Argitalpenak


2005eko maiatzaren 22an
Berdin dio
Agota Kristof
Alberdania
78 orrialde 13,50 euro



Hogeita bost kontakizun labur

Agota Kristof Hungarian sortua da, 1935ean, baina errepresio politikoaren beldur ihesi joan zen Suitzara, 1956an, eta hantxe bizi da harrezkero. Idatzi ere, frantsesez idazten du. Bereak dira euskaraz irakur daitezkeen Koaderno handia (1986) eta Atzo (1995) eleberriak ere. Eskarne Mujika Gallastegik itzuli duen Berdin dio liburuan, berriz, hogeita bost kontakizun labur eskaintzen dizkigu, bere ohizko estilo xume eta eraginkorrean. Lo gozotik esnatu eta senarra odolez blai aurkitu zuen emakumearen eta sendagilearen arteko elkarrizketaren istorioa, geltoki abandonatu baten ondoan beti dagoen agurearena, bere etxera joateko irrikaz dagoen gizonarena, bizitza ihesi nola doakion ikusten ari den morroiarena, langile baten heriotza eta beste.

Derechos humanos y acción humanitaria
Joana Abrisketa
Deustuko unibertsitatea. padre arrupe giza eskubideen institutua
292 orrialde 292 orrialde

Giza eskubideak eta laguntza humanitarioa ikergai

Joana Abrisketak egindako doktore tesian oinarriturik dago Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak kaleratu duen Derechos humanos y acción humanitaria liburua. Nazioarteko zuzenbide garaikidean giza eskubideak eta laguntza humanitarioa nola dauden jasorik aztertzen du Joana Abrisketak bertan, historian zehar auziak izan duen bilakaera oso kontuan izanik. Ukitzen dituen gaien artean, honako hauek daude: Giza eskubideen kontzeptua eta huraxe lege-ataletan jasotzeko jarraitzen diren irizpideak; laguntza humanitarioa izateko eskubidea defendatzen duten teoriak; laguntza humanitarioan inplikaturik dauden giza eskubideak; eta gaiari dagokionez estatuek dituzten betebeharrak.

Bollikaoak zugtik
Pasqual Alapont
Elkar
172 orrialde 10,50 euro

E-mail bidezko amodioa

Antton Olanok euskaratu du Pasqual Alapont valentziarrak sortutako Bollikaoak zugtik gazteentzako eleberria. Bertan, artea eta liburuak izugarri atsegin zaizkion neska bat saskibaloia beste zaletasunik ez duen mutil batekin hasten da irteten. Zoritxarrez, bikoteak banandu egin beharko du, neskaren aitak Londresen negozio bat ireki behar duela-eta. Geroztik e-mailen bidez baino ez dute elkarren berri izango. Mutilak erruz sentituko du banaketa. Bere buruaz beste egitea pentsatu, eta bollikaoak eta Juanola pastillak nahastuta hartzen hasiko da horretarako. Ez da hilko, ordea. Kakalarria sortuko zaio, eta komunean pasa beharko du gau osoa. Neskak, berriz, oso gauza interesgarriak aurkituko ditu Londresen, eta haiei buruz hitz egingo dio bere bihotzeko xomorroari.

Agustin Kardaberaz. Hirugarren Mendeurrena 1703-2003
Batzuen artean
Deustuko Unibertsitatea
256 orrialde
12 euro


Kardaberazen gogoetak hizpide

Agustin Kardaberazen jaiotzaren hirugarren mendeurrenaren inguruan Deustuko Unibertsitateak Donostiako campusean egindako jardunaldian esan zirenen bilduma dugu Agustin Kardaberaz. Hirugarren Mendeurrena. 1973-2003 liburua. Elixabete Pérez Gazteluk eta Esther Zulaika Ijurkok osatu dute. Jardunaldian, bestalde, Kardaberazen bizitzaz eta lanaz hitz egin zuten Patxi Altunak eta Rosa Miren Pagolak. Hernaniarrak egindako lanak hizkuntzaren ikuspegitik aztertu zituzten, berriz, Jose Ramon Zubiaur, Itziar Turrez, Adolfo Arejita, Ixiar Badiola, Larraitz Zubeldia eta Bittor Hidalgok. Eta Josu Bijuesca, Joana Garmendia eta Andres Urrutiaren esku geratu zen Kardaberazen erretorikari buruzko gogoetak zeintzuk izan ziren azaltzea.

Egiptoarrak espazioan
Agrimbau & Garavano
Saure
48 orrialde
16 euro

Bi lurtar espazioko patruila inperialean

Saure argitaletxeak plazaratu duen Egiptoarrak espazioan izenburuko komikiak azaltzen duenez, Egiptoko Inperioa ez da iraungi, unibertsoko hainbat planeta eta izarretan zehar banatua dago. Lagun asko ditu galaxia osoan, baina baita etsai porrokatua ere, faraoiari eta bere herriari buruko minik gehienak ematen dizkiena: Wando Warnak. Gauzak horrela, beren patruila inperiala jende berriz indartzea erabakitzen dute. Norekin? Zeruan jokoan abileziarik handiena erakutsi duten bi lurtarrekin. Eta abduzitu egingo dituzte. Patruila horiek isileko operazio oso arriskutsuak egiten dituzte, ordea, eta lurtarrek ez dute inolako entrenamendurik. Jakingo ote dute beren kasa moldatzen?

Nemesioren...
Pako Aristi +Jokin Larrea
Elkar
45 or./ 6,95 euro


Pako Aristik haurrentzat idatzitako Nemesioren elefantea

Aita urrun joan zitzaion Nemesiori eta geroztik bere ama petral samar dabilenez, ez da harekin oso ondo konpontzen. Halere, penak ahalik eta txikienak eta lagunak gero eta handiagoak izatea komeni dela dio Jokin Larrea marrazkilariak, eta halakoxe batekin egingo du topo Nemesiok, ipuin honetako protagonistak, ertzainak ez ezik herritarrak ere atzetik dabilzkion Eustakio elefantearekin aurrez aurre aurkitzen denean. Izan ere, Eustakio, handia izateaz gain, gauza askotxo dakizkien izaki ona da.

Julio Cortazar. Antologia apetatsua
Julio Cortazar
Txalaparta
175 orrialde 13,50 euro

Jon Alonsok itzulitako Cortazarren hamar ipuin

Makina bat idazlanen egile izan genuen Julio Cortazar »besteak beste, nola ahaztu bere Rayuela eleberria?», baina benetan maisu ipuingintzan izan zela esan daiteke. Eta hain zuzen ere berak osatutako hamar ipuin euskaratu ditu Jon Alonsok Antologia apetatsua honetan biltzeko: Etxe hartua, 1951n lehen aldiz argitaratua Bestiario izeneko bilduman. Kiklades irletako idoloa eta Gaua ahoz gora, berriz, Final de juego liburuan agertu ziren, 1956an. Amatxoren gutunak eta Deabruaren lerdea, 1959an, Las armas secretas liburuan. Bilera, Cora andereñoa, Jarraibideak John Howellentzat eta Suak oro sua, 1966an, Todos los fuegos el fuego liburuan. Eta bukaerako Zinez maite dugu Glenda, 1980an, ospea, miresmena eta famari buruzko gogoeta ironikoa baino ez den Queremos tanto a Glenda liburuan. Bera inmigrazio- aren eraginez sortutako koktel horietako bat zela zioen Julio Cortazarrek, bere birraitona Ameriketara joan behar izan zuen euskaldunetako bat zela gogoratuz. Cortazar Bruselan jaio zen, 1914an, nahiz Argentinan eman bere bizitzako parterik luzeena. 1951n Unescoko itzultzaile izendatu eta Parisera joan zen bizitzera. Hil ere, Senaren hirian hil zen, 1984an.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude