Ihesi: Lapurdiko sorginen mendira 80 urteko lehensugean

  • Igoera ezberdin bezain erakargarriak egon badira Lapurdi eta Nafarroa arteko mendi ospetsu honetara iristeko, oraingoan Azkaine eta Sara arteko San Ignazio lepotik igotzen den tren ttipia aukeratzea zilegi iruditu zaigu, orain dela 80 urte bere lehen bidaia egin zuela gogora ekartzeko. Ziur gaude hobe dela bisitarien kopurua kontrolatzen duen tren txiki bat, gailurreraino iristen den autoentzako pista irekia baino. Jeitsiera, aldiz, oinez eginen dugu, Larrungo zonbait bazter zoragarri ezagutzeko asmoz, Iturriederko zohikaztegia, Gorostiarriako harrespilak edota Koralhandiako gotorlekua, esaterako.

2004ko maiatzaren 16an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ibilgailua San Ignazioko lepoko dohaineko aparkalekuan utzi ondoren, beste bisitariekin batera trenaren zain gaude. 169 metrora dago lepoa eta bertatik ateratzen da burdin bidea Larrungo gailurraren 905 metroen bila. Bidea, ordea, 887 metroko alturan bukatuko da, 1980an hustu zen aduanako postu zaharraren ondoan hain zuzen ere. Bitartean, trenak 4,2 kilometro zeharkatuko ditu 8 kilometro orduko abiaduran. Abiadura lasai honek inguruaz gozatzeko aizina emango digu, hasierako patarrari ekiten diogun bitartean. Altxanga eta Sualaren arteko lepora iritsirik, Sara aldera jausten den ibarñoa behean ikusiko dugu, Larrungo tontorra eta hango erainkuntzak begibistan gelditzen zaizkigularik. Athekaleungo gandor bortitzak lagun izango ditugu Altxangako hegoaldeko mazela zeharkatzen dugun heinean. Inguru honetan ugari dira bertako pottokak.

Iturriederrako hegoaldeko lepoak sortzen duen lautadatxoa iragan ondoren, berriro aldapa igotzen hasiko gara, etengabe oraingoan, eta bi bihurgune zabalen ondoren trenak zuzen joko du Larrungo gailurreraino. Behin tontorrean, trenetik jeisterakoan bisitari ugariak saihestu beharko ditugu Larrunek eskaintzen digun ikusmira ederraz gozatzen ahal izateko. Hala ere, ez dago bildurrik, edonora begiratuta ere paisaje zoragarria ezagutuko baitugu. Eskailera batzuek eramango gaituzte orientazio mahaia dagoen puntu gorenera. Hementxe zegoen garai batean inguru guztian hain ezaguna zen ermita, eta bertara etortzen zen jendea erromerian Mendekosteko Pazkoaren bigarren egunean. Honaino heltzen ziren Bera, Sara eta Azkaineko biztanleak, baita Biriatu, Hendaia, Urruña, Ainhoa eta Lesakakoak ere.

Sonatua izan zen Eugenia de Montijo enperatrizak mendi honi egindako bisita. Hura zela eta lautadako inguru osoko jendea etorri zen bertan ospatu omen zen festa handira. 1859. irailaren 30eko hartan egindako bisitaldi haren oroigarri, oraindik ere hor dira monumentu baten hondarrak .Bertako bentaren batean edo gure kabuz hamaiketakoa egin edo bazkaldu ondoren, jaitsierako bide malkartsua hartuko dugu tentu handiz, harritza baita.

Ikean behera 300 metro eman ondoren, Iturrederreko mendebaldeko lepora iritsiko gara. Bertan banatzen dira Urruña eta Azkainera jausten diren bideak, modu nabarmenez seinalizaturik topatuko ditugun panoen bidez. Lepo ezagun honetatik GR 10 izeneko ibilbide luzea iragaiten da. Ekialdeko norabidea hartuz, ibilbide luze hori jarraituko dugu metro eskas batzutan, Iturrederrako zohikaztegiraino hain zuzen ere.

Larrungo gailurretik iparralderantz jaisten diren mendi-lepoetan, nolabaiteko horizontaltasuna duten lur iragangaitzetan eta iraun egiten duten putzuetan eratzen da Iturrederreko zohikaztegi txikia. Goroldioa eta putzuetara eta tenperatura baxuetara bereziki egokiturik dauden bestelako landareak ugaltzen dira. Esfagnoa izaten da nagusi goroldioe artean, poliki-poliki bertikalean hazten den espeziea. Beheko aldeak trinkotu egiten dira, materia organikozko geruza osaturik, eta urak eta hotzak mugak jartzen dituzte, nekez biziko direlarik bertan ornogabeak eta deskonposizioa eragiten duten mikroorganismoak. Sakonean behin gogortzen denean, zohikatz bihurtuko da, berotzeko gaitasun txikia duen landare-ikatza, batez ere lorezaintzan erabiltzen dena.

Zohikaztegia oso interesgarria da ezaugarri bereziak dituelako eta ingurune anitza duelako. Oso habitat egokia da anfibio eta narrastientzat: arrabioa, basoigel gorria, sugandila bizierrulea (Larceta viva-para) eta suge gorbataduna (Natrix natrix), besteak beste.

Iturrederra zeharkaturik, Altxanga muinoko mendebala zeharkatzen duen bidea hartuko dugu. Pistaren eskuinean dauden haitzen gibelean zabaltzen da Gorostiarria izeneko zelaia, historiaurreko hilerria gordetzen duena, hain zuzen ere. Gutxienez Burdin Aroko bederatzi harrespil edo baratz eraiki zituzten K.a. lehenengo milurtean Larrunen bizi ziren artzainek. Ehorzketa oroitarri hauek leku paregabean kokaturik daude, alde batetik kostaldera irekitzen den paisajea menperatuz eta beste aldetik, Larrun mendiaren babesean. Baratz handienaren harririk altuena ekialdeari begira dago, eguzkia ateratzen den aldera, beraz.

Gure arbasoen hilerri zaharra bisitatu ondoren, Altxanga muinoko ipar mazela zeharkatuko dugu ekialderantz, Koralhandia banatzen duen lepora iristeko. Koralhandiako muinoak gotorleku zahar baten hondarrak gordetzen ditu. Oraindik ikusten dira bertako hormatzarrak, Napoleon garaian eraikitakoak ziur aski.

Gotorlekutik Aniotzbehereko bordara zuzen jeitsiko gara ote altuen artean eta Galardiko erreka iragan ondoren, burdin bidearen ondotik ibiliko gara aparkalekuraino iritsi arte.

Kantauria, Pirinioak, Landak
Larrundik zoin den eder,
Goiz egun xurian
Eguzki altxatzea
Distira guzian!
Ikhusten dire urak
Zilhar idurian,
Hainbertze herri xuri,
Haranen erdian.
Oi! Zer begien besta
Larrungo mendian!


Bertso zahar eta esanguratsu honen bidez adierazi zuen Agustin Etcheverryk Larrun mendiak eskaintzen duen ikusmira, Saran 1878an egin ziren lore jokoetan edo baita koplari guduak bezala deituriko bertso saioetan ere. Harrezkero, mende bat baino gehiago iragan bada ere, han goitik ikusten den panoramak "begien besta" bertsua jarraitzen du izaten Larrungo mendira iganen denarentzat.
Kantauritik Pirinioetaraino, Bizkaiko mendietatik Landetaraino, ia Euskal Herriko zatirik handiena geratzen da mendi honen begiradapean. Hodeiertza bikaina da, Piriniotako gailurren artean ikuspegi zabalenetariko bat izanik. Bertatik ikusten diren gailurrek inguratzen dute zirkuluerdiak eginez, elurtutako Pirinio urrunetatik hasita Kantaurialdeko beterri leuneraino. Hortik aitzina, mugagabeko itsasoa soilik da dagoeneko uhartzea. Sara, Ezpeleta, Donibane Lohitzune, Azkaine eta beste hainbat herri lapurtar geratzen dira gure oinpean, Baionako katedralak begi kliska egiten digun bitartean. Hurbil dira ere Bidasoako bokale inguruan biltzen diren Irun eta Hondarribia herriak, Jaizkibel eta Aiako Harriaren mutur beltzen magaletan. Nafarroa aldean, Bidasoa ibaia luzatzen da Baztandik Bortzirietaraino, hor behean Bera herria Larrunen babesean gelditzen delarik. Egun aratzetan askoz gehiago ikusiko duzue araiz. Goza dezagun, beraz, Larrunek oparitutako besta honetaz.

Larrun gainean sorginen dantza
Gaur egun burdinezko lehensugea egunero Larrungo gailurrera igotzen bada, behiala benetako lehensugea mendiaren azpian bizi zen, eta lur azpiko suarekin helikatzen zen. Behin, gailurrean bizi zen artzaina lautadako neska eder batekin maitemindu zen, baina honek urrea eta zilarra eskatu zizkion berarekin mendialdera joateko baldintza gisa. Artzain txiroak, atsekabeturik, Deabruarekin hitzarmena egin zuen, bere arima eskainiz urrea eta zilarraren truke. Deabruak mendiko basoei sua emateko agindu zion eta artzainak horrela egin zuen hego haize gau batean. Larrun sutontzi erraldoi bilakatu zen eta haren sugarrek izarrak ere lamikatzen zituzten. Lehensugea, suarekin iratzarririk, mendiak gordetzen zuen urre eta zilar guztia bere zazpi ahoetatik jaurtitzen hasi zen. Hura ikusirik baina bere maitaleak itsuturik, artzaina urreari oldartu zitzaion, eta erabat kiskaldu zen. Halabeharrez, orain dela gutxi arte Larrun mendia erabat irekia eta zuhaitzik gabe mantendu da. Baina horren errua aintzinetik dator, mendi hau alaleku gisa erabili zuten aurrehistoriako artzainen eskutik, ziur aski. Udazkeneko hego haize egunetan larreak sortu asmoz mendiari sua emateaz gain, neolito, brontze eta burdin aroko artzainek megalito ugari eraiki zituzten Larrungo bazter askotan, gaur egun haietako asko desagertuta eta gelditzen direnak aurri bizian daudelarik. Hala ere, nabarmentzekoak dira Gorostiarria, Zikuitz eta Fagako Errekako baratzeak eta trikuharrien artean Ihizelaia, Gastenbakarre, Androla, Argibel, Xoldorixko, Altsaan, Deskarga, Behot Zelai, Harrixabale eta Ameztiako oroitarriak.
Etorri berria zen erlijio kristaua saiatu zen behialako sinismenen oroitzapenak ezabatzen eta horrela zenbait ermita eraiki zituzten Larrungo mendian. Itxura denez, dagoeneko XVI. mendean ba omen zegoen Larrungo gailurrean Izpiritu Santuari eskainitako ermita bat. Bere kokapenagatik, eraikuntza honek jasan behar izan zituen naturaren eraso bortitzak, eta ezin izan zuen isilduarazi berari buruz sortu ziren esames eta kondaira ugariak: jendearen ustez inguru haietan ba omen ziren sorginak, akelarreak eta suge erraldoiak, desagertu nahi ez zuen euskal mitologiaren ondorioz.
Esames hauengatik guztiengatik kezkatuta, Enrique IV. Frantziako Erregeak Pierre de Lancre ospetsua izendatu zuen sorginkeria erreprimitzeko inkisidore lanetarako. De Lancreren eromenaren ondorioz, Lapurdiko 600 lagun inguru erre zituzten herrietako plazetan. Gizagaixo hauei galdetzen zienean akelarretara joateko zioaz, soilik dantzatzera joaten zirela ihardesten zuten.

Tren ttipia: mende bat gora eta behera
Larrungo tren ttipiak 80 urte beteko ditu aurten, 1924. urtean gailurrera igotzeari ekin zionetik. Azpiegitura honen eraikuntza, aldiz, 1912. urtean hasi zen Midi Departamenduko trenbidearen konpainiaren eskutik, baina Lehen Mundu Gerrak geldiagotu zituen lanak. Azkenean, 12 urte beranduago, 1924ko ekainaren 30ean gailurrera iristen zen burdin-bidea ireki zen. Geroztik, martxotik azarora arte urtero egon da irekita, milaka bisitari gailurreraino eramanez. Neguan, Baionako Barland entrepresaren egoitzetara eramaten da, mantenu lanak egitera. Lan hauek parkearen lau ibilgailuetan egiten dira eta haietako bi 1996an eraiki ziren. Bi ibilgailu berri hauek eraikitzeko garaiko materialak erabili dira. Horretarako, Barland entrepresa eta Azkaingo Tellechea zurgindegia jatorrizkoen antzekoak izateaz arduratu ziren. Azkaindarrek XX. mendearen hasieran erabilitako zuhaitzen egur berbera bilatu zuten: Pirinioetako izeia, Landetako pinua eta gaztainondoa sabaia, lurra eta estaldura egiteko. Oholtzarako Afrikatik ekarritako siroko izeneko egur exotikoa erabili zen.
Azterketen ondoren, trenak San Ignazio lepoko garajeetara itzultzen dira, eta bertan eserlekuak eta egurrezko estaldura guztiak berniztatzen dira. Horrela, dena prest egoten da denboraldi berria irekitzeko.

Datu praktikoak:

Martxotik azarora arte egunero irekita (Martxoaren 19tik apirilaren 5era arte eta urritik azaroaren 11ra arte, astelehen eta ostegunetan itxita). Azaroaren 11tik martxoaren 18ra arte itxita.

Goizeko 9:00etan irekitzen da (udan 8:30tan eta 35 minutuero).

Eguraldi txarra eginez gero, irtera goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 15:00etan ziurtatzen da.

Bisita denbora

Bisita denbora ordu eta erdikoa izaten da.

Prezioak:

Helduen joan-etorria 11 euro eta joatea soilik 9 euro.
Gazteen (4 urtetik 10 urte bitartean) joan-etorria 6,50 euro eta joatea soilik 5,50 euro.
4 urtetik beherakoentzat dohainik.
Telefonoa: 05 59 47 51 16 Fax: 05 59 47 50 76
Web gunea: www.rhune.com


Azkenak
Espainiako Gobernua Kanarietan dauden 827 asilo eskatzaile lekualdatzen hasi da

Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak... [+]


Getariako Salbatore jaietan emakume baten aurkako “eraso larri” bat salatu, eta egitaraua bertan behera utzi dute

Getariako txosnagunean eta Aian egin dute elkarretaratze isila. Jai batzordeak txosnak itxi zituen.


Gizon bat atxilotu dute Erriberagoitian beste bat hiltzea leporatuta

Gizona Bilorian (Araba) hil dute, ustezko hiltzailea atxilotu dute Añanan (Araba).  


Al Jazeerako bost kazetari hil ditu Israelek

Hildako kazetarietako bat Anas al-Sharif da, palestinarren genozidioa zerrendatik kontatzen dutenen artean ezagunenetako bat. Al Jazeera hedabideak adierazi du Israel errudun dela Gazako sarraskia barnetik azaleratzen duten kazetariak nahita hiltzeagatik, eta horrela sarraskia... [+]


Zarrakazteluko sutea kontrolatzeko lanetan jarraitzen dute suhiltzaileek

Larunbat gauean hasi zen sutea Zarrakaztelu eta Figerol lotzen dituen errepideko pinudi batean. Herritarrentzat arriskurik ez dago momentuz, gobernuak adierazi duenez. Gizakiek eragindako sutea dela jakinarazi du gobernuak.


Emakumeak gizonenak ziren lekuak hartzen

Bizikleta hartu eta errepidera ateratzeko gogoa. Olatu gainean surf egiteak zein sentsazio eragiten duen probatzeko irrika. Mendirik mendi ibiltzearen plazera sentitzea. Mendian, hainbestean, baina emakumeak ez du erraza izan gizonenak izan diren kirol eremuetan sartzea... [+]


2025-08-11 | ARGIA
Editoriala
Hartu edo utzi

Okindegiko ilaran, bi emakume. Itxuraz erdi-ezagunak, hitz egiteko duten moduagatik. Pareko egunkaria hartzeko keinua egin du bietan zaharrena dirudienak, eta zera esan dio besteari: “Dauden albisteekin, agian gaur nahiago izango dut animalien dokumental bat ipini”... [+]


“Gaza militarki okupatzeko plana berehala gelditu behar du Netanyahuk”, esan du nazioarteak

Ostiral goizeko albisteak erreakzio ugari piztu ditu Israelen zein nazioartean. Aurka agertu dira Israelgo bahituen familiak eta NBE. Alemaniak, Israelen aliatu tradizionalak, armak saltzeari utziko diola jakinarazi du.


Pazienteek 25 egun itxaron behar dituzte, batez beste, Osasun Mentaleko Zentruetan arta jasotzeko

25,6 eguneko batez besteko itxaron zerrendak daude Osakidetzako Osasun Mentaleko Zentruetan. Larrialdi kasuetan, aldiz, 24 eta 72 ordu arteko itxaronaldiak daude. 


Non dago Maider?

Lau hilabete daramatzagu greba mugagabean, hitzarmen propio baten eta lan-baldintza duinen alde. Lau hilabeteko greba honetan, udaltzainek piketeetan bortizkeriaz zapaldu gaituzte, hirian jarraitzen gaituzten eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzten polizia... [+]


Oñatiko egoitza batera mugituko dituzte Donostian kale egoeran bizi ziren migratzaile maliarrak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Oñatiko Arantzazu egoitza eskaini dute maliar migratzaileentzat. Bertan geldituko dira Espainiako Gobernuak haien asilo eskariak ebazten dituen bitartean.


“Intentsitate altuko” bi sexu eraso salatu ditu Gasteizko Mugimendu Feministak ostegun gauean

Mugimendu Feministak azaldu duenez, Fermin Muguruzaren kontzertuaren aurretik gertatu ziren erasoak. Horiez gain, beste hiru eraso zenbatu dituzte: hiru gizonak atxilotu ditu poliziak. 


Gaza Hiria okupatzeko plana onartu du Israelgo Segurtasun Kontseiluak

Ostiral goizaldean eman du erabakiaren berri Israelgo Gobernuak, hamar orduz luzatu den bilera baten ondoren. Dena den, okupazioa gauzatzeko, gobernu osoaren baiezkoa behar du Netanyahuk: igandean izan daiteke bilera. Segurtasun Kontseiluak, halaber, mugak jarri dizkio... [+]


Oholtza denontzat?
Feminista izango da, edo ez da izango

Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak,... [+]


2025-08-08 | ARGIA
GOMENDIOAK | Sei liburu uda honetarako

Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde

Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]


Eguneraketa berriak daude