Soldadutzari ez 1847ko Tafallan

  • Tafallako karriketan barna paseoan, jai nagusien osteko isiltasunaren babesean eta denboraren zurrunbiloan bidaiari, badirudi oraindik senti daitekeela Lau Izkinetan bilduriko hainbat gazteren haserrearen oihartzuna edo Errekoletak Komentuaren parean labana baten sastada, 1847.eko urtarrilaren 12, 13 eta 14 egun urdurietan hiri osoko erraiak lehertu zirenean "odol zergaren" kontra.

Hotz eta euria ari zuen negu minean Zidakosko hirian, 1847.eko urtarrilaren 12an. Lan egiteko aukera gutxi bertako jornalarientzat, gordin eta zakar esnatu zen astearte hartan. Hiriko plazara goizean goiz biltzean ez zuten espero lurjabeen maisu-orderik lan-esku bila, baina zer gerta ere hurbildu behar hurrengo egunean etxeko lapikora fundamentuzko zerbait bota eginen bazuten. Espero bezala, lan-kontratarik ez. Eta gainera, berri kezkagarri bat: zintzilik jartzear zegoela Udaletxeko atarian erreklutamendu agindua, urte hartan berriro armadara joan behar baitzuten zenbait gaztek; 18-25 urtetako gizon guztiek osatuko zuten zerrenda eta haien artean eginen agintariek zozketa, zorte txarrekoek "odol zerga" ordaindu behar zutelarik, espeziez printzipioz, hezur-haragizko soldadu gisa.

Jose Mari Espartzak bere Tafallaren historian eta íAbajo las quintas! (Kintak kanpora!) bertze liburu batean dioenez, 12ko egunsentian bertan "oihu iraultzaileak jaurti zireneko mitin" bat hasi zen kinten aurka, hizlariek berri emanen zutelako hurrengo eguneko zozketaz eta Tafallako 298 gazteetariko zortzik zortzi urte jasan beharko zutela armadan kanoi-bazka. 13an zintzilik zeuden, izan ere, kintoen izenak Udaletxean. "Gazte saldo bat inguratzen joan zen erromeria gisan, jakin bazekitena egiaztatzeko asmoz: nork bere izena zerrendan sartua ikustera, alegia; areagotzen joan zen egonezina orduak pasa ahala", dio Jose Miguel Gastonek íArriba jornaleros! Los campesinos navarros ante la revolución burguesa (1841-1868) (Gora jornalariok! Nafar laborariak iraultza burgesaren aurrean) liburuan, bere doktoretza-tesiaren mamia biltzen duen horretan. Eta arratsaldeko bortzak aldera manifestazio bat antolatzen hasi omen ziren gazteak. Seietan, dokumentazio judizialak dioenez, "gazteez osaturiko pelotoiak karrikan barrena zebiltzan ‘kintak kanpora!’ oihukatzen". Ez ziren lau bazter-nahasle, baizik eta, testigu batek asaldaturik zioen bezala, "gazte gehienek oihukatzen zuten gainera".

Zortziak aldera, larri zaurituta suertatu zen guardia zibil bat, labana batek hozka eginda urdailean eta lurrean zerraldo hiltzat utzia. Zorte txarreko guardia, antza denez, bertze pertsona baten atzetik omen zebiltzalako erasotzaileak. Izan ere, Kadenako Etxe deiturikoan zegoen ostatuz armadako bitartekari bat, garai haietan negozio bereziak egin ohi zituztenetako bat: aukera eskaintzen zieten zozketatik zoritxarrean ateratako gazteei soldadutzatik libratzeko, ordezko bat erosten bazuten. Tafallan zegoen bitartekariaren bila joan omen zen, bada, gazte saldo bat Kadenako Etxera, harengan mendeku hartzeko asmoz. Arriskua ikusiz, hanka egin omen zuen leihotik "agente komertzialak". Baina bazeuden han zaintza egiten bi guardia zibil, etxe hura "auzoak ardoa edan eta dibertitzera joan ohi zireneko" leku bat baitzen. Kanpoaldean zegoen etxea, eta guardietako batek, hurbiltzen ziren gazteen beldur, hirira joatea erabaki zuen laguntza bila. Errepidera atera, baina gazteek begitandu eta jarraitu egin zioten, "gaua benetan iluna izaki", bitartekaria zelakoan, omen. Guardiak, ihesean, "Errekoletak Komentuaren parean" aurrez aurre egin zuen topo "bertze gizon saldo handi batekin eta, bi taldeen artean harrapatuta, arma zuriko kolpe bat eman diote urdailean".

Ez ziren gauzak oraindik bukatu. Bertze talde bat espartingile baten etxera joan zen, diosku Jose Miguel Gastonek, hor egonen zelakoan ditxosozko bitartekaria, baina berriro ere kale egin eta etxean zeudenen kontra jo zuten. Hiru gazte kanpotar zeuden han ostatuz, bat jada erositako ordezko hain zuzen, bertzea "ohore" berdina lortzeko asmoz Tafallan agerturik. Jipoitu egin zituzten "bihozgabeki, dendariak salgai zituen lizarrezko makilez" eta hiritik egotzi, txosten judizialaren arabera. Goizeko lauetan, oraindik ere, jarraitzen zuten liskarrek. Eta egunsentiko zazpiak aldera, "hiri-kanpoaldean, elurzuloaren ondoan, berrehun gazte inguru zeuden bilduta, Udaletxera joan eta kintoen zerrenda erretzeko prest". Haiengana joan ziren hiriko bi alkate-ordeak eta "eskura zuten indar publikoaren erdia, hiritarrengan itzal eraginkorreko bertze pertsona batzuek lagunduta", giroa baretzeko asmoz. Lortu zuten nonbait, baina 14ko goizean bertan armadak hartu zuen hiria, ordena publikoa "berriro ere inondik inora nahasi ezin zedin adinako indar militarrekin".

Errepresio judiziala etorriko zen gero. Hamaika gazte auzipetu zituzten hurrengo egunetan. "Eredugarri" izan ziren sententziak: Felipe Mosok hamar urtetako kartzela-zigorra jaso zuen, Ceutan pasa beharrekoak; Martin Zenborain eta Juan de Dios Calvok launa urte penintsulako kartzeletan; bertze seik, seina hilabete Tafallako espetxean; bertze batek, bi hilabeteko kartzelaldia; eta azkeneko bat errugabetzat jo zuten. Pixkana-pixkana joan ziren itzultzen hirira edo atxilotuta suertatu ihes egindakoak, eta otsailaren 2an egin zen azkenik zozketa, armadak alerta-egoeran bertan jarraituz. Halere, handik hamar egunetara, Jose Mari Espartzak dioenez, Nafarroa osoan zehar antolatu ziren partidak, gerrillari karlistek eta ihes egindako mutilek osatuta, zazpi urte zirela bukaturiko gerra berpizteko prest egonen balira bezala. Ez zuten lortu, baina adieraztera ematen du horrek Tafallako liskarra baga-itsaso halako batek azaleraturiko zerbait zela.

"Lege paktatua»ren fruitu mingotsak

"Oihu iraultzaileak" entzun zirela 12ko goizeko mitinean diote gero irekiko ziren txosten judizialek. Zer oihuak ote ba? Gure gaurko sorpresarako, "Kintak kanpora!" leloaz gain, "Gora Karlos VI.a! Behera nafar gaiztoak! Behera erregina!" eta antzekoak aditu ziren hurrengo ordu nahasietan, Jose Miguel Gastonek dioskunez. Auzitegiko ertzaina zen lekuko batek adierazten du nola sartu ziren Mariano Osate eta Martin Zenborain kafetegi batean urtarrilaren 5 eta 7ko egunkarien bila "jendilajeari azkeneko berriak emateko, Montemolingo Konde delakoaren etorreraz eta asmoez". Montemolingo Kondea, zein eta Karlos VI.a, garaiko karlisten erregegaia zen. Matxinaturiko gazteen artean, bertzalde, hogeita bi urteko igeltsero bat zegoen, Iruñean jaioa baina Tafallan bizi zena, Rada deiturakoa; Lehen Gerra Karlistan ibilia, itzal handiko Jeneral izanen zen Bigarrenean eta Somorrostroko frontean hilko, bonba batek zauritua, 1874.ean.

Tafallako istiluak izan ziren larrienak egun haietan; ez bakarrak, ordea. Han baino lehen, urtarrilaren 10ean gertatu ziren Iruñean; gero, Lizarran, 14an; Garesen, 17an... Baina ezin dugu erran liskarrek karlisten konspirazio berriekin zerikusi zutenik, ezta halako sukar bakezale batekin ere. Bergarako Besarkadak Lehen Gerra Karlistari amaiera eman ondoren, urte hartan bertan eman zion akabera Nafarroako Erreinuari ere 1839.eko legeak, "espainiar batasun konstituzionalean" urtuz nafar instituzio eta foruak, guztiz garaile suertatu ziren liberalak, bai Madrilgoak, bai nafarrak, bat eginda asmo hartan. 1839.eko lege lakonikoak epe bat ireki zuen, Hego Euskal Herriko lau Diputazioei entzun eta kontsultatu ondoren, Gobernuak bertze lege zehatzago bat aurkez zezan; bigarren honek zehaztuko zuelakoan nola txertatu lau euskal sistema foralak Konstituzio unitario hartan. Horrela egin zuten eta Gorteek onartu Nafarroari bakarrik zegokion 1841.eko Legea, dezente beranduago "Lege Paktatua" izena hartuko zuena nafar politikoen ahotan.

Lege horren fruitu gisa ikusi behar ditugu istilu haiek soldadutzaren inguruan, bai eta frankismora arte bertze arlotan suertatuko ziren asko ere: herri-lurren pribatizazioaren, korralizen, zerga-sistemen, bizitzaren garestipenaren... inguruko gatazka sozialak, bertzeak bertze. Lege horren fruitu, diogu, zentzu batean: nafar herri xehea hainbatetan asaldatuko zuten kontu haiek ez ziren hasi lege harekin, jada XVIII. mendeko azken hamarkadetan baizik, baina ordura arte nafar Gorteak eta Diputazioa saiatzen baldin baziren hainbat kontraforu geldiarazten »eta lortu ere batzuetan», 1841.eko legeak elite berri eta murritzago baten kontrolpean jarri zituen prozesu haiek guztiak, liberalismoak bultzatzen zituen erreformen alde zegoen elitearen eskuetan hain zuzen. Eta horrela, beharrezko soldadutzari dagokionez, Madrilgo Gobernuak agindu eta indarrean jarritako erreklutamenduei aurre egiten bazieten ordura arte nafar instituzio gorenek, oraingo egoera berrian, 1841.eko legearekin, nafar Diputazioa izanen zen "odol zerga" betearaziko zuena. 1841.eko legeak bedeinkazio eta legitimitatea eman zion "odol zergari", ordura arte kontraforu izandako beharrezko soldadutzari.

Negozio biribila, oztopoak oztopo

Ez zuen negozio kaskarra egin nafar elite berri hark, zereal ekoizle, ardogile eta oliogile ziren familia lurjabe handi gutxi batzuek, merkatari handi ziren bertze batzuek eta goi mailako funtzionari edo kargudun ziren bertze zenbaitek osaturiko elite hark. Nafar instituzio politiko propioei utziz eta Konstituzio zentralistak ezarritako lege berrien laguntzaz, libratu egin ziren familia urri haiek nafar Gorteetan hainbatetan aurkituriko bertze talde sozialen presiotik, aldakuntza liberalak indarrean jartzeko orduan. Izan ere, liberalismoak ezarritako hauteskunde-legearekin, nafarrengandik %1ak »%5ak une progresistenetan» bakarrik zuen boto-eskubidea »aberatsek, jakina», bai Madrilgo Kongresurako parlamentariak, bai Nafar Diputazioko zazpi kideak, bai udal zinegotziak hautatzerakoan. Aise zuten, beraz, dena kontrolatzea probintzi eremuan eta interes handieneko udaletan. Eta, horratx negozioaren funtsa!, karlismoa eta herriaren foruzaletasuna mamutzar gisa astinduz, jakin zuten ikustarazten Madrilgo liberalei hobe zela autonomia maila bat ematea Nafarroari arlo administratiboan, batasun konstituzional politiko eta judiziala onartzearen truke: aduanak Ebrotik Pirinioetara eramanen zituzten eta Diputazio probintzialak bere esku izanen zituen nafar baliabide ekonomikoak, euren nahierara erabiltzeko. Nafar elite berri hark prestatu zion Gobernu zentralari 1841. eko legearen aurreproiektua, aldakuntza gutxirekin onartuko zutena Madrilgo Gorteek.

Aldakuntza urri haien artean, hizpide duguna, zerbitzu militarrarena: Diputazioak bidalitako aurreproiektuak "odol zerga" nafar Foruen arabera egin beharra proposatzen zuen. Gobernuak erabaki proiektuan eta Gorteek onarturiko legean, ordea, "Nafarroa behartuta gelditzen da, Erreinuko probintzia guztiak bezala »gurea da azpimarra», dagokion gizonezko-kupoa aurkeztera armadak eskatu ohiko eta ezohiko kinta edo erreklutamenduetan". Puntu hau izan zen, prezeski, buruhauste gehienak eman zizkiona elite berri hari, egoera berriaren onurak nafarrei azaltzerakoan. Zintzo aitortzen du arazoa, hogeita hamar urte beranduago, lege haren nafar egileetariko batek bere Memoria sobre la Modificación de los Fueros de Navarra (Nafarroako Foru-aldakuntzari buruzko Memoria) izeneko idazkian: «Hau dugu», dio Pablo Ilarregi egileak, "foru-erreformaren legea indarrean jarri zenetik, eraso eta aurkakotasun bizienak jasan behar izan dituen artikulua". Baina bere horretan jarraitzen du txostenean Ilarregik xedapenaren defentsari dagokionez. Azkenean, argudio serio bakarra, ahul-ahula ere: kupoa betetzeko orduan, Diputazioaren eskuetan gelditu zela nola egin.

Bazekien, ongi jakin ere, elite berri hark errazago salduko zizkiela nafarrei aldakuntzen onurak bertze gainerako arloetan, soldadutzakoan baino. Azken finean, sistema liberal berriak hobekuntza ekonomikoak ekarriko zituelakoan zeuden haren aldekoak »bertze kontu historiko bat da hobekuntzarik inondik ez zuela ikusi herri xeheak ehun eta hogeitaka urte beranduago industrializazioan sartu arte: hortaz gorago aipaturiko hainbat arlotako liskar sozialak, harik eta Molaren lagunek ezpondetan errepublikarren hilotzak erein zituzten arte». Baina "odol zergak", zer onura ekarriko zien nafarrei? Zailtasun hartaz jabeturik, burdin goriari nola, hala heldu zieten legearen 15. xedapeneko azken hitzei »"Diputazioaren esku gelditzen dira zerbitzu hau betetzeko moduak"», 1841. eko legea eramangarriago egite aldera.

Zerbitzu militarrari iheska

Urte hartan bertan eskatu zion armadak lehen kupoa Nafarroari, 474 soldadu guztira, Diputazioak zehaztuz herriz herri zenbat jarri. Laster izutu zen Diputazioa, halere. Sinetsita ei zegoen errekurtsoak izanen zituela herri bakoitzak nork bere soldaduen ordezkoak erosteko, eta boluntarioak bakarrik joanen zirela armadara. Errealitatea askoz gordinagoa zen: aberatsek bakarrik erredimi zitzaketen euren semeak, zozketan hautatuta irtenez gero. Istiluen beldur, bada, udalek bilatu behar izan zituzten fondoak ordezkoak erosteko, nola eta euren ondasunei eskua sartzen: bertze negozio-iturri bat, azken batean, tokian tokiko aberatsentzat, udal batzuek herri lurrak-eta salgai jartzea baizik ikusi ez zutelako irtenbide. Erran beharrik ez, nortzuk izanen ziren erosleak, eta nortzuk kaltetuenak. Diputazioa, bere aldetik, saiatu zen mementoz eta urte hartan gutxienez indarrean jar ez zezala Madrilgo Gobernuak kupoa Nafarroan, baina jai.

Garestiegia zitzaien herriei ordezkoak erostea. Gauzak horrela, kupoen zozketa onartu zuten udalek hurrengo urteetan. Ulergarria da nola joan zen berotzen giroa 1841-1847 artean, hizpide ditugun liskarrak pizteraino. 1843.ean manifestaldi bat Iruñean eta mendialdeko ia herri guztietako ordezkarien bilera bat egin zen Lizason, hainbatetaraino berotuz giroa non urteko kinta egiteari utzi behar izan baitzion Diputazioak, Madrilgo Gobernuaren baimenaz. 1844.ean, "kinta bideraezina izatera heldu da, guztiz", idatzi zuen Diputazioak, berriro lortuz zozketarik ez egitea. 1845 eta 1846.ean, zozketatik libratu zen Nafarroa, baina Diputazioak ordaindu beharko zizkion armadari ordezkoak, atzerapenekin izanda ere. Atzerapenak, noski, zor handiegi bihurtu zitzaizkion nafar instituzio gorenari, eta 1847an lehertu egin ziren gauzak, ikusi dugun bezala. Gainera, urtarrileko istiluen ondoren, urteko kopuruaren bigarren erdia eskatu zen irailean, eta armadak gorputz berezi bat finkatu zuen Garesen bada ezpada ere, erdialdeko edozein herritan sartzeko prest.

1848.ean Diputazioak berak hartu behar izan zuen bere gain, neurri batean, fondoak bilatzeko sistema baten eraketa: berak jarriko zuen diru zati bat, udalek bertze bat eta herri bakoitzean antolatuko zen gazteen elkarteak »Kintoen Elkarteak» hirugarrena, dela ordezkoak erosteko edo armadara joanen zirenei dirua emateko. Garestiegia, nolanahi ere, eta jasanezina azken batean, bai udalentzat, bai seme gazteak zituzten familientzat. Elkarteak sortu ziren herri anitzetan 1859-1860 artean, baina banan-banan joan ziren hiltzen 1860. eko hamarkadan bertan, istiluak eta guzti -iruzur salaketak barne- kasu batzuetan.

Bertze bide partikularragoak jorratu zituzten nafar gazteek eta euren familiek "odol zergari" ihes egitearren, desertzio mota anitz aipa ditzakegularik. Batzuek mendira jotzen zuten eta partidak osatu, zenbaitetan karlisten saioekin bat eginda, gorago aipatu dugun bezala. Bertze batzuk, mendian ibili ondoren, herrietara itzultzen ziren, familiek eta herritarrek babesa emanda ezkutuka ibiltzeko: "Desertore gehiegi, euren jatorrizko edo aldameneko herrietan bizi direnak", aipatzen ditu Diputazioaren agiri batek 1843.ean. Desertzio "legalagoak" egiteko aukera gehiago zituzten Araba eta Gipuzkoarekiko mugaldean bizi zirenek: izan ere, mende amaiera arte, »Cánovas del Castillok Bigarren Karlistadaren ostean mendebaldeko euskal probintziei foruak kendu zizkien arte», salbuetsita jarraitu zuten hiru probintzia haiek zerbitzu militarrari dagokionez, artean 1841.eko "nafar" legearen antzekoak ez baitzizkien Gobernu zentralek inposatu. Iparraldeko mugak ere zeharkatu zituzten askok, Lapurdin, Zuberoan edo Nafarroa Beherean euren bizitzak berrantolatuz, edo saio karlista berrien esperoan kasu gutxi baino gehiagotan. Azkenik, Indietarako emigrazioa zegoen irtenbide gisa, emigrazioa Nafarroako gaitz endemiko bihurtu zen hamarkada luze haietan.

Ez dakit nola joan zitzaion Felipe Moso Tafallako gazteari Ceutako kartzelaldia. Ez dakit hamar zigor-urteak osorik bete ote zituen edo partez, ezta onik atera zen ere. Baina fir-fir ari dira Foru-plazako platanoen hostoak, Lau Izkinak karrikari irekitzen den plaza itzaltsu honetakoak. Nafarroan ama maitekorra bailitzan apaindu nahian "Lege Paktatuari" jantzi zioten zetazko mantuaren firfira izanen ote da soinu leun hau? Nik, ordea, 1847.eko gazteen oihu garratzen oihartzuna, denboraren poderioz apaldurik, antzematen diet hosto xuxurlariei.

Kinten merkatua
Sistema liberalak derrigorrezko zerbitzu militarra gizon gazte guztien gainean ezarri bazuen ere, ez zuen dirurik adin hartako orori armadan harrera emateko. Hortaz, kupoaren eta zozketaren sistema. Urtero jakinarazten zuten zenbat soldadu nahi zituzten, eta probintzia bakoitzari jartzen zioten kupo bat biztanleen arabera. Nafarroan, 474 soldadu kopurua errepikatzen da hainbat urtetan. Probintzia bakoitzean herriz herri zehazten zuten kupo hura, biztanleria irizpide berriro. Eta herrietan egiten zen zozketa 18-25 urtetako gizonen artean, nortzuk joanen ziren erabakitzeko. Zorte txarra zutenek bazuten bide legal bat libratzeko, prest zegoen ordezko bat »herriko, probintziako edo lekutako bertze bat» erosten bazuten. Zer erranik ez, familia "onetako" semeek ez zuten soldaduzka egiten.

Sistema haren inguruan, negozioak sortu ziren, hala nola La Amiga de la Juventud (Gazteen Laguna), La Libertadora del Servicio Militar (Zerbitzu Militarraren Askatzailea), El Consuelo de las Familias (Familien Kontsolamendua), eta antzeko izenekoak, esperpento batetik ateratakoak izanen bailiran. Horiezaz gain, Caja de Seguros y Seguro Mutuo de Quintas (Aseguru-Kutxa eta Kintetarako Aseguru-Elkargoa), Empresa de Sustitución de Quintas (Kinta-Ordezkapenerako Enpresa), izen serioagoetako negozioak aipatzen ditu, alegia, Jose Miguel Gastonek, Monarkia eremuan. Adibide zehatz bat jartzera, azkenekoak udalei eta familiei bidaltzen zien bere eskaintza: "1847. eko ekainean, 4.300 errealetako salneurrian eskaintzen zuen ordezko bakoitza. Denboraren poderioz, garestituz joan zen".
Haien antzeko edozein enpresatako "agente komertziala" izanen zen Tafallan zegoena: guardia zibil gaixo harengan aurkitu zuen ordezko merkea, bere "odol zerga" gazte matxinatuei ordaintzerakoan.

Yanguas y Miranda, altzarien salbatzaile?
Bitxia da 1841.eko legeari eman dioten interpretazioa geroko nafar politiko gehienek, bai erregionalistek, bai tankera askotako karlistek, euskal nazionalistek zein sozialistek. "Lege Paktatua"ren kontzeptuari nola eutsi dioten ikusita, edonork erranen luke korronte politiko horiek ontzat eman dutela Lehen Gerra Karlista foruen aldeko eta nafar herriak galduriko gerra bat izan zela. Eta hondamendiaren erdian, hainbat nafarrek, "borondate onekin" batzuen ustez, herriaren beldur bertze batzuen aburuz, foru-etxea gorde -edo erautsi, noren ustez den- ezinean, altzariak gutxienez salbatzea lortu zutela.

Interesatuegia dirudi horrelako ikuspegiak, Aro Modernoko "Foru-itunaren teoriaren" parekoa. Jada XVIII. mendeko azkeneko hamarkadetatik aitzina Ilustrazioak eta liberalismoak bultzatu nahi zuten zentralismo eta monarkiaren uniformetasunaren alde zegoen, nafar Gorteetan ere, talde sozial murritz bat, hain zuzen 1841.eko legea erredaktatuko zuena. Aurrerabidearen izenean, aduanak Pirinioetara eramatea eta maiorazkoen, eliz ondasunen eta herri-lurren merkaturatzea »desamortizazioak» ezinbertzekotzat ikusten zituen talde sozial txiki eta aberats hark. Horixe egin zuten 1841.eko legearen bidez, ukitu detailetsu batekin: asmo ekonomiko haiek aurrera eraman eta arrisku karlista geldiaraziko bazuten, nafarrek lortu behar, foruen gaurkotzearen itxurapean, nolabaiteko autonomia administratiboa, halako moldez non "Nafarroak" berak bildu eta kudeatuko zituen bere zergak eta ondare publikoa, lege zentralen irizpideei jarraikiz beti ere. Yanguas y Miranda Diputazioko Idazkariak idatzi zuen aurreproiektua. Legearen itzalpean, Erribera eta Erdialdeko lurjabe handiek euren produktuei espainiar merkatua irekitzeaz gain, elite urri batek udalen gaineko tutoretza lortu, herri-lurren salmenten erritmoa bere nahierara neurtu eta probintziako errenta publikoak maneiatu ahal izan zituen, apenas inolako kontrol politikorik gabe hainbat eta hainbat hamarkadetan. Erran dezagun, adibidez, 1885.ean oraindik ere zerga-sistema zuzena herriz herri familia kopuruaren gainean zetzala »kapitazio sistema deiturikoa, familien ondasunak funtsean kontuan hartu gabe, hala hola leundu bazuten ere», liberalismoak ezarri nahi zuen ondasunen gainekoari muzin egiten, arazo teknikoak aitzakia.

Etxe zaharreko altzariak salbatu bainoago, beren neurriko etxe berri oso bat eraiki egin zuten ahur bat familiek, Yanguas y Miranda arkitektu politikoa lagun.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Foruen galera
Ez bakerik eta ez forurik Muñagorrirentzat

Eratsun (Nafarroa), 1841eko urriaren 14a. Jose Antonio Muñagorri “Bakea eta Foruak” mugimenduko bultzatzaile nagusia hil zuen Ramon Elorrio Soroeta txapelgorrien tenienteak. Duela 160 urte Euskal Herrian bizi zen giro politikoan barrena bidaiatu dugu.


150 urte Santa Kruz apaiz gerrillaria atxilotu eta... ihes egin zuela

1870eko urriaren 6an guardia zibilak Hernialdera atxilotzera joan zitzaizkionean, sotana kendu eta kaleko arropa jantzi zuen ihes egiteko. Horrekin, gerrillariaren “mitoa” hasi zela diote adituek. Hernialdeko udaletxean erakusketa jarri dute efemeridea probestuz.


Jose Mari Iparragirreren 200. urteurrena
Hamar eszena Iparragirreren 'biopic' bat filmatzeko

200 urte beteko dira abuztuan Jose Mari Iparragirre jaio zenetik eta haren bizitza kontatuko lukeen pelikula biografikorik gabe jarraitzen dugu, biopic baterako materiala soberan dagoen arren: gudari, kantari, seduktorearen historia dago, batetik, heroi nazional bihurtu zen... [+]


Gustave Flaubert Hondarribian
Kostaldeko herri suntsitu baten erretratua, turista berezi baten lumaz

Gustave Flaubertek gaztetan Euskal Herrian egindako bidaia ez da sobera ezaguna euskal irakurleentzat. Idazleak bere obra handiak izkiriatu aurretik, inguru hauetako zenbait herri ezagutu zituen eta hil ondoren publikatutako liburu batean jasota daude haren hainbat inpresio... [+]


'Kontzertismoa', beste behin

140 urte bete dira Kontzertu Ekonomikoa sortu zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Euskal erakundeek garrantzi handiz ospatu dute teorian porrot baten emaitza dena, foruen abolizioaren ondoren, gure burujabetzaren azken hondar gisa hartu izan da zerga sistema berezia.


Eguneraketa berriak daude