Euskarazko prentsa etorkizuneko antolaketari begira


Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuaren atarian, hainbat eremutako jendea bildu dugu hausnarketarako. «Elkarlanaren beharra» da gehien errepikatutako ideia, aldarrikapen historikoa, gaur arte bereizita jardun duen sektore honetan. Irensteko beldurra, eta elkarren arteko lehia dira, ordea, elkarlanaren itzalak.

Euskal komunitateari begira, zer funtzio betetzen du edo bete behar luke euskarazko komunikazioak?
JOXE MANUEL IRIGOIEN. Funtzio komunikatiboa bete behar luke, erdarazko komunikazioak erdal komunitatean betetzen duen bera, eta oro har, edozein herri eta gizarte garatutan komunikabideek garatu ohi dutena. Bestelakoa da, ordea, euskarazko komunikazioak gaur egun agertzen duen errealitatea.

JOXEAN AGIRRE. Sakoneko mundu ikuskeran, ideologian, eskolak du eragin nagusia. Prentsa idatziak azaleko eragina duela esan ohi da, iritzien mailakoa eta bereziki iritzi politikoaren mailakoa. Baina prentsa idatziak kultura normalizatuetan betetzen dituen funtzioez gain, euskarazkoak betetzen ditu beste berezi batzuk ere. Euskarazko prentsa izan da normalizaziorako falta zen azken frontea eta Egunkaria atera zenetik, badu autoestima edo berrespen funtzioa. Eta beste batzuk ere bai, hizkuntzari lotuak.

MIKEL IRIZAR. Ekimen komunikatibo baten eginkizuna izan daiteke dirua irabaztea, edo irakurlearengan eragitea, edo ikuspegi beregainak garatzea eta komunitate zentzua indartzea. Identitate eta hizkuntza arazoak dituzten komunitateetan eginkizun hau nagusitzen da, identitatea, hizkuntza eta komunitate zentzua gordetzea, sustatzea, indartzea... Honek sekulako garrantzia dauka, etorkizuneko gizartea informazioaren gizartea izango dela aurreikusten badugu. Informazioaren gizarte horretan komunikazio ugaria egongo da, ez dakit kalitate onekoa izango ote den, eta gure buru prozesagailuak egokituko diren informazio abiada horretara. Informazio uholde moduko egoera horretan, hizkuntzarekin lotutako komunitate txikiek gutxienez irla gisa iraungo badute, oso ondo antolatutako komunikazio egitura efizientea beharko dute. Bestalde, multimedia garatzea da etorkizuna, hau da, informazioaren lau euskarriak lantzea: prentsa, telebista, irratia eta Internet.

XABIER LETONA. Euskarazko komunikazioaren funtzio nagusia da euskaldunen komunitatea trinkotzea eta baita zabaltzea ere. Azken finean, inguratzen gaituen munduarekiko ikuspegia, euskaldunok geure hizkuntzatik eta geure ikusmoldetik eskaintzea eta hartzea, kazetariaren lana bere zentzurik primarioenean hori baita: errealitatean ikusten duena iragazi eta hartzaileari informazio gisa eskaintzea. Informazioa eta komunikazioaren ikuspegitik, irakurleari behar duena eskaini behar diogu, komunikabideen arteko hautua egiten duenean, egin dezan euskarazko medio baten hautua, naturaltasunez eta interesez. Horretarako, erreferentzialtasuna irabaztea da kazetarion betebehar nagusia.

MARTXELO OTAMENDI. Informatzea eta formatzea da helburu nagusia. Kontua da, oinarrizko hizkuntzaren elementuak garrantzia handia duela gurean, gizarte ez normalizatuan gaudelako. Baina datozen belaunaldi gazteek, interesa neurtzerakoan, ez dute gure belaunaldiak erabiltzen zuen "euskaraz delako" irizpidea erabiltzen. Euskarazko medioen apustua informatzea da, eta hartzailearentzat interesgarri diren elementuak eskaintzea. Gure komunitatearen egoeragatik, formatzeko funtzioak bere pisua du, komunitate hori osatzeko helburua badago. Gainera kazetari jardunean, inplizituki dago formatzeko intentzioa: kazetariak aukeratzen du titularra, zenbat tarte eskaini gai bati, zer sailetan kokatu... Hori gizarte denetan dago, esaterako, AEBetako egunkari batzuk editorialean azaltzen dute zein den hauteskunde hauetarako euren hautagai faboritoa. Logikoa litzateke, denborarekin eta heldutasunez, guk ere formazioa deitzen duguna indartzea. Gertatzen dena da, nazio mailako irrati bakarra dugunean, telebista bakarra, egunkari bakarra eta informazio orokorreko astekari bakarra, oso konplikatua dela hautu horiek egitea, edo formazioa zer den definitzea. Euskarazko produktu bakarrak izanda, saiatu behar dugu euskarazko irakurle denei eskaintzen gutxieneko elementuak, beraz, minimo komun oso zabala behar dugu.

J. AGIRRE. Galdera zozo bat.

M. OTAMENDI. Zure galderak ez dira sekula zozoak izaten.

J. AGIRRE. Mahai inguru hau erdarazko kazetaritzaz izan balitz, mahaikideek hitz egingo lukete diruaz? Nik dakidala, prentsaren funtzio nagusia, gaur egun munduan, dirua irabaztea da.

M. OTAMENDI. Dirua irabaztea eta eragitea. Boterearengan eragiteko makina ideologizatuak dira komunikabideak. Baina ez lukete diruaz hitz egingo, lotsagatik. Nahiz eta diruak eraginda jarduten duten, botereari presioa eginez.

M. IRIZAR. Anbizioso samarrak izanda, Xabierrek aipatu duen erreferentzialtasunaren bidetik, ikastolen kasua errepara dezakegu. Euskal komunitateko hezkuntzan, ikastolek lortu zuten eskola «nazional» guztiz erdalduna zena euskarara ekartzea, eta egungo hezkuntza sistema dezente euskalduna egitea »proportzioz, gizartea bera baino euskaldunagoa da». Adibide horrek balio dit esateko, euskarazko hedabideek lortuko balute erreferentzia izatea, inork baino informazio hobea sortzea, ziur aski erdarazko hedabideak ere euskaraz informatzen hasiko liratekeela. Hori lortzeko, nabarmena da kanpoko informazioa ez dela izango gure punturik indartsuena beste batzuek baino hobeak izateko, baina hurbileko informazioa bai. Informazio sortzaileen artean ekarri behar luke gaurko joeraren kontrakoa, izan ere, goi mailako politikari euskaldun batek baino gehiagok esan du berak ez duela euskarazko adierazpenik egin nahi, euskaldunek bakarrik ulertzen dutelako eta horrek oihartzuna kentzen diolako. Kontrakoa lortu behar dugu, eta adibideak badira: Gogoan dut nola behin, Tolosako Galtzaundin, Xabier Arzalluzek RH-az euskaraz esan zituenak, hurrengo egunean beste hedabide guztiek hartu zituzten, eta Arzalluzen esanekin batera, Galtzaundiren erreferentzia zabaldu zen. Iaz Goienkarian argitaratu zen CSI telebista saio arrakastatsuko protagonistetako bat Oñatirekin lotuta zegoela, eta hurrengo egunean Diario Vascok kontrazaleko orri osoa eman zion gai horri. Saiatu behar dugu hori ondo antolatzen, eta horretarako, egitura da beharrezkoa. Inork baino jende gehiago du euskarazko kazetaritzak bere esparruan, Vocentok ezin ditu 500 langile jarri euskal komunitatearen gaurkotasunari jarraipena egiten, baina guk badauzkagu. Talde lana da behar dena. Egitura efiziente eta optimizatu bat sortu behar da.

Erreferentzialtasuna azpimarratzen duzuenez, euskarazko prentsak zer bilakaera izan du erreferentzialtasunean?
M. OTAMENDI. Erreferentzialtasunean bi arlo bereiz daitezke. Batetik, euskarazko medioek indarra hartu duten heinean, erdaraz ari direnei markatu dizkiete esparru tematiko batzuk. Alegia, editoreen agendan jarri ditugu jorratu beharreko gai batzuk, lehenago ez zeudenak, kultura kontuari lotutakoak, euskara... Askoz zailagoa da guk informazio berria ateratzea, eta hori besteentzat erreferentzia izatea. Guk albiste bat ateratzen dugunean, inor ez da enteratzen, eta hurrengo egunean erdarazko medio batek argitaratzen badu guri itzulpen hutsa eginda, sekulako oihartzuna lortzen du. Oihartzunaren potentziometroa oso txikia dugu besteekin konparatuta, eta nekez lehiatuko dugu horretan.

J. M. IRIGOIEN. Erreferentzialtasunaz ari garenean, hedapena eta audientzia klabea dira. Konparazioa euskarazko eta erdarazko informazio orokorreko egunkarien artean eginez gero, arrazoi duzu, euskarazko egunkari bakarraren hedapena oso txikia delako erdarazkoen multzoarekin alderatuz. Alabaina, informazio orokorreko egunkariak ez dira euskarazko prentsaren erreferentzia bakarra, eta informazioaren ikuspegitik begiratuta ere, informazio orokorra ez da jendearen erreferente informatibo bakarra. Adibidez, hurbileko informazioa bilatu nahi duen irakurleak, hainbat kasutan zorionez, euskarazko prentsa lokala izanen du erreferentzia nagusi. Are gehiago, komunikabideek zerbitzu osagarriak ere eskaintzen dituztenez, gure eskualdean bederen, lana edo pisu bila dabilen erdaldunak ere gehiago begiratuko dio bertako prentsa lokalean argitaratzen ditugun iragarki klasifikatuei, egunkariek argitaratzen dituztenei baino.

Oihartzuna lortzeko, ados zaudete Irizarrekin, alegia, egitura da indartu behar dena?
M. OTAMENDI. Mikelek planteatzen du egitura gaitz guztien sendagai, hori da arazoa.

X. LETONA. Niri, oraingo nire begiekin begiratuta, Mikelena amets gauza ezina iruditzen zait. Orain, hausnartu liteke zer elkarlan egin litekeen, zer hutsune dauzkagun, horiek nola bete daitezkeen... Ez dakit horrelako eredurik ba ote den munduan, ezta posible den ere.

M. IRIZAR. Apropos aukeratu dut «egitura» bezalako hitz sendo eta mardula, baina ez nabil pentsatzen ezinbestean eta bihar goizerako egitura juridiko edo antolaketa bateratuan. Planteatzen dudana da sektorearen diseinu adostu bat lortzea, euskarazko hedabideen antolaketa optimoa bilatzeko. Adostasunera iristea, eta elkarlanean jartzea, trukeak zehaztea... Alegia, funtzionamendu diseinua adostea. Orain bakoitza bere larrean gaude, behi bakarti gisa, eta talde moduan jokatzea da proposatzen dudana, gutxienez mugimendu batzuk elkarrekin adostea eta ez lana bikoiztea. Adibidez, multimedia planteamendua aldarrikatzen dudan neurrian, saihestu behar litzateke prentsa, irrati, Internet eta telebistarako lau pertsona mugitu behar izatea; koordinatuz gero, pare batekin nahikoa litzateke. Kontuan izan behar baita informazioaren jarduna ibai bat dela, eta horren isuria euskarri desberdinen bidez ematen dela. Denborarekin sarerako egingo da lan nagusia, eta lan horrek bertsio egokituak izango ditu irratian, idatzian, telebistan.

X. LETONA. Niri oso abstraktua iruditzen zait zure planteamendua. Beste sektore batzuei begiratuta, soziolinguistikan egin berri dute klusterra eta lehian ari diren beste ekonomia sektoreetan ere elkartzen dira interes bateratuak defendatzeko, kanpoko konpetentziari aurre eginez. Horrelako esperientzia batetik abiatuta zuk esaten duzunerantz noraino hurbildu gaitezkeen, beste kontu bat da. Oraindik ez dugu gaitasunik erakutsi egitura hitzak adierazten duen egoera batera iristeko, eta gainera egitura hitzak niretzat duen esanahia kontuan hartuta, ez dut uste halako egiturarik beharko genukeenik ere.

M. OTAMENDI. Sektorea antolatzea garrantzitsua da guretzat eta horrela azalduko dugu aurki egingo den kazetaritzaren I. kongresuan. Sektorea elkartzea garrantzitsua da, Mikelek esan bezala, orain bakoitza bere larrean gaudelako eta gainera elkarri puzkarka ari garelako. Batasun horren ondorioz etortzen bada elkarren azpiegiturak aprobetxatzea, primeran. Baina gutxienez sektorea antolatu behar dugu erreferentzialtasuna izateko, adibidez, administrazioaren aurrean. Hori oinarrizkoa da.

J. M. IRIGOIEN. Pentsatzen hasita, asko dira gaur egun sektorean dagoena baino elkartasun handiagoa izatea justifikatzen duten gaiak eta arrazoiak. Seguru baietz. Halere, errealitatea den bezalakoa da, eta ez dirudi batere erraza denik kazetarien arteko elkar-laguntza puntualetatik haratago joatea. Izan ere, hitzen esanahi diferenteak erabiltzen ditugula iduritzen zait, eta horrek ez duela batere laguntzen. Zer nahi dugu, sektorea "egituratu" Mikelek dioenaren haritik? Enpresa-egiturak sortu, egunkariak eta aldizkariak batuko dituenak? Interes bateratua defendatuko duen klusterra antolatu? Guztiak dira zilegiak. Bestalde, gaztelerazko medioetan esparru bera lantzen duten egunkariak badaude, irratiak ere bai, telebistak... Euskararen komunitatea hain txikia izanda, ordea, merkatuaren legea ere oztopo dugu, atzean, interesen konpetentzia ere badagoelako.

M. IRIZAR. Hizkuntza komunitate txiki bat garen neurrian ezin ditugu normaltasun guztiak geureganatu, ezin dugu pentsatu epe motzean nazio mailako bi egunkari edo bi telebista edukiko ditugunik, baina badira beste helburu batzuk dagoeneko lortu daitezkeenak: egoera optimizatzea, diseinua adostea... Munduan ez dira asko izango 600.000 hiztuneko hizkuntza komunitateak, guk adina baliabide garatuta dituztenak. Kontua da, nola izan gaitezke efizienteago? Ez dugu beste eredurik munduan, asmatzen ari gara. Uste dut posible dela 600.000 biztanleko komunitateak bere nortasun zeinuei eustea, baldin eta komunikazioaren arloan dituen baliabide denak jartzen baditu diseinu baten mende, koordinatuta eta elkarlanean.

M. OTAMENDI. Kontuan hartu behar dugu ari garela hizkuntza minorizatu batean, eta oso normala eta oso berezkoa dela hizkuntza edo komunitate minorizatuetan atomizatuta izatea, eta elkarrekin haserre egotea. Hori gertatzen da hemen eta leku guztietan. Baina merkatuaren legea askotan beste batek antolatzen dizu. Zerk behartu ditu, hogeitaka urte elkarri bizkarra emanez igaro ondoren Kataluniako egunkari lokalak eta El Punt nazionala elkarlanean jartzera? Periodico de Cataluñak katalanezko bere egunkari klonikoa atera izanak. Zerk larritu ditu elkartzeko? Handiago batek egin duen inkurtsioak, orain arte errentagarri ez zitzaion sektorean.

J. AGIRRE. Diferentzia txiki bat dago. El Puntek enpresariak dauzka atzean. Hemen minifundio itxura gehiago du egoerak.

M. OTAMENDI. Motibo gehiago sektorea biltzeko. Euskarazko medioek ez dute dirurik ematen, sikiera bakoitzaren proiektuak dirua emango balu, ados jarri edo ez, bakoitzak bere negozioa luke. Gure kasuan, elkarrekin lan eginda lortuko dugu produktu batzuk errentagarri izatea.
Administrazioaren aldetik ere, irudipena dut sektore batzuetan antolaketa bultzatu duen bezala, gurean bilatzen duena dela sektorea ez biltzea, bada ezpada, zer gerta ere. Makina erremintaren kasuan saritu egiten da ekimena, baina gure kasuan, behintzat, Hitzaren bidez egin ditugun operazioekin, administrazioan berehala ateratzen da mamu bat, indar gehiegi hartzen ari ote garen sektorean. Hain txarra al da, benetan, komunikazio talde sendoa edukitzea? Nik dakidala, burdingintzan eta papergintzan talde konpetitiboak edukitzea sekula ez da txarra. Eta makina erremintak ere egiten badu hori bera, Lehendakariak domina jartzen die sektorea modelizatzeagatik, antolatzeagatik, kanpotik etorri daitekeen konpetentziari aurre egiteko egiturak antolatzeagatik, formazioa bultzatzeagatik, lehiakortasunagatik...

J. AGIRRE. Egunkariaren sorrera ere biziatua izan zen, herri honetan egoera bera da biziatua. Gobernuko alderdien klientelak ez du irakurtzen euskaraz edo oso gutxi irakurtzen du, euskarazko prentsaren klientela bat dago, garai batean AEK-HABEren artean izan zen antzeko pultsu bat eman zen euskarazko egunkaria martxan jartzeko orduan ere, eta nik uste mamu horiek berean jarraitzen dutela. Makina erreminta neutralagoa den bezala, gure arloan badirudi ez dugula tira-birarik gainditzea lortzen, ez haiek eta ez guk, egon delako estrategia bat pultsu hori mantentzeko.

M. OTAMENDI. Arrazoi duzu, sektore honetan bagaude talde batzuk bekatu originala oraindik garbitu ez dugunak eta gainera oraindik bekatuan jarraitzen dugunak. Funtsean administrazioaren aldetik mesfidantza dago talde batzuekiko. Ez dira fidatzen multzo horrekin, elkarlanaren bidez bere asmoak bultzatzen baditu, multzo hori gero eta handiagoa izango delako. Horregatik, multzo horri administrazioak emango dio justu irauteko behar duena, eta ez gehiago.

Administrazioak omen dituen mamuak agertu dira. Baina sumatu al duzue aldaketarik urteetan zehar administrazioaren jarreran? Behar beste egiten al du administrazioak euskarazko komunikazioaren alorrean?
J. M. IRIGOIEN. Uste dut komunikazioarena izango dela administrazioak gutxien planifikatzen duen arloa. Diru-laguntzak emateaz harago nekez egiten du planifikazio politikarik, ezta komunikabideekin lotutako elkarlanik ere. Hori EAEn, eta are gutxiago Nafarroan. Herri bezala aitzinera egiteko ez dago, komunikazioaren artikulazioei begira, ez planifikaziorik ezta sikiera pentsaerarik ere.

X. LETONA. Administrazioak jauzi handi bat eman zuen garai batean, gutxienez EAEko administrazioaren eta euskal prentsaren arteko ohiko enfrentamendutik ateratzeko, besterik ez bada euskal prentsak etengabe pareta batekin topo egin ez zezan administraziora zihoan bakoitzean. Baina egia da hortik aurrera ez dela gehiegi egin sektorea artikulatzeko. Egungo errealitatera egokitzea behar du administrazioak, bai sektorea ondo ezagutzea, egin behar diren ikerketak eta azterketak egitea edo bultzatzea, diru-laguntzak behar den neurrian baloratzea eta egokitzea... Erabateko etena gainditu zen, baina ez da jakin administrazioaren eta komunikabideen arteko behar bezalako sinergia bultzatzen.

M. OTAMENDI. Harreman hobea dago azken bi jardunetan, Joseba Arregi sailburu zen garaian baino. Baina diru-laguntza apur batzuk ematera mugatzen da, ez da ikusten aztertuta duenik zein den hamar urte barru euskarazko komunitate honi gutxienez eskaini beharrekoa. Noiz arte jarraitu behar dugu kirol egunkaririk gabe? Noiz arte jarraitu behar dugu bidaia aldizkaririk gabe edo aldizkari tematiko batzuk gabe? Zer plangintza du euskarazko komunikazio eskaintzak hurrengo hamar urtetarako? Zer borondate dago sektorearekin batera bildu eta hamar urte barru herri hau normalizatuago egoteko, gutxienez zer lortu behar dugun adosteko?

