Epelde & Mardaras: «Artista eta galeristaren arteko harremanak bikoteen modukoa izan behar du»

  • Erandioko (Bizkaia) merkatu zaharrean sekulako hotza egiten du; bitxia badirudi ere, kazetariak berokia erantsi du sartu eta gutxira, Emilia Epelde eta Mikel Mardaras arte galeristekin hitz egiten hasi eta ia segituan. Epelean sentitzen da euren azalpenen artean. Euskal artearen egoerari buruz, La Brocha (Bilbo Zaharrean) eta bere etxean bertan duten arte aretoei buruz, Erandioko merkatu zaharra eraberritu eta erakusketa erraldoiak egiteko proiektuari buruz eta dituzten ametsei buruz egin dute berba. Hain sutsuki, hain hunkituta, ezen kazetariari iruditu zaion paretetan eskegita zeuden Fito Ramirez Escuderoren koadroak ere itzartu egin direla. Artea bizirik dago Epelde eta Mardaras kementsuen magalean.

2021eko uztailaren 27an
Noiz eta nola jaio zen Epelde&Mardaras bikote artistikoa?
Mikel Mardaras. La Brocha izenarekin urte mordoa eman ondoren egin genuen Epelde&Mardaras hartzeko hautua, 1993 aldera. Cooperativa La Brocha izena genuen eta, tira, izen polita zen baina ez zen batere komertziala, zahar geratu zitzaigun.

Emilia Epelde. Mazarredoko lokalera joan ginenean aldatu genuen izena. Baina hori baino lehen urte mordoa generaman Bilbo Zaharreko arte-aretoan; 11 bat urte daramatzagu mundu honetan. Biok beste lanbide bat genuen baina utzi egin genuen, eta Mardaras artista denez eta lana uztearren kalte-ordaina eman ziotenez, Bilbo Zaharrean lokal bat erostea erabaki genuen. Konponduta oso txukun geratu zitzaigunez, artea erakusteko lekua izango zela deliberatu genuen.

Ordudanik nola izan da zuen lan egiteko modua?
E. E. Gurea areto komertziala da. Bestela esanda, artistaren eta gizartearen arteko bitartekari lana egiten dugu; artistak sortzen duen hori modurik onenean erakusteko eta preziorik onenean saltzeko leku aproposa duena da arte galerista. Dena dela, uste dut interes komertzialak baino gehiago mugitzen gaituela emozioak, bihotzak. Saldu beharra dago, hori argi dago, baina erakusketa ona bada, saldu egiten da, bizirauteko lain bai behintzat.
Gure asmorik behinena artea esportatzea da. Euskaldunek egiten duguna munduan ezagutu dadin nahi genuke. Lau katu gara eta oso leku txikia hartzen dugu, baina harritzeko modukoa da hain artista onak izatea: Oteiza eta Txillida, Zumeta, Balerdi... Badira beste batzuk maila handia dutenak eta nazioarteko ospe hori merezi dutenak. Horretarako, baina, merkatu egitura beharko genuke, esportatzeko dirua izan... New Yorken izan ginen Zumetaren lana erakusten, esperientzia ikaragarria izan zen baina kamikaze modura egin genuen, eskerrak gero dena ondo atera zen... Dena den, argi dago ezin garena horrela bizi.

Oso leku ezberdinetan izan duzue arte aretoa. Bilbo Zaharrean aurrena, Guggenheim parean gero eta etxean bertan orain.
E. E. Guk galeria zabaldu genuenean Bilbo Zaharra egungo artearen zentroa izatea aldarrikatzen genuen: hutsik zeuden lokal mordoa zegoen, merke alokatu zitezkeen edo lau txakur txikirengatik zaharberritu. Artisten kokagune izan zitekeen, baina orain badirudi asmoa bestelakoa dela. Dirua beste gauza batzuetan eta beste filosofia batez gastatu dute. Guggenheim parera joatearena prozesua izan zen. Anbizioari eta eskarmentuari esker lortu genuen Mazarredon egotea. Beti eduki dugu aurrera, hobera egiteko bultzada hori.

M.M. Zazpi kaleetan dugun etxe-galeriari dagokionez, orain ahaztu samar daukagu Erandioko kontu honekin guztiarekin, baina ondo doa! Eremu bitxia da, 200 metro koadro bete margo ditugu, pentsa, hiru erakusketa egin daitezke aldi berean. Lan egiteko modu diferentea da, margoak etxean bertan dituzu-eta.

Orain lau urte hutsik zeuden eraikinak arte-areto bihurtzeari ekin zenioten. Artea herritarrei gerturatzea al da zuen asmoa?
E. E. Bai ba, ni haserretu egiten naiz artearen inguruan diskurtso elitista entzuten dudanean. Egia da zerbaitekin disfrutatzeko, ulertzeko informazioa behar duzula, baina hori jakinarazteko modurik ez baduzu, akabo! Gure egitekoa artea jendeari hurbiltzea da. Arte areto arrunt batean sartzea beldurra eman diezaieke askori. Hemen ateak zabal-zabalik ditugu, sartzerakoan azaltzeko gogoa izango duen norbait topatuko du jendeak. Etor daitezela, eta gero nahi badute kritika dezatela, esan dezatela euren iloba tankerakoak egiteko kapaz dela, baina sar daitezela.

Hamaika bat urte daramazue arte galerien mundu honetan. Eskarmentuarekin bakarrik erantzun daitekeen galdera bat: zer behar du artistak ona izateko, eta arte galeristak?
E. E. Nik neuk, arte galerista gisa, sinetsi beharra daukat egiten ari naizena, babesten ari naizen artista horrek benetan merezi duena; neurri handi batean erlijio-kontua ere bada. Artea sentitzen den zerbait da, zentzuak estimulatzeko modua da. Arteak harreman gehiago du sentiberatasunarekin, arrazoiarekin baino. Egia da zirrarak burmuina eta arrazoia martxan jartzen dituena, baina lehenik eta behin zirrara eragin behar du artelana begi aurrean izateak.
Artista izateko baldintzak? Norberari zor zaion leialtasuna izatea eta batez ere, askatasuna. Merkatuaren aginduak galdegiten dituzten arte-galeriak ere badaude, baina artista ezin da horien mende egon. Guk ez dugu inoiz halakorik egin. Artistak libre izan behar du sortu behar duena sortzeko eta guk bere lana sal dadin baldintza egokiak bilatu behar ditugu.

M.M. Artista eta arte galeristaren arteko harremanak bikoteen modukoa izan behar du, poligamoa da arte-galerista, artista askorekin egiten duelako lan; guztiekin, baina, errespetu eta leialtasuna izan behar du.

Egidazue Euskal Herriko arte merkatuaren argazkia.
E. E. Jaurlaritzak mila milioi euroko aurrekontuak ditu sortze artistikoa bultzatzeko. Azkenaldian, zentro publiko ugari sortu dira, gainera. Hori horrela, bi alor daude: publikoa eta pribatua. Zoritxarrez, bi aldeen artean ez dago elkarrizketarik, oso kolaborazio urria dago bien artean. Erakunde publikoek ez dute artelanak erosteko politikan arte adituen iritzia kontuan hartzen; horretan jarduten dugu eta iruditzen zait gure iritzia oso kualifikatua dela. Halere, begiz jota gaituzte, merkatariak »zentzurik txarrenean» omen garelako.
Gure merkatua guk landu behar dugu, aurreztutakoarekin koadroa erosten duena da gure bezeroa. Behin bakarrik saldu diogu margo bat (Balerdi bat) erakunde publiko bati, Arte Ederretako Museoari hain zuzen ere. Mingarria da oso, guk ordaintzen diegulako erakunde horiei, lehia desleiala sortzen dute, gu ezin gara eurekin ekonomikoki lehiatu. Gainera, zentro publikoak sortu dira artisten sorrera sustatzeko eta horietan ere, ez dugu zer esanik. Asmoa artista gazteen lana akuilatzea omen da, bekak dituzte denbora batez, baina hori amaitutakoan bere lanaren kontura egin beharko du aurrera lagun horrek. Zentro horiek ez dute inongo loturarik galeriekin, beraz, artisten ibilbidearen katea apurtu egiten dute. Mendekotasun asko sortzen dira, horrenbestez. Artista baten izana askatasuna bada, tankera honetako zentroetan merkantilismo sutsua sortzen dute artistaren eta zentroaren artean; hori horrela, zentro horretako zuzendariaren mesedetara egongo da artista.

Erandioko Udalarekin, ordea, ezin kexa. Erakunde baten babesa izan duzue lehen aldiz.
E. E. Erandioko Udala bikain portatu da gurekin, babes instituzionala dugun aurreneko aldia da eta oso pozik gaude. Babestuta sentitzen gara, gainera kultura zinegotzia biziki pozik dago, hunkituta. Uribitarteko proiektua egin genuenean, udal-baimenik gabe egin genuen, kultura zinegotziak ez baitzigun obrei ekiteko beharrezkoa zen baimena eman nahi izan. Eskerrak prentsak kontuaren berri zuen, bestela itxi egingo ziguten dena.

Hamar bat arte areto dago Bilbon. Lehiarik ba al dago?
M.M. Galeria bat mantentzea oso zaila da, baina dirautenek oso estilo edo lerro diferenteak dituzte. Bakoitzak artista jakin batzuekin egiten du lan, ez dago lehiarik gure artean.

E. E. Hamar horietatik 7-8k urte nahikoa daramate euren burua arte areto sendotzat hartzeko eta honen kontura bizi ahal izateko. Nolanahi ere, uste dut hamar gutxi direla, uste dut hobe dela artearekin espekulatzea etxebizitzarekin egitea baino, duinago bai sikiera. Ezin da espekulatu oinarrizko beharrizanekin.
Gainera, arte aretoen arteko harremana ez da etxafuegoak botatzeko modukoa. Pentsa, ez dago euskal galeristen taxuzko elkarterik. Bada Euskal Arte Galeristen Elkartea izeneko bat, guk bi aldiz egin dugu han sartzeko eskaera, baina ez dugu taxuzko erantzunik jaso. Legeak ezartzen dituen gutxienekoak ere »kuota pagatzea eta gutxienez urtean behin biltzea» ez ditu betetzen, baina Eusko Jaurlaritzak balekotzat jotzen du eta bitartekaritzat erabiltzen du.

Nork du Picassoa etxean?
"Fito Ramirez Escuderori eskainitako erakusketa zabaldu eta hurrengo egunean, madrildar bat etorri zitzaigun aretora. Koadro ederrak zirela-eta, erakusketa osoa erosi zuen, 60 koadro!", adierazi digu Emilia Epeldek.
Bistan denez, hau ez da ohikoena, baina eroslearen profila aberatsa eta arte kontuetan aditua delakoan direnak oker dabiltza. Emilia Epeldek eta Mikel Mardarasek nabarmendu dutenez, artelanak erosteko asmoz hurreratzen zaizkienak erdi mailakoak dira, "gehienetan ez dira dirudunak, baina sos arazorik ere ez dute. Litografia batetik hiru metroko koadrora bitarte, aukera asko dago; beraz, irakasle bati, autonomo den bati, eraikuntza alorrean lan egiten duen bati, galeria albotik pasa zen udaltzainari eta markes bati ere saldu diogu", kontatu digu Epeldek.

Artearen okupak

"Orain lau urte beste arte galerietatik dezente bereizten gaituen jarduera bati ekin genion: hutsik zeuden eraikinak hartzea eta erakusketa handiak egitea" nabarmendu du Mardarasek harro-harro. "2000an Uribitarteko Depositoan Zumetaren erakusketa erraldoia egin genuenetik seta hori dugu zainetan", erantsi du Emilia Epeldek. Asmoak hitzez ez ezik, ekintzez ere betetzen badakiela frogatu du, ordea, bikote artistikoak eta Erandioko merkatu zaharrean egindako "okupazioa" seigarrena dute. Aurretik, Uribitarteko Deposito Franco delakoan, Talleres Velasco hondatutako lantegian, Biarritzeko inprimategi zahar batean... izan dira Epelde&Mardaras. Urtero-urtero tankerako proiektu bat egiten saiatzen dira gure bi "nomadak". Urtarrilean Erandioko merkatu zaharrean inauguratu zutena, baina, berezia da, besteak baino maiteago du, behintzat, Epeldek: "Nire ama arrain saltzaile izan zen hemen, ni erandioztarra bainaiz. Niretzat hau herrira itzultzea izan da eta besoak zabalik hartu naute".
Jose Luis Zumetarekin zabaldu zuten erakusketa, ondoren Erandioko eskoletako eta ikastoletako haurrek Usurbilgo margolari bikainaren obran oinarritutako erakusketa egin zuten. Martxoaren 19a arte, Fito Ramirez Escuderoren margo ikusgarriak izango dituzte zintzilik. Ondoren, bertoko umeen erakusketa izango da ostera ere, eta amaitzeko Gernikako, Alemaniako eta Venezuelako hiru artista gazteena.


Azkenak
Israelek beste mediku palestinar bat hil du torturapean

Azken urtean Gazan gutxienez 60 pertsona hil dituzte sionistek torturapean, horietariko hiru medikuak, eta beste 1.000 osasun langile baino gehiago hil dituzte, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Osasun sistemaren aurkako eraso “sistematiko eta berariazkoa” salatu... [+]


Trenetik salto egin nahi

Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.


2024-09-23 | Nagore Zaldua
Adiorik ez, J.

A ze fauna! atalaren lehen denboraldian, olatuz-olatu hainbat  itsas izaki aurkeztu dizkizuet txoko honen traineruko kareletik. Ordea, bigarren denboraldiko nire lehen artikulua lagun bati gorazarre egin eta bere lanaren garrantzia  azpimarratzeko erabili nahi dut:... [+]


2024-09-23 | Garazi Zabaleta
Birika permakultura
“Lurra lantzen hasi aurreko diseinua gakoa da permakulturan”

2014an sortu zuten Birika Permakultura proiektua Leioako lursail okupatu batean. Jurgi Uriarte Idiazabalek eta beste bi kidek jarri zuten martxan egitasmoa. “Lursail hartatik bota egin gintuzten gerora, aparkalekua egin behar zutelako, eta, etenaldi baten ondoren, bakarrik... [+]


2024-09-23 | Estitxu Eizagirre
"Ilargia eta landareak" 2025eko agendaren aurkezpena
Landareei eta piztiei buruzko hitzaldia, ilustrazioak eta bertsoak Tolosan irailaren 26an

Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak aurtengo agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]


Komunikazio-bitartekarien I. topaketak
“Komunikazio zailtasunak dituzten pertsonen beharrak ia ezezagunak zaizkigu”

Ikusgarritasun gutxi dute gure gizartean komunikazio zailtasunak dituzten pertsonak eta bizi dituzten oztopoak. Ezezaguna da esparru horretan aritzeko formatzen diren komunikazio-bitartekarien lana: zailtasunak dituzten pertsonek beren gaitasunak garatu ditzaten laguntzen dute,... [+]


Gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak:
“Azken urteotako desadostasunek gaztetxeen eraldaketarako gaitasuna eta erakargarritasuna gutxitu dute”

Euskal Herri mailako topaketak antolatu dituzte hainbat gaztetxe eta gazte asanbladatako gaztek urriaren 19rako, Leitzan (Nafarroa). Mugimenduaren egoeraz eta egitekoez hausnartu, elkarren artean saretu, eta borrokarako indartzea dute helburu. Idatziz erantzun diete ARGIAren... [+]


2024-09-23 | Jakoba Errekondo
Sagardoaren kurkubitatik plastikora

Plastikoan bilduta saltzen dizkigute zuritutako sagarra, mandarina, ahuakatea eta abar. Eta ez gaitu lotsagorritzen.


2024-09-23 | Garazi Zabaleta
Bero latzaren aurrean hiriak birnaturalizatzeko beharra

Euskal Herriaren zatirik handiena klima zonalde epelean kokatuta egon arren, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ez ezik, edonora hedatzen dira udako bero bolada latzak. Eta, dirudienez, klima aldaketarekin okerrera eginen du egoerak –edo egiten ari da, honezkero?–... [+]


2024-09-22 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 2.eguna
Ondo kiribilduta


Sail Ofiziala. 2.eguna
Mus jarraituan


2024-09-21 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 1.eguna
Zerk egiten duen pertsona

Urduritasunaren alarmak mugikorrekoak baino ordubete lehenago jota hasi da niretzat Donostiako 72. Zinemaldia, edo halabeharrak edo oparitu didan rol honetan. Goiz gosaldu eta akreditazioaren bila joan ostean, Victoria Eugenia antzokira hurbildu naiz 9:00etarako saiora, Emilia... [+]


Eguneraketa berriak daude