Ana Urkijo: «Ilusioagatik nago Athleticen zuzendaritzan»

  • Bilboko Athletic Club futbol taldeko zuzendaritzako kide da Ana Urkijo. Lehendakariorde kargua du bertan eta Fernando Lamikizen ordezkotza bete behar izaten du hainbestetan. Palkoan jarri behar izaten du eta horixe du koxka: ezin berak nahiko lukeen bezala Athleticen golak ospatu. Dario Urzayren elastikoa gustatzen zaio baina zaleen artean eztabaida ez piztea hobesten du. Nesken taldeak liga irabazi duen arren ez da, gaur-gaurkoz, gabarra ateratzearen aldekoa. Emakume da gizonezkoek gizonezkoentzako egindako munduan.

2005eko maiatzaren 22an

Athletic Club-eko lehendakariorde zara, emakumezko bakar, eta ez dakit hori anekdotikoa den, ala genero berdintasunarekin loturik datorren...
Bietatik du...

Anekdotiko ere bai, beraz?
Bai, horma horretan arraila egin dudalako. Gure aita Athletic-eko lehendakariorde izan zen eta ni, oso txikitandik, berarekin joaten nintzen San Mamesera. Baina San Mamesera ez ezik, beste zelai askotara ere bai. Mendira joan, eta bueltan, igual esango zidan: "Handiko aldetik jaitsiko gara eta, hartaka, halako partida ikusiko dugu". Eta "halako partida" hura, auskalo!, igual izango zen Padura, Apurtuarteren kontra. Nebarik ez nuenez, niri sartu zidan zaletasuna. Bi aukera zeuden, futbolari gorroto izatea, edo gustatzea. Eta gustatzea gertatu zen. Gure aitari grazia handia egiten zion bere alabak Athleticen hamaikakoak esatea. Horrela hasi zen nire bidea futbolean.

Jauzi handia dago hortik taldeko zuzendaritzako kide izatera...
90ean dei bat jaso nuen. Athleticen hauteskundeetara aurkezten zen talde batetik ari ziren, Jose Julian Lertxundi zen buru, eta ni haiekin izatea nahi zuten. Ordu arte ez zen emakumezkorik izan zuzendaritzan. Taldeak hauteskundeak irabazi egin zituen, eta zuzendaritzako kide izan nintzen. Lehenengo aldiz emakumezko bat Athleticen, eta zuzendaritzako idazkari izan nintzen.

Kopako partida zen aurreko batean San Mamesen. Telebistan, jende ilarak erakutsi dituzte. Hainbat neska gazte ikusi ditut sarrera erosi zain...
Emakumezkoa gero eta gehiago dago leku guztietan. Errealitatea da eta ez dago ukatzerik. Baita futbolean ere. Eta zuzendaritzakoa ere horren ondorio da.

San Mamesen ere emakumezko asko izango da, beraz.
Bai, emakumezko asko. Gizartearen gainerako maila guztietan bezala. Lehen, gizonezkoarenak ziren zenbait esparru. Gaur egun ez. Zorionez, gaur ia ez dago gizonezkoaren esparru denik. "Zorionez", esan dut, eta ez errebindikazio feminista bat bezala, gizonezkoaren kontra banengo bezala, ez, errealitate objektibo delako baizik. Eta horrela hartu eta onartu beharra dago.

Emakume asko al daude zuk ezagutzen dituzun ekipoetako zuzendaritzetan?
Ez, ez dago. Real Madrilen bada bat, juntako idazkaria, eta Bartzelonan aldiz ez, ez dago. Bartzelonako zuzendaritzako batek esan zidan: "Ez, guk ez dugu emakumezkorik juntan baina, aldiz, emakumezkoa da ekonomia-arlo guztia zuzentzen duen pertsona. Kargu bat, ordaindua! Gure amak esaten duena: "Argia izan behar da, argia. Hark kargu ordaindua du; zuk, berriz, dirua jarri behar izan duzu zuzendaritzan egoteko!", bankuari abala eskatu diodalako, zuzendaritzako kide guztiek egiten duten bezala. "Ai, ume, noiz edo noiz ikasiko duzu!", esaten du gure amak.

Lertxundirekin hasi zinen...
Bai, 90ean irabazi eta 94an galdu egin genuen eta! Orduan, trankil-trankil, etxera!

Eta Lamikizekin orain...
Bai. 94an kito egin nuen nik. Nik uste dut bizitza zikloz osaturik dagoela. Ziklo batzuk bete eta beste batzuk hasten dira. Niri dagokidanez, uste nuen futbol zuzendaritzako kide izatea kito zela. Asko ikasi nuen orduan, asko lagundu zidan neure garapenean, baina kito zen. Tira, kontua da oso Sanfermin zalea naizela. Urtero joaten naiz. Eta iaz, Iruñean, lagun batzuekin egin nuen topo. Eta esan zidaten: "Zurekin hitz egin nahi dugu, hauteskundeetara aurkeztuko den taldean zu gurekin izatea nahiko genuke eta". Adarra jotzen ari zela pentsatu nuen ze, gainera, Lamikiz gure kontrario izan zen 94an, hauteskundeak irabazi zizkigutenean. Ezagutzen nuen, baina ez genuen lagunarteko harremanik. Hortaz, harritu egin nintzen Iruñean zera hori esan zidatenean: "Aproposetan ari zarete, ezta?", esan nien. "Ez, ez, hots egingo dizugu!". Eta esan eta izan: Bilbora etorri nintzen, etorri ziren haiek ere, eta deia jaso nuen. Eta ilusioa piztu zitzaidan berriz, niretzat Athletic horixe da eta: ilusioa! Eta hemen naiz, lehendakariorde. Ez nuen asko pentsatu beharrik izan. Banekien zer zen Athleticeko kide izatea, eta zenbat denbora galarazten dizun. Bestalde, abokatu eta jabego higiezinen agente naiz eta erabat absorbitzen nau. Eta lana eta Athletic, biak batera egitea, zaila da: denbora asko behar da. Seme-alabek esaten zidaten: "Ez diezu baietz esango, ezta?". Aurreko agintaldiaren eskarmentua zuten, nahiz eta ez ziren askorik akordatzen. Eta, ez nuen nahi izan inor erreguka jartzerik, baina pentsatu egin behar nuela bai, iruditu zitzaidan. Seme-alabek duda handiak zituzten, onartu behar nuen ez nuen. Gure amak ere, antzeko: "Ongi pentsatu duzu?, ongi pentsatu duzu?". Total, azkenean, baietz esan nuen. Eta baietz diodanean, baietz da, ondorio guztiekin.

Zertara behartzen zaitu karguak?
Lehendakariordetzak ordezko lanak betetzen ditu. Batzuetan, lehendakaria ez dago, eta hark bete behar ditu haren lanak. Gainera, Athleticek joko handia eragiten du; esan nahi dut egunero-egunero dituela ekitaldiak. Hona eta hara gonbidatzen dute eta, jakina, lehendakariak nahi izanda ere, Lamikiz ere oso Athletic zalea da eta, ezin da leku guztietara iritsi. Beraz, haren ordezkotza egin behar izaten da, eta karguari dagokion moduan hitz egin, zure iritzi asko alde batera utzita. Ordezkotza horrek esan nahi du bileretan parte hartu behar duzula eta bilera gauerdia baino beranduago amaitzen bada, hantxe egon behar duzula, eta ez futbolaz hitz egiten, gestioaz baizik, zoritxarrez, ze niri futbolari buruz hitz egitea gustatzen zait, Ezkerrok kontratua berrituko duen, honen golaz... baina bileretan futbolaz beste hitz egiten da! Administrazio-kontseilu bat da, azken finean, zuzendaritza.

Behin esan zenidan zirkua bazenute nanoak haziko zitzaizkizuela, adur txarreko zaretela...
Zuk egiten duzun lanak askotan ez dakarrelako ondorio onik, edo jendeak ez duelako ikusten. Denak hitz egiten dute Athletici buruz, eta nolakoa izan behar duen. Baina, baloia sartzen den ez den, horren arabera epaituko zaituzte. Beti esaten dut hamaikakoan egon nahiko nukeela, hamaikakoan egon eta gaizki jokatzen badut, ikusleak errierta egin diezadan, baina ni ez nago hamaikakoan eta, beraz, futbolean jokatzen ari den taldeak baldintzatzen du zure gestioaren emaitza. Zuzendaritzako kideei ere askotan esaten diet: "Gozatu zeuen lana ongi egiten ze dena ongi joango da baloia sartzen bada. Sartzen ez bada, alferrik ariko gara. Batzuek halako esango dute, kazetariren batek beste halako, beste batek zera esango du...". Emaitzek agintzen dute, ez zure gestioak. Zaleari ez dio ardura klubak diru-sarrera txikiak izatea, edo burua estutu beharra izatea bestelako diru-iturriak bilatzeko zaleen kuoten bidez aurrekontua betetzen ez delako... Ez, Athletic jendearen aisialdiaren parte da, eta jendeak ez du nahi zuk hura zoratzea, bestela ere nahiko zoraturik dabil eta, dela eguneroko bizimoduagatik, lanagatik, edo batek jakin zergatik. Batzuetan ongi zaude, eta beste batzuetan gaizki, eta aurrera egin beste erremediorik ez duzu, baina zalea Athletic ikustera joaten denean besterik nahi du: Yeste golak sartzen ikusi nahi du, Del Horno ezker-hegaletik igotzen, eta igotzen bada ez dezala atzean zuloa utzi... baina zoratu ez bere aisialdian. Guk batzarrak deitzea diru-iturriak direla eta ez direla?

Nekagarriak zaizkio kontu horiek...
Horixe. Eta Athleticek ezin du zalea nekatu, gozarazi baizik. Edo etsiarazi, hori ere sentimenduen barruan dago eta. Baina arrazoiaren arloan sartu gabe. Hori besterik da. Eta ulertzen dut hori, ze ni neu, zuzendaritzako kide baino areago, zalea naiz, eta San Mamesera joaten naizenean Athletic polit jokatzen ikusi nahi dut, edo Osasunaren kontrako irauli hura bezalakoak ikusi, taldea eta zalegoa bat eginda dardarrez ikusi.

Zein lan dituzue eskuartean aldi honetan?
Athletic errealitate ezberdina da. Errekaren kontra goaz. Futbolaren mundua beste alde batetik doa eta gu, aldiz, zer edo zer oso zaila egiten saiatzen ari gara, filosofia bati eusten, bakarrak egiten gaituen filosofia... Ez gara hobeak ez txarragoak, bakarrak baizik, bakarrak, eta ezberdinak. Eta gustatu egiten zaigu hori, bai bilbotarrei, bizkaitarrei eta Athleticen zale garen guztioi. Athleticekin bat eginda gaudela sentitzen dugu. Gustatu egiten zaigu, baina ikaragarri kostatzen zaigu; kostatu, era guztietara gainera. Aurreko bilera batean, Real Madrilen eta Bartzelonaren aurrekontuak izan genituen hizpide, diru-iturri ezohikoak lortzeko asmotan. Izan ere, gaur egun, futbolean, badira zenbait gauza diru-iturri direnak, lehen dirurik ematen ez zuten arren: marchandising-a, alegia, elastikoen salmenta eta beste. Horretan, Real Madrilekoak ikaragarriak dira: marchandising-a dela eta, Beckamekin gastatu dutena erraz bildu dute atzera. Saldu dituzten elastikoak hartu eta, gaur egun, dirua irabazten ari dira. Enpresa egiteko modu berria da gaur egunekoa, futbolean, eta gainerako esparru guztietan. Guk azpiegitura handi horien kontra lehiatzea, eta ez Bartzelona eta Real Madrilen kontra bakarrik, guztien kontra baizik, ze gaur egun denek egiten dituzte fitxaketak. Guk, aldiz, merkatu txikia dugu aukeran eta, jendeak badakienez guk "produktu" horixe nahi dugula, garestitu egiten digute. Hortaz, Athleticen filosofia hori aurrera eramatea, gestioari dagokionez, zaila baino zailago da, eta kirol alderdiari dagokionez ere, gaitza. Bestalde, harrobia zaintzeko filosofia dugu. Eta behin edo behin perla eder batzuk ditugunean, talde polit bat, aurten bezala, han non etortzen den Real Madrila, edo Bartzelona, edo Vila-Reala, gaitasun ekonomiko handia duena, etortzen dira, ikusten dute daukaguna, eta gustatu egiten zaie... Eta haiei gustatzen zaienean, gu dardarka, beldurrez, ez dugu-eta taldea egiten gero saltzeko. Baina legea talde handi horien alde dago. Etete-klausulak sinatzen dira, bai, baina zenbat eta handiago izan etete-klausula, orduan eta handiago izan behar du jokalariaren fitxa ere. Parean joan behar dute. Horrek, geure jokalarien fitxak beldurgarri garestitzen ditu. Bestek gure jokalariak fitxatzea nahi ez baduzu, diru gehiago eman behar diezu. Gero eta talde garestiago, etxean bertan. Diru-iturri ezohikoak sortu behar, nahitaez. Eta oreka iritsi duzunean, han non datorren Real Madrila esanez zahartu egin zaiola taldea. Taldea zaharra, baina dirua, berriz, bertan igeri egiteko moduan! "Zuek baduzue ezker-atzelari bat guri asko gustatzen zaiguna!". Eta, are okerrago, Madrila joan eta sekulako partida egiten du ezker-atzelari horrek berak, Madrilen! Guk zer egin behar dugu? Errezatu besterik ezer ezin egin, ze dirua hartuta etortzen badira, etete-klausula ordainduko dutela esanez, akabo, jokalaria eramango dute, dirua utzi arren. Athleticek ur nahasi horietan jardun behar du, errekan kontra betiere. Eta bazkideari burukominik ez: bazkideak San Mamesera joan nahi du, apatx egin, Athletic Club-ak lehengoa izaten segi dezala, kuota txikiak... Zaila da oreka iristea. Soluzioa? Ilusioa, zuzendaritzako kideek duguna. Bestela ez dago. Abala jarri, soldatarik ez, lana gainezka... ilusioa beste arrazoirik ez dago. Behin esan zidan politikari batek: "A baina zuri futbola gustatzen zaizu?", begiratu egin nion, eta erantzun: "Zuk uste duzu futbola gustatuko ez balitzait, hemen egongo nintzela?". Klubarekin loturarik ez baduzu, futbola gustatzen ez bazaizu, jai duzu zuzendaritzan. Ilusioak bizi gaitu.

Zergatik baztertu zenuten Dario Urzayk egindako elastikoa, Yesteren galtzontziloetakoa?
Jendeak badaki, nik ez nuen baztertu nahi. Gustatu egiten zitzaidan. Gainera, eraberritu beharra dago bizitza honetan. Beste behin ere galdetu zidaten, telebistan, elastiko horri buruz. Ea gustatzen zitzaidan. Nik, baietz, gustatu ez ezik, txoratuta nengoela Dariok egindako elastikoarekin. Pintore horrek guri elastiko bat diseinatu izana gauza handia iruditzen zitzaidala, horixe esan nuen. Horrekin batera, ez kezkatzeko ere esan nien, alegia, UEFAko finala marradun elastikoarekin jokatuko genuela eta. Bilbotarkeria. Niri iritzia hori izanda ere, ulertu ere egin nuen Lamikizen erabakia, elastikoak zalegoa zatitu egin zuen eta. Zalegoa ez zen, oro har, elastiko haren aldekoa. Athleticen bazkidea oso atzerakoia da, eta elastikoaren kontuarekin ez zuen aurrera egin. Eta Lamikizek elastikoa baztertu, ez zuen eta eztabaidarik nahi. Garai batean, Clemente edo Sarabia, eta eztabaida. Gero, bateko zuzendaritza, ala bestekoa. Guk ez genuen eztabaidarik nahi, giroa lasaitu nahi genuen, jendea elkartzera egin berriz ere. Zuzendaritza batzailea izan nahi genuen...

Eta artistarekin haserretu zarete...
Damu dut, baina errazago da baten kontra egitea, mordo baten kontra egitea baino. Zer esango dizut ba! Horrela da eta!

Euskadi Irratian entzunda nago, Athleticen ez dakit zein partida eta, SMS bat bidaltzen zutenen artean, Yestek sinatutako galtzontziloak zozketatuko zituztela. Eta jendeak parte hartzen zuen... Esan nahi dut jendeak gustuko duela Dario Urzayren diseinu berritzaile hori.
Bai, baina eztabaida bazkideen artean. Aurreko batean zera esan zuen Lamikizek, UEFAtik kanpo geratu izana porrot handia izan zela. Eta jendea aztoratu. Eta jokalariak haserretu, eta hedabideetan hau eta hori esaten... ika-mika, esan nahi dut. Eta ez dakit zergatik konplikatzen dugun dena. Uste dut bizitza askoz errazago dela, oro har. Egia da kargu bat duzunean kontu handia izan behar duzula zenbait adierazpen egiterakoan, denak zuri begira daude eta. Baina uste dut gauzak askoz normalago direla. Kazetari batek Lamikizek esandakoari buruz galdetu zidan, porrota zela eta ez zela. Erantzun nion ea zergatik ezin zuen esan lehendakariak porrot handia izan zela, benetan porrot handia izan zen eta! Batetik, kirolean, teorikoki gu baino gutxiago zen talde baten kontra galdu zelako. Bestetik, arlo ekonomikoan, ze hurrengo kanporaketa jokatu izan bagenu klubaren diru-kutxarentzako izugarrizko mesede izango zen eta. Diru-injekzio ederra izango genuen. Kazetariari esan nion niri gaizki irudituko zitzaidala porrot horretan iltzatuta geratzea. Baina zergatik ez hartu gauzak normalago? Lehendakariak hori esan zuen, eta kito! Aurrera, hurrengo partidari begira! Ez dakit zergatik, kargu bat duzunean, zurikerian jardun behar duzun.

Beste behin zeuk niri esana: "Atzera? Ezta indar hartzeko ere!"...
Ez Athleticen, eta ezta nire bizitzan ere. Ez da atzera begiratu behar, ezta indar hartzeko ere. Batzuetan joera hori dugu baina. Nostalgia ez zait ona iruditzen, oroitzapenak bai. Oroitzea berriz bizitzea da, ez dakit nork esan zuen hori ere, baina bat nator horrekin, oroitzapenak elikagai ditut, askotan. Gaur naizena, bizitzan izan naizelako da, garapen baten ondorio naizelako, eta egin ditudan urrats denak sinatuko nituzke, nahiz eta damuak ere badiren. Batzuek esaten dute: "Ez naiz ezertaz damutzen!". Ni bai, jakina baietz, damu naiz zenbait oker egina. Baina kontua da oker horietaz ikastea, berriz ez egiteko. Tira, aurrera begiratu behar da beti, gauza guztietan. Ez negarra jotzen jardun, hau eta hori oker egin duzulako eta damu. Eta Athleticen ere, gauza bera, aurrera! Aurrera, fedez, gogoz, ilusioz eta etsi behin ere ez.

Zergatik ez du Athleticek, nesken taldeak, gabarra atera?
Galdetu izan didate hori. Emakume naiz, eta ea zuzen adierazten dudan nire pentsamendua. Zaila zait galdera horri erantzutea. Nik nahiko nuke neskek gabarra ateratzea, baina nesken futbolak gaur egun ez du mutilenak duen oihartzuna. Horrela da. Hortaz, galderari bai edo ez erantzutea, besterik gabe, errazegi litzateke. Nik esan nezake nahiko nukeela neskek gabarra ateratzea, baina badakit, gaur-gaurkoz, gizartea ez dagoela prest gabarra jaisten ikusteko -horrek esan nahi duenarekin-, errioan behera, nesken taldeak liga irabazi duelako. Hori kontuan hartu eta horren arabera jokatu behar dugu. Ezin da builaka hasi liga irabazi eta gabarra atera ez delako; horrek ez du esan nahi haien lan eta merezimendua aitortzen ez direnik. Kontua da, ordea, gabarra errioan behera jaisteak berezko sinbologia duela, pisu handikoa: Athleticek titulua irabaztea esan nahi du, mutilen taldeak!, ze ukatu ezina da mutilen taldeak gaur egun, askoz ere jende gehiago mugiarazten duela. Ibilian egingo dugu bidea. Emakumea, historian, gure bidea egiten ari gara. Gizonak gizonarentzat egin duen bidean sartu behar izan dugu, eta esparru askotan gure lana ez da behar bezala aitortzen, askoz gehiago egin behar dugu, berdinak izateko. Joko horretan sartu gara, ez da gehien gustatzen zaiguna, baina nire alabari bidea irekitzen ari naiz ni, hurrengo belaunaldiari. Beste batzuek niri irekitzen zidaten bezala: sufragistak eta beste. Ibilian-ibilian, gizartearen esparru guztietara zabaltzen ari gara emakumeak. Bestalde, emakumeak paretik kendu beharra du gizonaren erreferentea. Emakumeak emakume gara, gu geu gara, eta balio duguna balio dugu, gizona guri ezer aitortzen ibili beharrik gabe. Ez diogu inori ezer erakutsi beharrik. Niri ikaragarri gustatzen zaizkit gizonak, haiekin dena partekatzea gustatzen zait, esparru guztietan. Baina ez dut haiek bezala gauzak egin beharrik. Aberastasuna, emakumeak bezala egitea dut.

Horregatik, beraz, ditu nesken taldeak gabarra ez bestelako ospakizunak.
Bai. Zergatik ospatu behar dugu, ezer, mutilek bezala? Egin dezagun geure erara, emakumeek egiten dugun bezala, aitortuz gaur egun kausa-ondorioa ez direla berdin, bataren ala bestearen kasuan.

Futbola, zelaian ala telebistaz?
Telebistaz hobeto ikusten da, errepikapenak ere hamaika dituzu, baina ez duzu belarraren usaina aditzen. Eszenatokia falta zaizu. Osasunaren kontra jokatu genuen egunean nazka-nazka eginda nengoen, palkoan. Tribuna dena airean, jauzika, eta ni, tribunan, zintzo-zintzo, geldi, formak zainduz... Bazeneki egun hartan ze pena eman zidan Patxi Izkok! Hura zoritxarra! 0-3 irabazten joan eta, gero, galdu egingo zutela jakin, ze Izkok bazekien hiruna berdindu ostean galdu egin behar zutela! Ez zegoen Athletic geraraziko zuenik! Eta ni, Izkoren ondoan, geldirik egon behar: protokoloagatik, errespetuagatik, formalitateagatik... denagatik, klubaren ordezkari zarelako. Badago makina bat bestelako! Ez dut esan behar harrizko egon behar duzunik, ze keinuak keinu dira, baina kortesiak ere balio du. Egun hartan salto egingo nuen, harmailan banengo. Hori ez da telebistaz ikusten. Kirola gustatzen bazaizu, niri gustatzen zaidan bezala, izan futbola, tenisa, saskibaloia... berdin da, emozioa bizi duzu zelaian, telebistan ez bezala. Ez dago pasiorik.

Gizonezkoek eta emakumezkoek, ezberdin ematen al diote tankera futbolari?
Ez dakit, ez naiz eta gizonezko! Tira, gizonezkoa harritu egiten da emakumezkoa futbolari buruz hizketan ikusita. Harritu egiten da futbolaz ulertzen duela eta. "Futbolaz ulertzea" zer den ez badakit ere! Izan ere, batari halako gustatzen zaio, hegaletik gora ikusgarri egiten duelako; besteari, berriz, beste halako nahiago.

Athleticek badu gazteentzako eskola. Futbolean ez ezik, ikasketak ere bertan egiten dituzte, oker ez banaiz...
Hala da. Hara, zera esango dizut. Nire kasuan, aita ere abokatu zen, eta harekin hasi nintzen lanean. Zoritxarrez, bi urte eta erdi besterik ez nuen aitarekin lan egin, gazterik hil zen eta. Aitak abokatu izaten erakutsi zidan; ez legeak, horiek neuk ikasi nituen eta, abokatu izaten baizik: idatzita ez dauden kontuak erakutsi zizkidan, idatzi gabean ere belaunez belaun transmititzen direnak. Asko estimatzen dut aitak erakutsi zidana. Egunero oroitzen naiz hartaz, orain dela 22 urte hil bazen ere. Ikaragarri estimatzen diot, idatzita ez egon arren, transmititu zizkidan balioak. Eta futbolean ere, gauza bera, baloiari ostikoka erakutsi ez ezik, Athleticeko jokalari izaten erakutsi behar diegu, eta pertsona izaten. Horretan saiatzen gara Athleticen eskolan.

Eskola horretan ikasi al dute Yestek eta Del Hornok?
Ez dakit ba, jokoz kanpo nago horretan.

Zale porrokatua ez banaiz ere, bi horiek diziplina gorabeherak izan dituztela jakin dizut, bateko festa eta besteko bestondo, eta Valverde entrenatzaileak horrexegatik utzi dituela, noiz edo noiz, deialdiren batetik kanpo...
Zarata gehiegi da horren inguruan. Gauzak bere onetik atera dira. Gazteak dira, baliteke diziplina okerren bat egin izana, baina besterik ez. Jende sanoa da, eta arduraduna. Araudi bat dute, eta betetzen dute. Yesteren eta Del Hornoren kasua dela eta, nik zenbait dei jaso dut esanez halako ordutan halako lekutan ikusi dituztela, eta, beste dei batzuen arabera, berriz, beste halako lekutan zeuden, beste halako ordutan. Ezin dena sinetsi, beraz. Ni Athleticen zale naiz aspaldi, eta liga txapelketak irabazi ziren garaitsuan, antzeko gertatzen zen. Jokalariek diskoteka jakin batera joateko joera zuten eta, taldea goian zegoenez, zalea jokalariarengana hurbiltzen zen, sorbaldan txapaka egiten, eta biak pozik. Aldiz, ligak irabazi ondoko urteetan, ekipoa behean zegoenean, senperrenak esango zituzten aurreko jokalari haren beraren gainean, aurreko diskoteka hartan bertan ikusi zutela eta. Horrelakoak gara! Ez gara hain santu, eta ezta hain deabru ere!

Bai euskarari konpromisoa sinatua du Athleticek. Konpromisoa da, ala itxurakeria?
Ez da itxurakeria. Athletic gizarte honen sinboloetako bat da. Punta-puntakoa, batzuetan. Askok dio ez zaiola futbola gustatzen. Baina badaki zertan den Athletica. Instituzio bat da eta, Bizkaian, Euskal Herrian, eta Espainiar estatuan, asko begiratzen diote eta. Baina Athletica ez da isolaturik bizi, eta gure aldetik, euskararen aldeko konpromisoa benetakoa da. Euskara hemengo hizkuntza da. Guk, tamalez, ez dugu euskaraz hitz egiten, eten bat gertatu zelako eta berreskuratzea zaila delako. Athletic jakinaren gainean dago euskara berreskuratzearen alde. Futbolaz kezkatzen gara, baina ez futbolaz bakarrik; badakigu zer den Athletica, eta zer indar duen. Ondorioz, bat egiten dugu gizarteari on ekartzen dioten hainbat ekimenekin, eta, horien artean, bat egin dugu euskararen aldeko lanean. Euskara oso garrantzizko dugu eta.

