Adinekoei tratu txarrak. Ezkutuko umiliazioa

  • Tratu txarrei buruz asko hitz egin da. Haurren eta bikoteko tratu txarrez bai, baina eta adinekoek jasaten dutenaz? Ezkutuan eta angustia handiz bizi den hamaika errealitate dago, erantzun bat merezi dutenak.

2004ko abenduaren 19an

Tratu txarrak. Hitz zailak dira. Tamalez, hauek entzuten ohitu egin gara, guztion ahotan izan dira azken aldian. Egunero dira egunkarietan, telebistan, irratian eta baita gure solasean ere hizpide. Hain sarri entzunda, ba al dakigu zertaz ari garen? Ez da erraza, zer den eta zer ez den argi izatea. Kasu bakoitza errealitate konplexu bat da, tartean direnek baino osoki ezagutzen ez dutena eta kanpotik so egiten dionak ezintasunez konpondu nahi duena.

Egoeraren berri izan baina bere azalean sufritzen ez duenarentzat, zaila da. Oraindik ere latzagoa da, ordea, egoera horren protagonista norbera izan eta gertatzen ari denaz jabetzea. Halakorik sufritzen duenarentzat benetan zaila da ohartzea. Barne borroka etengabea bizi du. Oso gogorra da, noski, maite duen pertsonak ongi ez tratatzea, are gehiago, tratu hori ematen diona semea edo alaba denean. Bakarrik geratzeko beldurra izaten dute adinekoek eta batek baino gehiagok erru sentimendua ere izaten du. Tratu txarrak salatzeko oztopo nagusiak dira horiek guztiak.

Arreta nahikorik ez

Gero eta urte gehiago bizi gara, baina gure bizi kalitatea nabarmen kaskartu da. Jendeak duen beldurretako bat, zahartzaroan nor bere burua zaintzeko gai ez izatea da. Ez da harritzekoa, dementzia duen gero eta adineko pertsona gehiago dago eta. Alzheimerra da dementzien artean ohikoena. Aurten, alzheimerraren nazioarteko egunean, gaitz hori ezgaitasun gisa onartu zezaten eskatu zuten nazioarteko elkartekoek. Ez zezala Administrazioak adinaren ondoriotzat har. Izan ere, pertsona hauek ez dira izaten bere buruaren jabe eta familiak zaindu behar izaten ditu.

Garai batean seme-alaba asko izaten zen. Gaur egun bi nahikoak dira eta batzuetan gehiegi. Nahiko lan aita edo amaren kargu egiteko, egoera horretan egongo balitz. Emakumeak izaten dira gainera, gehienetan, pertsona hauek zaintzeko ardura hartzen dutenak. Lehen, denbora gehiago izaten zuten besteei eskaintzeko; baina orain, ohikoa da emakumeek etxetik kanpo lan egitea eta beraz, askori, etxeko ardurez gain, kanpoan ere beste batzuk gehitu zaizkie.

Imajina dezagun seme edo alabaren bizimodua »azken honena, batez ere»: aita du dementziarekin. Seme-alabak zaindu behar ditu eta hori gutxi balitz, sarri, bikotearen ama edo aita ere zaindu behar. Ez hori bakarrik, etxetik kanpo ere lan egiten du, ordu luzez. Lerro hauek irakurtzearekin bakarrik nekatu egiten da bat zama hori bizkar gainean imajinatuta. Bada emakume hau, etxe askotan bizi da.

Erantzun zailak galdera zailei

Egia da bizimodua asko aldatu dela, eta gero eta denbora gutxiago dugula besteei eskaintzeko. Zama hori izaten da askotan, pertsona bat bere buruaren kontrola galtzera eramaten duena. Arazo behar ez lukeena, aita edo ama zaintzea alegia, drama bihurtu dute behin baino gehiagotan nekeak eta ezintasunak. Noiz sortzen da baina, arazoa? Hitz ez egoki batekin, egunero errietan hasten garenean... Inork ez daki muga zehazki non dagoen.

Marijo Goñi gizarte laguntzailea da eta Donostiako Ospitalean lan egiten du. Berak azaldu digunez, adinekoen tratu txarren inguruan badira protokoloak, baina ez dira batere argiak. Haurren kasuan inork dudarik ez duela egiten azaldu digu, baina adineko pertsonekin, dementzia izan arren, heldu eta autonomo kontsideratzeak sortzen du eztabaida etikoa: "Tratu txarrak izan direnaren zantzurik sumatuz gero, edonork egin dezake salaketa, baina batzuk ez dute nahi izaten, tratu txarrak jasotzen dituen hori heldua dela argudiatuz. Kontua da hori ez dela guztiz egia, dementzia duen pertsona bat ez baita bere buruaren jabe».

Goñik argi du konponbidea eta arreta handia behar duen gaia dela, baina hala ere egoerak hobera egin duela azaldu digu eta lege eta protokolo berriek bidea erraztu dutela egoera hobetzeko: "Orain urte batzuk, egoera jakin batzuetan zer egin ere ez genekien, orain ordea, gizarte zerbitzuen garapenak, gizartearen sentsibilizazio handiagoak eta zerbitzu guztien koordinazio hobeak, egoera dezente hobetu dute".

Zaharra, bere bakardadean

Donostiako Ospitalera ez dira eraso fisikoak jasan dituzten pertsonen kasu argiak heltzen, ez da horrela protokolizatu den kasurik aurkitzen azken urteetako artxiboan. Kontuan izan behar da adinekoek oso erraz izaten dituztela ubelduak eta sarri hartzen dituztela kolpeak. Horrek guztiak are konplexuagoa egiten du halako kasuen identifikazioa.

Baina, eraso fisikoena baino zabalagoa da tratu txarren kontzeptua, jakina. Adineko pertsonetan, abandonoa edo arduragabekeria izaten da gehien errepikatzen dena.

Larrialdi zerbitzuetan zahar bat ospitaleratzen dutenean, askotan ohartzen dira pertsona horiek, euren zaintzaileen aldetik ez dutela behar luketen tratua jasotzen. Horren adierazle dira aparteko arrazoirik gabe izaten duten desnutrizioa, anemia, hipotermia… Sintoma horiek ikusirik, pobrezian bizi den pertsona bat imajinatzen dugu, baina ez da beti hala izaten. Egoera horretan heltzen diren pertsona batzuek, kontu korrontea zeroz beterik izaten omen dute.

Pertsona hauek ospitalera eraman artean, eurak aitortu dutelako edo familiaren jokabideak argi aditzera eman duelako, zaintza ez egokia jaso dutela antzemanez gero, pertsona hori etxera itzul ez dadin saiatzen dira gizarte zerbitzuak eta horretarako familiarekin hitz egin ohi dute eta kasuan-kasuan, irtenbiderik onena bilatu: "Gehienetan hala heltzen den pertsona baten familiak ez du adineko pertsonaren kargu egin nahi izaten. Horregatik, familiarekin izandako arazoa errepikatuko den beldurrik ez dugu izaten eta erakunde berri baten eskutan jartzen dugu", dio Ospitaleko gizarte laguntzaileak.

Zahar etxeetako errealitatea, are ezkutuagoa

Zahar etxeetara edo beste edozein zentro instituzionaletara bidaltzea lasaigarria gerta daiteke horrelako uneetan, baina horrelako zentroetan jasotzen duten tratuari buruzko zalantzak ere badaude. Blanca Morera, Donostiako Quirón Klinikako psikiatraren hitzetan, eremu instituzionalean oraindik sofistikatuagoa da tratu txarra eta beraz, oraindik ere zailagoa identifikatzen.

Zahar etxeetan jende asko izaten dute. Sarri, formazio gutxi duen jendea aritzen da lanean, lan baldintza okerrenetan. Horrek guztiak pertsonak gauzak balira bezala tratatzea ekartzen du Blanca Moreraren ustez.

Etxean nahiz zerbitzu instituzionaletan, tratu txar psikologikoak dira sarrien gertatzen direnak. Dena den, tratu txar mota batez hitz egitea zaila da, eta ia beti mota bat baino gehiago nahasten direla dio Morerak.

Ikuspuntu epidemiologikotik, adinekoen tratu txarretan "izeberg fenomenoa" gertatzen dela eta errealitatearen parte txiki bat baino ez dugula ezagutzen adierazi digu: "Oso eremu hurbileko eta pribatuan gertatzen da eta lesio fisikorik izan ezean, zaila da antzematen. Burua ongi duen pertsona bati ez zaio hori gertatzen, arazoa beti dementziaren bat duten pertsonekin gertatzen da eta pertsona horiek ez dira gai laguntza eskatzeko ere". Horren jakitun, askok egoera aprobetxatzen duela kontatu digu. Bakarrik eta menpeko sentitzen diren pertsonak izan ohi dira tratu hori jasotzen dutenak, tratu txarrak ematen dizkion pertsona horren menpe sentitzen dira, hain zuzen. Bere ustetan, guztiok gara horrelakoak gertatzen direnaren jakitun, baina imajinatzen dugunaren atzean errealitate zabal bezain iluna existitzen dela dio.

Era berean, beste faktore batzuk ere nahastu ohi dira tartean; esaterako, alkohola eta droga kontsumitzea tratu txar emaileak, diru beharra eta gurasoarekiko menpekotasun ekonomikoa, urtetan zaindu ez diren harremanak... Gauzak horrela, egoera nahikotxo larriagotzen da.

Konponbiderik ba ote?

Horrelakoak uste baino etxe gehiagotan gertatzen dira eta guztiok dugu, legez, horrelakoak salatzeko betebeharra. Hala ere, ez da nahikoa salaketa jartzea. Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Batzordeak jasotzen dituen datuen arabera, 2003an Euskal Autonomia Erkidegoan 65 urtetik gorako 40 emakume eta 9 gizon izan ziren tratu txarren biktima zuzenak eta 2 gizon eta 2 emakume, biktima ez zuzenak. Biktima zuzenak tratu txarrak zuzenean jaso dituztenak dira eta biktima ez zuzenak, tratu txarrak jaso ez, baina nolabait sufritu behar izan dituztenak.

Kasu hauen berri Bilbo, Donostia eta Gasteizko Justizia Jauregietan Biktimen Arretarako duten bulegoetan izaten dute. Bulego honetan tratu txarren edozein kasuren berri izaten dute, adinekoena izan edo ez. Zaintza Epaitegietatik, polizia etxeetatik eta batez ere gizarte zerbitzuetatik bidaltzen dituzte pertsonak bulego hauetara. Donostiakoan, Idoia Perez abokatuak, Concha Aizpurua gizarte laguntzaileak eta Grego Mendiguren psikologoak lan egiten dute. Bertan, bakoitzak berari dagokion esparruan, biktimari arreta eskaintzen diote.

Idoia Perez abokatuak gero eta salaketa gehiago jasotzen dutela adierazi digu, baina hala ere, adinekoek eta haurrek oraindik ere babes askoz ere handiagoa behar dutela uste du. Adinekoen kasuan, gehienetan tratu txarren sorburu dirua izaten dela azaldu digu, seme alabek gurasoekiko duten menpekotasun ekonomikoa, alegia. Ba omen dira, gurasoaren pentsioa diru iturri bakarra duten hainbat seme eta alaba. Sarri, irainek eragindako umiliazioak bultzatzen du bat laguntza eskatzera. Beste batzuetan lesio fisikoak dituen bateren bat heldu izan da bulego honetara, larrialdi zerbitzuetara joan behar izan badu ere, erori egin dela kontatu duena.

Zigor kodeak baditu gai hau aipatzen duten artikulu batzuk, baina tratu txarren edozein kasuri buruz hitz egiten dute, orokorrak dira, ez dute adin bereizketarik egiten. Hala, aurrez aipatu datuen artean, ezin bereiz daiteke senar edo emaztearen partetik jaso izan diren tratu txarrak ala seme-alabaren bat izan den eragilea. Perezek azaldu digunez, gehienetan tratu txarrak jaso dituen pertsona bera izaten da salaketa jartzen duena, baina askotan senideren bat izaten omen da kasua salatzen duena eta beste batzuetan, oso ohikoa ez den arren, bizilagunak izan dira gertaeraren berri eman dutenak.

Tratu txar fisiko edo psikikotzat uler daitekeen edozein jarrera zigortzen du legeak. Zigor ezberdinak dira, kasuaren arabera; kartzelaldia izaten da askotan, asteburuko atzipenaldia bestetan… Zigorraren iraupena gertaeren larritasunaren araberakoa izaten da. Gainera, erasotzaileak debekatuta izango du bitarte horretan biktimarengana hurbiltzea edo harekin edozein modutan komunikatzea.

Salaketa lehenbailehen jartzea komeni da. Zaintza Epaitegian edo hurbilen den polizi etxean jarri behar da eta salaketa aurkeztu izanaren egiaztagiria eskatu. Salaketa ahalik eta argiena eta osatuena izan beharko da, epaiketa egiten denean, ahalik eta frogarik gehien izan daitezen. Lesio fisikorik izanez gero, hurbilen den osasun zentrora jo behar da eta bertan ere ziurtagiria eskatu. Nolanahi ere Epaitegiko medikuak biktimaren azterketa egingo du.

Biktimak baliabide ekonomikorik ez badu eta doako justiziaren onuradun bada, salatutako tratu txarren prozedura penalean defendatuko duen ofizioko abokatu bat izango du eta laster, tratu txarren biktimen gaian prestatutako abokatu bat izango da gainera.

Urrian aurkeztu zen Tratu Txarrei buruzko lege integralak zigorrak gogortu eta auzitegi bereziak sortuko dituela kontatu digu Perezek, baina lege honek, emakumeen kasuak baino ez ditu babestuko. "Lege horrek beraz, tratu txarrak jasaten dituen aita kanpo utziko luke", dio abokatuak.

Tratu txar emaileentzat Eusko Jaurlaritzak eta Diputazioek badute hainbat interbentzio programa. Interbentzio luzeak izaten dira, urtetik bi urterakoak, eta konstantzia handia eskatzen dutenak. Dena den, datu hau ez da oso lasaigarria; izan ere, bertan parte hartzen duten askok amaitu baino lehen uzten dute programa. Ez du arrakasta handirik izaten.

Aditu batzuek gizartean alarma sortu beharrik ez dagoela diote, besteek azkar baino lehen erabakiak hartu behar direla... Argi dago zerbait pentsatzen hasi beharko genukeela, gero eta gehiago izango baitira, seme-alaba eta bilobarik gabe zahartuko direnak. Eta orduan, nork zainduko gaitu eta nola, adineko pertsonez betetzen ari den gizarte honetan?

Instituzionala
Instituzioetan ematen den tratu txarra ez da apenas ikertu, horretarako oztopo handiak direlako. EHUren Udako Ikastaroetan, Joaquin Depaul EHUko irakasleak Britainia Handia eta AEBetan egindako ikerketaz hitz egin zuen eta badirudi han zertxobait gehiago saiatu direla gai hau aztertzen. Dirudienez, herrialdeotan egindako ikerketen arabera, 65 urtetik gorako %1-3ak pairatzen ditu tratu txarrak instituzioen partetik, batez ere psikologikoak.
AEBetan egindako ikerketa baten arabera, azken urtean 10 erizainetatik hiruk beren lankideek emandako tratu txar fisikoen lekuko izan dira eta 10etik batek onartzen du berak parte hartu duela halako batean. Tratu txar psikologikoei dagokienean, 10etik 8k zioen horrelakorik ikusi duela eta 10etik 4k parte hartu duela.
Zirrara sortzen duten datuak dira hauek. Oraingoz, hemen ez da halako ikerketarik egin.

Errespetua galtzen denean
Imsersok diruz lagundutako ikerketa batean, Donostia eta Hondarribiako adineko pertsona batzuk elkarrizketatu zituzten. Javier Yanguas, Matia Fundazioko kideak haien sentsazioa horrela laburtu du: "Pertsona hauek sentitzen dute, bi hitzetan esateko, errespetua galtzen ari gatzaizkiela. Garai batean, Euskal Herrian, adinekoei errespetu handia zor zitzaiela eta gaur egun balore sozial hori galdu egin dela".

Imsersok egindako ikerketa
Urrian, Imsersok ikerketa bat argitaratu zuen, adineko pertsonak jasotzen zuten atentzioari eta errealitateari buruzko datuak biltzen ditu:
65 urtetik gora duen 7 miliotik gora pertsona dago
Espainian, biztanleria osoaren %17.
%22 bakarrik bizi da.
%65ak ez du berogailurik etxean.
%18ak ez du igogailurik eta beraz, oinez igo behar ditu eskailerak. Honek etxean geratzera behartzen du bat baino gehiago.


Azkenak
Makroproiektuen Katalunia, hauteskundeen atarian isildutako eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Badira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu abian daudenak, biak ala biak, jakina, turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Jonathan Cook
Hauxe da Gaza suntsitzeko Israelen eta AEBen plana

Su-eten bat lortzeko Mendebaldearen ahaleginak serioak direla itxura egiten dute Mendebaldeko komunikabideek. Baina argi dago aldez aurretik idatzitako beste gidoi bat dagoela. Artikulu honetan Jonathan Cook kazetari britainiarrak aurreratu digu zein den Israel eta AEB... [+]


2024-05-06 | ARGIA
Meaka-Irimo herri plataformak kontzentrazioa egingo du maiatzaren 7an Jaurlaritza aurrean

Capital Energy multinazionalak Urretxu ondoan dagoen Irimo mendian zentral eolikorik egin ez dezan eskatzeko egingo dute elkarretaratzea maiatzaren 7 goizean.


Israelek Al Jazeera hedabidea debekatu du

Hamasen tresna izatea leporatuta ezarri du debekua estatu sionistak. Al Jazeerak akusazioak ukatu ditu eta ahots kritikoak isilarazi nahia salatu du. Nazioarteko hainbat elkartek kritikatu dute “prentsa askatasunaren aurkako erasoa”. Debekua 45 egunekoa da momentuz,... [+]


Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


Eguneraketa berriak daude