Olga Alarcon: «Ezingo nuke bizi nor naizen ezkutatuz»

  • Maskarak aurpegian, 15 lagun gay eta lesbianen aldeko manifestazioan, Justizia Ministerioaren aurrean. 1981a zen, Madrilen egiten zen lehen manifestazioa. Olgari ez zaio ahaztu hasi orduko sortu zen iskanbila, eta Cristo Rey famatu haiek etorri ziren unea. Ihesean korrika zihoala, Ceutan jaio eta umetatik Madrilen bizi zen emakume hark ez zuen asko pentsatuko maitasun istorio batek Euskal Herrira ekarriko zuenik. Are gutxiago, gaur euskaraz egingo zuenik lan ikastola batean. Soseguzko irribarre batekin kontatzen du maskara baten atzean bizi behar izan zuen bizitzaren pusketa hura. Gehitu elkartean hezkuntzari begira ari da buru-belarri lanean, eskola ez dadin oraindik izan haur homosexualentzat isolamendu gela.
Ceutan jaio eta 12 urterekin Madrilera joan zineten bizitzera. Zure homosexualitatea nola bizi izan zenuen eskola garaian, edo nerabe zinela?
Eskolan oso gaztetatik sumatu nuen beste emakumeekiko nire sentimenduak zein ziren. Nire garaiko homosexual gehienak bezala sentitu nintzen: pentsatzen nuen ni bakarra nintzela munduan. Nire kasuan zorte handia izan nuen, auzoan bazegoelako emakume heldu bat lesbiana zena. Egia esan ez zegoen auzoan batere integratua; denek barre egiten zioten, beti denen ahotan zegoen. Oso eredu erakargarria ez bazen ere (ikusita auzoan nola hartzen zuten), niri lasaitasun bat behintzat eman zidan: ez nintzela bakarra.
Nerabetan koadrilan ere ez zekiten, noski, nor nintzen. Pentsa zer garrantzia daukan 14-20 urtera bitartean nerabeen arteko sozializazioak; sozializatzeko, ez zarena agertu beharrak dakarren sufrimendua ikaragarria da. Neska batekin lehen sexu harremana 20 urte ingururekin eduki nuen. Bitarte horretan halako tarte bat izan nuen (eta nik uste nire adineko lesbianengan oso arrunta izan dela), saiatu nintzena gizonekin zirri batzuk egiten, ea gustuko nituen. Baina ez dut sekula gustuko izan; hori bai, saiatu, saiatu nintzen. Azken batean hori da esaten dizutena: "Lasai, pasako zaizu, sendatuko zara".

Agerian jartzeak, zer ondorio ekarri zizkizun zuri eta zure inguruari?
Duela 20 urtetik nago agerian, eta gaur pentsaezina egiten zait imajinatzea zer litzatekeen nire bizitza, nor naizen ezkutatuko banu. Jakina, 1983an, atera nintzenean, burrunba izugarria sortu zen nire inguru guztian. Auzokideek oso gaizki ikusten zuten, eta inguru horrek familiarengan presio handia egiten zuen. Baina gaur, agerian gaudenek argi duguna da, sekula baino zoriontsuago bizi garela. Gainetik halako zama, halako errepresioa kentzeak asko arindu digu bizitza. Normalean behin agerian utzita errespetu handia jasotzen dugu, inguruko jendearen maitasuna da jasotzen duguna, azken finean jarrera horrek balore positiboak adierazten dituelako: ondradutasuna eta ausardia adierazten du, eta inguruko jendeak baloratzen badaki.
Hori bai: baditut lagunak, 18 urterekin lesbiana direla esan eta gurasoek maletak ate aurrean jarri dizkietenak. Gauzak asko aldatu dira, baina ez toki guztietan. Ez da berdin Donostia batean bizi, edo herri txiki batean bizi, edo Madril bezalako hiri handi batean. Toki batzuetan oraindik oso latza izango da, beste zenbait lekutan gero eta begirune gehiago zaigu. Donostiako Udalak San Sebastianetan Gehitu elkarteari emandako dominak adierazten du badagoela gehiengo sozial bat gure eskubideen aldekoa dena, eta horrek ere errazten du jendeak nor den agerian jartzea.


Askoren kezka da, "amak jada duen adinarekin ez du ulertuko".
Ulertzeko, adinak baino eragin gehiago du jarrera pertsonalak. Hori homosexual askok esaten du: "Amari nola emango diot nik halako disgustua". Nik uste esaldi horren atzean dagoena bere beldurra dela. Nor den esatera ausartuz gero, ama eta aita batek, normalean, seme-alabak maite izaten ditu gauza guztien gainetik. Gainera hori egin dugunak, denborarekin gurasoak gehiago ezagutzera iritsi gara eta maitasuna askoz irekiagoa eta sanoagoa bihurtu da.
Zenbaiten ustez, homosexuala zarela ez dago zertan esanik, heterosexualek ere ez baitute euren burua hala aurkezten.
Zure burua ez duzu aurkeztu behar, esanaz: «Homosexuala naiz». Gauza da ez duzula ezkutatu behar, normaltasunez azaldu behar duzula zarena. Lankideak senarraz hizketan ari direnean, edo ligeen izenak aipatzen dituztenean, heterosexualak direla esaten ari dira. Guk ere normaltasun berarekin esan behar genuke «nire neska». Hori ez da aldarrikapen bat egitea, hori da egia ez ezkutatzea, besterik gabe. Eta horrekin erreferente izatea lortzen duzu, esaterako, orain arte adierazi ez duten lankideentzat. Halako prozesuak oso garrantzitsuak dira homosexualtasuna «normaltzat», naturaltzat jotzeko.

Lan munduan arazoak sor daitezke agerian izanda?
Denetik dago. Administrazio publikoaren pean lan egiten dugunok, lan hitzarmenetan besteekiko parekotasuna badugu, beraz, printzipioz ez dago inongo arazorik. Baina askotan, gerori gara eskubide horiek erabiltzen ez ditugunak, agerian jartzeko beldurrez. Irakasleen artean gertatu izan da. Bikoteak ebakuntza duenean baja hartzeko eskubidea dugu, baina askok beste aitzakiaren batekin hartzen ditu egunak, bikotea nor duen ez esateagatik.
Eremu pribatuetan, patronalaren eta lankideen jarreraren arabera gelditzen da. Legez inork ezin du langile bat kaleratu homosexuala izateagatik, baina bestelako aitzakiak beti bila daitezke.
Gehitu elkartean badugu informazio zerbitzu bat, Infasis izenekoa, eta enpresa buru batzuk ere etorri izan zaizkigu euren lantokian arazoak sortu direlako. Baina ez nagusien aldetik, lankideek jarrera txarra hartu dutelako baizik. Halako egoerei zer tratamendu eman galdezka etorri izan zaizkigu.

Gehitu elkartean Hezkuntza lan taldean aritzen zara. Zuk ikastolan egiten duzu lan gainera. Eskolan zer tratamendu ematen zaio homosexualitateari?
Eskolan heziketa sexuala lantzen denean, homosexualitatea gai berezi bat bezala lantzen da. Eta hasteko, ez da gai berezi bat. Gainera sexu esparruan kokatzen gaituzte eta homosexualitatea ez da sexu kontua bakarrik. Homosexualitatean afektibitatea, maitasuna, bizipenak ere sartzen dira. Kontua ez da sexualitatea lantzea eta horren barruan gu aparte aztertzea. Literaturan ere homosexualak badaude, historian ere bagaude, filosofian ere bai eta hori ezkutatu egiten da. Bizitzarekin zerikusia duten gauzek eta, oro har, gai guztiek, denok «berdintzat» hartzen gaituzte (alegia, «denak heterosexualak gara»).
Egunerokotasunean «heterosexualitatearen presuntzioak» funtzionatzen du. Alegia, «guztiok gara heterosexualak, kontrakoa frogatzen den arte». Ez da kontzienteki egiten duguna, baina presuntzio horrek sekulako gatazkak dakartza, batez ere homosexuala den mutiko edo neskato batentzat. Irakasle denek neskei «zein mutil gustatzen zaizu?» galdetuko diete, edo txangoetan neskak eta mutilak logela ezberdinetan jarriko dituzte, «sexu-harremanik izan ez dezaten», nesken artean sexu-harremanik ez balego bezala, edo mutilen artean.
Ez dugu ahaztu behar, gu haurrak ere izan ginela. Homosexuala esaten dugunean, beti irudikatzen dugu nerabezarotik aurrerako jendea. Eta, aldiz, esan genezake eskolan ere %10 homosexuala dela, bai haurren artean eta bai irakasleen artean ere. Haurrek erreferenteak behar dituzte, beti bakardadean eta isolatuta senti ez daitezen, bestela lekuz kanpo sentitzen baitira.

Nola landu behar litzateke, beraz, eskolan?
Errealitatean gertatzen dena azaltzeko ez duzu gai batean bereziki landu beharrik. Esaterako, familia lantzerakoan, lan-fitxatan edo marrazkitan beti agertu ohi dira aita eta ama, edo ama bat soilik, eta haurrei sekula ez zaizkie eskaintzen egon badauden beste aukerak. Jakina, aitzakia betikoa da: «Baina non daude, bada, familia homosexual horiek? Haur txikiekin ezin da euren errealitatetik kanpoko konturik landu, ezin baitute ulertu». Horren erantzuna da, askotan ez dakigula haur horien etxeko errealitatea zein den ere, gurasoek normalean agerian uzten ez dutelako. Sorgin gurpil bat da azkenean. Gurasoak ez du agerian utzi nahi seme-alabak irainik jasan ez dezan, baina hala irakasleak ere ez dira jabetzen haur horren egoeraz.

Eskolatan banatzeko, Gehitutik materiala aterako duzue laster. Zer ezaugarri ditu?
Gure ustez premia larriena duen adinari begira atera dugu materiala: Bigarren Hezkuntzari begira. Oso larrituta baikaude datu batzuekin. Euskal Herrian ez dago halako inkestarik, baina Espainiako Estatuan, nerabezaroko suizidio kasuetan, homosexualen suizidio kasua lau aldiz biderkatzen da. Halako kopuruek adierazten dute zer sufrimendu dagoen gazte askorengan.
Adin horri begira liburuxka bat prestatu dugu: Homosexual orientazioa du izena, eta 26 galdera planteatzen ditu. Baina liburuxka ez dugu ikasleentzat bideratu, irakasleentzat baizik, aipatu dugun kontzientzia hori sor dadin irakasleengan. Euren burua lantzeko materiala da, errealitate hori badagoela jabe daitezen, eta gero kontuan eduki dezaten klasean eguneroko dinamikak planteatzerakoan.

Komunikabideek ematen duten tratamendua nola ikusten duzu?
Gizartean orokorrean gizonek askoz presentzia publiko handiagoa dute emakumeek baino, eta homosexualen kasuan eskema bera errepikatzen da: gayek presentzia badute eta lesbianek ez. Tratamenduari dagokionean, gayen kasuan estereotipo bat sortzen dute, eta gay guztiak berdinak direla saltzen digute. Estereotipo horrek adierazten duen gayak badaude, baina gay denak ez dira estereotipo hortakoak. Pertsona gayak adina gay mota ezberdin daude, pertsona bakoitza ezberdina da.
Lesbianoi dagokigunean, inexistentzia batean jarraitzen dugu. Inoiz ez da gutaz hitz egiten, eta aipatzen gaituztenean deskalifikazio tonuan izan ohi da: «itsusia», «gizon itxurakoa»... Eta gure artean ere denetik dago, heterosexualetan bezalaxe: batzuk femeninoagoak dira, batzuk argalak, besteek gorputzari ez diote hainbesteko gurtzarik egiten...

Publizitatean orain dezente erabiltzen dute lesbianen irudia.
Baina publizitate hori ez da lesbianei zuzendua izaten, gizon heterosexual batzuei baizik. Iragarki horietakoak ez dira lesbianak, emakume gorputzarekin jokatu dute zenbait gizon heterosexuali gehiago saltzeko.

Harreman sexualetan neurriak hartzeko kanpainak ere heterosexualei eta gayei zuzenduak dira; lesbianak kanpaina horietan ez dira ageri, eta gaixotasunak hartzeko arriskua badute.
Gu ez gara existitzen osasunean, sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen estatistikatan ere ez gara agertzen. Ginekologo batengana jotzen baduzu, zure historiala betetzen hasi eta egiten dizkizun galdera guztiak emakume heterosexualei zuzendutakoak dira: ea sarketarik izan duzun eta abar. Esaten badiozu "txikito, lesbiana naiz", profesionalak badira ere, kopuru handi batean ezjakin hutsak dira lesbianen sexualitatearekiko, galdu egiten dira. Niri batek esan zidan errebisio bat egitea gomendatzen zidala, «nahiz eta baginarik ez duzun erabiltzen». Lesbiana naiz, baina ez dizut esan harreman sexualetan baginarekin jokatzen ez dudanik.
Emakumeen sexualitateak duela urte gutxira arte ez zuen existitzen, soilik gizonari plazera emateko zen. Orain errekonozitzen da emakumeak ere bere plazer propioa duela, baina jakina, nolabait gizonarekin lotua dagoelako. Zakilak jarraitzen du izaten errege. Lesbianen arteko harremanean zakilik ez dagoenez, "zer egiten ote dute hauek?" da mediku askoren inkognita. Ni ondorio batera iritsi naiz: euren ustez, lesbianok musukatu eta besarkatu baino ez dugula egiten.

Gay eta lesbianek batera lan egiten duzuenean, gizarteko genero eskemak errepikatzen al dira?
Gu gizarte honen parte gara. Nik uste dut gayek badutela joera gehiago bizitza publikorako lesbianek baino. Lesbianak mundu pribatuan gelditzen gara gehiago. Ez du esan nahi denok berdinak garenik, baina joera hori badago. Eta horrek agerian egotearekin, gizarteak ikustearekin eragina du.
Gure elkartean horretaz kontziente gara, eta neurriak hartu ditugu. Esaterako, emakumeen parte hartzea bultzatzeko, estatutuetan finkatua dugu elkarteko bi batzorde gorenetan emakume eta gizon kopuru berak egon behar duela, eta praktikan ere hala gaude. Gehitu elkartean, gizon-emakumeen artean bultza nahi dugun parekotasuna, gizonek eurek ere eskatu dute. Gizonek ere nahi dute konpartitu, eta gainera argi esaten digute: "Guk lesbianez gutxi dakigu. Zuek zarete esan behar duzuenak zer nahi duzuen, eta nola egin".

Gizartean bezala, mugimendu homosexualean ere kolektiboaren irudi nagusia, erreferentea, gizon gayena al da?
Agian bai, nahiz eta emakumeok ere hor gure lekua egiten ari garen. Baina hori Europan gertatzen da gehienbat. Kanadan eta Estatu Batuetan lesbianak dira mugimenduaren buru, eta arrazoi batengatik: familia osatzeko erraztasun gehiago dutelako gizonek baino. Homosexual kolektiboaren helburua normaltasuna lortzea da, eta normalkuntza prozesu horretan faktore oso garrantzitsua familia homosexualak osatzea izan da (familia baita gizarte honen funtsa, eta familia eredu berriok ugaritu ahala presentzia bat lortzen dutelako gizartean). Emakumeok aukera gehiago dugu seme-alabak izateko, intseminazio artifizialez, adopzioz edo gizon batekin harremanak izanda. Gizonezkoek aldiz askoz arazo gehiago dituzte.

Hemen ere, intseminazio bidez ama izaten direnek aldaketa handi bat ekarriko al dute?
Bai. Familia homosexualak betidanik egon izan dira. Baina orain arte familia homosexualak beste modu batera eratzen ziren nagusiki: bikote homosexuala elkartzen zenean, aurreko harreman heterosexualetatik sortutako haurrak ekartzen zituzten familia nukleo berrira. Nolabait esateko, aurrez planifikatu gabeko familiak ziren. Gaur gizon batekin ezkondu, eta inork ez zekien handik 10 urtera neska batekin maiteminduko zenik. Baina intseminazio prozesua, normalean, jada bi emakumeren proiektua izaten da, bi pertsonen artean familia bat sortzeko proiektua. Eta intseminazio bidez haurdun gelditzen diren emakumeek jada apustu bat egiten dute agerian izatearen aldetik.

