza proiektuaren kontra». Lopezek ere debatea oso positibotzat dauka: «Orain urte batzuk gai hau tabua zen, uste zuten ez zuela inork exigitzen. Orain ministroen ahotan entzuten da, eta jendea ohartu da hemen gaudenaz».
Sexuak ez du nortasunik ematen
Queer teoriak sexuen naturaltasuna jartzen du zalantzan. Izan ere, beti onartzen da bi sexo bakarrik daudela: gizon eta emakume. Bi hauek kontrakoak direla eta sexo bereko jendea berdina dela. Baina zergatik eta zein neurritan da kontrakoa "gizon" esaten duguna "emakume" esaten dugunarekin? Ezberdintasun biologikoak daude, baina berdintasun biologikoak gehiengoa dira. Eta nola frogatu daiteke gizonezko baten sexua beste gizonezko baten berdina denik, elkarren artean hainbeste desberdintasun egonik?
Gorputz sexuatuak egoteak ez du esan nahi gizon sexuko gorputza identifikatu behar denik balio eta imaginario maskulinoarekin, ezta emakume sexuko gorputzak balio eta imaginario femeninoa hartu behar duenik ere. Lopezek oso garbi du hori: «Tradizionalki emakumeei atxekitako balioak ditudala uste dut. Nik ez dut inolako arazorik nire burua aztertzeko. Baina uste dut emakume eta gizon arteko desberdintasunak kulturalak bakarrik direla. Denok izan gaitezke sentibera, egoskor... Prototipoak eta kanonak oso gogorrak dira eta hortik ateratzen dena arraroa da. Hiri handietan bakoitza da desberdina eta errazago onartzen da. Hemen ederra egin duzu alaia bazara, neska lagun asko badituzu, ez bazaizkizu ActionManak gustatzen...». Queer aktibistak azaldu digu emakume edo gizon sailkatu beharraren absurdua: «Maila pertsonalean, norbera ez da gustura sentitzen bere sexu identitatea ez badu ondo finkaturik. Eta hori arazo handia da: jende gehienak ez du bere identitate ideologikoa guztiz finkatuta izaten. Aldiz, horrek ez dio gaueko loa kentzen. Inor ez doa sikologora, oraindik erabaki ez duelako botoa EHAK-ri, Aralarri, PSOEri edo EAJri eman. Baina arazo gisa bizitzen da ez badut definituta gizon edo emakume izan nahi dudan... Guk onartzen dugu generoa eraikuntza bat dela. Gizartean eraikitakoa den heinean, deseraiki ere egin dezakegu».
Gizon-emakume identitateekin gertatzen den gauza bera ematen dela desirarekin azaltzen digute Lopezek eta queer aktibistak. Aktibistaren hitzetan: «Joera sexualak maila handian eraikitakoak dira. Jende gehienak joera du gorputz moeta bat desiratzeko, eta desira horretan eragin handia du egun osoan gorputz horren irudi bonbardaketa jasotzeak eta egungo gizartean gehien baloratzen dena hori izateak. Kontua da kontziente izatea eta desioa eraikitzea. Ez gara gure desioaren jabe». Lopezen ustez, «desira sexual eta afektibo anitzak ditugun pertsonak gara guztiok. Baina giroak eta kulturak norbanakoei gradu ezberdinean erreprimitzen digute aniztasun hori».
