Itsasoko autopistak: lehorreko garraioaren eta La Navalen soluziobidea?

  • Europar Batasunaren barruko merkantzien garraioaren %92 errepidez egiten da eta, Europa osoko autopista eta errepideak itotzen ari dira, Euskal Herrikoak bereziki, Europa, Afrika eta Amerikaren arteko errepide bidezko garraiorako gune estrategikoa baita. Egoera horri buelta emateko, jadanik hasiak dira, baita Euskal Herrian ere, errepideko garraioa saihesten lagunduko duten itsasoko autopistak sustatzen. Itsasoko autopista horiek eraginkorrak izan daitezen, oso itsasontzi azkar eta espezializatuak beharko dira. Sestaoko La Navalen etorkizuna kolokan dago oraindik, eta ontziola ez ixteko irtenbidea itsasoko autopistetan ibiltzeko beharrezkoak diren itsasontzi azkar eta egoki horiek ere eraikitzen hastea izan daitekeela uste du hainbat erakundek, eta baita Eusko Jaurlaritzak ere.

2004ko irailaren 26an
Merkantzien lehorreko garraioa arintzeko asmoz Europan jarri nahi dituzten itsasoko autopistek, lehorreko garraio hori arindu eta istripuak gutxitzeaz gain, gaur egun kinka larrian dagoen Sestaoko La Naval ez ixten lagunduko al lukete? Batzuek hala pentsatzen dute. Lakuako Gobernuak, besteak beste; izan ere abuztuan bertan baieztatu behar izan baitzuen hipotesi horrekin lanean dabilela. Eta ez dirudi zentzugabekeria denik; ikusi besterik ez dago Europan seriotasun handiz heldu zaiola itsasoko autopisten gaiari, lehorreko trafikoa arintzeko eta hainbesteko istripu kopurua saihesteko helburuarekin. Itsasoko autopistak eraginkorrak eta azkarrak izan daitezen, itsasontzi oso azkarrak eta oso egokituak behar dira, eta horiek eraikitzeko, teknologikoki ondo prestatutako ontziolak behar dira. Baldintza horiek betetzen ditu Sestaoko ontziolak.

Uztai Atlantikoko Batzordea »besteak beste Euskal Herriko, Kantabriako eta Frantziako agintariak dira bertako kideak» joan den ekainean bildu zen Bilbon, eta itsasoko autopistak finantza ditzala eskatu zion Europar Batasunari, errepidean ibiltzen diren kamioiek sortzen duten trafiko handia arin dadin. EAEko eta Akitaniako erakundeek zenbait urte daramatzate proiektu hori lantzen eta laster jarri nahi dute martxan. Gaur egun Biriatuko pasabidea egunero zeharkatzen duten 2.000 kamioi inguru 2006. urterako itsasoko autopistetatik joateko konpromisoa hartu zen aipatutako bileran. Portuek ere prestatuta egon beharko dute trafiko berri hori hartu ahal izateko. Euskal portuak, Baiona, Bilbo eta Pasaiakoa, jadanik prestatuta daude edo ia-ia prest.

Europako errepideak erabat gainezka daude merkantzien garraiorako kamioien eraginez. Azken urteotan garraio horrek %40 egin du gora, izan ere Europan garraiatzen diren merkantzien %92 errepidez eramaten baitira. Euskal Herriari dagokionez, 2003ko datu ofizialen arabera guztira 7.900 ibilgailu astun pasatu ziren egunero Behobiatik, hau da, gune horretatik pasatzen den trafiko osoaren %35. Eta aurreikuspenek diotenez, merkantzien errepideko garraioa hamar urteko epean bikoiztu egin liteke.

La Rochelle edo Nantes-etik Bilborainoko autopista

Gauzak horrela, egoera horri irtenbidea eman beharrean gaude. Horregatik, Europar Batasunak bere jardueren artean aurreikusita dauka errepideak arintzeko asmoz itsasoko lau autopista martxan jartzea: Itsaso Baltikotik Ipar Itsasora arteko autopista; Kataluniako kostaldea, Korsika, Italiako mendebaldea eta Espainiako hegoaldea lotuko dituen autopista; Zipre, Grezia, Italiako ekialdea eta Turkian zehar hedatuko litzatekeena eta, azkenik, Euskal Herriari eragingo liokeena: Ozeano Atlantikoko autopista. Frantziako eta Euskal Herriko kostaldeari eragingo lioke baina Irlandatik Kanariar uharteetarainoko ibilbidea izango luke.

Mediterraneoan jadanik erabiltzen dute itsasoko garraioa, errepidez gauzatzen den merkantzien garraioaren zati bat desbideratzeko asmoz. Uztai Atlantikoak Bilbon egindako azken bileran adierazi zenez, 2006. urterako Bilbo eta Frantziako La Rochelle edo Nanteseko portuen arteko ibilbidea ezartzeko asmoa dago. Ibilbide horrek, egindako kalkuluek diotenez, gaur egun Biriatuko pasabidetik igarotzen diren kamioien %15-20 hartuko luke. Hain zuzen ere, mota horretako ibilgailuen trafikoa itsasoko autopistara bidaltzeko asmoarekin egiten ari dira Bilboko superportuan bukatzear dagoen 270.000 metro koadroko kaia. Portu horrek ro-ro motako arrapala izango du martxan (zama-lanak errodaduraz egingo dira bertan), eta gainera portutik zuzenean errepidera doan irteera independente bat eraiki da itsasotik sortzen den trafikoa eta gainontzeko trafikoa bereizteko.

Bilbon egindako bileran, EAEren eta Akitaniaren artean ikerketa bat egitea erabaki zuen Uztai Atlantikoko Batzordeak, ro-ro trafikoa delakoaren (ibilgailuen garraioa) irteera eta helmugako portuetan zein ekipamendu behar den ikusteko. Operadoreekin harremanetan jarri eta finantzaketa gastuak gutxitzeko bideak bilatuko dira. Era berean, itsasoko autopistak Kantauri itsasoko kostalde osora »Asturias eta Galizia barne» eta Erresuma Batura hedatzeko asmoa dago.

Operadore logistikoen eszeptizismoa

Bistakoa denez, itsasoko autopistetako garraioa errepidekoa baino garestiagoa eta mantsoagoa izango da. Horregatik, merkantziak errepidez garraiatzen dituzten sektoreak eta horien operadore logistikoak eszeptikoak dira itsasoko autopistetako garraioaren aurrean. Bezeroak dira agintzen dutenak eta garraioa baldintzatzen dutenak. Ildo horretan, Bizkaiko garraiolarien ordezkari oso eszeptiko batek zera adierazi du: "Bezeroak ez dira prest egongo ez gehiago ordaintzeko eta ez merkantzia beranduago jasotzeko ere». Eta HIRU Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen Federazioak ez dio garrantzi handirik ematen gaiari, bere ustez ez dagoelako lehiarik eta ez delako egongo ere, azken batean garraiolariek eraman beharko baitituzte merkantziak eraman beharreko lekuetara.

Itsasoko autopistak behar beharrezkotzat jotzen dituzte, ordea, Baiona, Pasaia eta Bilboko portuetako arduradunek eta euskal ontzijabeen elkarteek. Batzuek pentsatuko dute hori begien bistakoa dela, portu eta ontzi enpresentzako negozio handiagoa dakarrelako (portuak orain daukaten trafikoa bikoiztera irits daitezke). Horregatik, ez daude geldirik eta aukera horren inguruan lanean hasi dira, erronka berriari aurre egin ahal izateko. Beraien ustez, "errepideak itsasora eramatea" beste irtenbiderik ez dago gaur egungo egoeran.

Baionak autopista zabalduko du Liverpool eta Dublinekin
Euskal Herrian Baionako portua izango da itsasoko autopista bataiatuko duen lehena. 1999an egin zuen lehenengo saiakera, baina porrot egin zuen. Orain, ordea, badirudi dena ondo lotua dagoela eta, aurtengo irailetik aurrera hasiera batean euskal portua eta Liverpoolekoa lotuko dituen autopista irekitzeko asmoa dute. Geroago, urte bukaera aldera, Dublingo porturaino luzatuko da autopista hori. "Ro-ro" linea izango da, merkantziak garraiatzeko kamioiek bakarrik erabili ahal izango dutena. Lehenengo fasean, 75 kamioirentzako ahalmena edukiko duen linea horrek astean bidaia bat egingo du. Aldiz, linea Dublingo porturaino hedatzen denean, maiztasuna astean bi edo hiru bidaiakoa izango da.
Linea horrek Frantziako estatuko enpresei eskainiko dizkie zerbitzu berriak, baina baita Espainiako zenbait enpresari ere. Garraio bide berri horrek Ipar Euskal Herria zeharkatzen duen lurreko garraioaren zati bat hartuko luke eta Frantziako estatuko iparralderantz errepidez joan behar izaten duen kamioi trafiko handia arinduko luke.

Esteban Murumendiaraz, HIRUko idazkari teknikoa: «Joan-etorriak arinduko ditu baina ez da behin betiko irtenbidea»
Itsasoko autopistak azkenean martxan jartzen badira, ondorioak antzemango dituzte agente eta erakunde askok. Esate baterako, ikusi dugun moduan Sestaoko La Navali mesede egingo lioke, beharrezko ontzi espezializatuak eraikitzea berari egokituko balitzaio. Alabaina, merkantzien errepide bidezko garraioa arintzea da itsasoko autopisten oinarrizko helburua. Alde horretatik begiratuta, sektore kaltetuenetako bat izango litzateke merkantziak errepidez garraiatzen dituztenena. Hori dela-eta, HIRU sindikatura jo dugu zenbait galderen erantzunen bila, Hego Euskal Herrian merkantzien errepide bidezko garraioan diharduten langile autonomoak biltzen baititu. Hauexek dira HIRUko idazkari teknikoak, Esteban Murumendiarazek, eman dizkigun erantzunak:

Euskal Herriko eta Europako errepideak gainezka daudela diote, egunero-egunero milaka kamioi mugiarazten dituen merkantzien errepide bidezko garraioari irtenbideak eman behar zaizkiola. Ados al zaudete diagnostiko horrekin?
Errepideak izugarri erabiltzen dira, kolapsatzeko zorian daude. Zenbaitetan errepideko profesionalei egozten dizkiegu saturazioa, mugikortasun handiagoa edo bide segurtasuneko arazoak, baina ez ditugu aztertzen benetako arrazoi sozioekonomikoak: gure eredu ekonomiko neoliberalak eragindako mugikortasun antzua, lurraldearen plangintza nahasia, jabetzaren kulturaren eraginez ibilgailu pribatuei ematen diegun gehiegizko erabilera (jabe izatearen estatusa eta "askatasuna" sustatzen dira eta horregatik bakoitzak bere ibilgailua eduki eta erabili nahi izaten dugu).
Diagnostikoak kontuan izan behar ditu eredu ekonomikoa eta lurralde antolamenduaren eredua. Horrez gain, merkantziak garraiatzeko modu desberdinak konbinatzen jakin behar du, baina ekonomiak eta errepideko garraioaren sektoreak eskatzen duten orekari eutsiz. Sektoreak berak sustatu edo gutxituko ditu mugikortasuna, garraio zerbitzuak izan beharreko kalitatearen eraginkortasuna eta profesionalen bizitzak hobera egitea.

Arazoa konpontzeko, Europar Batasunak nahiz Gasteizko Gobernuak itsasoko autopisten aukera proposatu dute, hau da, errepideak itsasora eramatea. Irtenbide horrek egoera konpondu edo hobetuko duela uste duzue?
Garraiobide desberdinen erabilera orekatzearen aldeko apustua egin da. Horretarako, azterketak egin dira eta itsasoko autopistak, hau da, ondo komunikatuta dauden eta iristeko errazak diren puntu batetik bestera merkantziak gerturatzeko bide azkarrak sustatzen dituzten neurriak proposatu dira (adibidez, iparraldea Kantauriko kostaldearekin, Iberiar penintsula hornitzeko). Edonola ere, horrek bere ondorioak ditu: alde batetik, karga gerturatzen du eta lehorreko garraioa (errepidekoa) baino labur eta seguruagoa da. Beraz, nazioartean asko erabiltzen diren ibilbide luzeko joan-etorriak zertxobait arintzen ditu eta bizi kalitatea hobetzen du lana hurbilago egiten delako. Gainera, beste sektoreetako enpresek egindako lanaren errentagarritasuna deuseztatu, zerbitzuaren kalitatea areagotu eta segurtasuna nahiz produktua behar bezala ematea bermatzen du. Baina beste aldetik, eraginkorrak diren azpiegiturak eta koordinazioa behar ditu, eta baita zama lanetaz, garraiatu beharrekoa ontziratu eta ontzitik ateratzeaz nahiz portua kudeatzeaz arduratzen diren enpresak ere. Gainera, gure lurraldean sortzen ez eta kontsumitzen ere ez diren baina guretik pasatzen diren merkantzien joan-etorriak gutxitzen lagunduko du. Baina hori ez da behin betiko konponbidea eta ezta konponbide sendoa ere, etorkizunean mugikortasunak gora egingo duela kontuan hartzen badugu.

Oro har merkantzien errepide bidezko garraiolarientzat eta bereziki garraiolari euskaldunentzat irtenbide horrek lehia handiagoa ekarriko al du, eta ondorioz garraiolarien interesei kalte egingo al die?
Ez du lehia handiagoa ekarriko, merkantzia beste era batera mugitu besterik ez da egingo. Errepide bidezko ibilbide luzeko garraioaren ordez, merkantzia portutik eraman beharreko lekura eramateko zerbitzua egongo da. Ez zaio kalterik egingo garraiolariari eta ezta bere interesei ere, garraio propioaren aldeko apustua egiten badugu. Garraio seguru, lehiakor eta profesionala eskaini ahal izango dugu, lana hobeto antolatuko dugu (hobeto ezagutuko ditugulako jatorria, helmuga, ibilbidea eta esparru ekonomikoa), eta distantziak txikiagoak izango direnez garraiolari autonomook gertuago lan egin eta bizi kalitatea irabaziko dugu.

Garraiolari autonomoen sindikatua zareten aldetik, zuen ustez zein aukerak errespetatuko lituzke hobeen alderdi guztien interesak?
Alde batetik, kalitatezko garraio propio eraginkorraren aldeko apustuak. Horretarako, industria eta zerbitzuetako sektoreen arteko adostasuna beharko litzateke eta administrazioen babes sendoa. Beste aldetik, lurraldeak dituen beharrizanen plangintza egin beharko litzateke, mugikortasun antzua (merkantzien garraioan) eta ibilgailu pribatuen neurririk gabeko erabilera gutxitu daitezen.
Aukera onena profesionalek, euskal garraiolariek, eskainitako zerbitzuaren kalitatea baloratzea da, izan ere, ekonomiari dagokionez, gure garraiolariak kalitatearen eta lehiaren arteko oreka baitute oinarritzat eta duintasunean eta jardun profesionalean bilatzen baitute onura. Egonkortasuna eta segurtasuna behar dituen zerbitzu publiko eta estrategikoko sektore honetan sakrifizioak ez ditu arrazoizko mugak gainditu behar, bestela sektoreak eta gizarteak bere egoera kritikoa modu dramatikoan hartuko du eta.

La Navalek ba al du ahalmenik behar diren itsasontzi azkarrago horiek eraikitzeko?
Itsasoko autopisten aukera berri horrek Europako eta mundu osoko ontzigintza dantzan jarri du. Egoera latza pairatzen ari den Sestaoko La Naval barruan hartzen duen IZAR taldea bera ere jokoan sartu da eta, beti bezala, ontziola korearrekin lehian ibili beharko du. Artikulu honetan esan dugun moduan, operadore logistikoek itsasoko autopistei ikusten dieten oztopoetako bat zera da: garraio mota hori gaur egun garestiagoa izateaz gain mantsoagoa ere badela. Beraz, garraio mota hori sustatu nahi bada eta, batez ere, errepide bidezko merkantzien garraioa arindu nahi bada, itsasontzi azkarragoak eraiki behar dira. Horretarako dago ikerketa eta garapena.

Europan jadanik badago arlo horretako esperientzia bat. Orain arte diseinatutako itsasontzien abiadura ez da 70 korapilotik pasatzen, hau da, orduko 135 kilometrora iristen da. Une honetan modelo bizkorrago bat garatzen ari dira, Seabus-Hydaer izenekoa. Modelo berri horri hegalak jarriko dizkiote. Horrela, itsasoa ukitzen jarraituko badu ere, altxa egingo da eta abiadura handia lortu ahal izango du: 120 korapilora iritsiko da, hau da, orduko 220 kilometro inguru harrapatuko ditu. Hori da behintzat itsasontzi berriaren sustatzaileek daukaten teoria. Ikusiko dugu aipatutako emaitzak lortzen dituen azkenean modelo berriak.

Horrelako itsasontzien eraikuntzak Sestaoko La Navalen zalantzaz betetako etorkizuna argituko lukeelakoan dago Eusko Jaurlaritza. Gaia Gasteizko Gobernuko Garraio sailburuaren mahai gainean bazegoen ere, abuztura arte ez zen ezer jakin. Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak adierazi zuen publikoki Gasteizko Gobernua itsasoko autopisten aukera aztertzen ari zela Sestaoko La Navalen itxiera saihesteko neurri gisa (autopista horietan ibiltzeko itsasontzi espezializatuak eraiki behar dira). Alvaro Aman Garraio sailburuak baieztatu egin behar izan zuen LABek emandako albistea. Ez zuen, hala ere, azalpen handirik eman.


Azkenak
Materialismo histerikoa
Isilean


Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


ANALISIA
Umeak, poliziak, mikrobihotzekoak

Lehenbiziko mikrobihotzekoa: euskarazko udal jarduera bat, bizpahiru urteko dozena bat haur jolasean parkean, gurasoak inguruan, haurretako bat hurbildu zait ondora, zast!, arnasa moztu dit eskutxoan daraman eskumuturrekoak: Ertzaintza. Blue Lives Matter (“Polizien... [+]


Eguneraketa berriak daude