Larrungo tren ttipiak 80 urte beteko ditu aurten, 1924. urtean gailurrera igotzeari ekin zionetik. Azpiegitura honen eraikuntza, aldiz, 1912. urtean hasi zen Midi Departamenduko trenbidearen konpainiaren eskutik, baina Lehen Mundu Gerrak geldiagotu zituen lanak. Azkenean, 12 urte beranduago, 1924ko ekainaren 30ean gailurrera iristen zen burdin-bidea ireki zen. Geroztik, martxotik azarora arte urtero egon da irekita, milaka bisitari gailurreraino eramanez. Neguan, Baionako Barland entrepresaren egoitzetara eramaten da, mantenu lanak egitera. Lan hauek parkearen lau ibilgailuetan egiten dira eta haietako bi 1996an eraiki ziren. Bi ibilgailu berri hauek eraikitzeko garaiko materialak erabili dira. Horretarako, Barland entrepresa eta Azkaingo Tellechea zurgindegia jatorrizkoen antzekoak izateaz arduratu ziren. Azkaindarrek XX. mendearen hasieran erabilitako zuhaitzen egur berbera bilatu zuten: Pirinioetako izeia, Landetako pinua eta gaztainondoa sabaia, lurra eta estaldura egiteko. Oholtzarako Afrikatik ekarritako siroko izeneko egur exotikoa erabili zen.
Azterketen ondoren, trenak San Ignazio lepoko garajeetara itzultzen dira, eta bertan eserlekuak eta egurrezko estaldura guztiak berniztatzen dira. Horrela, dena prest egoten da denboraldi berria irekitzeko.
Datu praktikoak:
Martxotik azarora arte egunero irekita (Martxoaren 19tik apirilaren 5era arte eta urritik azaroaren 11ra arte, astelehen eta ostegunetan itxita). Azaroaren 11tik martxoaren 18ra arte itxita.
Goizeko 9:00etan irekitzen da (udan 8:30tan eta 35 minutuero).
Eguraldi txarra eginez gero, irtera goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 15:00etan ziurtatzen da.
Bisita denbora
Bisita denbora ordu eta erdikoa izaten da.
Prezioak:
Helduen joan-etorria 11 euro eta joatea soilik 9 euro.
Gazteen (4 urtetik 10 urte bitartean) joan-etorria 6,50 euro eta joatea soilik 5,50 euro.
4 urtetik beherakoentzat dohainik.
Telefonoa: 05 59 47 51 16 Fax: 05 59 47 50 76
Web gunea:
www.rhune.com