"Irudimenak sufrimendua leuntzen duela egia da"

Zure haurtzaroa Bilbon kokatzen da, 40 eta 50eko hamarkadetan, inguru burges batean. Zure gurasoek garai hartarako ezohikoa zen heziketa zuten. Marraztu lau hitzetan zure amona eta gurasoak.
Amona, Romana Irigoyen, Pasai San Joanen jaioa zen (beti Bilbo baino hobea iruditu zitzaion bere jaioterria). Emakume sendoa zen, samurtasun askokoa, baina umorez naturaltasun handiz aldatzen zenez, bere magalean eserita zeundela haserretzen bazen airean irteten zinen! Asko bidaiatu zuen eta Filipinari eta Mexikori buruzko bere ipuinak txundigarriak ziren. Ama emakume barnerakoiagoa zen, lotsatiagoa, txikiagoa, eta aldiz, mugarik ez zuen adorea zuen. Amak ere marrazten zuen. Aitaz zeharo maitemindua zegoen eta inoiz ez zuen gainditu bere hutsunea. Aita nik sei urte besterik ez nituenean hil zen.


Zure biografian, «Txoriburu» izenekoan, deigarria da zure amak zer begirune zien ijitoei. Oso gustuko zituen ijitoak, libre bizi zirelako agian?
Izan ere nire amak bizitza osoan lana besterik ez zuen egin. Azkenean gainetik kendu ezin zuen kate astun bat irudituko zitzaion, nahiz eta lan egitea gustatzen zitzaiola ere esaten zuen. Niri gauza berbera gertatzen zait.

Nola bizi zenuen giro hura umetan? Zer zen garai hartan neskatila izatea?
Neskatila izatea gorrotagarria zen, etxetik kanpo ia ekintza guztiak debekatuta baitzeuden. "Ez igo zuhaitzera", "Ez zaitez zikindu", "Orain ez ezazu hitz egin"... Aspergarria zen.

Pertsonalki, umetan zer irudi zenuen zeure buruaz?
Beldurgarri txarra. Hormaren atzean biziko nintzateke.


Zertarako balio zizun marrazteak?
Askatasun izugarria ematen zidan, eta berezia izatearen sentsazioa. Gutxienez, alor horretan behintzat, beti nintzen onena!

Umetako zure oroitzapenetan, heriotzak presentzia izugarria du.
Ni bezalako neskatila batentzat (erantzun estetikoak behar zituena), heriotza ihesbide poetiko bat zen, erritualaren eta sinboloen bidezko ihesbidea. Bestetik, nik uste helduek modu errealagoan bizi zutela, eta denean gertatzen den bezala, heriotzan ere ez zegoen gaur egun dagoen komertzioa.

Zure anai-arrebek ipuinak kontatzen zizkizuten. Zer garrantzi dute ipuinek haurtzaroan?
Bruno Bettelheim-en teoriak gustatzen zaizkit. Nik uste egia dela ipuin herrikoiek arazo errealak kontatzen dituztela, baina mozorroturik. Eta uste dut egia dela irudimenak sufrimendua leuntzen duela; umeek noizbait sufrimendua bizi beharko dutela sumatzen dute eta sufrimendu hori asko leuntzen du irudimenak. Ipuinetako pertsonaiek eta gatazkek errealitatea birsortzen laguntzen diete, baina ipuinak kontatzeko giroak ere egokia izan behar du. Nabarmena da gaurko umeei hainbeste tramankulu informatiko, hainbeste film eta hainbeste telebista izanda, kosta egiten zaiela ipuinei erreparatzea.

Zure ipuin eta ilustrazioetan, zer mezu bilatzen dituzu?
Ahalik eta mezu eraikitzaileenak. Eraikitzen saiatzea, ez suntsitzen. Elkarlana, taldean lan egitea.

Zure ipuinetan heriotza ere agertzen da, edo arazo fisikoak dituzten umeak... Ohiko ipuinetan gai tabuak dira, eta gurasoek askotan «gogorregitzat» jotzen dituzte ume batentzat.
Baina bizitza hori ere bada!

Italian bederatzi urtean bizi izan zinen. Euskal Herrian zer egoera zegoen alde egin zenuenean, eta zer aurkitu zenuen Italian?
Italiar batekin ezkondu nintzelako joan nintzen hara, eta sei urte pasa nituen pastasciutta egiten. Bilbo Frankismopean utzi nuen eta aurkitu nuen herri bat, Italia, eta hiri bat, Erroma, nahaste-borraste politiko bete-betean zegoena. Majo dibertitu nintzen, niretzat berrikuntza handi bat izan zen gogoak ematen zizuna esatea. Gerora itzuli eta Madrilen jarri nintzen bizitzen; batez ere bertako klima lehorragatik, nire hezur hautsi gizarajoei mesede egiten baitzien.

Giro burgesa utzi eta artista bizitza hautatu zenuen. Zein libertate eta zein estuasun ekarri dizkizu horrek gaurkoa bezalako gizarte batean?
Nik esango banizu.

Ilustratzaile eta idazlea
- Asun Balzola Bilbon jaio zen, 1942an. Ia hamar urtetan Erroman bizi izan zen, 1967tik 1976ra. Egun ordea, Madrilen bizi da.
- Ilustratzailea eta idazlea da Balzola. Madrilgo Arte Ederren unibertsitatean egin zituen marrazki eta pintura ikasketak. Euskal Herriko eta Espainiako argitaletxe gehienentzat egin ditu ilustrazioak, baita Europa eta AEBetako argitaletxeentzat ere.
- Haur eta gazteentzat idatzi ohi du. Helduei zuzendutako bere lehen liburua "Txoriburu" da, haurtzaroko oroitzapenak biltzen dituena. Helduei zuzendutako bere azken lanak, berriz, "Desde mis ruedas" du izenburutzat.
- Beste sari askoren artean, Bratislavako Golden Apple saria bitan jaso du. 1992an Haur Liburuentzako Nazioarteko Erakundeko IBBY-ko ohorezko zerrendan jarri zuten. Espainiako Kultura Ministerioko hainbat sari jasoa da, eta baita Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Saria ere.


ASTEKARIA
2003ko uztailaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude