Euskal espioien zantzuak


2004ko uztailaren 25ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Espioitza gizakion ezaugarria da. Merkatal harremanak nahiz maitasun kontuak tarteko direlarik elkar zelatatzen dugu gizakiok. Gertaera politikoen atzean estatuko zerbitzu sekretuak omen dabiltza, bestalde. Euskal espioitzaren historian 1936ko aurretiko eta geroztiko garaiak bereizi daitezke. Ordura arte espioi gehienak Espainiako eta Frantziako estatuentzat aritu ziren. 1936ko Gerra Zibilaren ostean, Eusko Jaurlaritzaren lehen euskal agenteak sortu ziren. Funtsean baina, AEBko zerbitzu sekretuen agindupean aritu bide ziren.

SVIPren sorrera Gerra Zibilean

SVIP »Informazio eta Propagandarako Euskal Zerbitzua» deritzana 1936ko abuztuan sortu zen, EAJren eskutik eta BBBko presidente Juan Ajuriagerra eragile nagusia izaki. Ajuriagerrak EBBko eta GBBko presidente Doroteo Ziaurritzen sostengua izan zuen. Euskal zerbitzuaren lehen zeregina Euskadi leialaren eta Euskal Herria kontinentalaren arteko lotura ziurtatzea izan zen. Ipar Euskal Herrian ari ziren agente frankisten kontrola burutzen zuten: "Logikoa denez, lehen agenteak amateurrak ziren: Irungo aduanetan ari ziren Pepe eta Juan Jose Mitxelena eta Gabriel eta Ramon Agesta Irastortza anaiak. Hauekin batera, Pasaiako Candido Etxeberria telegrafista profesionala aritu omen zen", esan digu Koldo San Sebastian kazetariak.

1936ko urriaz geroztik, SVIP delakoa Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzaren eskura pasa zen, Anton Irala idazkari nagusia zelarik. SVIPren arduradun politikoa Jose Maria Lasarte Arana donostiarra izan zen. Abokatua eta diputatua zen Madrilen. Pepe Mitxelena zen operazioen buru. SVIPren antolakuntza hobetuz joan zen eta Periko Beitia, Koki Zarranz eta Pablo Beldarrain »gudarien komandantea» agente berriak bilakatu ziren. Euskal zerbitzua profesionalizatuz joan ahala, bere agenteak Espainiako SIM »Servicio de Información Militar» errepublikarrarekin eta Frantziako Deuxieme Bureau-rekin (DB) jardun ziren.

II. Mundu Gerra

II. Mundu Gerrak eztanda egin zuenean, Espainiako espetxeen eta Iparraldearen arteko lotura lana burutzen zuten SVIPko agenteek; «Alava sarea»ren baitan, bereziki. Italiako Gezi Beltza eta Condor Legioari buruzko informazioa bildu zuten, baita urpekuntzi alemanen baseei buruzkoa ere. «Alava sare»ko agenteak Jose Maria Lasarte Aranaren esanetara aritu ziren Hegoaldean »edo barrualdean», 1940an poliziak sarea desartikulatu zuen arte »1943an, sareari izena eman zion Luis Alava fusilatu zuten.

Naziek Frantzia inbaditu zutenean, SVIPko agente gehienak Gurs-eko kontzentrazio esparruan sartu zituzten. Beste batzuek Ingalaterrara ihes egin zuten. Mitxelena eta Lasarte Iparramerikara joan eta klandestinitatean sartu ziren. Harrezkero, SVIPk Europa eta AEBen arteko harremanak Deuxieme Bureau-ren (DB) bitartez lotu zituen.

1941ean, SVIPen berrantolaketa barrualdean Flavio Ajuriagerraren bitartez burutu zen, Britainiar zerbitzuko Arthur Patrick Dyerrekin kontaktua lortu ondoren. Urte bereko abuztuan, barrualdeko EAJko EBBko Jesus Solaunek, espetxetik atera berri, Pepe Mitxelenarekin hartu zuen berriro kontaktua. 1942ko amaieran, euskal erresistentziako kideen eta AEBetan zeuden iheslarien arteko harremanak egonkortu egin ziren. OSS »CIAren aurretiko agentzia» erakundearekin harremanak Earl Fuller eta James Noelen bidez gauzatu omen ziren. Lehenak Bilboko kontsulatuan ziharduen.

Zerbitzu sekretuak AEBetan

1936tik 1939ra bitartean, Eusko Jaurlaritzak bi ordezkaritza nagusiak sortu zituen New York eta Buenos Airesen. Mexiko, Kuba, Errepublika Dominikarra eta Venezuelan zeuden azpiordezkaritzak. 1941ean, British Security Coordination zeritzana eratu zen New Yorken. OSSeko Bill Ross-Smith agente australiarrak Eusko Jaurlaritzaren ordezkari Manu de la Sotarekin kontaktua bermatu zuen. Ralph Stepenson arduratu zen horretaz, FBIrekin kolaboratzeaz gain, OSSren antolaketan aritu zen W. Donovaren laguntzari esker. Harrez gero, halaber, euskal eta britainiar zerbitzuak elkarrekin hasi ziren kolaboratzen.

1942an, Jose Antonio Agirre lehendakariak, Anton Irala eta J. M. Lasarterekin batera, euskaldunen zerbitzu sekretu propioa eta independentea sortu zuen BSC »Britainia Handiko Zerbitzu Sekretuak» eta OSSen laguntzarekin. Lasarte izan zen lehen arduraduna. Iralak AEBko zerbitzuen ardura hartu zuen eta Ramon de la Sotak Argentinakoena. Ramon de la Sota, Manu de la Sotaren iloba, Marines delakoetan aritu zen. Britainiar eta iparramerikarren X Camp (Kanada) deituan trebatu zen espioitza lanetarako.

1943an, Agirrek Amerika, Europa eta Euskadiko zerbitzu sekretu guztien kontrol politikoa bere gain hartu zuen. Eusko Jaurlaritzaren Kontseilu Ordezkaritza »Erresistentzia Batzordea ere deitua» sortu zen Euskadin. Rezola, Basterra, Zugadi eta Aristizabal ziren kontseiluko presidenteak eta zerbitzu sekretuetako buruak. Erabaki honek erakundearen ardura nagusia izan zuen EAJri protagonismoa kendu omen zion.

1939tik 1946ra bitartean, SVIPren arduradunak AEBan Manu de la Sota eta Anton de Irala izan ziren. Mexikon Jesus Aldamiz-Etxebarria, Telesforo Monzon, Miguel Jose Garmendia eta Jose Luis Irisarri. Kuban Jose Luis Garai. Errepublika Dominikarrean Eusebio Irujo eta Jesus Galindez. Venezuelan Olazabal eta Jose Mari Garate. Txilen Zarranza eta Franco Gorritxo. Uruguain Bingen Ametzaga. Argentinan R. M. Aldasoro, Jose Maria Lasarte eta Ramon de la Sota.

Agirrek ez zuen britainiarrengan konfiantzarik, hala ere: "Britainiarrek Francori joko bikoitza egiten ziotela uste zuen Agirrek. Gainera iparramerikarrek ez bezala, hauek ez zituzten bere agenteen aktibitateen kostuak finantzatzen", esan digu Koldo San Sebastian kazetariak. Iparramerikarrek euskal erresistentzia diruz laguntzen zuten barrualdean. Txomin Letamendi euskal agentea eta bitartekaria Venezuelatik Euskadira diru fondoak zeramatzala atxilotu zuten, torturatu eta hil.

Agirre eta Galindez

Mikel Rodriguez historiagileak honela dio Jose Antonio Agirre lehendakariaz: "Euskal zerbitzu sekretuen bultzatzaile eta buruzagi nagusia izan zen. 1944an Eusko Jaurlaritzak hartu zuen joera ‘antikomunista’ren arduradun nagusia bera izan zen. Sobietar Batasun ohiaren aurkako borrokan, euskal agenteak CIAren alboan aritu ziren". Agirrek Ricardo Nalda agentea »agenteak berak kontatuta omen daki Rodriguezek» Budapest-era bidali zuen CIAren espioitza lanak egitera: "Euskaldunek ez zuten deusik jokoan gerra horretan. Jokoan sartu eta galdu egin zuten, ordea. Washingtonek ez zuen sekula agente euskaldunen lana eskertu. Eusko Jaurlaritza eta EAJ finantzatu baino ez zuten egin. Bere intereserako, jakina".

Euskal agenteen artean Jesus Galindez desagertuaren kasua dago, egundo argitu gabe. Mikel Rodriguez idazlearen ustez, ezin da baieztatu Galindez zerbitzu espainiarrek edo CIAk garbitu zutenik. Galindez iparramerikarren agentea zen eta komunistak zelatatzen espezialdua: "Washington oso pozik zegoen bere lanarekin. Nire ustez, Trujillok hil zuen. Errepublika bananero bateko diktadore bati ezin zaio sasiko seme bat duela esan, eta Galindezek hori esan zion. Horrek markatu zuen bere patua".

Expediente Vasco. CIA y FBI en Euskal Herria liburuaren egile Iñaki Egaña AEBko zerbitzu sekretuen informazioaren arrastoan ibilia da. Galindez aferaren inguruan hiru protagonista nagusi daude, bere ustez: "Trujillo, CIA, eta Francoren zerbitzuak. Galindezen gorpua ez da azaldu eta ez da inoiz azalduko». Hausnarketa gehienak eginak daudela dirudi, hala ere. Liburu honetan, zerbitzu sekretuen inguruan desagertu zen beste ustezko agente baten kasua ere aipatzen da. Manuel de Dios Unanuerena, euskal jatorrikoa eta New Yorkeko kazeta inportante baten zuzendaria. Agente bikoitza izan zela esan da. Iñaki Egañak honela ikusi du afera hau: "Dakigun bakarra da Caliko Kartela eta CIAren arteko loturak aztertzen ari zela akabatu egin zutela 1992an". Caliko Kartelak Manuel de Dios Unanue akabatzea erabaki zuen edo ez, argitzeke dago. Haatik, CIAk zer ikusia izan ote zuen susmoak daude.

Mario Salegi espioia

Mario Salegi II. Mundu Gerran borrokatu zuen euskal espioi bakarrenetariko bat da. Iñaki Egañak bera ezagutzeko parada izan du: "Mario Salegik, garai hartan espioitzan ibilitako beste jende askok bezala, errealitatearen zati bat kontatzen du. Beste zatia berarekin batera joango da hilobira". Iñaki Egaña duela bi hilabete egon zen Mario Salegirekin New Yorken, eta honela esan omen zion Salegiri: "Gauza batzuk kontatu dituzu, baina beste asko isilpean gorde...". Mario Salegik «gerra ondorengo garaia oso latza izan zela eta gauza guztiak ezin direla kontatu» erantzun zion Iñaki Egañari.

Gerra hotzaren amaierak ez ditu espioitza sareak desagerrarazi, hala ere. Espainiako CNIk base bat omen du Gasteizen eta azpiordezkaritzak Donostian, Iruñean eta Bilbon. Ertzaintza sortu zuen nukleoa Eusko Jaurlaritzaren antzinako zerbitzu sekretuetan jardun zutenen ondorengoak omen ziren. Ertzaintza sortuz geroztik, Espainiako eta Frantziako zerbitzu sekretuak ziur bere gainean daudela. Baita gure inguruan ere bai. Azti ibili, beraz, espioiak guztion urratsen atzean dabiltza-eta.

Mikel Rodriguez, Espías Vascos liburuaren egilea: «Espioi liluragarriena eta literaturarako iradokitzailea Marga d"Andurain izan zen»

Zein dira espioi baten ezaugarriak?
Denetarik dago, futbol talde orekatu batean bezala. Jokaldi apartak egiten dituzten izarrak eta lan gogorra egiten duten peoiak daude. Izan ere, femme fatale espioiaren figura edota enbaxadetan kodigoak lapurtzen dituzten espezialisten ondoan, informazioa bildu eta aztertzen duten espioien lana dago. Hauek ez dira ikusgarriak, baina zortzi ordu ematen dituzte egunero prentsa eta txostenak irakurtzen. Dokumentazio biltzaileak eta akziozko espioiak daude, beraz.

Nor nabarmenduko zenuke euskal espioien historian?
Emakumeak bereziki, beren historia gizonezkoena baino ilunago pasa izan delako-edo. Gerra Zibilean espainiar militarrek Bizkaia konkistatu zutenean eta Eusko Jaurlaritzaren espioitza sarea berrantolatu behar izan zenean, gizonezkoek uko egin zioten lan horri. Lau izan ziren sarearen oinarria ehundu zutenak: Tere Verdes, Delia Lauroba, Bitxori Etxeberria eta Itziar Mujika. 1941ean, sarea desartikulatu zenean heriotz zigorrera kondenatu zituzten.
Euskal emakumeari buruzko topikoak hausten dituzten hainbat pasadizo badaude gainera: II. Mundu Gerran alemanek Royal Navy delakoaren sekretuak iradokiko zituen seduzitzaile bat bilatu zuten, baina ez zuten Moulin Rougeko, Karibeko dantzari bat edota kondesa errusiar bat bilatu, Bilboko Botxoko dantzari bat baizik: Aurora de Bilbao.
Espioi liluragarriena eta literaturarako iradokitzailea Marga d'Andurain izan zen, hala ere »bere etxea Zuberoa eta Baxenafarroako mugan dago». Ekialde, Europa eta Afrikan ibili zen XX. mendearen lehen erdian. La Mecan sartzen saiatu zen lehen emakume espioia dugu. Interpolek lehen etsai publikotzat jo zuen. Ramona de Arregi, Erronkariko Gabriela, Maurina Aldekoa dira historiako beste euskal espioi ospetsu eta saiatuak.

Espioitzan zure arreta bereganatu duen zerbait?
Gauza askok. Adibidez, espioitza eta euskararen arteko harremana. Simancaseko Gerra artxiboan XVI. mendeko txosten asko dago, horietako batzuk Biarnoko espioiei buruzkoak. Felipe II. Erregearen agenteek gaztelaniaz jakin arren, txostenak euskaraz bidaltzen zituzten. XVIII. mendean, Carlos III.ren agenteek euskara kode sekretu gisa zerabilten. Euskarazko hitzak zerabiltzaten, toponimoak zirelakoan, baita izen propioak alemanezko eskutitzen artean ere. II. Mundu Gerran, AEBetako Marinetako Transmisio taldeko euskaldunek japoniarrak zoratu zituzten euskara zela medio. Jose Maria Aznarren aitonak FBIk bere telefono deiak kontrolatzen zituela sumatzen zuelarik, euskaraz aritzen zen. Alferrik ordea, FBIn euskaldunak bazeuden-eta.

Euskal espioien hainbat jarduera (1939-1947)
AEBetan. Latinoamerikako mundu katolikoan propaganda lana burutu zuten. Bertan, ideia nazi-faxistak oso hedatuta zeuden Consejo de la Hispanidad »frankisten eta falangisten habia» delakoaren baitan. Euskal agenteak Latinoamerikako bulego belgikarrekin aritu ziren batez ere. Halaber, bandera espainola zeramaten ontzien kontrabandoa -diamanteak, platinoa, kokaina...- kontrolatu zuten. Inguru haietan, frankismoaren diplomatikoak mugitzen ziren, horietako asko euskaldun jatorrikokak: Churruca »Peruko enbaxadorea eta Hernaniko Zabalaga etxaldearen jabea, egun Chillida Leku dena», Lojendi, Dangroniz...
Itsasontzi haietan bidaiatzen zuten agente falangista eta nazien segimendua eta kontrola burutu zuten, baita haien espioitzaren kontrako sabotajeak egin ere. II. Mundu Gerra amaitu ostean eta gerra hotza hasi zenean, exiliatu nazi eta komunisten kontrola burutu zuten. Euskal erbesteratu gehienak, sozialistak barne, militante antikomunistak omen ziren.

Europa eta Euskadin. Militarren informazioa eskuratzen eta merkataritza kontrolatzen jardun zuten. Muga-pasabideak zelatatzeaz batera, mugako kontrabandoa babesten zuten. Frantzian sartu zituzten milioi bat libera frantsesen operazioan parte hartu zuten. Gerra amaitu ostean, ekintza honek gorabehera handiak eragin zituen Frantziako Ogasunean. Operazio honetako arduraduna Matias Anoz izan zen. Iruñeko Casa Marcelinoren jabea eta kontrabandista ospetsua. Beste operazio batean, Manolo Zulaika euskal agenteak pintore flamenkoen margoak aurkitu zituen Bilboko depositu frankoan. Gerora, Goering konpainiaren bitartez AEBra bidali zituzten.

Agenteak eta alderdi politikoak. Gerra Zibilean eta II. Mundu Gerran aritutako SVIPko »Informazio eta Propagandarako Euskal Zerbitzua» agente eta espioi gehienak jeltzaleak ziren. Hala ere, Aldasoro errepublikarra, Manu de la Sota Jagi-Jagikoa, ANV-EAEko eta ELAko Basterra eta PSOEko Andres Prieto agentea ere nabarmendu ziren. Hauen artean, New Yorken bizi den Mario Salegik ospe handia hartu du azken urteetan. Mario Salegi talde multinazional berezietako kidea izan zen, eta Grezia eta Italian komunisten aurka borrokatu zuen.

Urtubia espioiaren mezua
Urtubia espioi andereak »Felipe II.aren agentea eta Biarnoko Liga Katolikoko kidea», duela 400 urte flota ingelesaren mugimenduez igorritako mezua:
"Jauna: erezebitou dout zure senoriaren carta conserba ordenariocouequin batean, non ezcouac apazen baitizquizut mila bider nitzas douen couidadoas. Nic escribiteus geros emen dabilan beria da armadaren erdia jouan dela Indietaco flotaren bidera eta beste erdia Barzalonara jouan dela. Besteric es ta dino denic gastigazera zure senoriary eta gledizen nais serbizari humblea".


Azkenak
Konstituzioa aldatu eta betiereko presidente bihurtzeko ateak zabaldu ditu Nayib Bukelek

Bigarren aldiz da El Salvadorko presidente Bukele, konstituzioak legegintzaldi bat baino gehiagoz presidente izatea debekatzen badu ere. Orain, konstituzioa aldatu eta nahi beste aldiz hautatu dezakete presidentea.


20.000 sinadura bildu dituzte txosnak Euskal Herriko ondare immaterial izendatzeko

Gasteizen igandean eginiko agerraldian, Txosnak. Gureak, denonak dinamikako kideek gaitzetsi dute txosnak ez direla enpresen gisara tratatu behar: "Gure ospakizunak edukiz hustu nahi dituztenen kontra, konpromisoaren, aniztasunaren eta autogestioaren alde egiten... [+]


Sarek eta Etxeratek mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko 11 hondartzatan

Urtero legez, hitzordua izan dute igandean Sare eta Etxerat elkarteek Hego Euskal Herriko 11 hondartzatan. Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzearen aldeko aldarriak egin dituzte. 


NBEren Segurtasun Kontseilua Gazan bahituta dauden israeldarrez mintzatuko da asteartean

Bahituen "egoera larriaz" eztabaidatuko dute biltzarrean egongo diren herrialdeek, Danny Danon Israelek Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadorearen arabera. Hamasek adierazi du bahituek osasun arreta jasoko dutela baldin eta Israelek Gazara laguntza humanitarioa... [+]


AEBn euskararen irakaskuntza bultzatzeko akordioa sinatu dute Etxepare Euskal Institutuak eta NABOk

Euskal diasporaren Boiseko Jaialdiaren testuinguruan, Etxepare Euskal Institutuak eta AEBetako euskal erakunde NABOk euskararen irakaskuntza sustatzeko akordioa sinatu dute. Hori horrela, AEBetako Euskal Etxeek euskara "sustatuko eta trinkotuko" dute, eta Jaurlaritzak... [+]


2025-08-04 | Behe Banda
Kale estuak dituzten hiriak

Etxe pareko lokala itxita, obretan, zerbait berria irekiko dutelako susmoa. Ez da izanen mertzeria bat, ez eta loradenda bat. Kasurik onenean taberna bat, ohikoa, auzokoa, eta txarrenean gastrobarra edo specialty cafe bat. Ez duzu dirurik bost euroko kafea erosteko. Ez duzu... [+]


Turismoaren negozioaren aurka mobilizatu dira Zarautzen

"Gure herria izugarrizko irabazi-iturria da turismotik negozioa egiten dutenentzat. Bertako langileok, berriz, horren albo-kalteak jasaten ditugu: miseria eta esplotazioa", seinalatu dute mobilizazioa deitu duten Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu... [+]


Requiem batekin abiatzea?

Zer: “Requiem (s)”. Ballet Preljocaj.
Koreografia: Angelin Preljocaj.
Eszenografia: Adrien Chalgard.
Argiztapena: Éric Soyer.
Jantziak: Eleonora Peronetti.
Bideoak: Nicolas Clauss.
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.
Data: abuztuaren... [+]


Fusilatutako bi pertsonaren gorpuzkiak atera dituzte Muniainen

Gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik atera ahal izateko ezinbestekoa izan da Gesalaz Muniango bi bizilagunen testigantza: Lucio eta Domingo Zabalza anaiek adierazi zuten, haur zirela, hainbat pertsona lurperatu zituztela leku horretan Guesalazko haranean, herri horretako... [+]


2025-08-04 | Gedar
“Sinpatiaren Festak” Lizarran: erasoak Bajadika alternatiboari

Ukabilkadak, bultzadak, blokeoa, izotz jaurtiketak eta abar jasan behar izan dituzte Bajadika aldarrikatzailea egin duten pertsonek.


HAMABI URTEZ ETXEA EZKUTALEKU
“Zorte asko ukan dugu, eta bizitza interesgarria”

Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]


Auzo ibilbideak (V)
Baiona Ttipia: babes eta arnasgune

Ibilbideen serie honetako ezberdinena dirudike Baiona Ttipiak, bere antzinako eraikinei beha jarriz gero: ez blokerik, ez adreilurik, ez maldarik.... herrixkatxo lasai bat da. Aitzitik, Errobi ondoko auzo honen historian barrena eginez gero, konturatuko gara borroka politiko... [+]


Auzo ibilbideak (IV)
Adurtza: adreiluzko itsasoa

Kostako zaizu Adurtza baino auzo zaharragorik aurkitzea Euskal Herrian: aurten 1.000 urte bete ditu, Donemiliagako Goldea dokumentuan ageri denez (ikusi Gakoak honetan Josu Narbartek idatzitako erreportajea horri buruz), eta merezi bezala ospatu dute bertan bizi direnek. Baina... [+]


Auzo ibilbideak (III)
Txantrea: konfliktiboa, eta zer!

Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]


Auzo ibilbideak (II)
Egia: aldapa alai bat

Donostiako hirigunetik Urumeak banandua, nekazaritza eremu zabala zen Egia: Nabarrizene, Txurkoene, Mikelaene, Polloene...  70 baserri baino gehiago zeudela uste da. Trenbidearen etorrerak beste destino petral bat ekarri zien lur horiei, ordea: zerbitzuetarako eta... [+]


Eguneraketa berriak daude