Pertsonaren nortasuna eraikitzerakoan, genero identitateari eta sexu-aukera identitateari ematen zaien garrantzia gehiegizkoa da gizartean. Beatriz Preciado queer teorialariak, Manifiesto contra-sexual liburuan proposatzen duen gizarte kontra-sexualak agerian jartzen ditu normalizazioak eta rol sexual eta generokoek sortzen dituzten mekanismoak, eta proposamen hauek egiten ditu, besteak beste: NANtik generoa ezabatzea, genero markarik gabeko izenak jartzea, eta gizon emakume terminotan hitz egin beharrean, subjektu gisa izendatzea pertsonak. Lopezek argi du: «Ez ginateke zertan identifikatu behar, nahiz eta egun horretara behartuta gauden. Ni, adibidez, ez naiz homosexuala, lehentasunezko desira eta praktika homosexualak dituen pertsona baizik. Pertsona askok bi sexuak gustuko ditu, lehentasuna aldakorra izanik momentuaren arabera. Bere burua heterosexual duten askok praktika homosexualak dituzte puntualki eta beste batzuek ez. Horrek ez du nortasunik ematen». Nortasuna eta desira eraiki egiten dela eta beraz aldakorra dela azaldu du queer aktibistak: «Niretzat orain familiari azaltzeko oso zaila litzakeena, emakumeekin harremanik dudala azaltzea litzateke, orain arte esandakoaren kontrako dena azaldu beharko bainieke. Batzuek poztuko lirateke, ‘joe, a zer sustua eman zenigun!’ esango lukete. Arazoa da errepresiotik defendatzeko identitate itxi bat eraikitzen dela, ahalik eta sendoena. Une eta egoera batzuetan identitate itxi horiek beharrezkoak dira, baina beste batzuetan bada apurtzeko garaia, identitate oso sendoek harrapatu egin baizaitzakete. Aukera dugu esateko: ‘Hau izan gara gaur arte eta bihar nahi dugu beste gauza bat izan’. Nahi duguna izan gaitezke egoeraren arabera: lagun taldean ibil naiteke desioari mugarik jarri gabe, berdin emakume, gizon, transexualekin harremanak izanaz, baina maila politikoan neure burua gay definitzen dut, lan handiagoa dagoelako hor egiteko, eta unibertsitateko beka eskuratzeko heterosexuala naizela azal dezaket, errazago emango badidate».
Armairutik ateratzea
Tamalez, sexu bereko norbait gustatzean sarri norberarengan sortzen den lehen erreakzioa mingarria da. Baina hor dago gakoa: Desira homosexualak dauzkatenak ez dira gaizki sentitzen desira horiengatik, gizarteak sentiarazten ditu txarto. Norberaren esperientzia bakarra izanik ere, Lopezek berea kontatu du, ezin adierazgarriagoa: «Ni goiz hasi nintzen nire desiraz konturatzen, baina pertsona asko oso berandu konturatzen dira, eta are beranduago lortzen dute beraien sexualitatea askatzea. 9 urterekin, jolastokian sexu aldizkari bat aurkitu genuen erdi apurtuta, eta kuriositateak erakarrita, bakoitzak zati bat eraman zuen etxera. Konturatu nintzen gizon baten argazkia gustatzen zitzaidala, eta erre egin nuen. Gustatu izana zen gustatu ez zitzaidana. 9 urterako jada barneratuta dugu hori oso txarra dela, ez dela normala, eta ezin zarela horrelakoa izan.
Nerabezaroan emakumeengan pentsatzen masturbatzen saiatzen nintzen, eta gizonenganako desira desagertuko zitzaidan itxaropena neukan. Bakardadeak irensten ninduen. Behin irakurri nuen, nerabe guztiek bolada batez sentitzen dutela bere gurasoekiko begirunea, eta denek dutela homosexualitate ukitu bat, baina fase hori bukatuta beste sexuarekiko erakarpena etortzen zela. Itxaropen horrekin luze iraun nuen eta neska batzuekin maitemindu nintzen, baina sexu desirarik izan gabe.
Batxilergoan arraro sentitu ordez, mutiko berezi sentitzen hasi nintzen, diferentzia horrekin gozatzen nuen, eta horrekin autoestimak gora egin zidan eta heldutasuna irabazi nuen, kezka hauek behartzen baizaituzte zure adinekoak baino aurrerago joatera. 17 urterekin txat bidez zita egin nuen. Internet laguntza handia da, orain ez dut erabiltzen, baina hasieran lagungarri izan zitzaidan. Anbiente giroan atera nintzen, eta han ezagutu nituen lehen maitasunak, lagunak... Horri esker ez zara hain bakarrik sentitzen, zu bezalako jendearekin egiten duzu topo, gauza asko ikasten dituzu...
Gaur egun ez dut inolako arazorik, eta inork ez nau gaizki sentiaraziko naizenagatik».
Queer aktibista ez dago ados konturatzearen eta deskubritzearen kontzeptuarekin, deskubritzeak esan nahi baitu jada desira definitu bat zenuela betidanik barruan eta bapatean aurkitu egin duzula: «Nire jarrera gehiago da aukera libreen arabera nork bere desioa eraikitzen joatea. Baina ez dugu ahaztu behar egoera egun ez dela hori. Pertsonon arazoa da konturatzea ez dugula enkajatzen, eta hori edonorentzako zaila da onartzen. Queer teoriak planteatzen du ez enkajatzea modu positiboan ikusi behar dela. Baina noski, 11-12 urterekin inork ez du arraroa izan nahi».
Norberaren burua onartu ondoren, gertukoenei nola esan izaten da kontua. Queer aktibistak ez zuela batere arazorik izan kontatzen du: «Oso ingurune irekia eta errezeptibo edo harbera izan dut, gurasoak ezkerreko militanteak izan dira beti, koadrilakoak ere bai... Baina jende askorentzat arazo handia da, eta koadrilan aspaldidanik daude armairutik kanpora eta etxean ez». Lopezek lan handiagoa izan zuen gurasoak hezitzen, eta hala ere, edonork ez ditu bereak bezalako guraso gazteak eta anbientean ibiltzen direnak: «Hasieran txantxen bidez gurasoen erreakzioak aztertzen dituzu, eta konturatzen zara ezjakintasuna nabaria dela eta aurreiritzi ugari oso barneratuta dituztela. Nahiz nire gurasoak gazteak diren, 40 urte dituzte. Gero, txantxekin jarraituz, susmoak sortzen saiatzen zara presta daitezen, baina ez dute inola ere sinesten. Azkenean negar edo haserre momentuan bota behar izaten da».
Esateko beharra zenbateraino sentitzen den honela azaldu digu: «Gezurretan bizi nintzen. Jada gaizki sentitzen nintzen 'bai, bai, neskak gustatzen zaizkit...' esatean. Beti ezkutatu behar nuen ordenagailua, kontuz ibili esaten duzunarekin, kontuz norekin ikusten zaituzten...». Azkenean esan egin zuen: «Lehenik amari, ulerkorragoa zelakoan, eta malkoz beteriko hilabete baten ostean aitari esateko eskatu zidan, sufrimendu hori konpartitzeko. Aitari esan nionean ez zidan sinesten, eta ama negarrez ikusi zuenean, atake bat izan zuen 'ez da egia, ez da egia', egoskortu zen. Oso gauza mingarriak esan zizkidan, oso gogorrak, eta biziki haserretu ginen. Aita berriro erretzen hasi zen, eta Burgosera joan zen egun batzuetarako. Amaren laguntza oso baliogarria izan zen aita komentzitzeko. Ni une horretan ez nengoen kezkatuta, nik neurea jada pasea nuen, ondo onartuta neukan eta ez nintzen txarto sentitu. Beraien kontua zen, beraiek egin behar zuten onartzeko esfortzua». Denborarekin, oso positibo baloratzen du prozesua: «Nire lagunak aurkeztu nizkien normalak direla jakin zezaten eta pixkanaka esterotipoez libratu ziren, hori bai, gaiari buruz hitzik esan gabe. Anbienteko tabernetara ere eraman nituen ikus zezaten era guztietako jendea dagoela. Egun, bikotea dudanean oso ondo hartzen dute eta familian harremanak hobeak dira lehen baino, horrelako esperientzia batek, denbora pasatzen denean, elkartu egiten duelako».
Anek semeari hasieratik kontatu zion emakumeekin zuen harremana, eta gustura dago erraz onartu zuelako: «Berak 15 urte zituen orduan eta galdera klabea egin zidan, 'ama, baina nolatan zara orain lesbiana?' Ordubeteko hizketaldiekin ulertzen dira horrelakoak». Etxean sexualitatea natural bizitzen saiatzen da: «Semea txikia zenean elkarrekin bainatzen ginen, eta sekulakoak entzuten nituen horregatik. Gaur egun ere lasai ibiltzen naiz biluzik etxean, erakutsi nahi diot gorputza ez dela sexua bakarrik». Semeak bere denbora behar duela badaki Anek, egoera berrietara egokitzeko, baina argi du: «Nik ez dut ezertan atzera egingo semeak onartuko ez duen beldurrez. Errespetatu behar nau, eta badakit denborarekin asko ikasiko duela honetaz guztiaz».
Diskurtso korrektoak eta legeek gero eta onartuagoa duten bitartean, eguneroko bizitzan harreman homosexualak oso ezkutukoak dira. Queer aktibistak kontatzen du bere buruarekin eta familiarekin dena erraza izan bazitzaion ere, arazoak herrira zabaltzean sortu zitzaizkiola. Baina ikusaraztearen garrantzia azpimarratzen du: «herriko 10 urteko umetxoak buruan gauza bera badu, ez dut nahi prozesu bera jarraitu behar izatea. Nolabaiteko ardura dugu, botoa eman zuen lehen emakumeak bezala, geure aldetik zerbait jarri eta gauzak aldatzeko». Lopezentzat ere funtsezkoa da ikusaraztea, «bestela, jendeak jarraitzen du pentsatzen homosexualitatea ezohikoa dela, inor ezagutzen ez duelako, eta errealitatean inguratuta bizi gara. Jakintzat ematen da pertsona denak heterosexualak direla, kontrakoa frogatzen ez duzun bitartean. Horregatik hartu dut agertzeko erabakia. Orain gero eta jende gehiagorekin lehen momentutik naturaltasun osoz jokatzen saiatzen naiz, nahiz eta ezaguna ez izan. Hala ere, kasu batzuetan ezkutuan eramaten dut, adibidez nire gurasoen lantokian, gurasoak zurrumurruetatik babesteko, edo lanean nagusiari ez diot adierazi. Ikusaraztea oso beharrezkoa izanik ere, «bihur zaitezke zirkoko pailaso» ohartarazten du queer aktibistak. Eta orain duen arazorik handiena horrela definitzen du: «gay eta lesbiana komunitate barruan onartzen da herri bakoitzean bat izatearekin nahikoa dela. Herri txikietan behintzat bai. Gogorra da herritarren aurrean gay edo lesbiana agertzea, baina baita ere gogorra da ikustea zeuk ezagutzen dituzun beste homosexualak ez direla herriaren aurrean horrela azaltzen. Saiatzen zara norberaren erabakiak errespetatzen, ez du zertan jende guztiak armairutik kanpo egon behar, ez du zertan jende denak lan hori egin behar... Baina kontxo, hain gutxik ere ez!». Hiri handietan gehiago ikusten da, baina herri txikietan ikusaraztearen gaia ez dago batere landuta. Diskurtso korrektoa bat dela baina errealitatea gordinagoa dela ondorioztatzen du: «Jende hori dena oraindik armairuan baldin badago, pentsatu beharko dugu zergatik den. Heavya da esatea homofobiarik ez dagoela eta onartuta dagoela, orduan zergatik ez dira gay eta lesbianak kalean eskutik helduta ibiltzen, edo ez dute euren sexualitatea agertzen? Homofobiarik eta sexismorik ez dagoelako?». Lopezek ere aurrerakoi usteko diskurtsoari maskara kendu dio: «Gero eta toleranteagoa da giroa, baina niretzat tolerantzia diskriminazio mota sotila baino ez da. Toleranteek homosexualitatea onartzen dute, baldin eta zuzenki ukitzen ez baditu. Ez dadila nire umea, laguna, lankidea... izan. Gainera sinesten dute hori diskretuki eraman behar duzula, eta umeen aurrean ez, mesedez. Toleratzeak esan nahi du beste batek uzten dizula izaten zu zarena. Niri ez dit inork esango zer naizen».