Lehenengo homosexual elkartea, Espainiako Estatuan, 1970ean sortu zen Bartzelonan, errepresio betean: bilerak klandestinoak ziren, Arriskugarritasunaren Legea zegoen homosexualak kondenatzen zituena... Gaurko testuingurua beste bat izanik, homosexual askok ez du beharrik sentitzen kolektiboetan sartzeko.
Gure gizartean indibidualismoa asko finkatzen ari dela garbi dago. Halere Gehitu elkartearen kasuan jendea hurbildu egiten da, eta behin ezagutzen duenean elkartea zer den benetan, eta borondatezko lanak zer mesede egiten dion norbere buruari ere, askok jarraitu egiten du elkartean lanean. Jende askok pentsatzen du: "Ni zertarako joango naiz? Jada bikotearekin nago, familiarekin harreman zuzena dugu, lagunekin ere bai eta herrian ongi bizi naiz". Baina elkartera oraindik jende asko etortzen da homosexualekin lehenengo kontaktua edukitzera, hitz egiteko beharra dutelako euren egoeran daudenekin edo eurekin antzekotasunak dituztenekin. Jende horri laguntzeak ere on egiten die boluntarioei, nahiz boluntario askok pertsonalki euren bizitza nahiko normalizatua baduten.
Bestetik, egia da askoz goxoago bizi garela gaur. Baina kontuz: gizartean eta lege mailan gauza asko eta asko daude oraindik lortzeko, eta mugimendu sozial batek bultzatzen ez baditu, kolektiboki antolatzen ez bagara, pauso horiek ez ditu beste inork emango gugatik.

Infasis izena du Gehituren informazio zerbitzuak. Zein dira bertan jaso ohi dituzuen kezka nagusiak?
Gehien eskatzen digutena, eta jendeak gehien behar duena, beste homosexualak ezagutzea da, euren egoeran dauden beste pertsonekin sozializatzeko beharra dutelako, lagun taldea egiteko beharra, espazio bat izateko, diren bezala agertzeko eta toki bat emateko sexualitate bati, normalean ezkutatua izan dutena. Hori batez ere emakumeen kasuan izaten da, tradizionalki esparru ez-publikoan egon izan baitira, eta gayak gizartean ageriago egoten direlako lesbianak baino.
Bestetik 35 urte inguruko emakume askok deitu ohi du, esanaz lehenengoz maitemindu direla emakume batekin eta ez dakitela lesbianak diren ala ez. Nire ustez, askotan horren atzean dutena beste galdera bat da: "Zergatik tokatu behar zitzaidan niri justu orain?".
Gizonei dagokienean HIESari buruzko galderak egin ohi dituzte. Gurasoek ere deitzen dute, sumatzen dutelako euren seme-alaba homosexuala dela, eta nola lagundu, eurekin nola hitz egin jakin nahi dutelako.
Kontsulta asko egiten dira izatezko bikote gisa erregulatzeko moduei buruz, batez ere maiatzean Izatezko Bikoteen Euskal Legea onartu zenetik. Bestetik, bikotea atzerritarra duen askok deitzen du, jakin nahian ea aukerarik baden izatezko bikote gisa erroldatuta, kide atzerritarraren egoera erregularizatzeko. Eta aukera hori oraindik ez dago; administrazioak ez du bertan bizitzeko baimenik ez paperik eskaintzen, horiek lortzeko tribunaletara jo beharra duzu.

Lege mailan non daude traba nagusienak?
Guretzat urgenteena da, homosexualok bikote gisa adoptatzeko eskubidea lortzea. Legez homosexual batek haurrak adopta ditzake, baina ez bikote gisa. Horrek esan nahi du, legearen aurrean haur horrek guraso bakarra duela, horrek dakarren problematikarekin: adoptatu duen ama hiltzen bada, beste amak legearen aurrean ez du existitzen. Pentsa zer kalte eragin dezaken haurrarengan, bere ama bat hil eta bestea ukatzen bazaio. Intseminazio artifizialarekin berdin gertatzen da: ama biologikoa soilik onartzen da legez amatzat, bestea ez da inor. Eta jada errealitatean haur horiek existitzen dute, horregatik da hain urgentea familia horiei erantzun bat ematea.
Bestetik, gure gorputz juridikoaren oinarria senidetasuna da; eskubidea eman edo kendu egiten duena senide lotura da. Eta senide loturak, ezkontzaren bidez soilik sor daitezke. Horregatik dauka daukan garrantzia ezkontza eskubideak. Izatezko bikotea izateak ere lege mailan baditu bere mugak, ez duelako senidetasunik sortzen. Esaterako, izatezko bikotea bazara, legez zure bikotearen amak ez du zerikusirik zurekin. Aldiz, ezkonduz gero, senidetasun horretan gradu ezberdinak sortzen dira, eta eskubide batzuk izan ditzakezu graduaren arabera. Esaterako, senide bat gaixotzen bada, eta senide hori «bigarren gradutik beherakoa bada», eskubidea duzu baja hartzeko, bestela ez.

Egun ezkontza eskubidearen alde borrokatzea atzerakoia da askorentzat.
Ezkonduta egoteak, legez eskubide asko ekartzen ditu. Eta guk ezin dugu ezkondu; guri eskubide horiek erabat ukatzen zaizkigu. Heterosexualek hauta dezakete ezkondu ala ez. Guk ezin dugu hautatu. Behin eskubidea dugunean, batzuk ezkontzeko aukera egingo dute eta beste batzuk ez. Baina aukera ukatzea, hori da atzerakoia dena. Besteek dituzten eskubideak baino bat gutxiago ere ez dugu nahi guretzat.

Gaurko gizartearen beste ezaugarria da kultura asko biltzen garela lurralde berean. Horrek zer dakar?
Horrek asko kezkatzen gaitu. Datozen kultura guztiek ez dute homosexualitatea onartzen, eta gizarte honetan eman diren urrats asko ez dituzte ezagutu euren kulturatan. Euskal Herrian askoz etorkin gutxiago dago zenbait tokitan baino. Baina Katalunia aldean, esaterako, nahiko arazo petralak eta gogorrak sortu dira. Dela gutxi administrazioak informazio orri batzuk atera zituen bai katalanez, bai espainolez eta bai arabieraz. Bada, katalanezko eta gaztelerazko testuetan ematen zuen emakumeei eta homosexualei buruzko informazioa, administrazioak berak ez du arabierazko testuan jarri nahi izan, kultura horrekiko «errespetuagatik»!
Oso argi duguna da, datozenei ongi etorria emango diegula, baina eskubide baten aurrean ez dugula pausorik ere atzera emango.


Curriculuma
Jaio: Ceutan, 1958an.
Bizi: Oreretan.

Gehitu elkartean batzorde exekutiboko eta hezkuntza lan-taldeko kidea.

Madrilen bizi izan zen 1971tik 1985a arte. FLHOC-eko kide izan zen (Frente de Liberacion Homosexual de Castilla) eta Madrilgo Lesbiana Feministen elkartean sartu zen gero.

1985ean Donostiara etorri eta Gipuzkoako Lesbiana Feministen Kolektiboan jardun zuen.

LABeko liberatu izan zen, Hezkuntza alorrean, 1994tik 2001era.

Txingudi ikastolan behar bereziko haurren laguntzaile da.

Ez da posible
«Eskolan lanean hasi nintzenean, behin lankide batek hala galdetu zidan: "Olga, mutila al daukazu?". Eta nik "ez, neska". Lankideak orduan: "Beno, beno, ez zaitez horrela jarri, ez dizut txarrera esan!".
Berak ez zuen ulertu "ez, neska daukat" esan nionik; "ez neska!" esan niola uste zuen. Ezin baitzuen imajinatu ere egin nire bikotea neska bat izan zitekeenik.

Zientziaren pozoina
"Osasunaren Munduko Erakundeak ‘jokabide anormal’ gisa eduki du homosexualitatea 1992a arte. Amerikako Psikiatria Elkarteak 1987an kendu zuen ‘gaixotasun mentalen’ zerrendatik. Atzo ‘tortillera zikin’ nintzena, gaur ‘hiritar eredu’ naiz. Zientziak egin dezakeen mina izugarria da, gizartean sortzen duen pentsaeragatik. Batzuetan arraro xamarrak garela esan izan dit jendeak. Bada, bizi izan dugunerako oso sano gaude, baina oso! Ea nolakoa izan behar duen pertsona batek, txikitan nor den ukatu duenean gurasoek maitatua izateko, eta nerabetan, sozializazio prozesuan dagoela, besteen aurrean ibili behar izan duenean ez dena agertzen, besteek onartua izateko. Bada, bizi izan dugunerako, jota egon gintezkeen!

Bertsoa

Doinua: ESPAINIAN BEHERA

Generoa ez bada
orduan klasea,
aldeak markatzeko
daukagun gosea!
Aldarazi dezagun
dabilen haizea,
gaur ipiniz biharko
lanaren basea,
hau ez baita liskar bat,
da gerra luzea.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude