Arantza Goioaga: «Internetek iturri ofizialetatik edaten duen kazetaritza apurtzen du»

  • www.izaronews.com web guneak bi urte daramatza lanean, Euskal Herriko politikaren eta beste hainbat gairen inguruan informazioa emanez eta berau sakonki aztertuz. Kazetarientzat eta politikaren mundua gertutik jarraitzen dutenentzat, Izaronews kontuan hartzeko erreferentzi bat gehiago bilakatu da dagoeneko eta horregatik proiektuaren atzean nor dagoen hobeto ezagutu nahi izan dugu. Arantza Goioaga atariaren zuzendariak kontatu digunez, Aspaldiko Komunikazioak elkarte kulturalak buruturiko egitasmoa da. Abokatu bat, ekonomista bat eta kazetari ugari dabiltza debalde lanean eta publizitateak sostengatzen du ekimena. Euskarria soilik Internet duen komunikabide honi buruzko zehaztasun gehiago ere eman dizkigu Goioagak.

2021eko uztailaren 19an
Duela bi urte inguru jaio zen Izaronews izeneko komunikabidea. Nondik nora sortu zen berau egiteko ideia?
Jatorrizko ideia ez zen web orria egitea izan. Ez dut istorioa sekula kontatu: duela bost bat urte, kazetaritza munduan genbiltzan batzuk pentsatu genuen ondo legokeela Euskal Herriko berrien agentzia sortzea. Denok uste genuen herri honek daukan gabezietako bat komunikabide propioena dela. Gogor ekin genion ahalegin horri, eta zailena ere lortu genuen, finantzazioa. Baina, tamalez, hainbat agintariren erruz egitasmoa zapuztu zen. Botereak ez dauka konfiantzarik kazetari independenteengan, komunikabideak kontrolatu nahi ditu eta kontrolatutako jendea nahi du haien helburuak burutzeko. Oraindik ere uste dut ideia ona zela hura. Kontua da ez genuela proiektua guztiz baztertu. Taldea zabaltzen joan zen eta Aspaldikoak izeneko Interneteko foro pribatua sortu genuen. Bertara kazetaritzarekin zerikusirik ez daukan hainbat lagun ere hurbildu zitzaigun, herri honen egoerarekin kezkatuta. Bestalde, Kataluniara egin genuen bidaiak asko lagundu zigun: beste errealitate batzuk ikusi genituen, Vilaweb eta Tribuna Catalana, esaterako. Beraiengandik ikasi eta lanari ekin genion. Izaronews horrela jaio zen.

Ohiko joera papereko komunikabideek Interneten informazioa jasotzea izan da, baina zuen produktua zuzenean Interneterako egina dago. Zein abantaila ditu horrek?
Interneteko abantailarik nagusiena oso azpiegitura gutxi behar dugula da. Gainera, informazioa sarean kontsumitzen dutenek ez daukate inolako arazorik informazio iturriarengana, hau da, gugana jotzeko. Posta elektronikoa oso azkarra da eta lotsatienak ere ausartu ohi dira galdetzera, iritzia ematera edo kritikatzera. Batez ere komunikabide tradizionalek Internet kritikatzen dute, ez omen delako fidagarria, erabiltzen dituen iturriak ezezagunak omen direlako. Onartu egin behar dut gustura irakurtzen dudala nire paperezko egunkaria, kafearekin batera, baina Internetek apurtu egiten du kazetaritza tradizionala, soilik iturri ofizialetatik edaten duena, horrek sortzen duen mendekotasunarekin. Gure iturriak eta beste komunikabideenak berdinak dira, baina ofizialetan konfiantza gutxiago daukagu. Gainera, gurea irakurlea internauta da, beste foro eta komunikabideetan sartzen dena eta giroa zelan dagoen esaten diguna. Beraien bidez ere informazioa iristen zaigu eta hori gero egiaztatu behar dugun beste iturri bat da. Ausartenek edo denbora gehien daukatenek euren blog propioa dute. Ezin dutenek hurbilen duten web orrira jotzen dute informazio bila.

Sarreren gaineko kontrolik ba al daramazue?
Hostalia enpresaren web orriari esker lortzen dugu zerbitzu hori. Gure azken datua [elkarrizketaren unean] otsailaren 21ekoa da: 45.204 sarrera. Errekorra abenduaren 30ean lortu genuen, Ibarretxe Plana Legebiltzarrean bozkatu zen egunean, 60.000 sarrerekin. Ez daukagu kontrol zehatzik eta ezin diogu OJDri ordaindu, diru larregi eskatzen duelako. Baina horrelako datuak garrantzitsuak dira guretzat eta gure irakurlearen profila izan daitekeenaren arrasto batzuk badauzkagu. Sarrera gehienak lanetik egiten dira eta gehienbat Euskal Herriko internautak dira irakurtzen gaituztenak. Espainiatik ere asko sartzen zaizkigu, eta Estatu kanpotik ere bai, Genovatik edo Aravacatik, adibidez. Dena den, Estatutik kanpoko irakurle gehienak estatubatuarrak dira. Diasporako euskaldunek irakurtzen gaituzte eta sekulako indarra ematen digu Australiatik, Txinatik edo Uruguaitik mezuak jasotzeak.

Izaronews bezalako orrialde batetan berritze lana bereziki garrantzitsua izango da.
Bai, etengabeko lana da. Bi pertsona gaude bakarrik, baina txandaka egiten dugu lan, etortzen zaigun informazioa web orrira igoaz eta guk sortzen duguna egokituz. Ikuspegi horretatik, web guneak agentzi formatua dauka. Ez daukagu informazioa antolatzeko irizpiderik, etorri ahala igotzen ditugu berriak. Hala ere, oso noizean behin eta oso gertakizun garrantzitsua denean informazio bat lehenengo postuan manten dezakegu. Hala, orria ez da berdina goizean, eguerdian eta gauean, eta gure irakurle asko egunean zehar bi edo hiru aldiz sartzen dira aldaketak ikusteko.

Politikari buruzko informazioan oinarritzen da orrialdea. Zein irizpide jarraitzen dituzue?
Informazio politikoak agintzen du herri honetan eta Izaronewsek egoera hori islatzen du, baina edukiak zabaldu nahiko genituzke. Adibidez, interesgarri litzateke herriek beraien gauzak sartu ahal izatea. Vilaweb orrian herri bakoitzak bere espazioa dauka eta hori da duen arrakastaren gakoetako bat.

Dena den, politika da nagusi zuen gunean, gai konplexua beti ere. Objektibitatea bilatzen duzue?
Ez gara ez objektiboak eta ez neutralak. Nor da neutrala baina? Hori bai, egungo egoera ikusita, harro gaude independente izateaz. Ni pertsonalki, zuzendaria izanda, ez naiz inongo alderdiko militante. Eta izanez gero, ez litzateke desegokia izango. Ezin dut ezkutatu abertzalea eta feminista naizenik, ezta giza eskubideen urraketek sutan jartzen nautenik ere. Hori igarri egiten da, jakina. Ez da nola idazten duzun berria soilik, baizik eta noiz, nola eta non kokatzen duzun. Baita ARGIArako egiten didazun elkarrizketa hau ere. Euskal komunikabide asko ez lirateke gu elkarrizketatzera ausartu ere egingo. Agian gogorra naiz, baina gaurko gure independentzia orain 40 urteko klandestinitatea bezalakoxea da.

Independenteak zaretela diozu, baina EAJren sektore kritikoarekin lotu izan zaituztete.
Esan izan da Xabier Arzalluz edo Joseba Egibar Izaronewsen zabaltzen diren hainbat informazio edo iritziren atzean daudela. Egia da Arzalluzek artikulu bat edo beste idatzi izan duela, baina besterik gabe, eta Joseba Egibar prentsaurrekoetatik baino ez dut ezagutzen. Gure artikulu egileren batek agian errazago egingo du bat beraien ideiekin ofizialekin baino, eta ez dago arazorik. Inork esaten badigu ez duela gure lana gustuko, bere ikuspuntua emateko aukera eskaintzen diogu. Baina ez dute egiten. Honek lehengo galderara garamatza: botereak ez badizu zilegitasunik eman nahi, errua bota eta isildu egiten zaitu. Izaronews guztientzat dago zabalik, batez ere komunikabide ofizialen bozgorailua ez dutenentzat.

Iritzi artikuluek presentzia handia dute.
Egia da Izaronewsen bisita gehien jasotzen dituzten testuak iritzi artikuluak direla. Jendeak atsegin du besteek esaten dutena irakurtzea eta gustuko gauza dugu hori. Artikuluak garrantzitsuak dira; politikak agintzen du informazioan eta denek iritzia eman nahi dute. Idazten ez dakienak edo ausartzen ez denak ere argudio berriak ezagutu nahi ditu. Iritzi artikuluak idazten dituztenen artean, zalantzarik ez, ikuspuntu abertzalekoak nagusi dira. Baina pentsamendu guztietara zabalik gaude. Gure kolaboratzaileen artean badaude PSEkoak, IUkoak, PSCkoak eta PPko euskaltzaleren bat. Fitxatu egiten ditugu. Beste herrietako kolaboratzaileak ere badauzkagu eta baita militanteak ez direnak ere. Ez dugu kontrolik egiten, bakoitzak nahi duena eta pentsatzen duena idazten du. Ez dugu inoiz zentsurarik erabili, ezta nahi ere. Garrantzitsua ondo idatzita egotea da, ekarpena egitea, entretenigarriak izatea eta errespetu falta handiegirik ez agertzea. Beno, errespetu falta pixka bat onartzen dugu. Laburtasuna ere garrantzitsua da beti eta Interneten ezinbestekoa, batzuetan kasurik egiten ez badigute ere.

Zer bilatzen du jendeak eta zer aurkituko du Izaronewsen?
Berri onak bilatzen dituela pentsatzen dut, beraien iritziekin bat datozen iritziak edota kontrako iritziak hausnartzeko, komentatzeko edo haserretzeko. Egunean gertatutakoaren gaineko laburpen irakurterraza nahi dute eta guk hori eskaintzen diegu. «Ia separatista hauek zer esaten duten» bezalako jarrerekin sartzen denik ere bada.

Zein erronka du orain Izaronewsek?
Euskarazko Izaronews egitea da gure asmoetako bat, desberdina, baina antzeko diseinu eta edukiekin. Edo ingelesezko orria. Ideia asko ditugu: atal gehiago sortzea, euskal kultura sustatzea, euskal diasporaren errealitatea zabaltzea, lekuko informazioa ematea, gure irakurleek beraien blog propioa ipintzeko espazioa eskaintzea... Dirua behar da eta pixkanaka goaz. Orain arteko ibilbidearekin oso pozik gaude.

Jaio berriari izena
«Berri agentzia sortu nahi genuenean, izenak batetik gure herriarekin identifikatu behar gintuela eta bestetik dimentsio unibertsala izan behar zuela pentsatu genuen. Dimentsio unibertsala 'news'ek ematen dio, denek dakitelako zer den, hemen eta Pakistanen. 'Izaro', berriz, laburra da, herri honetako leku deigarria, erraz gogoratzen dena. Semeari edo alabari izena ipintzea bezalakoxea da».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Internet
2024-06-07 | Sustatu
Googleren emaitzetan katalana gutxiago agertzeko motibo zenbait azaleratu dituzte

Googleren bilaketa emaitzetan katalanak eta euskarak 2022-2023 tartean izan zuten beherakada dokumentatu genuen webgune honetan. Nolabaiteko konponketa izan zuen gauza hark. Oraintsu, Kataluniatik iritsi zaizkigun azterketa batzuetatik, hizkuntza hauek bilaketetan gutxiago... [+]


2024-05-31 | Sustatu
Euskarazko Wikipedia 33.a da artikulu kopuruan, eta azala diseinuz berritu du ospatzeko

Euskarazko Wikipediak 433.000 artikuluen muga gainditu berri du (ikus estatistikak), eta horrekin batera 33. postua eskuratu du artikulu kopuruan, Wikipedia guztien ranking edo zerrenda honetan. Lorpena ospatzeko, diseinu berritzailea estreinatu du gaur gure Wikipediak, eta... [+]


Amazonen opari bat

Amazonek, Jeff Bezos magnatearen konpainia estatubatuar erraldoiak, dirutza gastatuko du Aragoin dituen hiru datu-zentroak handitzeko. Bere filial Amazon Web Servicesek (AWS) 15.700 milioi euro jarriko ditu Huescan eta Zaragozan, Pirinioetatik datorren Gállego ibaiaren... [+]


Amazonek Nafarroan “eskala handiko” bi zentral fotovoltaiko eraiki nahi dituela dio

Multinazionalak jakinarazi duenez 72 MWko potentzia izango luketen bi "eguzki parke" edo makro-zentral fotovoltaiko eraiki nahi ditu foru lurraldean, baina ez du kokapenaren berri eman. Industria teknologikoan gehien kutsatzen duen enpresetako bat da Jeff Bezos... [+]


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek “errepresio sindikala” egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Eguneraketa berriak daude