Bertsoa

Doinua: Xagutxo batzuekin

Liga irabazi da!
Aurrera! Aurrera!
Hori da ospatzea!
Hori da harrera!
Baina zergatik ez da
gabarra atera?
Eztabaida piztea
kaltea ote da,
garaipen bat ez al da
eztabaida bera?

Nortasun agiria
Ana Urkijo (Bilbo, 1953). Abokatu ikasi zuen Deustoko Unibertsitatean. Lehenengo emakumezkoa izan zen Bizkaiko Abokatuen Kolegioko zuzendaritzan. Emakumezko bakar da oraingo Athleticen zuzendaritza batzordean. Bi seme-alaba ditu: Jon, 20 urtekoa, eta Andrea, 18koa. Abokatu eta Jabego Higiezinen agente da. Futbola gustatzen zaio, txikitandik, aitaren ondoan zaletu zenetik. Eta San Fermin zale amorratua ere bada, Deustuko fakultate garaitik.

Idolo jenialak
«Sasoi batean Rojo zale amorratua nintzen. Tribuna erdiarekin jarduten nuen eztabaidan. Rojoren inguruan eztabaida handiak sortzen ziren. Niri jenioa iruditzen zitzaidan. Jokalari jenialak gustatu izan zaizkit beti; orduan, behintzat. Gaur egun, jokoa banatzen duen jokalaria gustatzen zait, pibota. Oraingo taldeari dagokionez ez dut izenik emateko ohiturarik, gainerako jokalariei zor diedan errespetuagatik. Gustatzen zait Athleticek orain duen taldea, nahiz eta nire jokalari kutuna dudan. Garai batean, Iribar ere asko gustatu zitzaidan, nahiz eta ez naizen oso ikonoklasta; taldea haren inguruan biltzen zen, eta hori oso inportantea da. Ez da ongi jokatzea bakarrik, giza faktoreak ere asko balio du, futbolean, eta bizitzan oro har».

Hamaikako hura
«Hamaikako asko ikasi ditut nire bizian. Baina, nire lehenengo titulua, Elx-en kontrako finala, Madrilen, 1-0 irabazi genuena izan zen. Ez zen nire lehenengo finala, ze Zaragozaren eta Valentziaren kontrakoak ere, 66an eta 67an, bizi izan nituen; baina biak galdu genituen. Hortaz, 69an atzera finalera itzuli nintzen, gurasoekin. Hamaikakoa, Iribar; Saez, Etxeberria, Aranguren; Igartua, Larrauri; Argoitia, Uriarte, Arieta, Clemente eta Rojo. Hamaikako hark finala irabazi zuen».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Athletic
2023-01-27 | Gedar
3.000 euroko isunak, San Mamesen erakutsitako Donetskeko bandera baten harira

Iazko urrian, pertsona bat kanporatu zuten Bilboko futbol zelaitik, Donetskeko bandera eramateagatik; elkartasunez, San Mamesetik alde egin zuten hainbat lagunek. Orain, hainbati jakinarazi diete 3.000 euroko isunak ezarri dizkietela, baita urtebetez kirol guneetara sartzeko... [+]


Euskaldunen aurkako irainak, ikur naziak eta Intxaurrondoko torturei erreferentzia Ukrainako misiletan

Asteburuan Athleticeko zaletu batzuek salatu zuten Donetskeko errepublikako bandera kendu ziela Ertzaintzak. Albiste horren harira adierazpen ugari egin dituzte eragileek, eta tartean Bilboko alkate Juan Mari Aburtok adierazi du "une honetan Errusiaren aldeko bandera bat... [+]


2021-04-14 | Uriola.eus
Beste bi pertsona atxilotu dituzte Kopako finalaren aurretiko Bilboko istiluengatik

Apirilaren 3an, Athletic eta Realaren arteko finala jokatu baino ordu batzuk lehenago, futbol zaleak Poza kalean batu ziren "aglomerazioak eta istiluak" sortuz. Hori dela eta, lau pertsona atxilotu dituzte guztira, egun horretako gertaerak leporatuta.


Eguneraketa berriak daude