Jean Louis Irazoki: «Berritzaile izatea gozoki haustea da»

  • Donibane Lohizunen elkartu gara Iratzokirekin. Zuhur eta argi hitz egiten du. Estiloaren eta diseinuaren munduan Euskal Herrian puntako enpresak ditugu egun. Eta gure inguruan dena da diseinukoa: hartu dugun kafe kikaratik hasi eta arroparaino. Jean Louisek kontzeptualki garatzen omen ditu diseinuak, eta lan bakoitza independentea izatea nahi du, ez bere estilo markatuegia duena. Beraz, agian ez zinen konturatuko, baina baliteke zure hortzetako eskuila, edo zure haurraren aulkia, edo ur botila berak diseinatua izatea...
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Aita zurgina zenuen. Aitaren tailerrean hasi eta Parisen, Madrilen eta Brasilen izan zinen zeure kontura lanean jarri aurretik. Pauso horien berri eman iezaguzu.
Txikitatik ezagutu nuen tailerreko giroa. Bakantza denborako hilabetea ere aitari laguntzen pasatzen genuen. Egurra gustatu zait betidanik. Lehenik ikasi nuena zurgintza izan zen. Hortik landa beste gauzek interesatu ninduten.
Barne-arkitektura ikasi nuen Parisen. Aldaketa handia izan zen niretzat, gazterik atera bainintzen, 17 urterekin. Hura niretzat gauza anitz deskubritzea izan zen eta ez eskolako gaiari lotuta soilik, baizik eta gehienbat arte munduari dagokionean: erakusketak, museo handiak, kaleko bizitza, arte mugimendu hori... dena zen berria niretzat.

Zure aitak zer estilo lantzen zuen?
Aitak beti hemengo estiloa lantzen zuen. Baina egia erran diseinua beti egin da, izan lehengoa edo oraingoa, diseinua hor dago. Artisautzan ere norbaitek egiten zuen diseinua. Gure altzari tradizionalak sortu dira diseinu batetik, denborarekin pitaka-pitaka aldatuz joan dena, berrikuntza txikien bidez. Beraz, nik ere atzeman dut hori.
Nik estilo garaikidea soilik lantzen dut. Baina izan dut lehen fase bat arrats nire gisa; etxean eta inguruan ezagutu ditudan gauza zahar horiekiko joera izan dut. Orain, eta bereziki aurten, tradizioa eta modernitatea lotzen hasia naiz. Hori nire lan batzuetan ageri da. Esaterako, "Betiko" izeneko mahaian.

Euskarazko izena jartzen diezu lanei. Zergatik?
Euskarazko izena nazioarte mailan jende gutik konprenitzen badu ere, hain justu horregatik da interesantea. Azkenean euskarazko izen hori beste zernahi baino irekiagoa delako, ez baitu erranahi hain definitua gehienentzat, guretzat hala bada ere. Fonetikak ere badu berez balore bat. Joko bat bezala baliatzen dut. Izena hautatzeko fonetikari erreparatzen diot eta batzuetan erranahiari ere bai. Bada aulki bat "Arin" deitzen dena. Askok ez du konprenituko, baina guretzat argi da ez dela aulki pisutsua.
Gainera lanean ari naizelarik jada izen bat ematen diot, egiten duzun gauza hori pertsona ttipi bat bezala baita, nortasun bat sortzen diozu. Beste artista batzuk ez dituzte onartzen izenak, komertzialki beste ikuspuntu batetik begiratzen dutelako.

Diseinu aldetik ezberdina al da zein herritarako sortu? Herri bakoitzak badu estilo propioa?
Merkatua globalizatua dago. Azpeitiko enpresa batentzat aritzea edo Pariseko batentzat aritzea gauza berbera da, bi enpresa horiek Milanen ikusiko baitira feria nagusian. Beraz, estilo nazionalik ez da. Izaten ahal dena da diseinatzailearen nortasuna, kultura. Baina horretan ere alde gutxi, diseinu aldetik ni hurbilago senti bainaiteke alemaniar batengandik, alboko diseinatzaile batengatik baino. Hausnarketa prozesu bat da hau eta ideien munduan izaten ahal zara urrunekoarengandik hurbil, eta hurbilekoarengandik urrun.

Nola definituko zenuke zure estiloa?
Saiatzen naiz justuki estilorik ez sobera markatzen. Ez dut sobera maniatan edo estilismoan sartu nahi. Proiektu bakoitzarentzat autonomia bat errebindikatzen dut. Enpresa ezberdinentzat lan egiten dut, beraz ingurumen historiko, komertzial, ekonomikoa ere ezberdina da aldiro. Produktu berri bat egin behar dudalarik, entseatzen naiz aldiro lan berri bat egiten.

Zuri proiektu bat ematen dizutenean nola hasten duzu sortze prozesua?
Hori ere enpresaren araberakoa da. Orain enpresei eskatzen diedana da, hasi aitzin lan puska bat egiteko komertzialki edo marketing mailan. Alegia, merkatuaren kutxa edo poltsa hori ongi definitzeko, diseinatzaileek arrapostu zuzenena egiteko. Merkatua zehazki definitzeak egia da mugak jartzen dizkiola diseinatzaileari, baina mugarik gabe ez duzu libertaterik. Diseinatzailea ongi moldatzen bada muga horien artean, gauza anitz bada errateko. Berriz, batere mugarik gabe lan egitea ez zait interesatzen sobera. Diseinu industrialean ari naiz, ez da arte lan bat. Testuinguru ekonomiko eta industrial batean gara, beraz mugak badira, eta horrek egiten du interesgarria lan hori. Erronka da, produktua sortzerakoan gainditu behar diren gauzak dira, ahal bada sorreratik duzun ideia ttipi hori sobera itzali gabe.

Oso gauza ezberdinak egiten dituzu: ur botilatik hasi eta hortzetako eskuila edo aulkietara. Produktu bakoitza egin aurretik dauden eredu guztiak aztertzen dituzu?
Bai, aldiro merkatuan den joera eta gehienbat historian egin diren gauzak aztertu egin behar dira. Horretarako altzari munduan espezializatzen ari naiz. Batetik gauza anitz ongi egiten ez delako ahal. Eta bestetik gure inguru industrialean, punta-puntako altzari markak baditugulako Euskal Herrian. Baina gehiegi ere ez dut espezializatu nahi. Gustatzen zait sobera ezagutzen ez dudan alor batean lan egitea. Horrek ere aberasten du.

Zuen lanean nola batzen da eskulana eta puntako teknologia?
Horretan ere nik bilatzen dudana esperientzia ezberdinak ukatea da. Izan eskulanean espezializatutako enpresa ttipia, edo izan goi mailako teknologiadun enpresa handia, esperientzia horiek biak interesatzen zaizkit. Posible delarik, bat bestearekin lotzea bilatzen dut; beti ezin da ordea.
Bestetik ezberdina da serie ttipi-ttipi baterako produktua diseinatzea, edota eskala handian salmenta masiborako produktu bat diseinatzea. Pentsatzeko garaian aldea dago. Normalean salmenta handiak direlarik inbertsioa ere handia izaten da. Beraz tresneria baduzu moldeak egiteko, eta sortzeko lana luzeagoa izaten da, pixka bat pisuagoa ere bai.

Nola lortzen da diseinuaren eta funtzionaltasunaren edo praktikoa izatearen arteko oreka?
Badirudi diseinua eta praktikoa izatea kontraesanean daudela. Hedabideetan erakusten dutenagatik, jada «diseinua» hitzak gure buruan gauza arraro bat esan nahi du, zerbait bitxia izan behar du, harrigarria eta nik ez dut hala ikusten. Inguratzen gaituzten gauza gehienak diseinatuak izan dira, autotik hasi eta edalontzi edo mahaietara. Toki guztietan dago diseinua eta denok gero eta sentsibilizatuago gaude diseinuarekiko. Gure mendean gauzak gero eta sofistikatuago egiten ahal dira, gero eta sentsibilitate gehiagorekin lantzen da diseinua, materialaren erabilpenari eta xehetasunei dagokienez.

Diseinu hori askotan ez al da tranpa moduko bat? Askotan ez dira bi produktuak berdinak eta itxura aldetik soilik ezberdinak?
Hori hala da. Mundu komertzial honetan gehiago saltzeko tranpa bat ere bihurtu daiteke. Horretan ez erortzen saiatzen naiz. Saiatzen naiz gauzak diren bezala, gustatu edo ez, baina koherentzia pixka batekin egiten eta gogoz egiten.

Modak badu eraginik diseinatzailearengan ala bakoitzak bere estiloa du?
Segur eraginik baduela. Orain autoa erosterakoan, esaterako, ez dugu zahar bat erosiko, nahiko dugu azken modeloa. Gauza berbera diseinua aplikatzen den beste gauza denetan. Altzarietan segur moda bat badela. Baina modari sobera kolatua izatea ez da on ez enpresentzat, eta ez diseinatzailearentzat, nahi badute proposatu egiazki zerbait diferentea, edo iraunen duena.
Irauteko ideia hori biziki inportantea da nire lanerako. Alegia, gauzak egitea ez ateratzen den momentu horretan jendea harritzeko, baizik eta denbora pixka bat pasatuta ere molde hori klasiko bat bezala ikus dadin. Irauten duen gauza bat ez da errepikatu behar eta beraz, irudi egiazkoagoa, pisuzkoagoa du. Bada erran zahar bat: "Bizi zazpi urtez altzari batekin, eta aspertu ez bazaitu, orduan ona da».

Moda nork sortzen du?
Batetik, jendeak eta bestetik, badira kaptore batzuk ere, diseinatzaileak direnak, garaiko gauzak sentitzeko eta pixka bat moldatzeko gaitasuna dutenak. Baina gauza denak eginak daude, gure inguruan daude. Diseinatzaileak egiten duen bakarra da begirada pittin bat ezberdina ematea, modu batean interpretatzea, irakurketa berezi bat egitea.

Diseinuak norantz jo du? Zerbait berritzen da ala berriro lehengo moda zaharrak datoz?
Beti ari dira gauzak pixka bat errepikatzen, baina beti zerbait berri ekarriz, zerbait hori ttipia bada ere. Hala behar du gainera. Mahai bat egiteko berrikuntza punttu bat behar da, zurea asmatzen den mila eta batgarren mahaia izango dela dakizunean. Bestetik, badira historian momentu jakin batzuk ere, non material berri bat ateratzearekin gauzak bestela ikusten ahal diren, bestela begiratzen ahal diren. Eman dezagun aluminioa edo plastikoa sortu zenean, edo oraingo erretxina batzuekin. Historiako momentu horietan leiho berri bat zabaltzen da. Eta badira zerbait markatu duten pertsonalitateak ere, musikan edo beste sorkuntzatan gertatu izan den bezala.

Mundu horretan nola bereizten da zein den diseinatzaile ona? Denak balio du?
Ez du denak balio, ez. Diseinatzaile bat zerk egiten duen on? Berritzailea izateak. Esan dut gauza berri handirik ez dela ekartzen ahal; bada ahal den hori guztia egin behar da.
Hala ere azkenean diseinatzaile ona besteengandik merkatuak banatzen du, jendeak banatzen du. Diseinatzaileak baditu iragazkiak. Orain bezeroa industrialagoa da, lana eskatzen digun enpresa da gure lehen bezeroa. Baina horren ondotik, produktua aterata, bigarren iragazkia dator: merkatuko bezeroa. Eta hor salmenta kontuak sartzen dira. Beraz, arrakasta eta kalitatearen bermea ez dago segur. Zinean ere filma bat anitz ikusten delako ez du erran nahi kalitate handikoa denik. Lanean ohartu izan naiz ez nintzela enetzat pentsatzen ari, baizik inguruko jendearentzat ere pentsatuz ari nintzela: "Halakok zer-nolako mahaia nahi luke?". Erakusten diot emazteari eta igual irriño bat ateratzen zaio; jada hori bada zerbait. Nire kritiko hurbilak baditut.

Zertan saiatzen zara berritzaile izaten?
Enetzat berritzaile izatea, goxoki haustea da. Pixka bat haustea, baina gauzak zainduz. Formari gaur ematen zaion garrantzia hori nik ez diot ematen. Saiatzen naiz gero eta garrantzia gutxiago ematen formari, eta aldiz gehiago ematen xehetasunari, formen tratamenduari eta materialaren erabilerari. Ukitua, aspektua, sentsazioa nolakoak diren jakin nahi dut, gauzak edo objektuak irakurketa bat baino gehiago izan ditzan. Lehen begiradan ikusten dena da irakurketa bat, gero ukitzean beste bat da, eta erabiltzean hirugarrena. Objektu horrekin bizitzean halako harreman bat sortzea da bilatzen dudana.

Gaur material merkeagoak erabiltzen dira, lehen egur onari ematen zitzaion garrantzia. Hori ere ez da kultura galtze baten seinalea, gazte gehienok ez dakigulako zurak bereizten?
Ez, beharbada gazte batek arbolak ez ditu ezagutuko, baina badakigu intxaurra edo haritza kalitatezko zurak direla, tradizioaren sinonimo direla. Nik ere haritza erabiltzen dut, baina desberdin tratatua. Kasu batzuetan material tradizionalok erabiltzen ditut, baina beti ere adierazi nahi dudanarekin koherentea bada.

Koloreak nola hautatzen dituzu? Objektu bakoitzak badu bere kolorea?
Objektu horrek historian izan duen koloreak badu eragina. Esaterako, plater bat ez da morez egiten ahal, edo berdez, pozoiaren kolorea izaki. Platerak zerbaitegatik dira gehienetan zuriztak. Tradizioari jarraitzen zaio, baina aldatzen den tradizioa da. Gauza guztiak mugitzen ari dira etengabe. Duela hamar urte bizarra egiteko aitzur denak beltzak eta metalezkoak ziren, orain kolorezkoak dira.
Kolorea, forma eta materiala batera landu behar dira, eta denek adierazi nahi denarekin koherenteak izan behar dute. Horretan ere badut laguntzaile bat. Ene emaztea da kolorista.

Kultura batetik bestera aldatuko dira koloreak ulertzeko eta erabiltzeko moduak...
Bai. Beharbada gero eta homogeneizatuagoak gara. Baina esaterako, Japonian, hemen ez bezala, beltza eta grisak hartzen dituzte zuria eta koloreen gisan. Bestetik, Japonian sentsibilitate berezia dute koloreak tratatzeko, koloreak hits edo distiratsu egiteko. Hemen ez dugu kultura bera, baina orain gauzak geroz eta sofistikatuagoak dira, eta gauza horiek ere kontuan hartzen ditugu.

Euskal Herriko etxeetara sartu da diseinua ala ez gara puntako joeren zale?
Segur dena da sektore tradizionala, orokorki, beherantz doala. Alde batetik gazteentzat Ikea bezalako dendak ditugu gero eta gehiago, eta bestetik oraingo modelo garaikideak sartzen ari dira apurka-apurka etxe guztietan.
Aldaketa beharrezkoa da, eta bereziki gure gizartean. Euskal Herrian baditugu hamar enpresa punta-puntan direnak Europan eta munduan, eta aldiz, gure etxeak kanpo eta barren ez dira hain punta-puntakoak. Egiten dena zainduta egin behar litzateke, inguruneari atxikita. Mendi zonaldeetan, esaterako, etxe gorri batek dena apurtzen du. Arkitekturan gara pixka bat sobera lotuak ez dakit zer garaiko edo nolako etxeekin, eta barnean ere zaila zaigu modernitateranzko pauso hori ematea. Aski zaigu telebistan politikariei egiten zaizkien elkarrizketatan, zer nolako altzariekin errezibitzen duten jendea ikustea. Harrigarria da.
Hori toki batzuetan zaindu egiten da, zeren eta diseinua komunikatzeko bektore bat ere bada, bai zure buruaz ematen duzun irudiaren aldetik eta bai industrialki herriak zer produzitzen duen erakusteko. Euskal Herrian badira gauzak biziki onak egiten direnak, eta jende gutik ezagutzen ditu egiazki. Bestalde, gure bizitza pixka bat goxatzeko edo polit egiteko balio dute. Musikan edo beste arte guztietan bezala, gure gaurkotasunari lotuagoak dauden gauzak behar ditugu, eta guk eginak izatea.

Curriculuma
ljaio: Azkainen, 1965ean.
bizi: Donibane Lohizunen.
diseinatzailea
ikasketak: Barne-arkitektura ikasi zuen Pariseko Boulle eskolan, eta Industri diseinuan espezializatu zen Madrilgo Eskola Esperimentalean.

ibilbidea:
1992an Brasilen urtebete egin zuen, «Mugarik gabeko arkitektoekin».
1993an Pariseko diseinu bulegoetan egin zuen lan.
1998az geroztik bere kabuz ari da lanean Donibane Lohizunen.
Enpresa askorentzat egin du lan: Sokoa, Azkue, Astigarraga, Almer, Sare, Baby Relax, Raison Pure, Carrefour, Didheia...
Bere lanak erakusketa askotan jarri dira, besteak beste Parisen, Milanen, Valentzian eta Alemanian.

sariak: Italian «Top ten» saria eman diote «Ioko» aulkiari, 2003an.

bere web-orria: www.iratzoki.com

Bertsoa

Doinua: ESPAINIAN BEHERA

Jarrera ona behar genuke
diseinu on batekiko,
baina diseinu denei etxerik
ez diegu irekiko.
Sarri lehengoa da modernoa,
ta modernoa betiko,
gauzak zer diren ezin ulertu
hala dira eta kitto,
laister aulkiak ez al ditugu
sabaietan ikusiko?

«Ioko» aulkiak Italiako Top ten saria jaso du
"Gune kolektiboentzat egina da. Aulki batek bildu ditzakeen funtzio guztiak baditu: elkarren gainean nola metatu, nola albokoari lotu, mahaia... Baina piezak diskretuki biltzen ditu, sobera nabarmendu gabe. Diseinua egiterakoan saiatu naiz ez aulkia bakarrik kontuan hartzen, baizik lerroan jarritakoan estetikoki emaitza bat lortzen; eta aulki hori instalazio handian jartzean, ingurua kontuan harturik sentsazio berezi bat sortzen. Beraz, aulkia ez dut hartu soilik elementu bat bezala, baizik eta errepikatzen den elementu bezala, ingurumen arkitektoniko batean. Eta izan zedila ahal bezain gogor, trinko, serio.

‘Ioko’ aulkia Sokoa enpresarekin egindakoa da. Sokoari esker ere sartu naiz lehiaketetan, jakin duelako aulki horren alde apustu egiten».


Azkenak
Gazara Martxako Euskal Herriko ordezkaritzaren komunikatua Egiptotik
Okupazioa dagoen bitartean, erresistentzia egongo da

Euskal Herriko ordezkaritza gara Gazara Martxan. Egiptora etorri gara mezu argi batekin: genozidioa salatzeko, blokeoarekin amaitzeko eta Israel estatu genozidarekin harreman guztiak eteteko exijitzeko.

Gure elkartasun ekintzaren aurrean, aginte sionistaren eta... [+]


Donostiako Guardetxearen epaiketa urriaren 7an izango da

Donostiako Udalak jakinarazpena bidali dio Alde Zaharreko Gazte Asanbladari, epaiketaren data zehazteko. Asanbladak azaldu duenez, epaiketa aurreko hilabeteetan ezin dira desalojatuak izan, epaileak agindua eman arte.


Egiptok Gazarako martxaren aurkako errepresioa gogortu du, ekimena amaitutzat eman badute ere

Antolakuntzak salatu du Poliziak jarraitzen duela martxako partaideak atxilotzen eta tratu txarrak ematen. Kezka berezia agertu du Saif Abukeshek martxako presidentekidearen egoeragatik: astelehen arratsaldean atxilotu zuten, tratu txar “larriak” eman... [+]


Elkarretaratzea egingo dute Muxikan, jaietan gizon batek hainbat adin txikiko neskari eginiko sexu erasoak salatzeko

San Roman auzoko jaietan bost neska adingaberi ukituak egiteagatik 18 urteko mutil bat atxilotu zuen Ertzaintzak Muxikan (Bizkaia). Udalak eta herriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu dute asteartean 20:30erako.


Yala Nafarroak jaurtiko du sanferminen txupinazoa

Palestinaren askatasunaren aldeko eta genozidio eta okupazioaren kontrako Nafarroako plataforma izan da hautagai bozkatuena.


Elektrikari bat amiantoagatik hil zela ebatzi du Gasteizko auzitegi batek

Gasteizko Lan arloko bigarren auzitegiak ebatzi du SIS Electricidad enpresarentzat lan egiten zuen eta 2019an hil zen behargina amiantoak eragindako minbizi batengatik hil zela. Udal galdarak konpontzeaz arduratzen zen elektrikaria, eta 1999tik 2017ra lan egin zuen enpresa... [+]


Txetxu Barrios Atarrabiako presoa baldintzapeko askatasunean geratu da

Kartzelan 27 urte egon eta gero askatasunean geratu dela iragarri du Etxerat elkarteak.


Hilberria
Fermin Leizaola etnografoa hil da, 81 urterekin

Euskal Herriko artzaintzaren kulturan aditua izan da; milaka pieza jaso eta dokumentatu ditu Aranzadirekin. 45 urte eman zituen Etnografia Saileko zuzendari.


17 urteko neska bat elektrokutatuta hil da Araiako tren geltokian

Geldirik zegoen bagoi baten sabaira igo eta han elektrokutatu da. Berarekin zegoen 16 urteko neska zauritua izan da eta Gurutzetako ospitalera eraman dute.


2025-06-17 | Mikel Aramendi
“Lur arraroak” edo “mineral estrategikoak”?

Ezer geratu bada argi pasa den astean Londresen Txinako eta AEBetako merkataritza-arduradunen artean adostu zuten “esparru-akordioan” (batek daki zer esan nahi duen zehazki esamoldeak; “Genevako akordioari buruzko akordioa” dela diote batzuek), hauxe izan... [+]


Israelek Irango telebista kate publikoaren egoitzari eraso egin dio, eta Netanyahuk mehatxu egin du Khamenei hilko dutela

Teherango barruti bati eraso egin ondoren, Israelek jaurtitako misil batek IRIB Irango telebista kate publikoaren egoitza izan du jopuntu. Erasoa gertatu aurretik Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek ohartarazi du "Irango propagandaren bozgorailua" desagertzear zela... [+]


2025-06-17 | Gedar
“Parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu, eta aurten ere ez gara jaietatik kanpo geratuko”

Ehunka lagun mobilizatu dira berriz Gasteizen, txosnetan GKSren eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren aurka mantentzen duten betoa dela-eta, irtenbide bat aldarrikatzeko.


Herri Sanferminak festarako prest

O plazan garatuko dute egitaraua. Bazkariak, bertso saioa, txikientzako antzerkia, pilota txapelketa, herri olinpiadak eta elektrotxarangak izango dira, besteak beste.


EAEko Kultura Sistemaren Legea, Espainiako eskuinaren esku?

Jaurlaritzak lizitaziora atera zuen proiektua, “lan teknikoegia” delako. Ia 80.000 euro jasoko ditu Estudio Jurídico Gabeiras y Asociados SLP enpresa madrildarrak, “egoeraren diagnostikoa” eta legearen hasierako proiektua egiteko. Enpresa horren... [+]


“Irunen alarde gatazkarik ez dagoela diotenen asmoa da gaiari garrantzia kentzea, inor busti behar ez izateko”

Irungo Alarde Parekidean sortu berri den Meaka konpainiako kapitaina da Nagore Olaskoaga. Alarde Tradizionala vs. Parekidea, “kopuruak direnak dira, baina oso pozik gaude gazte askok eta askok hartzen dutelako parte Alarde Parekidean, eta beraiek dira gure herriaren oraina... [+]


Eguneraketa berriak daude