Argitalpenak


2004ko maiatzaren 23an

Lore-koroa neure herriari
Andolin Eguzkitza
Santurtziko Udala
39 orrialde


Andolin Eguzkitzaren olerkiak

Santurtziko udal liburutegi sareak Liburuaren Eguna ospatzeko kaleratutako liburuxka dugu Lore-koroa neure herriari, pasa den martxoaren 24an zendu zen Andolin Eguzkitza bertako semearen zenbait poema euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dituen argitalpena. Andolin Eguzkitzak mundu zabaletik ibili zenean ikusitako tokien eta pertsonen gaineko poesia hauek Xabier Kintanaren hitzaurrea daramate. Olerkaria irakurlea gertaeren leku eta giroan kokatzen saiatzen den arren, berak ezagututako pertsonak ditu bereziki poesiagai, eta gizakiaren eta giza sentimenduen presentzia guztiz nabarmena da poemetan: maitasuna bezala dolua, herrimina bezala ahanztura eta are haustura, eta guztien gainetik adiskidetasuna islatzen dute.

Hegaztien migrazioak
Jon Larrañaga
Elhuyar
175 orrialde
13,52 euro

CAF-Elhuyar zientzia dibulgazio saria jasotako ikerketa

CAF enpresak eta Elhuyar Fundazioak antolatutako zientzia dibulgazioko saria eskuratu zuen Jon Larrañagak 1996an, hegaztien urteroko migrazioen zergatiak bere konplexutasunean aztertzen dituen lan honekin. 9.000 hegazti espezie inguru bizi omen dira munduan, eta horien erdiak migratu egiten du. Zein ote da horretara bultzatzen dituen arrazoi indartsua? Migrazioak ikertzeko dauden metodoak, migrazio motak, migrazio norabideak eta migrazio bideak, nola migratu, migratzeko prestatutako gorputza, bidaiarako prestakizunak, orientazioa eta nabigazioa, hegaztien sentimenak eta hegazti migratzaileen kontserbazio arazoak dauzka, zentzu zabalean eduki, Jon Larrañagaren ikerketa interesgarri honek.

Garmendia eta zaldun beltza
Kirmen Uribe, Mikel Valverde
Elkar
96 orrialde
9,35 euro


Garmendia izeneko pistolaria

Sekula inor tirokatu zuenik seguru ez bada ere, dozenaka hildako egozten zizkioten behintzat Billy mutikoa eta Jesse James pistolariak bezain ezaguna izan zen Garmendia ondarrutarrari, XIX. mendearen hondarretan, Ipar Ameriketako Mendebal Urrunean. Hala kontatzen du Kirmen Uribek, Mikel Valverdek eginiko marrazkien laguntzaz, Garmendia eta zaldun beltza liburuan. Artzain gisa ibilitako gizon kankailua zen Garmendia, ehun eta hogei kilotik gorakoa, lotsatia izateaz gain ingelesez ia ez zekiena, eta jendeak mesfidati begiratzen zion. Halako batean, artzain odolzalea zela zabaldu zen. Zorionez, lagun onak ere bazituen Garmendiak, eskuineko sorbaldan zeraman txepetxa, kasu, eta baita Amalio mexikarra eta urkabetik salbatu zuen Fanny ere.

BAT
Soziolinguis-tika aldizkaria
Batzuen artean
Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen
186 orrialde
10 euro

BATek dagoeneko 15 urte

Hizkuntza normalkuntza eta glotopolitika lantzen dituen BAT aldizkariak dagoeneko 15 urte bete ditu, eta jakina, pozik ageri dira bere arduradunak. Zenbaki honetan, Euskararen egoera unibertsitateetan hartu dute dosierraren gaitzat, EHUk, Mondragon Unibertsitateak, Deustukoak, Nafarroako unibertsitate publikoak eta pribatuak, Baionako unibertsitate publikoak eta Udako Euskal Unibertsitateak dauzkaten hizkuntz politikak aztertuz. Euskal unibertsitate legeaz ere badihardute, unibertsitario euskaldunen egoera zailaz bezala, eta STEE-EILAS, LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariei egiten zaie gaiaz elkarrizketa. Gainera, Irakasle-antolakuntza propioa Euskal Unibertsitatean daukate hizpide J. Zalakain, J. R. Etxeberria eta N. Xamardo irakasle kaleratuek.


Joxe Miel Iztueta Lazkao Txikirekin
Asier Legarreta
Mungiako Udala
64 orrialde
5 euro

Lazkao Txikiren azken bertso afaria

Mungiako Udala, Mungia Euskaldunduz eta Taket Mungiako Bertsolari Alkartea lagun, Asier Legarretak Lazkao Txikiren heriotzaren hamargarren urteurrenean plazaratutako lan honen izenburu zehatza Joxe Miel Iztueta ‘Lazkao Txiki’rekin. Azken afaria.(1993-I-15 Mungian) da, eta gau gogoangarri hartan Mungian tabernaz taberna eta Bataklan txokoan antolatutako bertso afarian Lazkao Txikik, Mañukortak eta Lopategik kantatutako bertsoak jasotzen ditu, bertsolarien eta entzuleen arteko giroa erakusten duten argazkiez lagundurik. Gau ahaztezina benetan, handik astebetera Lazkao Txiki ospitaleratu baitzuten eta, beraz, hau izan zen bere azken bertso afaria.

Ustez aitona
Paloma Bordons
Giltza
118 orrialde
6,30 euro

Edebé haur literatura sariko irabazlea euskaraz

Idoia Gilleneak euskaratu eta Francesc Rovirak irudiztatu duen Paloma Bordonsen Mi abuelo el Presunto idazlan umoretsu bezain samurrak irabazi zuen Edebé haur literatura saria. Bederatzitik gora urte daukaten irakurleei zuzenduta dago, eta bere bizitza osoan ezagutu ez duen aitona etxera bizitzera datorkionean neskatila baten burutik pasatzen diren susmo txar guztien berri ematen du. Neskak ukitzerik ez duen maleta beltz bat ere badu, gainera, agureak. Han ezkutatuko ote du metraileta?

Arbelaren gainean
Xabier Mendiguren Elizegi
Elkar
158 or. / 11,80 euro

Mendiguren Elizegiren amaren aldekoak

Bere aitaren familia eta Beasain Errekarteko koadernoan bezala, amaren aldekoak eta Itsasondo ditu Xabier Mendiguren Elizegik bere gogoeten eta oroimenen iturri Arbelaren gainean deituriko lanean, XX. mende osoan zehar egiten duen ibilbidean. Jexux Lete Sarasola Ibai-Ertz idazletik hasiz, bere buruaz beste egindako Lotsati olerkari gaztearekin segituz, Itsasondok meatze leku gisa izandako iraganean murgilduz aurkezten digu egileak bere amaren familia. Izan ere, arbelezkoa zen Itsasondoko lurpe gehiena, eta arbela ateratzeari ekin zitzaionean Sarasola familiaren esku zegoen hortik irabaziak ateratzen zituzten bi enpresetatik handiena. Sarasola horietakoa zen Xabier Mendiguren Elizegiren amona Maria, familiako aberastasunetik usaina baino jaso ez zuen arren. Bere senarrak silikosia harrapatu zuen besteentzat lan eginez, eta alaba ere »alegia, Mendiguren Elizegiren ama» arbelgintzan ibili zen hamalau urtetik ezkondu arte, soldata miseriazkoa kobratuz. Nolanahi ere, lehengusu asko zituen amona Mariak, haien artean 1931n Ezkion Ama Birjina ikusi zutenetako bat, askoren ustez ikuslerik sinesgarriena zena.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude