Laikotasuna versus laizismoa?


2004ko azaroaren 07an
Azken boladan laiko eta laizista izatearen arteko desberdintasunaz hitz egin dute zenbaitzuek. Beraien ustetan estatu espainiarra edo, hobe esanda, oraingo gobernu espainiarra laiko izan beharrean laizista da eta laizista izate hori ez dute, dirudienez, oso gogoko. Berdin antzera esango lukete horiek, ziur aski, Europako beste hainbat gobernuz, eskoletako neska musulmanen shadorraren edo buruzapiaren erabilera saihesteko asmoz eginiko legeen ondorioz, mojek ere ezin izango omen dutelako beren abitua erabili ikasgeletan, azken batean abitua bera ere erlijio-ikurra baita.

Nazio bezala aitortua ez dagoen nazioaren alde borrokatzen duenari esan ohi zaio, nazionalista. Hori horrela bada, logika onean estatua laiko izatearen aldeko lana egiten duenari esan beharko zitzaion laizista, nonbait estatua benetan laiko ez delako.

Baieztapen hauen aurrean, eta guri dagokigunez, burura datorkidan galdera hauxe da: benetan al da laikoa Euskal Herria?

Inguruari gain-begirada bat ematea baino ez da behar gutxienez zalantzan jartzeko. Zer zentzu dauka bada, ustez laikoa den estatu batean alkateek, zinegotziek eta baita lehendakariak berak ere ekitaldi erlijiosoetan ofizialki parte hartzeak, Donostia, Bilbo, Iruñean eta beste herri askotako jaietan gertatzen den bezala? Edo zer demontre egiten du apaiz batek ura noranahi botatzen inaugurazio ofizial batean?

Aipatuak bezalako kontraesanak ugari dira. Erlijio guztiekin eta ez modu horren ofizialean egingo balira, beti proportzionaltasuna errespetatuz, gaitzerdi; herriaren sinesmenari zor zaion begirunea argudiatuz justifika litezke. Baina ez, erlijio katolikoarekin baino ez dira egiten, eta hori laikotasunaren oinarrizko printzipioen kontrakoa izateaz gain, iraingarri ere suertatzen da katolikoak ez diren gero eta jende gehiagorentzat, ni neu kasu.

Laizista izatea, hortaz, guztiz ulergarria bezain zentzuzkoa iruditzen zait, laikotasuna oraindik lortu gabeko helburua »utopia?» delako. Harrigarria deritzot, ostera, laizismo honi totalitarismo deitzen diotenen azal gogorra.

"Elizarekin egin dugu topo" entzun edo esan dugu denok milaka aldiz. Eliza katolikoa ohituta egon da, antzina-antzinatik oraintsu arte, jaun eta jabe izaten, beti boterean edo boteretik hurbil, baita ustezko laikotasun garaiotan ere, loaldi goxo-goxoan.

Orain hasi da, antza, esnatzen eta gizartea egiaz zelakoa den konturatzen: gero eta erlijio gehiago daude »batzuk ez testimonialak eta berdintasun-tratua exijitzen hasiak direnak»; gizarteak oro har gero eta jaramon gutxiago egiten dio »katolikoak eurak barne». Baina, duda barik, boterea ere, itxuraz bederen, gero eta gehiago urrutiratzen ari zaiela da gehien kezkatzen dituena hierarkia katolikokook, urrutiratze honek bestelako ondorioak ekar ditzakeelako, besteak beste, estatutik jasotzen dituzten zuzenezko diru-sarreren murrizketa.

Badirudi, bai, urduri daudela. Urduriegi agian.

Nabaria izan da betidanik eliza katolikoak izan duen sexuarekiko fijazioa, antza denez, plazera sortzen duen edozer bekatuarekin identifikatzen duelako eta sufrimendua, aldiz, jaungoikoagana hurbiltzearekin-edo. Harreman sexualak, haien ustez, seme-alabak edukitzeko baino ez dira izan behar, beti ere senar-emazteen artean jakina, beste guztia naturaren kontra joatea omen da. Hortik etorri bide da bestelako harreman sexual oro »modu bortitzagoan homosexualak» gaitzesteko grina. Baina oraingoan akaso urduriegi daudela diot, neurrigabeko erasora pasatu direlako, neurrigabeko irainera eta gezurrera.

Historian zehar eliza askotxotan gelditu da barregarri ez duelako denboretara egokitzen jakin. Berriro gelditzen ari da barregarri. Lurra borobila dela gogorarazi beharko diogu. Ez gaude dogmen garaian, jendea gero eta kultuagoa delako eta, are hobea dena, gero eta anitzagoa delako. Izan gaitezen laizista!


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude