Honela ikusten du maiatzaren lehena zenbait euskal langile historikok


2004ko maiatzaren 02an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Gaur egun erretiratuta dauden baina euskal langileen mugimenduan nahi gabe zeresan handia izan zuten zenbait euskal langile historikoren iritzia jaso nahi izan dugu. Erregimen frankistaren garaian bizi, erregimen hura pairatu eta euskal langileen mugimenduaren historiako une garrantzitsuenean parte hartu zuten. Periko Solabarria eraikuntzako langilea zen Bizkaian. LABen sorkuntzan parte hartu zuen eta Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kide izan zen. Jesus Naves Mercedes Benz-eko langile ohiak eta Imanol Olabarria Cablenor-eko langile ohiak 1976an Gasteizen egin zen greba famatua antolatu zuen langile batzordean parte hartze handia izan zuten. Greba hartan, Fraga Iribarne eta Martín Villaren poliziak bost langile hil zituen, Chicagon gertatu zen bezala. Gasteizen, ordea, langileei ez zitzaien epaiketarik egin.

Hirurei egin diegu ondorengo galdera: Zure ustez gaur egun ba al du zentzurik maiatzaren lehena ospatzeak, eta baldin badauka, zein hiru aldarrikapen egiteko erabiliko zenuke? Erantzun hauek
eman dizkigute.

Jesus Naves: «Inork ez du onartzen langileek sortzen dituztela enpresaburuen lanpostuak»

"Maiatzaren leheneko aldarrikapenei dagokienez, ez ditut gehiegi atsegin iraganean langileak zapaldu zituzten instituzio eta agintariek gaur egun egiten dituzten ospakizun ofizialak, iraganari nostalgiaz eta begi ez oso kritikoz begiratzen diotenak. Hala ere, esan behar dut alderdi positiborik ere badagoela oraindik: gure arbasoen borroka aintzat hartzen dugula eta memoria historikoak jarraitzen duela.

Gaur egungo langile mugimenduak aldarrikapen berriak hartu behar ditu beregain. Besteak beste enpresa langileek kontrolatzeko beharra aldarrikatu behar du. Denek onartzen dute enpresaburuek lanpostuak sortzen dituztela, baina inork ez du onartzen ‘langileek sortzen dituztela enpresaburuen lanpostuak’ »hala gertatzen da benetan». Gero eta enpresa gehiagok alde egiten du, multinazionalek batez ere. Gure herrialdeak esplotatu eta bertan aberastu ondoren paradisu fiskalak diren edo eskulan merkea daukaten herrialdeetara joaten dira. Langileei bakarrik eskatzen zaizkie erantzukizunak. Enpresek kolonialismo berri bat egiten dute: hemen langabezia, han lanik eza utzi, eta ez diote inori azalpenik eman behar; ez daukate inolako obligaziorik. Aldarrikapen berriak gizarteak iraganean egindako lorpenekin batera egin behar dira »kontratu egonkorrak, erretiro duinak, osasuna, hezkuntza, eta abar...

Etorkinen eta hirugarren munduko herrien eskubideak ere aldarrikatu behar dira, jende hori baita langile mugimendu berrian gehien esplotatzen dena eta Iparraldearen ongizate handia Hegoaldeko esplotatuen kontura lortzen baita. Gainera, ez dugu ahaztu behar langile mugimenduaren ezaugarrietako bat internazionalismoa dela. Azkenik, gaur egungo langile mugimenduak gastu militarren eta gerraren aurkako borroka ere aldarrikatu behar du, izan ere gure ekonomia gero eta militartuagoa baitago eta Euskadiko ekonomiaren zati handi bat gerrako ekonomia baita. Ezetz esan behar diegu gizarte gastuak ordaintzeko erabili behar ditugun gastu militarrei eta ezetz arma fabrikei ere, hemen egiten ditugun lehergailuek hiltzen dituzte eta hango langileak".


Imanol Olabarria: «Lanak ez gaitu errealizatzen»

"Gaur, XXI. mendean, maiatzaren lehena sakoneko gaien inguruko gogoeta egiteko erabili beharko genuke. Langile mugimendua sakabanatu egin zen, eta orain astindua eta manipulatua dagoen gizarte honetan murgiltzen da. Iparrik gabe dabil, eta ez dauka norberaren eta unean uneko helburuetatik haratagoko jomugarik. Horregatik guztiagatik, egin ditzakeen aldarrikapenak gehienez ere ehunekoren bat eskatzera edo azaleko ukitu edo konponketak egitera mugatzen dira. Mahai gainean jarri beharreko gaiak: lana, berdintasunik eza eta ‘bapo bizitzea’ edo ongizatea.

Lana: ‘Ez dago lanik’ esan ziguten goitik, eta abstinentzia sindromea daukaten adiktoen modura, amorru biziz lasterka joan ginen gelditzen zen apurraren bila. Baina benetako egia zen ez dagoela hainbeste lan egin beharrik. Lanaren kultura Sistemak asmatu zuen, eta erakunde sindikalak dira bere defendatzailerik sutsuenak, bete-beteko enplegua defendatzen baitute gauza guztien gainetik. Gaur egun ez da ekoizteko lan egin behar, lan egiteko ekoiztu baizik. Bete-beteko lana ezinezkoa da: LANEk (Lanaren Nazioarteko Erakundea) Asian eta Afrikan mila milioi lanpostu sortu behar direla esaten digun bitartean, J. Rifkin-ek gogorarazi digu azken mendean energia gehiago kontsumitu dela gizateriaren historia osoan baino. Gure munduaren baliabideak mugatuak dira eta kutsapen-mailak bere mugak dauzka. Ez da onuragarria: lanak ez gaitu errealizatzen, eta are gutxiago gaur sortzen dituen diziplina, lehiakortasun eta tentsioarekin. Hauxe da irtenbidea: ekoiztutakoa eta gizarteari begira beharrezkoa den lana banatzea. Lan gutxiago egin daiteke gehiago bizitzeko.

Berdintasunik eza: Akaso orain arte inoiz ez da hainbeste aberastasun eta pobrezia elkarrekin izan. Barrikadaren alde batean borroka egiten genuenok gaur egun beste aldean gaude, eta nazioarteko ordenamendu bidegabearen onurez baliatzen gara. Unibertsal egin ezin daitezkeen kontsumo mailak hemen neurrigabekeria sortzen du eta han gosea eta heriotza. Ezin dugu ahaztu gure arrantza porturik handiena Forondako aireportua dela, gure garbantzuak, zainzuriak, piperrak, dilistak, fruitu lehorrak... Peru, Maroko, Mexiko, Turkiatik datozela, gure petrolioa arabiarra dela, gure altzarietako egurra Afrika eta Amazoniatik datorrela, gure arropa Asiako hego-ekialdetik, eta gure hondakinak eta industria kutsatzaileak Hegoaldera joaten direla. Topo egiten dute alde batetik gure bizitza hobetzeko irrikak eta bestetik Hegoaldeko egoerak: jende asko soberan dago, enbarazu egiten du, goseak dago, eta arriskutsua izan daiteke. Horregatik eta ez beste ezergatik, armak diseinatu eta egiten ditugu, gure ejerzitoek jokoaren arauei tinko eutsi diezaieten; Atzerritarren Legea ezartzen dugu inbasioak saihesteko, eta zinismoaren muturrean giza eskubideen unibertsaltasunaz hitz egiten dugu eta pertsona, herri eta kontinente bakoitza dela jasaten ari den egoeraren erantzulea esaten dugu. Hau da, bakoitzak merezi duena daukala diogu.

‘Bapo bizitzea’ edo ongizatea. Langile mugimenduaren historia kontraesan baten inguruan ibili izan da: lana-kapitalaren eta horrek sorrarazitako berdintasunik ezaren inguruan. Horrela, miseria, esplotazioa eta bizitza txarra bezalako kontzeptuek erabat ekonomikoak diren konnotazioak hartu zituzten. Gaur egun, Iparraldean gaudenok, miseriaren ikuspegi erredukzionista horren aurrean, uste dugu bizitza maila eta gero eta kontsumo handiagoa direla ‘bapo bizitzearen’ sinonimoak. Eguneroko bizitzako dogma politiko-ideologiko handia da alderaketa hori. Etengabeko goranzko kontsumoa ezinezkoa da, Lurra mugatua baita, mugatuak lur emankorra, edateko ura, baliabideak, mugatuak gure gorputza, gure bizitza, gure beharrak. Etengabeko goranzko kontsumoa beharbada ez da onuragarria ere. Beharrizanen saturazioaren atzetik datoz adikzioak, mendekotasunak, identitatearen galera, miseria psikikoa, bakardadea... Burujabetasun handiagoaren bila kontsumitzen da dena, eta azkenean besteekiko loturak hausten ditugu eta ukipen fisikoari ihes egiten diogun kontsumitzaile atomizatu bihurtzen gara. Gauzak gurtu eta pertsonei gerra deklaratzen diegu".

Periko Solabarria: «Maiatzaren lehena oso beharrezkoa da baina egun prostituituta dago»

Maiatzaren lehena oso beharrezkoa da baina gaur prostituituta dago. Gehienbat aldarrikapen eta borrokarako zen eguna festa folkloriko bihurtu da. Gaur, maiatzaren lehenik izango ez balitz, patronalak asmatuko luke. Beste edozein egun bezalakoa da, politika globalizatzaileak munduko ekonomia gidatzen duen garai honetan langileek hitz egin eta botoa emateko eskubidea daukatela ikusarazteko demokrazia burgesak hartu duen eguna. Baina beti beharko da maiatzaren lehenen bat, zortzi orduko lana, zortzi orduko aisialdia eta zortzi orduko kultura oraindik utopia baita munduko herrialde askotan, eta baita lehen munduan ere. Ez dezagun gure burua engainatu. Oraindik ere badaude herriko pariak eta zutik jarri beharra duten goseak dauden legioak. Egia borobila da, bai, oraindik ere pariak eta goseak dauden legioak daudela. Eta okerrena da hori guztia gure ongizatearen hobe beharrez gertatzen dela. Gu 36 orduko lanaldia eskatzen ari garen bitartean, gizateriaren erdiak astean 60 ordutik gora egiten ditu lanean soldata ziztrin baten truk. Zenbaitetan, gainera, zabortegietan ibiltzen da jendea kaka jasotzen, soldata eta ordutegirik ere ez duela.

Gaur egungo antolamendu politiko, ekonomiko eta bankarioa txirotasuna eta esplotazio gordinena betikotzeko eta herrialde aberats eta pobreen arteko aldea gero eta gehiago handitzeko diseinatuta dagoela konturatzeko balio beharko liguke maiatzaren lehenak. Egungo hazkunde kapitalistako paganoak beti berdinak dira: txiroak, langileak. Garai globalizatzaile honetan beharrezkoago eta egungoagoak dira bai Internazionalaren himnoa eta bai harrotasunez altxatutako ukabila.

Maiatzaren lehenerako hiru aldarrikapen garrantzitsuenak hauek izango lirateke:
Lan harremanetako esparru autonomiaduna. Sindikatu, ekonomia eta gizarte mailetako benetako ahalmena izatea, erabakiak hartzeko benetako eskubidea izateko eta munduko langileekiko elkartasunak zentzua izateko »batez ere demokrazia kapitalista izen okerraz ezagutzen ditugun botereen esplotazioak txirotzen dituen herriekiko elkartasunak». Euskal Herriak erabateko subiranotasuna behar du Argala handiak zioena egi bihur dadin: "langile euskaldunak eta frantsesak batzen gaituena ez da nazio berekoak izatea, klase berekoak izatea baizik".

Lan berdinentzat soldata berdinak litzateke bigarren aldarrikapena. Sexu diskriminazioa deuseztatu behar da. Gure lanpostuetan aukera berdintasuna izan behar da. Ardura postuetan oraindik ere desberdintasun handia dago, eta benetako diskriminazio positiboko aldi bat beharko litzateke. Matxismoaren kontrako borroka bortitz eta anbiguotasunik gabekoa egin behar da.

Azkenik, lan eta enplegu segurtasuna izango litzateke hirugarren aldarrikapena. Ezin da onartu ezbehar kopuru izugarri hau; prebentzio neurri hobeak eskatu behar dira. Horretarako, etengabeko ikuskapenetarako funts publikoak eta segurtasun neurriak betetzen ez dituztenentzako zigor neurri bortitzak beharko dira.


Azkenak
Javier Milei eta bere arreba eroskeria trama batekin erlazionatu dituzte filtraturiko audio batzuek

Argentinako hainbat hedabidek Desgaitasun Agentzia Nazionalaren buru den Diego Spagnuoloren audioak zabaldu dituzte. Argentinako Gobernuan eroskeria dagoela aitortu eta azaldu du horietan Spagnuolok, eta ustelkeria kasu horren buruetako bat Argentinako presidente Javier Mileiren... [+]


2025-08-28 | Gedar
Bere historian lehen aldiz, 110.000 milioi euroko kapitalizazioa gainditu du Iberdrolak

Europako energia-enpresarik handiena da jada, eta bi handienetako bat munduan.


Frantziako Gobernuaren aurka “guztia blokeatzeko” deia indartzen ari da

Irailaren 10a izanen dute protestarako lehen hitzordua. 2018 urteko Jaka Horien mugimenduaren segipen gisa ikusten dute anitzek deia, nahiz eta alderdi politikoak eta sindikatuak dinamikari lotu izanak ezberdintzen dituen biak. François Bayrouren austeritate politikaren... [+]


Udazken beroa Frantzian?

2025ean hazkunde ekonomiko txikia (%0,6) ez da gai izango langabezia-tasak %8ko muga gainditzea saihesteko; Zor Publikoak bi bilioi euro (BPGren %115) gainditzen ditu EK-k ezarritako %60aren oso gainetik, eta Gastu Publikoak estratosferan jarraitzen du.

Horri gehitu behar... [+]


Alemaniak derrigorrezko zerbitzu militarra “beharrezkoa” denean ezarriko lukeen lege proiektua onartu du

Europako azken urteetako joerari jarraiki, derrigorrezko zerbitzu militarraren harrabotsa Alemaniara heldu da: SDP Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata buru duen Defentsa Ministerioak borondatezko soldadutza ezarriko lukeen lege proiektua onartu du, "beharrezkoa" denean... [+]


Nafarroako lau pilotari ijitori omenaldia egin diete Mañuetako pilotalekuan

Flamenco On Fire jaialdian ospatu dute ijito komunitatearen, flamenkoaren eta pilotaren arteko harremana. Iruñeko Alde Zaharreko Mañueta pilotalekuan antolatu dute jaialdia, eta bertan omenaldia egin diete lau pilotari ijitori.


2025-08-28 | Jon Aleman Astitz
Supremazismo espainiarren “kontsentsu linguistikoa”

Eskubide linguistikoen ikuspegi integratzaile baten eskaintza dugu gaurkoa.

Espainiako supremazismo linguistikoa osasuntsu eta bizkor ageri zaigu, “hooligan” samalda anitz baten babesaz eta komunikabide indartsuez sustatua. Azken aurreko lagina Santi Martinezena... [+]


2025-08-28 | Iñaki Lasa Nuin
Gure jaiak

Euskal Herri osoan —beste herrialdeetan bezalatsu— jairik ez da falta. Negu giroan ere asko badira ospatzen direnak, uda-garaian ez da festa gabeko egunik. Egun-argi luzeak eta gau epelak jendea etxe zuloetatik kanpora, kalera ateratzeko aproposak dira eta jai giroan... [+]


2025-08-28 | LAB sindikatua
38 urteko garraiolari bat hil da Erriberrin

LABek jakin ahal izan duenez, Iruñeko garraiolari bat hil da asteazken goizaldean Erriberrin, lanerako zerabilen kamioia bidetik atera eta irauli ostean.


Polizia “talde zaurgarri”?

Azken asteetan bolo-bolo dabil Poliziaren eta, zehatzago esanda, Ertzaintzaren gaineko eztabaida. Tamalez, eztabaida piztearen arrazoia ez dira horiek Euskal Herri Langilearen kontra erabiltzen dituzten biolentzia eta jazarpen sistematikoa. Horren ordez, Ertzaintzaren eta bere... [+]


Hainbat ekintzailek bidea moztu diote Israel-Premier Tech txirrindularitza taldeari Espainiako Itzulian, Gazako genozidioarengatik

Hainbat lagun errepidera atera dira Palestinako banderak eta Gazako genozidioaren aurkako mezuak eskuan, eta Israelgo taldeko txirrindularien taldekako asteazkeneko erlojupekoa oztopatu dute. Etaparen ondoren argitaratutako ohar batean, taldeak manifestarien "ekintza... [+]


Martxoaren 15 eta 22an iraganen dira Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeak

Bozketa arauei dagokionez hainbat aldaketa bideratu zituen maiatzaren 21ean bozkaturiko legediak. Bozkatzeko prozedura argiturik, abuztuaren 27an eman du hauteskundeen agendaren berri Frantziako Gobernuaren bozeramaileak.


Gabriel Aresti omentzen arteak bateratuz

LAIDA ikerketa taldeak Bermeoko Arrantzaleen museoan abuztuaren 28 eta 29 antolatutako ikastaroan egingo duen hitzaldiaren sintesia da Arestiren ekarpen artistikoa nabarmentzea.


Estefi Etxebeste
“Mentalki ongi prestatzea dirudiena baino garrantzitsuagoa da harri-jasotzean”

Abuztuaren 9an errekor berria ezarri zuen Estefi Etxebestek (Ituren, Nafarroa, 2002) Sunbillako Ramon Latasa pilotalekuan. 100 kiloko harria 59 aldiz goratu zuen, eta 2014an Idoia Etxeberriak ezarritako 56 altxaldiak gailendu.


2025-08-27 | Patxi Azparren
Askapen prozesu heterokroniko, poliedriko eta “kuantikoa”

Artikulu honek badu testuinguru bat lerroburuaren gainetik, Hernaniko Udalean Kontxita Beitiak aurkeztutako Euskal Euskal Errepublikaren aldeko mozioa onartu ez izana. Harira!

Prozesu heterokronikoa

Kultura judeokristau, musulmana eta platonismoaren ustez, denbora aurrera... [+]


Eguneraketa berriak daude