Administrazioak aurreikusi behar du datozen hamar urteotan egin beharrekoa, edo ekimenak gizartetik etorri behar du?
M. OTAMENDI. Lehen Joxeanek deskribatu duen pultsu hori egin ezean, herri honetan ez da ezer argitaratzen. Administrazioarekin gauden egoeran egonda, sektoreak esanez gero kirol egunkari bat egingo dugula, eta administrazioa ekarriz gero hura babestera, administrazioak esango duena da "ez dut ikusten", edo ez du erantzun ere egingo edo luzatu egingo du eztabaida. Sektoreak, edo argitaratzen duen dena delakoak jartzen du beti martxan proiektua. Tentsio hori edukitzea logikoa da, administrazioaren buruhausteak beste batzuk dira...

M. IRIZAR. Zoritxarrez. Ez bakarrik administrazioan, alderdi politiko denetan ere ez da inondik ikusten hedabide eta komunikazioaren garrantziaz jabetutako jarrerarik. Prentsa bulegoen ikuspegitik eduki dezakeen interesa bakarrik dute, alderdiaren mesederako lan egiteko. Baina inork ez du komunikazio egitura batek komunitatean daukan garrantziaz jabetutako egitasmorik.

J. AGIRRE. Tamalez, gobernuko alderdiek ez dute asmatu gaztelerazko komunikabideekin ere, ETB-rekin salbu, beharbada. Ez da normala EAEn El Correok irakurleen erdiak baino gehiago bereganatzea. Horri Gipuzkoan El Diario Vascok duen nagusitasuna gehitzen bazaio, egoera kezkagarria da benetan.

M. OTAMENDI. Administrazioak eman behar ditu urratsak, baina nekezago emango ditu sektoreak ez badu horretara bultzatzen. Administrazioari galdetuz gero, ea egingo ditugun herri egunkariak, erantzuna ezezkoa da.

X. LETONA. Nire ustez, horrela izan behar du gainera, sektorea, gizartea, beti administrazioaren aurretik ibiltzen da eta. Administrazioak izan lezake gaur egungoa baino espiritu partehartzaileago, esku-hartzaileago, edo dinamizatzaileagoa, sektorearen elkarlana bultzatuz eta abar. Baina berez, gizarteko sektoreetatik etorri behar dute ekimenek, eta administrazioak lagundu egin behar du, elkarlanean.

M. IRIZAR. Kasuaren arabera, Xabier. Sektorea indartsua bada eta berezko ekimen handia badu, administrazioak jarrera pasiboagoa izan dezake. Baina beste sektore batek izan ditzake izugarrizko problemak, eta pentsatzen bada sektorea indartzea estrategikoa dela, administrazioak jarrera aktiboa hartu behar du. Normala izan behar litzateke hedabideen gaia ez zuzentzea euskara edo kultura departamentutik. Zergatik ez industria sailan kokatu? Ni Goienako proiektua azaltzera joan nintzen Jaurlaritzako industria sailekoengana, eta azaldu nien hemen sektore bat dagoela. Diru-laguntzak jasotzen ditugula? Baita industriako beste sektore askok ere! Nekazaritza ere laguntza bidez eraberritu zuten, baina horregatik ez da sartzen gaixoentzako diru-laguntzen departamendu batean. Hasi gaitezen pentsatzen euskarazko komunikazioaren industria bat badagoela, eta industria horrek ez badu berez nahikoa indar, plangintza orokor bat egiten lagundu eta bultza behar zaiola. Kazetaritza kongresuan liburu zuri bat adostuko da, eta urrats garrantzitsua izan liteke ikuspegi orokor bat bultzatzeko. Oraingoan sektoreak hartu du ekimena, baina balekoa izango zen administrazioak sortutako batzorde bat, aurrekontu batekin, sektoreko hainbat eragilek adostu dezaten liburu zuria eta hori zirriborroa izan zedin beste plan edo diseinu baterako.

M. OTAMENDI. Ni konforme naiz ekimenak sektorekoa izatearekin. Kontua da koltxoi on bat topatzen dugun elkarlanerako, edo ekimen bakoitzak izan behar ote duen enfrentamendu bat administrazioarekin. Bistan da gu ez garela La Navalekoak. La Navalekoek su ematen diote hiriburuari eta hurrengo egunean kontseilari batek eta lehendakariak hartu egiten ditu. Guk su eman ordez, prentsaurrekoa ematen dugu sektorearen beharrak agertzeko eta urtebeterako muturra ikusiko dugu Jaurlaritzan. Uste dut beste biderik ez dela: edo giro adiskidetsuan edo giro zakarrean, sektoreak bultzatuta aterako dira gauzak.

M. IRIZAR. Oso garrantzitsua da gizartearen ekimena eta erakundeen ahalmena lotzea, eta hori gatazka politikotik ateratzea. Ikastolentzako diruak ez daude zalantzan gaur egun. Bere garaian, ikastolen kontua enfrentatzen gaituzten gaien zerrendatik atera zen, eta beste plano batean jarri zen, ikusi zelako sekulako garrantzia duela euskal gizartearen biziraupenerako eta gure hizkuntza garatzeko. Komunikazioarekin beste hainbeste egin behar da, jakinda gatazkatsua dela, eta komunikazio eta informazioak beti duela bere auzi puntua. Baina oinarrizko adostasuna lortu dezagun, eta egin dezagun horrekin aurrera.

M. OTAMENDI. Sekula planteatzen ez den administrazioarekiko beste elkarlan mota bat ere bada. Alegia, gestore euskaltzaleei laguntzea, sektorearentzat diru gehiago lortu dezaten. Ziur nago administrazioko gestore horietako batzuk nahi luketela guk proposatutako ekimen batzuk aurrera ateratzea, baina ez dutela dirurik. Euren sailak diru gehiago behar duela proiektu hauek ateratzeko? Egin dezagun lan elkarrekin, guk lagunduko diegu administrazioan dauden euskaltzaleei euskararen garapenerako diru gehiago lortzen. Haiek bileretan esan behar dute sektorea presio handia egiten ari dela eta diru gehiago behar dutela proiektuak aurrera eramateko. Ez al zuten horrela egin, esaten dutenez, Labaien kontseilariak eta Txillardegik ETB sortu ahal izateko?

X. LETONA. Horrekin denarekin bat nator, eta uste dut une honetan sektore denak ikusten duela elkarlanean aritzeko beharra, hori aldarrikapen historikoa da. Baina hori eskatzen diogu administrazioari, eta gero gure artean ez gara gai normaltasunez hitz egiteko ere. Zer esanik ez, akordioetara iristeko. Oso gutxitan hitz egiten dugu elkarrekin. Ez dakit zenbat hitz egingo duzuen Berriakoek Topagunekoekin, egun herri prentsaren bilakaeran daukazuen lehia horretaz. Gu eskatzen ari gara baina geuk ez ditugu gure artean gauza horiek normaltasunez egiten. Horretan hutsune nabarmena dugu.

Zerk oztopatzen ditu elkarrekiko harremanak?
M. OTAMENDI. Txikiak izateak. Beste sektore batzuk oso berezkoa dute elkartuta joatea, negozio handia dutelako elkarren artean nahiko eroso banatzeko.
M. IRIZAR. Kontua da ea gaindiezina den banaketa hori.
M. OTAMENDI. Ez. Elkartu gaitezke barne antolamenduaren bidez, zuk proposatzen duzun bezala, edo kanpoko elementuek eraginda, adibidez, Correok euskarazko kirol prentsa ateratzen badu, hurrengo egunean denok bilduko ginateke, guk ere gurea egiteko.

M. IRIZAR. Kanpoko mehatxuen kontuarekin bat nator, Goiena sortzeko orduan oso «lagungarria» izan zen ikustea Diario Vascok Zabalik astekariarekin euskaraz aritzeko gaitasuna bazuela, eta bestalde, bailaraka hasita zegoela hamabostekaria ateratzen.

M. OTAMENDI. Izatez, Zabaliken jatorrian euskarazko egunkari bat egitea zen asmoa, baina ez zitzaion atera eta astekaria atera zuten.

M. IRIZAR. Horrek eragin zuen gugan, pentsa arazi zigulako guk egiten ez bagenuen beste batzuk etorriko zirela. Eta behin besteek eginez gero, ezin izango genuen kexatu besterik egin.

Herri aldizkariek egin duten ibilbidea nola ikusten duzue?
J. M. IRIGOIEN. Eredu desberdinak daude. Badirudi, geroz eta gehiago eskualdera jo dela, maiztasun desberdinekin... Ez dakit etorkizuna eguneroko prentsa lokalak markatuko duen, edo asterokoak. Baina begi-bistakoa da hurbileko informazioak asmatu duela sekula euskaraz irakurri ez duen jendea bereganatzen, publizitatean nitxo zabal bat irekitzen... Ez da kasualitatea Diario Vasco, Correo, Diario de Navarra, Diario de Noticias eta abarrek merkatu horretan lekua egin nahi izatea. Nobedadea hori da, esparru geografiko handiagoa hartzen duten enpresak leku egiten ari direla bai euskaraz eta bai gaztelaniaz, hor dagoen merkatu nitxoaren inguruan. Herri informazioan bada lana, merkatua eta interesa. Azkenaldian, euskarazko herri prentsan, nobedadea Goienkariak eta Hitzak markatzen dute. Biak antzera jokatu dute, enpresa-egitura handiago eta zabalagoak osatuz eta formato berriko produktuak sortuz. Zalapartak sortzen ahal dira artikulatzerako garaian, bistakoa da tentsioak sortzen direla, mila arrazoiengatik: txikitasunaren ondorioz, norberak bere buruari begiratzen diolako, perspektiba nahikoarekin ez jokatzeagatik... Hala ere, iduri du etorkizuneko prentsa lokala ez dela gehiago aldizkari txiki independentez beteko. Berriak sortzekotan, egitura konplexuagoen inguruan sortuko dira, eta aldi berean, orain daudenak berregituratze prozesu batera behartuak daude, nolabait. Ibilbide oparoa egin da azken urteotan, aldizkari eta merkatu berriak sortuz. Espantsio prozesua azken finean. Aurrera begira, ordea, kontzentrazio prozesua antzematen da.

M. IRIZAR. Herri komunikabideen bilakaeran, 90etik 95era loraldia izan zen, garai horretan sortu ziren herri hedabide gehienak eta hori sekulako garaipena izan zen euskararentzat, alegia, lortu zen bestela akaso elebidun edo erdalduna izango zen esparru bat, ia euskara hutsekoa izatea. Lehian garaile absolutua izan zen. Hori oso arlo gutxitan gertatu da, euskarak urrezko domina gutxi ditu, eta hori da bat. Ondorengo garaian etorri zen barealdia, eta barealdi horretan ikusten zen sekulako altxorra egon zitekeela, baina ez zen ikusten nola garatu. Goienaren kasuan, egitasmo bat bagenuen, Debagoiena bailara antolatzeko, eta juridikoki sekulako ahalegina egin zen egiturari sendotasuna emateko. Administrazioa inplikatu genuen eta egun Goienako bazkide dira, euskara elkarteez gain, baita bailarako udalak ere. Gainera, saiatu ginen Goiena erakundeei eta Topagunearen bidez sektoreari ere zabaltzen. Baina Topagunea ahul zegoen, eta ez zen aparteko dinamikarik sortu, eta bestalde, administrazioak berehala susmopean jarri zuen proiektua. Urtebete inguruko koarentenan jarri zuen. Diseinatuta geneukan Gipuzkoarako plan berezi bat, zortzi eskualdeko multimedia garatzeko, eta ari ginen Aldundiarekin lantzen, baina koarentena horretan galdu zen hori garatzeko aukera. Egun Goiena sendo dago, baina eredu horrek ez du aurrera egin. Bitartean garatu da Hitzaren proiektua, Egunkariaren itxierak kasik indartu egin duena. Hitza enpresa indartsuagoa da garai bateko Egunkaria baino eta zabaldu egin da. Egia da momentu batean ematen zuela lehia egongo zela, ea zein eredu nagusituko zen herri bakoitzean. Gaur egun, heldu da ordua esateko, etorkizuneko garapena Hitza sortzen ari den dinamikaren gainean eraiki behar dela, prentsako muga gainditu eta multimediara eginaz.

X. LETONA. Azken 15-20 urteetan herri aldizkariena izan da euskarazko prentsan egon den fenomenorik interesgarriena, esparru berriak zabaldu dituelako eta erreferentzialtasuna markatu duelako herrietan. Horrez gain, bistan da beste fenomeno handia Egunkariarena izen zela. Horrek ez du merkatu berririk ekarri, merkatua euskarazko egunkari bat eskatzen ari zen eta ase egin da eskaera hori. Gainera, hizkuntza komunitate batean eta euskarazko kazetaritzan egunkari batek markatzen duen erreferentzialitatea markatzen du. Irizarrek esan bezala, herri prentsan egon da pausaldi bat eta leku batzutan krisiak ere ikusten dira, ez delako argi ikusten nondik jo, eta merkatura egokitu beharra izango dutelako. Horren ondorioetako bat da, guztiz doanekoa zen prentsa ordaintzen hasi dela dagoeneko, dirudienez bizirauteko, batzuei behintzat, merkatuak baldintza hori eskatzen dielako, besteak beste. Ikusten da badagoela lehia Hitzaren eta herrietako beste aldizkari eta erreferenteen artean, elkarlan bat badagoen bezala. Martxelo, lehen aipatu duzu komeni dela enpresa handiak izatea, eta gainera, handia denak horretarako joera dauka. Nik egoera horretan ikusten dudana da, txikiak irentsia izateko duen beldurra. Gauza bat delako elkarlana, eta bestea irenstea. Handiak bere zabalkundea nola egiten duen da kontua. Ni ez naiz sartuko Hitzak eskualde desberdinetan daraman prozesua kalifikatzen, baina bistan da leku batzuetan atxikimendu handiagoarekin egin dela, eta besteren batzuetan izan dela liskarrik. Orain Goierriko Hitza atera berri duzue, eta Goierritarra herri aldizkarian irakurtzen dut, Hitzaren sorrerari buruzko albistean (aldizkaritik ari da irakurtzen Letona): "Helburuak", eta horietako bat da honakoa, "Herrietako eta Euskal Herriko euskarazko komunikabideen artean elkar ezagutza handiagoa lortzea, guztien artean erakunde bakar sendoa sortzea". Nola «erakunde bakar bat sortzea»? Handiaren zabalkundearen aurrean mamuak ikusten dituenak, are handiagoak ikusten ditu horrelakoak irakurrita, eta hori esaten dut, gu herrietako lehia horretatik kanpo gaudelarik.
M. OTAMENDI. Hori ez da Goierriko Hitzan argitaratu, eta guk ez dugu horrelakorik esan. Euskaldunon Egunkaria sortu zen garaian, guk garbi geneukan ezin genuela herri informazioa jorratu gure baliabideak nazio mailakoak izanik. Eginen esperientzia bat bazegoen "Aldeak" sailarekin. Guk ezin genuen hortik abiatu, sekulako inbertsioa eskatzen zuen eta ez zen oso probablea ateratzea. Egun Diario Vascok 9 edizio ditu, eta Correok 6 inguru. Hitza ateratzerako kalkuluak egin ditugu, eta besteen pare jartzeko bakarrik, ez gainditzeko, 80 orriko gehigarria egin beharko genuke edo bestela oso edizio lokalak, eta horretarako sekulako inprenta behar da. Horregatik pentsatu genuen egokia izan zitekeela beste herri aldizkari batzuekin elkarlanean aritzea. Herri aldizkariak oso nekez iritsi dira gehienez astekariak egitera, alegia, astekariarekin iritsi dira iritsi zitezkeen garapenera, eta egitura aldetik ere hazteko gaitasun mugatua dute. Astekarien kasuan, ziur aski herri horietan gehien irakurtzen den mantxeta herri aldizkariena da, baina gero mantxeta horren eragin ahalmena, lehen esan dugun informatu eta formatzekoa, oso mugatua da, askoz handiagoa da egunero argitaratzen bada. Erabaki genuen bazela garaia, oso erdararena eta oso enpresa jakin batzuena zen esparru bat euskarazkoa egiteko. Ikusten genuen bazegoela heldutasunik gestioan bai administrazioari eta bai sektoreari planteatzeko horrelako froga batzuk egin zitezkeela herri aldizkari batzuekin elkarlanean. Guk gaitasun finantzarioa eta azpiegitura izan bagenu 15 edizio lokal propio egiteko Euskaldunon Egunkaria izenarekin, agian ez genituzke egingo. Baina garbi genuen ez geneukala horretarako aukerarik. Helburu xumeagoa jarrita, erabaki genuen 8 orrialdeko herriko prentsa ateratzea, herriko prentsarekin elkarlanean, guk eskaini dezakegulako negozioaren gestio gaitasuna eta gaitasun finantzarioa. Lehenengo hitzarmen bila hasi ginen Tolosako Galtzaundirekin. Eta geroztik horixe egin dugu beste Hitza guztiekin. Salbuespen errespetagarri batzuk kenduta, beste kasuetan herri aldizkariak eta euskara taldeak sartu egin dira Hitza proiektuetan. Gero aldizkariek erabakitzen dute, autonomia osoarekin, jarraitu edo ez, birmoldatu edo ez, maiztasuna aldatu edo ez...

Gauza bat behintzat lortu dugu: egun bailara batzuetan egunero gehien zabaltzen den mantxeta ez da Diario Vascorena. Diario Vascok dauzka 90 orri, eta guk 8, baina egun bailara batzutan publizitate gehien biltzen duten mantxetak, gehien saltzen diren mantxetak, espero dut gehien irakurtzen diren mantxetak eta espero dut informazio onena ematen dutenak, euskarazkoak dira.

Gure helburua da eguneroko prentsa idatzian erdal prentsak duen monopolioa haustea. Helburua da bizkortzea herri prentsaren kontzeptua egunerokora ekarrita, eta sendotzea »ez dut esan nahi orain arteko herri prentsa sendoa ez zenik». Baina ez dugu ezkutatzen gure asmoetan badagoela, baita ere, denborarekin irakurle harrobi bat lantzea. Tolosaldean 7.000 Hitza banatzen ditugu egunero, eta horietatik %5 ekartzea Berriara, edo ARGIAra, edo kioskoko euskarazko eskaintza normalizatura, sekulako pausoa litzateke. Ez da hori helburua, hori izango da ondorioa, baina zilegi da.

X. LETONA. Elkarlana aipatzean, eta txikiaren begietatik begiratuta, gauza bat da harrigarria: elkarlanaren ondorioz beti datorrela Hitza EKT-ren barruan. EKT da handitzen jarraitzen duena.

M. OTAMENDI. ARGIAk bikoizten duenean harpidetza ni ez naiz kexatuko. Guretzat ere fenomeno dator besteak handitzea, besteen irakurleetatik %25a ez da izango agian Berriako irakurle, baina saiatuko naiz sarearekin joan eta irakurle berriak harrapatzen.

J. AGIRRE. Euskarazko prentsaren barruan norbait handituz joatea ez da arriskugarria, mesedegarria baizik. Gure benetako arriskua Prisa eta Vocento bezalako taldeen handitasuna da. Horienaren ondoan gure enpresen dimentsioak beti izango dira txikiegi.

X. LETONA. Bai, bai, baina gure mundutxoan hauek, EKT-koak, dira handienak. Ni ez nabil horren aurka, konstatazioa besterik ez da.

M. OTAMENDI. Pentsatzea gu garela euskararen Correo, kontzeptu okerra da. Ez soziologiaz, ez jarreraz, ez tamainaz eta pisuz... Gu zerk bereizten gaitu beste batzuetatik? Benetan sentitu eta sinesten dugula sektorearekin egin nahi dugula lan. Asmatu behar dugu ustez handiagoak garenak, ustez txikiagoekin, kolaborazio ez irenstaileak lortzen.

J. M. IRIGOIEN. Horretan Hitzaren estrategia eta politika askoz ere inteligenteagoa da Correoren jarrera baino. Nik euskarazko Correo izatea ez dut zentzu negatiboan esaten, baina bai ausardiaz edo ikuspegiz, EKT izan da gaztelaniaz egiten dena euskaraz egitea planteatu duena. Planteamendua perfektua iruditzen zait enpresa ikuspegitik, eta marketing eta eszenifikazio aldetik. Iruditzen zait ongi asmatu duzuela.
Duen alde negatiboa da botere puntu batzuk, bere txikian, bildu egiten dituela puntu bakar batean. Alde horretatik errezeloak sortzen ahal ditu.
M. IRIZAR. Urrats hauek emateko nire ideala zen lehenengo herri aldizkariak eskualde mailan indartzea, eta gero sartzea EKT-rekin tratuan. Baina noski, ez badago indarrik zer egin behar da?

X. LETONA. Irakurleei dagokienez, bai herri prentsatik eta bai egunerokotasunetik kanpo ari garenok, espero genezakeen herri aldizkarietatik eta egunkaritik irakurle berriak iristea, alegia, herriko albisteak euskaraz irakurtzen ohitu ondoren, edota egunero euskaraz irakurtzera ohitu ondoren, irakurleak beste produktuetara jauzi egitea. Baina hor etena eman da, ez da irakurle berririk iritsi.

M. IRIZAR. Produktu baten irakurle kopuruak bestearenean eragina izatea etorri liteke denborarekin, baina hori baino lehenagokoa, oinarrizkoagoa eta sinpleagoa iruditzen zait medioen arteko harremana garatzea. Elkarlanerako joera batzuk landu zitezkeen, kazetaritik kazetarira, eguneroko lan zehatzetan: "Hara bazoaz, zergatik ez diozu honi argazki bat ateratzen, edo grabaketaren zati bat irratirako prestatzen?". Kuriosoa da, baina Goienak lankidetza oso estua dauka ETB1eko albistegiekin. Ziur asko, komunikabide batean eta bestean pertsona konkretuak tokatu zirelako eta kanal hori garatu zelako.

J. AGIRRE. Elkarlana enpresen artean landuko balitz, kazetarien artean ez legoke inolako arazorik. Komunikabide desberdinetako langileen arteko harremana beti izan da beroa eta hurbila.

M. IRIZAR. Hori baino gauza naturalagorik ez dago, eta esango nuke behar baino askoz gutxiago eman dela joera hori.

Hizkuntza eta gaien arteko lotura azter dezagun. Ba al dira gai batzuk euskaraz bakarrik lantzen direnak? Eta nola dago islatuta euskal eta erdal komunitatea prentsan: erdarazko irakurleak badu euskal komunitatearen berri, eta alderantziz?
J. AGIRRE. Bi komunitateen arteko autismo moduko bat dago eta komunikabide elebidunek badutela uste dut horretan zeregin zuzena. Gararen kasuan, %20 inguru idazten da euskaraz eta joera ez da inolaz ere gutxitzekoa. Gehigarri bat edo beste euskaraz bakarrik ateratzen hasi gara. Euskaraz irakurtzera ohitu ez den irakurleentzat eta euskararekin harreman urria dutenentzat garrantzitsua izan daiteke komunikabide elebidunak izatea, jakinaren gainean, noski, euskararen normalizazioaren ardatza beti ere euskarazko komunikabideak izango direla. Orain 30 urte inguru Egin eta Deia jaio zirenean kazetari bakan batzuk bakarrik ginen euskaraz taxuz idazteko gauza. Gauzak erabat aldatu dira. Gaur Garan erredaktore guztiek idazten dute bi hizkuntzetan. Euskaraz gai batzuk bakarrik lantzen ote diren galdetu duzu. Horretan ere aurrerapausoak eman direla uste dut eta ez dela bereizketarik egiten, nahiz eta badiren «euskal gai» bakan batzuk gazteleraz emateko zailago egiten zaizkigunak, bertsolaritza, esaterako. Gogoratzen dut Egañak bere bigarren txapela jantzi zuenean lehen orrialdea berri horrekin zabaldu genuela, "Egaña fue el mejor" izenburuarekin eta protesta gogorrak izan genituen, badaudelako bertsozale klasiko batzuk bertsolaritza feudo esklusibo gisa ikusten dutenak. Hori egia izanik ere, prentsa elebidunean euskara bigarren mailako hizkuntza da, gaztelaniak nagusitasun osoa duelako.

M. OTAMENDI. Hor Diario Vascok egin du aldaketa bat. Lehen euskararen orria zeukan eta orri horretara biltzen zituen euskarazko albiste guztiak, eta azken urteotan ari da beste sailetan ere euskaraz idazten, batez ere kulturan.

J. AGIRRE. Diario Vascok, dena den, ez dut uste dikotomia hori gainditu duenik. Euskal kultura bakarrik ematen du euskaraz.

M. OTAMENDI. Garrantzitsua da aztertzea merkatu erreala »euskaraz irakurtzen dakien jende heldua, egunean euro 1 baduena prentsa erosteko» eta merkatu potentzialaren arteko aldea. Arazoa da orain dela 30 urteko merkatu erreala eta potentziala gertuago zeudela elkarrengandik egungoak baino. Garai hartan, euskaraz irakurtzeko gaitasuna zeukatenek asko irakurtzen zuten, kontzientziaz. Gaur egun euskaldun askoz gehiago ditugu, baina euskarazko produktuen kontsumoa ez da proportzio berean hazi.

M. IRIZAR. Hurbileko informazioan lortu da irakurleak erakartzea. Adibidez, OJD-ren kontrolaren arabera, Goienkariak 65.000 biztanleko bailaran 18.000 aletik gora banatzen ditu. Horrek esan nahi du, kasik etxe denetan jasotzen dutela. Eta doanekoa da baina harpidetzaz egiten da, hau da, jendeak eskatu egin behar du. Beraz, irakurleengana iristeko tresnak asmatzea da kontua.

X. LETONA. Azterketak falta zaizkigu. Bi fenomeno behintzat ematen dira: batetik, gaurko gizarte modernoko joerak ez doaz irakurzaletasunaren bidetik. Hor daude komunikazio eredu berriak, astialdirako eredu berriak, gero eta eskaintza zabalagoa da eta irakurleak denbora gutxiago du bakoitzari eskaintzeko... Hori dena alde batetik, eta beste kontua da, guk zer eskaintzen diegun irakurleei, eta erakartzeko zer den eskaini behar dieguna.

M. IRIZAR. Irakurle hori irabazi egin behar da, besteekin lehian. Seduzitzea da euskaldunok oso gutxi deklinatu dugun aditz bat eta berez txikitasun eta ahultasun guztiekin, saiatu beharra dugu besteak seduzitzen.

Irakurlea seduzitzerakoan, zer da kioskoetan euskaraz eskaintzen zaiona?
M. OTAMENDI. Hizkuntza komunitate bat ikuspegi kulturaletik edo mediatikotik antolatzen denean, ateratzen den lehen gauza beti literatur aldizkari bat da. Kultur eragileak egoten dira kezkatuta hizkuntza minorizatuaren egoerarekin, eta zer egingo dute, bada? Kultur produktu bat. Ez zaie okurritzen kirol edo bihotzeko aldizkari bat egitea. Urte mordoska bat pasatu eta gero etorriko da etorri behar duena. Egun euskaraz argitaratu eta kioskoan lehiakorra dena, bisualizatzen dena, zer da? Euskarazko egunkari bat, gai orokorreko aldizkari nazional bat, eta berehala pasatzen gara oso espezializatuta dauden eskaintza tematikoetara. Kultura Jakinen kasuan, eta zientzia eta teknologia Elhuyarren kasuan. Alegia, gure eskaintza oso-oso berezia da, eta zaila da eskaintza horiek edukita irakurle kopurua handitzea. Harrapatuta gaude, ez daukagu irakurle kopuru handirik, beraz, ezin ditugu aldizkari normalak egin, eta ez dugu eskaintza normalik, beraz, ezin gara gehiagorengana iritsi. Oso produktu diferente gutxi eskaintzen ditugu, eta eskainitakoak oso berezituak dira. Gizarte normalizatu batean, ez duzu horrelako eskaintzarik aurkituko.

J. AGIRRE. Egia da aldizkari espezializatuek ere irakurle kopuru urria dutela, baina kasu batzuetan ez dira horren urriak. Nik Bertsolari aldizkaria eta Ikastola aldizkaria aipatu nahi nituzke biekin harreman zuzena dudalako. Lehena 2.000 harpidetara hurbiltzen ari da eta Ikastola aldizkariak 36.000 ale banatzen ditu hilean eta ez da buletin soil bat, aldizkari txukun eta duina da, ikastolen munduan diren berrikuntza eta egitasmoen berri ematen duena. Bertsolaritza da gure kulturaren adierazpide tradizionalaren artean indartsuen agertzen dena, gazte jendearen artean agertzen baita indartsuen. Horren lekuko da aldizkaria bera. Gure harpide gehienak gazteak dira eta erdiak baino dezente gehiago emakumezkoak. Hik Hasi aldizkaria ere hor dago, pedagogiari buruzkoa. Daukaguna gutxiesten ez genuke hasi behar.

M. OTAMENDI. Aipatzea denek merezi dute eta ez dut inor gutxietsi nahi. Adierazi nahi dudana da, egiten dugun eskaintza merkatu ez normalizatuena dela. Gure inguruko merkatuetan eskaintzen diren aldizkari prototipoek eta guk eskaintzen ditugunek ez dute zer ikusirik. Logikoa da, eta gauden egoeraren ondorioa da. Baina ezin da espero kontsumo masiboko aldizkaria izatea, oso tekniko edo oso esparru jakineko edukiekin. Rock aldizkariak ere oso espezializatuak dira mundu osoan, eta denda jakinetara jo behar du erosi nahi duenak, nahiz eta gero, rockaren barruan aldizkari mordo bat egon. 1-formulako aldizkariekin, berdin. Noski inork baino aipamen handiagoa merezi dutela, zenbat eta txikiagoak eta sektore mugatuagokoak izan, orduan eta baliabide gutxiagorekin ari direlako lanean. Esan nahi dudan bakarra da, gure erosle potentzialak ekartzeko eta gure hurrengo urteetako bidea programatzeko orduan, jo beharko dugula gure inguru soziologiko honetan normalak diren kontsumo produktuak eskaintzera. Meritu guztiarekin, baina kiosko normalizatu baten eta euskarazko kioskoaren arteko leizea izugarria da eta ausartu beharko dugu planteatzera kontsumo orokorreko beste gai batzuk euskaraz atera behar direla.

Mahaikideak
Joxean Agirre
Garako kazetaria

Zarauztartutako azpeitiarra, 1949an jaioa. Eginen sorrerako erredakzioan euskaraz idazten zuen gutxietarikoa. Egun Garan kazetari estilo zaharrean jarraitzen du, grabagailurik gabe, idazkera literaturarekin goxatuz. Bertso kronistarik aipatuena da eta Bertsolari aldizkariko koordinatzailea. Aldizkari berezituekin segiz, Ikastolako erredaktore ere bada. Romain zen bere izena, eta Elgeta nobelak dira bere lanik ezagunenak.

Mikel Irizar
Iritzi emailea

Ormaiztegin jaioa 1954an, Elorrion bizi da. Egun, komunikabideekin kolaboratzaile harremana du: Euskadi Irratian 3 urte darama tertuliakide, eta ARGIAn eta Goienkarian iritzigile ari da. Kutxan ari den 18. urtea du. Arrasate Press eta Arrasate telebistan jardun zuen sortu zirenean, eta ARKOren (Arrasate Komunikazioak) sortzaile eta zuzendari izan zen. Goiena sortu zuenetakoa eta zuzendari nagusia izan zen, halaber, 1999-2001 artean. ETB1eko Hitzaro programa 5 urtez aurkeztu zuen.

Joxe Manuel Irigoien
Ttipi-ttapako koordinatzailea

Etxalarren jaio zen 1963an eta egun Beran bizi da. Kazetaritzan lizentziatu aurretik hasi zen Ttipi-ttapan artikuluak idazten. Ondoren, aldizkari profesionaldu zenean, kazetaritza lanbide bihurtu zitzaion. 1990ean zuzendari izendatu zuten. 1997an, berriz, Ttipi-ttapa telebista sortzean elkartearen egituraketa aldatu zen, eta geroztik Fundazioko kudeatzaile da. 20 urte darama, guztira Ttipi-ttapan. Hasieran orriak letraz betetzen, eta egun, antolaketako zuloak estaltzen.

Xabier Letona
ARGIAko zuzendaria

Arrasaten jaio zen 1966an eta Iruñean bizi da. Kazetaritzako ikasle zenetik ari da ARGIAn. 1988an hasi zen aldizkariko erredakzio taldean. 1997an zuzendariorde izendatu zuten eta 2002tik zuzendari da. Politika saila landu du gehien, eta bere iritzi eta analisiak argitaratu ditu, besteak beste, Arrasate Presseko zutabeetan eta Euskadi Irratiko tertulietan. 16 urtean pilatutako esperientzia eta ARGIAren etorkizuneko klabeak aurkeztuko ditu Kazetaritzako I. Kongresuan emango duen hitzaldian.

Martxelo Otamendi
Berriako zuzendaria

Tolosarra, 1957an jaio zenetik. Tolosako euskaltegian izan zuen lehen zuzendari ardura, 1989an. Lehen kazetari lanak, berriz, Egin egunkariko Egunon atalean argitaratu zituen. Ondoren, telebista barrutik ezagutu zuen, hainbat programen arduradun eta aurkezle izanik: Rockibili; Txoria dut maite; Babel... Firin-farango mahai-inguruetan eta irratietako tertulietan eskarmentatuta etorri da mahai-ingurura. Euskaldunon Egunkaria zeneko eta Berriako zuzendari da azken 11 urteotan.

Felix Ibargutxi (El Diario Vasco-ko kazetaria): «Kioskotik ihesi»
Euskal prentsaren arazorik handienetako bat kioskoa da. Kioskoetan euskarazko gauza gutxi ikusten da. Zaila dago lortzen jende multzo zabal samar bat kioskora joango dena euskarazko produktu bat erostera. Produktuak nahiko erakargarriak ez direlako? Edadeko jendeak euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duelako eta gazte jendeak irakurtzea »ez euskaraz eta ez erdaraz» gogoko ez duelako? Arazo sakonegia da hori nire adimen-mailarako.

Euskarazko prentsako agenteek badakite kioskoari alternatiba bilatu behar zaiola eta horregatixe saiatu dira gogotik harpidetzaren bidez eroslegoa inguratzen edota doaneko produktuak merkaturatzen. Harpidetzarena aspaldiko bidea da, ARGIA, Jakin eta Elhuyar-ek erabili izan dutena, eta orain dela gutxi beste sistema komertzial bat azaldu da euskarazko komunikazioaren alorrera indar handiz: doanekotasuna.

Euskarazko merkatu-gorabeherak gertutik ezagutzen ez zituen Vocento taldeak nahi izan zuen kiosko bidezko salmenta probatzea bere Zabalik-ekin, eta bistan da emaitza; ez da berak espero zuena. Harrezkero Aldaketa Hamasei kaleratu da, berau ere kioskorako pentsatua, eta hau ere salmenta oso apalekin ari da.

Duela gutxi zenbait eskualdetan sortu diren Hitza egunkari koskorrek ere ez dute kioskorik zapalduko. Eragileek badaezpada nahiago izan dute soilik harpidetza bidez funtzionatzea, eta gainera dohainik banatzea etxeetara.

Euskarazko prentsak sekula ez du presentzia nabarmenik izan kioskoan, eta poliki-poliki gero eta gehiago aldentzen ari da salmenta-toki horretatik. Lerrook idatzi nituenean, zain nengoen nolako Matraka ateratzen den. Berria-rekin batera aterako da, eta dohainik banatuko da unibertsitateetan eta lanbide heziketako ikastetxeetan. Berriro ere, kioskotik ihesi.

Dela Hitza, dela Matraka, paisaian nabarmenago dago euskarazko prentsa. Berria egunkaritik bultzatutako eredu komunikatibo eta komertzial honen bidez, euskaraz irakurri nahi dutenek ez daukate dirurik gastatu beharrik, ezta pausorik eman beharrik ere.

Horrelako eredua posible da herri-erakundeek asko laguntzen duten bitartean. Baina hauteskundeetan aldaketa etorriko balitz eta agintarien laguntza bukatuko balitz, eredu honek ez luke jarraibiderik izango. Egia da euskararen aldeko kontzientzia duen komunitatea gai izan dela lehenengo Egunkaria eta gero Berria bezalako proiektuak eraikitzeko, baina diru publikoak ere pisu handia izan du.

Etorkizunari begira, zalantza handiak ditut eguneroko ez diren produktuei buruz. Eskualdeetako Hitza-k hor daudelarik, lehendik zeuden herrietako eta eskualdeetako astekari horiek lana franko egin beharko dute »eta irudimena landu» ale erakargarriak burutzeko. Seguru asko informazio-eredu alternatiboak eta ezohizkoak erabili beharko dituzte. Eta seguru asko aldizkari batzuk desagertu egingo dira.

Bestalde, Matraka doan banatzen delarik, panorama zaila jarri zaie Gaztetxulo-ri eta Xirika-ri. Doaneko produktuak konpetentzia handia dira ordaindu beharrekoentzako.

Zeinek erabakiko du euskarazko prentsaren mapa nola gelditu behar den? Enpresa eta taldeen arteko adostasunez? Handiak bere iritzia inposatuz? Kioskoak behintzat ez du erabakiko.

Luis Alberto Aranbarri (EAJko EBBko komunikazio arduraduna): «Euskal kazetaritza, loratu den lanbidea»
Eskualduna zeritzan lehen euskal astekariaren mendeurrena zela eta, euskal kazetaritza zertan zen labur nezan eskatu zidan Euskaltzaindiak 1987 urtean, Baionan. Baita nik orrialde inguruko zertzelada eskaini ere, eta esaldi ponpoxo honekin amaitu: "Euskal kazetaritza idatzia ehun urtetan erabat loratu ez den lanbidea da. Baina ez dago, horregatik, etsipen-izkila jo beharrik, ehun urtetan loratu ez denak berrehunetan loratzerik izango baitu, seguraski. Euskal Unibertsitateak kostata plazaratutako lehen euskal kazetari-andana berriak horrelakorik ikusteko jaioak izango al dira!". Ba bai, jaio dira eta ari dira, ondo aritu ere. Ehun urte baino lehenago, gainera.

Euskal kazetaritza dezente asko aldatu da azken urteotan eta onerako aldatu, jakina, batere zalantzarik gabe. Izan ere, nekez alda zezakeen txarrerako, ia-ia ez izatetik izatera pasatu baita hogeita hamar urteren buruan.

ARGIA (Zeruko) astekari hau 1976an aldatu zen moldez (egunkari gisatik aldizkari neurri honetara edo) zein edukiz (kultura esparrutik informazio orokorrera), eta baimena lortzeko legeak eskatzen zituen hiru kazetariren bermea ziurtatzeko, Mariano Ferrerek, Gorka Reizabalek eta Pilar Iparragirrek eskaini behar izan zituzten euren izenak. Izan ere, ez zen orduan batere kontu erraza kazetari lizentziatu euskalduna aurkitzea. Xabier Aranburuk bildutako (Euskera XXII, 1977) datuen arabera, garai hartan Euskal Herriko egunkarietan lanean ari ziren 178 kazetarietatik zazpik (%3,9) baino ez zekiten euskaraz. Hizketan jakin, noski, ez idazten. Nik 1970eko hamarkadaren hasieran normaltasunez idazten eta bere lanbidearen jabe ezagutu nuen kazetari tituludun bakarra Miren Jone Azurtza izan zen. Nahiz eta sinesgaitz iruditu, 1960ko hamarkadan hasiak ginen gazteontzat kazetari eta frankista hitzak sinonimo samarrak ziren.

Euskara komunikaziotik kanpo
Ez zen gero orduan giro. Urte hartan lortu zuen Euskaltzaindiak espainiar erakundeen ofizialtasuna eta erabaki haren berri emateko euskal akademiak Durangon eskaini zuen prentsaurrean ez zen batere hitzik euskaraz egin. Amaieran, eskua lotsaz jaso eta, erdipurdika, euskaraz galdetzerik ba ote zegoen itaundu nuen... Orain gezurra dirudien arren, hainbat kazetarik marmarka jardun zuten eta inor zirikatzen ez hasteko eskatu.

Urtebete geroago, 1977an, erreportari ospetsu samarra izan zen Fernando Múgica kazetari nafarrak zera esan zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, euskal komunikabideei buruz propio antolatutako ikastaroan: "El euskera no es lengua de comunicación". Eta lasai asko geratu zen, ez baitzuen alferrik bere burua komunikazioaren 'guru' handi-handitzat.

Euskal kazetaritzaren normalkuntzarekiko nire iritzia betidanik izan da nahiko "merkatuzkoa". Gogoan dut, 1975 urte inguruan Udako Euskal Unibertsitatetik deitu nindutela, kazetaritza-mundura egokitzeko euskarak omen zituen hizkuntza, estilo eta molde aldetikako eskasiak zertan ote ziren azal nitzan. Nire ustez, euskal kazetaritzak zituen eskasiarik handienak lege, egitura, merkatu, enpresa eta ekonomia arlokoak baino ez zirela aurreratu nien eta ez zidaten gehiago deitu. Dena den, bi urte geroago etorri ziren »Deia eta Egin egunkariekin batera» nolabaiteko lehen egitura, enpresa, merkatu eta ekonomia berriak eta, egia esan, ez ziren arazoak konpondu.

Euskal kazetaritzaren urtea: 1976
Euskaldunok 1976a izendatu genuen "Euskal Kazetaritzaren Urtea". Hartan ari ginen denok aho batez onartu izan genuen aldaketa politikoak eta euskal komunikabideak soka bereko aldarrikapenak zirena. Nik dakidanez, 1975ean eratu zen, Eibarren eta Lankide Aurrezkiaren (Luis Iriondo) diru-laguntzaz, sekula eratu den Lehen Euskal Komunikabideen Astea. Ondoren, 1976ko martxoaren 27an eratu zuten zorioneko 24 orduak euskaraz irratsaioa Bilbo, Donostia, Iruñea eta Loiola Herri-irratiek, Jose Ramon Belokiren eskutik, eta egun hartan bertan aztertu zen Euskaltzaindiaren baitan euskal komunikabideen beharra. Urte hartantxe eraldatu zen, taxuz eta zentzuz, ZERUKO ARGIA astekaria.

Mikel Atxagak Euskaltzaindiaren batzarrean azaldu zuen txostenari jaramonik egingo badiogu: "Itxurazko euskal aldizkariak egiteko hainbat irakurle eta kazetari sorturik da dagoeneko. Astekarien orduak jo digu. Erdarazkoen inbiririk gabeko astekariak egiteko garaia iritsi zaigu. Eta bide batez euskal egunkari bat egiteko urratsa eman behar dugu poliki-poliki".

Baina, garai hartan, euskal egunkaria urruti zegoen oraindik. Batzar berean Joan Mari Torrealdaik zera esan zuen: "Goiz da egunkari batentzako. Zoritxarrez goiz. Bernardo Arrizabalaga kazetariak Anaitasuna-n idatzi zuenez: Euskal egunkari batek euskal telebistaren eta irratiaren atzetik etorri beharko luke, mass media handi hauen bidez euskara hedatu eta gero".

EITBren iraultza
Sei urte geroago sortu zen denok amesten genuen irratitelebista eta panorama erabat aldatu zen euskal kazetaritza munduan. EiTBk bakarrik eragin zituen 1983an, euskal komunikazio-esparruak Detxepareren denboretatik 1976ra bitartean metatu zituen baino lanpostu gehiago. EiTBk eman zizkion euskarari sektore aurreko lanbide-onespena eta jendaurreko ospe eta sona.

Geroztik etorri ziren etorri beharrekoak, Bernardo Arrizabalagak iragarri zuen zorioneko egunkaria tarteko. Ondotik, herri-astekariak, herri-telebistak eta, oraintsuago, Internetak eta teknologia digitalak ekarri dizkigun aukerabideak. Laburbilduz, nolabaiteko normalizazioren bat, inondik ere nahikoa ez dena baina bostehun mila lagunen komunitatearentzat ia-ia miresgarri dena. Orain dela 30 urte euskara komunikazio-sektoretik kanpo zegoen. Gaur egun, ostera, nola edo hala baina, barruan dago. Orain Fernando Múgicak ezin izango luke esan euskara ez dela komunikazio-hizkuntza.

Telebistan, irratian, egunkaritzan zein astekaritzan gaur egun egiten den kazetaritza duina baino gehiago da, dezente ona, homologagarria. Arazorik ez da falta, noski, baina 1976an bezala, eragozpenik larrienak ez dira inondik ere estilo eta moldeenak, merkatuarenak baino, merkatu txikerrarenak, soziologia urriarenak alegia. Eta, jakina, merkatu handi eta irekietan gainerako aukerek eskaintzen duten lehia-maila bortitza.

Baina, ez al zen ba hori nahi genuena?


Fermin Etxegoien ("Berria"ko kazetaria): «Euskal irakurleen nobleziaz»
Zorioneko hitz batek inoiz eraman al zaitu, irakurle, hurrengoko hitzen bat irakurtzera? Beste legerik ez dago prentsan, bestelako araurik ez luke behar prentsako hizkuntzak (irratian eta telebistan gauzak ez dira molde berekoak, baina ez dut haien gainean jardungo).

Prentsako albiste-artikulu-elkarrizketok irakurtzean "zer gertatu den eta zergatik" jakin nahi dugu. Beraz, informazio zati hauek "abileziaz nola banatu" behar luke helburu erredaktore azkar batek. Horregatik, esaldi bakoitzak informazio dosi bana argitu behar du, alde batetik. Ahal dela, baina, informazio ezezagun baterako atea ere zabaldu behar zaiola irakurleari ia esaldi berberean. Baliteke-eta irakurle gehienek irakurtzen ez jarraitzea bestela. Horixe dugu prentsaren egitekoa hemen eta Pernambucon.

Artikulu pertsonalagoetan »iritzi artikuluetan» errazagoa zaigu nolabaiteko "amu" informatibo horiek botatzea, halakoetan egileak libre izan ohi duelako zertaz eta nola hitz egin. Nahi-moduko adibideak ekarriz, artikulu "koral" bat osatu arte, nahi izanez gero. Non hitzen arteko oihartzunak ez dira soilik semantikoak (esan-nahi mailakoak), baita bestelakoak ere (fonetikoak, sinbolikoak), lehen aipatu "ate" horiek irakurleari zabalduz etengabe.

Hau guztia euskaraz egiteko gaur egun ez dago inongo arazo handirik, akabo ba. Beraz, ildo horretatik nik ez dut inongo aipamen berezirik egingo, hizkuntzaren "korpusa" dela-eta (euskara idatziaren gaitasun komunikatiboa dela-eta). Gainera, zera pentsatzen dutenetakoa nauzue: hizkuntzaren gaitasun komunikatiboa errazago lortzen ahal dela idatziz »errazago, bai», hitz eginez baino. Usu kontrakoa pentsatu izan bada ere.

Kontrakoa pentsatu ohi da, normala den moduan, askoz ere jende gutxiagok irakurtzen duelako euskaraz euskara hizkuntza "entzuteko" prest dagoen jende kopurua baino. Baina idatzizko testu batean bere burua sartzen duen irakurlea, haren "ekintzari" darion kemen intelektuala, ezin da konparatu entzule pasibo baten jarrerarekin.

Prentsako erredaktoreak, orduan, irakurlearen energia intelektuala jaso, xaxatu eta gidatu egin behar du, besterik ez (lehen azaldu itzal-argi joku trebearen bitartez).

Hemen gure artean bota dezagun: intelektualki irakurleak "nobleagoak" zarete, deliberamenduz eta jarreraz, gainerako komunikabideetako jasotzaile soilak baino.
Halere, Ariadnaren hariaren arauaren arabera »to oihartzunak» idatziriko testu guztiek ez dute, definizioz, irakurle kopuru berbera erakartzen, bistan da, abiapuntuak ere askotarikoak izan daitezkeelako. Gurean askoz ere jende gehiagok ibiltzen ditu gutxieneko informazioak Athletici buruz »adibiderik tipikoena ekartzearren» Rothkori buruz baino, demagun, margolariaren obra berriki arte Bilbon erakusgai izan den arren. Bi kasuetan, baina, ekintzok hamaika modutara antola daitezke: formaren antolamendua genuke erronka, beraz, materiaren (hizkuntzaren) moldagarritasuna ez baita egun inolaz ere arazo (idatziz ez, berbetan bai: sinets iezadazue).

Nolanahi ere, hizkuntzaren inguruko arazo txikiak aipatzen hasita, deklinabideen eta kanpoko hitz askoren artean gertatzen den elkar-ezin-irakurria aipatuko nuke: "Manhattango loftetan, egun, Guggenheimen bukatu beharreko Rothkorik ba ote?" Esaldi honek agian eskatzen ditu "auzoko", "estudioetan", "museoan" eta "bezalakorik" hitz osagarriak, ezta? Berdin Athletic bezalako hitz "propio" batzuekin ere, aitortu behar: hitzok deklinatuz gero irakurgarritasunak sufritu egiten du (halere, arazoa askoz larriagoa dugu irratian prentsan baino, lehen adierazi bezala).

Bestalde, irakurri berri duzuen esaldian »"irakurgarritasunak sufritzen du"» erdaltasuna agerian da oso modu garbian (mea culpa…) eta bai: milagarren erdarakadatik aurrera, norbera ere »egilea ere» zerbait gaizki dagoela hasten da konturatzen… Gauden egoera minorizatuan gaudela, baina, tentaldiari ekiditea… "Erdarakada-neolojismo" bidaideen atzaparretan ez erortzea, "ekidin" aditzari ekiditea bezain ekidiezina suertatuko zaie erredaktore gehienei ( "ekidin" nahiko arrotza iruditzen ez bazaizue, aipa ditzagun "jazarpena" »akosoa» edota "etorkor" »autokonplazientea», bentajaz niri inoiz egin didaten zuzenketarik muturrekoena).

Zuzentzaileei esker, erredaktoreak ikasi egiten du. Nire kasuan, "autokonplaziente" hitza ekidin egin beharko dudala aurrerantzean, artikulua irakurgarria gertatzea nahi baldin badut. Bere ordez zuzentzaileek hobetsitako "etorkor" hitz polita ezin-gaindituzko hesia zaiolako irakurleen ehuneko 99ari, Lapurdiko Zudaire herrian zein Lizarra ondoko Zudairen ere (ber moduan, erredaktore apal honek hobe zukeen "autokonplaziente" hitzaren ordez beste hitzen bat lehenagotik topatu izana ere).

Laburbilduz, katagorriak bezala goaz adarrez adar »hitzez hitz» basoan zehar euskarazko irakurleok. Askotariko basozainak beharko dira, orduan: bai basozain garbizaleak, baita basoak bere burua ondoen zaintzen dakiela pentsatzen duten basozainak ere (garbizaleak bezain garrantzitsuak).


Xabier Eizagirre ("Jakin"eko erredakzio arduraduna): «Aldizkariak, irakurleak eta irakurzaletasun berriak»
Aldizkarigintzak, gurean, badu hamarkada batzuetako historia. Euskarazko aldizkarien abanikoak, dena dela, muga larriak izan ditu eta ditu oraindik. Alde horretatik, ustekaberik ez. Euskarak berak corpus zein estatus mailan dituen hutsune eta gabeziak euskal prentsaren alorrean islatzen dira, eta prentsarenak, nola ez, aldizkarien alor espezifikoagoan.

Euskarazko aldizkariek jorratu dituzten gai eremuak aintzat hartu besterik ez dago horretaz jabetzeko. Batetik, jakina, eguneroko informazioari lotutako aldizkari generalistak ditugu, bai nazio mailakoak bai eskualde edo herri mailakoak. Azken hauek, gainera, azken hamar urteetan hedatu dira batik bat, eta euskal prentsaren irismen eta eragina orain arte ezagutzen ez genuen mailaraino igo dute, gaur egun inoiz baino euskaldun gehiagorengana iristea lortu baitute. Eta, horrek, printzipioz, epe erdi edo luzera euskal prentsaren baitako gainerako produktuengana irakurle berriak hurbiltzen lagundu beharko luke. Printzipioz.

Aldizkari generalista horiek alde batera uzten baditugu, ordea, euskarazko aldizkarien panorama nahiko murritzarekin egingo dugu topo. Hain zuzen ere, panorama horretan tradizio handiena duten aldizkariak kulturari, pentsamenduari eta zientziari lotutakoak dira (paradigmatikoenak Jakin eta Elhuyar izan daitezke). (Literatur aldizkariek multzo berezia osatzen dute. Beren izaeragatik eta euskal argitalgintzan izan duten pisuagatik, trataera eta azterketa espezifikoa eskatzen dutelakoan nago.) Neurri batean, aldizkari horiek maila jasokoak dira (batzuk, esate baterako, unibertsitateetatik sortuak dira); edo, bestela esanda, aldizkari horien irakurketak arreta, patxada eta batzuetan aldez aurretiko prestakuntza berezia eskatzen dute. Aldizkari horietako batzuk euskal prentsaren panorama askoz ere urriagoa zen garaietakoak dira. Eta urte haietan orduko hutsuneak ere betetzen zituzten. Azken hamar-hamabost urteetan, beste zenbait aldizkariren eta batez ere Euskaldunon Egunkaria-ren agerpenarekin, haien oihartzuna txikitu egin da, baina aldi berean pixkanaka benetan dagokien dimentsioa eta funtzioa hartu dute. Seguru asko biziraupena zaildu zaie (harpidetza kopuruei eta diru laguntzei eustea zailagoa izaten da, tamalez, banatzeko gehiago direnean), baina, bestetik, egokitzapen eta normaltze prozesu hori positibotzat jo dezakegu, bakoitzak benetan dagokion leku naturala har dezakeen heinean.

Baina, gorago nioen bezala, eguneroko informazioaz eta kulturaz, pentsamenduaz eta zientziaz gain, gai eremu zabal bat irekitzen da, eta euskal prentsak oraindik ez du erabateko jauzia egin eremu horretara. Aisialdiarekin-edo lotzen den gai eremuaz ari naiz: kirola, moda, ikuskizunak, arrantza, makramea, natura, bidaiak, opera, etxeko abereak... Gure herri eta hirietako kiosko arrunt bat begiratu besterik ez dago gai horien guztien inguruan erdarazko zenbat aldizkari dagoen ikusteko. Barietatea ikaragarria da, eta espezializazioak irakurle exijenteenaren eskaria ere asebeteko luke.

Kiosko horietan, aldiz, euskarazko produktuengatik galdetzen badugu, badakigu zer dagoen: txota-zaldun-errege. Jakina, jauzi kuantitatibo eta kualitatibo hori emateko, halako argitalpenen bideragarritasunaz hitz egin beharko genuke. Eta berehala egingo dugu topo auziaren giltzarriarekin: irakurleria. Eta badakigu, gurean, irakurleria potentzialaren eta aktualaren arteko desorekak zein buruhauste sortzen dizkigun, azken bi hamarkadetan euskaldun alfabetatuen kopurua dezente puztu den arren ez baitugu hori gero irakurzaletasunaren indizeetan islatuta ikusten.

Baina zer-nolako irakurzaletasunaz ari gara hizketan? Izan ere, irakurketa duela oso gutxi arte formatu klasiko jakin batekin identifikatu dugu: inprenta batetik ateratzen den paper-orri edo liburuarekin. Baina ezin dugu ahaztu teknologia berriek berebiziko iraultza eragin dutela komunikazioaren alorrean. Ingurune multimediatiko batean gaude guztiok, eta belaunaldi gazteenek, bereziki, naturaltasun osoz bizi dute errealitate berri hau. Ingurune honetan irakurtzeko eta idazteko modu berriak sortu dira, hau da, informazioa jaso eta hedatzeko modu berriak. Formatu berri hauetan, batetik, betiko testu idatzia ikus-entzunezko hainbat bitartekorekin konbinatzen da; eta, bestetik, baina ez azkenik, balio eta ohitura berriak sortzen dira: berehalakotasuna, bat-batekotasuna, interaktibitatea...

Informazioaren fluxuak bide eta formatu berriak dakarzkigu. Ez zait iruditzen horrek paperaren eta liburuaren akabera ekarriko duenik. Baina bide berri horiek esploratu beharko dira zer ematen duten ikusteko. Zorionez, hainbat esperientzia abian ditugu gure artean, direla aldizkari, boletin, foro, agenda, artxibo... (The balde, Sustatu, Susa, Nontzeberri, Sareko Argia, besteak beste). Azken buruan, dagoeneko plazan ditugun aldizkariek zein etor daitezkeen egitasmo berriek ezingo diote aurrerantzean errealitate honi bizkar eman.


Azkenak
Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Peio Ormazabal eta Beñat Aldalur
"Batasun estrategikoa lantzen ari gara Europako Alderdi Komunista sortzeko"

Joan den abenduan aurkeztu zuten Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS), Euskal Herrian Mugimendu Sozialista egituratzea helburu duen alderdia. Europan Alderdi Komunista eratzea dute helburu eta iraultza sozialista gauzatzea. Peio Ormazabalek eta Beñat Aldalurrek EHKS... [+]


Belaunez belaun, egunez egun

Lizar Begoñak eleberri honen aurretik bi poema liburu argitaratu ditu: Aro beilegia (Balea Zuria, 2020) eta Geopardo japoniarrak (Susa, 2022). Hirugarren liburuan ere badira zenbait irudi poetiko trama harilkatzen laguntzen dutenak: hodeiak eta basamortua, metafora gakoak... [+]


2024-05-05
Hinteligentzia

Pedro Sánchezek demokrazia burgesaren egiazko aurpegiaren laztanak gertutik ezagutu dituen aste berean, berezkoa duen antzezle sena galdu barik, bere gobernuko gerra buru Margarita Roblesek esan du gastu militarra handitzea bakearen alde jardutea dela. Gernika bonbardatu... [+]


Amador Fernández-Savater. Filosofia pirata
"Gure gizartean desira gutxi dago, eta obedientzia asko agindu neoliberalei"

Martxoaren amaieran Donostiara etorri zen Amador Fernández-Savater bere liburu berria aurkeztera: Capitalismo libidinal [Kapitalismo libidinala]. Bisita labur batek mami handia izan dezake. Madrilera itzuli aurretik elkarrizketatu genuen, harilkatuz politika,... [+]


Eguneraketa berriak daude