IÑAKI MARTIARENA "MATTIN": "UMOREAREN ATZEAN MAIZ OINAZE HANDI BAT DAGO"

  • Bizikleta du adiskide, «Balbina» omen du izena. Marrazkigintza den artisautza lanerako ere, asko erakusten du bizikletak: bideak bere denbora behar duela erakusten du, helmugara iristea bezain eder dela bidaia, eta kontu handia izan behar dela autoekin.
Estitxu Eizagirre @eeizagirre  |  Ixiar Eizagirre
2003ko apirilaren 13a

Irudiaren bidez komunikatzen duzu. Baina irudiaren munduan, zer dela eta hautatu zenuen marrazkigintza?
Gauza gutxi behar dituzulako gauza handiak egiteko: papera, tinta, eta irudimena, ez duzu besterik behar. Niretzat garrantzitsua da xumetasun hori gainera. Txikitasun horretan murgilduta nabil eta horretan sinesten dut. Zinema ere izugarri gustatzen zait, noski, baina industria handia da, diru asko behar duzu medio horretan jarduteko. Pobreen zinema da komikia, bere txikitasunean zinemak adina eskain dezakeena.
Hori «Napartheid» fanzinean, esaterako, oso garbi ikusi genuen. «Napartheid» fanzinea erreferentzia bat izan da herri honetako euskarazko komikigintzan. Irrigintza laborategi bikaina izan zen hura. Ondarroako «Luterl» taldearen lana ere azpimarratuko nuke, txikitasunean, handi. Hori ikasi behar dugu, txikiak izaten.
Arazoa da, gaur egungo testuinguru globalean, ez digutela txiki izaten ere uzten! Eta hain justu, txikiak errespetua eta begirunea behar du, biziraungo badu. Komikiaren eta marrazkigintza munduaren kasuan, esaterako, zoritxarrez oraindik aurreiritzi gehiegi dago: gai zabarrak edo umekeriak direla leporatzen zaio askotan mundu honi. Jakina, komikian ere badira halako gauzak, baina eta non ez daude? Jendeak zurekiko duen jarreran ere antzematen dira aurreiritzi horiek: komikigilea zarela esan beharrean, «ilustratzaile» zarela esaten baduzu, kontxo, jada prestigio gehiago-edo ematen dizute. Beste estatuetan nabarmena da tradizio askoz handiagoa dutela. Hemen, berriz, Ipurbeltzek 25 urte bete ditu eta apenas izan duen oihartzunik.

Karikaturak, binetak, ilustrazioakà ia denetik egin duzu. Zertan zaude orain?
Lehenik eta behin generoak argitu behar genituzke, jendeak normalean ez baititu bereizten. Ez dira gauza bera karikatura, ilustrazioa, komikia, gaurkotasunezko binetaà zerikusia badute, baina ez dira gauza bera, literaturan poesia eta eleberria ezberdinak diren bezalaxe.
Genero bakoitzak bere lengoaiak eta bere arauak ditu. Baina arauak hain zuzen ere hausteko sortuak izan direnez, egia da, literaturan bezala irudigintzan ere generoen arteko mugak lausotzen ari direla: komikiak ilustrazioen tankera hartu du, ilustrazioak ere komikirantz jo duà Noski, nahasketak interesgarriak izan daitezke, baina beti ere zein eremutan zabiltzan jakinda.
Arauei dagokienean, ni ez naiz inor esateko zeintzuk diren jarraitu beharreko arau absolutuak, bakoitzak bere irizpide propioak ditu. Nire kasuan, batetik bestera saltoka nabil jolasean. Boladaka nabil: errotulagailua, luma-muturra, pintzela, ordenagailuaà Orain, adibidez, lantokia kolorez zipriztinduta daukat, pintzela atzaparretatik kendu ezinik nabil. Jolastea eta esperimentatzea guztiz garrantzitsuak zaizkit, errutinatik ihes egitean datza kontua. Medio bakoitzak lengoaia desberdinak ditu, eta ahal den neurrian guztietaz baliatu behar gara. Etengabeko bilaketa grafiko batean murgilduta nabil, eta bilakaera ere etengabekoa da.

Etengabeko bilaketa horretan, autodidakta izatea hobesten duzula irakurria dizut nonbait...
Une honetan ez nizuke esango hobea denik autodidakta izatea. Gauza bat teknika da, bestea etorria, eta biak behar dira. Bietan bakarra aukeratu behar balitz, etorria iruditzen zait garrantzitsuena. Grina hori behar duzu. Teknikan gehiegi itsutuz gero, sobera behartuta sortuko da irudia.
Bestetik, bertsolaritzan bezala, trebatzekotan beti ere plazak behar dira. Pazientzia handia aitortu behar zaio irakurleari, nire lana behin eta berriro ikusi duelako eta nire trebakuntza horren partaide izan delako. 1988an hasi nintzen, Argiako TXT gehigarrian "Bokarta ikertzaile aparta" marrazten, Andoni Tolosaren gidoiaz. Eta jabetzerako, 35 urte betetzera iristen zara eta horretan jarraitzen duzula ohartzen zara.

Pixkanaka egindako bidea da, beraz?
Marrazkigintza artisautza da, nik hala bizi dut. Eta artisautza den neurrian, batetik bide luze bat da, urte askotako langintza eta trebakuntza behar duen ofizioa, eta bestetik, gauza txiki bat da, pixkanaka aurrera egiten duena. Niri hala gustatzen zait, gauzak pixkanaka egitea, eta ez abiadura handian. Akaso datozen belaunaldikoek presa handiagoa daukate gauzak egiteko, nik hala antzematen dut behintzat. Nik uste presa ez dela ona. Komiki albumik oraindik ez dut atera, baina lasai, izango da aukera horretarako ere. Pixkanaka eman behar dira pausoak.
Alde horretatik oso pozik nago Donostiako «Irutxulo» aldizkariko lanarekin ere. «Irutxulo»k, txoro-txoro jada 400 ale kaleratuak ditu. 400. zenbakia dela eta, maiatza hasieran "Moko" eta "Karmele" pertsonaien binetekin bigarren bildumatxoa argitaratuko du, eta 5.000 liburuxka banatu harpidedun guztien artean. Halako lorpen txikiek betetzen naute.

Zure etengabeko formazio hori nola gauzatu duzuà
Iturri desberdinetatik edan ohi dut: norberaren bizipenak, prentsa, pintura, zinema, literaturaà guztia da balekoa sormenaren su txikia piztuta izateko. Beti ere pertsona gizartean dagoen neurrian edo herriari lotuta dagoen neurrian, eraginak jaso egiten dituzu eta gero zuk berriro herriari ematen dizkiozu.
Bestetik, klasikoak behar beharrezkoak dira, tarteka itzuli egiten zara horietara. Modaren morrontzak eragin handia du eta egia da modak kutsatzen gaituela, baina klasikoak hor daude. Nire erreferentziak, karikaturagileen artean, Thomas Rowlandson ingelesa (1756-1827), Honoré Daumier frantziarra (1808-1879), Wilhelm Busch alemaniarra (1832-1908), eta gurean ezinbestekoa zaidan John de Zabalo "Txiki" (1892-1948) izan dira, besteak beste.

Umorea ere bada zure ezaugarrietako bat. Zergatik umorea lantresna?
Umorea oso gauza serioa ere bada. Maiz, umorearen atzean oinaze handi bat dago. Pertsonak bizirauteko ere erabiltzen du umorea. Gauzei aurre egiteko jarrera, tresna, bide bat da. Nire kasuan, esaterako, benetan sentitu nuen marrazteko beharra, Iraken aurkako ditxosozko inbasio hau hasi zen egunean. Marrazkiak egin eta egin jardun nuen, barrutik irteten zitzaizkidan emozio, amorru, ideia guztiak paperera bota behar nituen. Eta behar hori bera sentitu nuen Egunkaria itxi zuten egunean ere.
Bestetik, umorea kolore guztietakoa izan daiteke: u-morea, u-gorria, u-beltza, u-berdeaà Galipotaren kasuan u-beltza irteten zaizu, derrigor!

Irakurleak ere, gusturago hartzen al du umorearen eta marrazkiaren bidezko mezua? Hori nabaritzen duzu?
Nik ez daukat jakiterik marrazkiak irakurlearengan sortuko duena. Marrazkiak bere bidea egiten du. Bide horretan erdia marrazkigileak edo delako sortzaile horrek egiten du, eta beste erdia irakurleak. Hori lege ukaezina da niretzat. Zuk marrazkia egin, eta gero irakurle batek soilik irribarre egingo du marrazkia irakurrita (marrazkiak irakurri egiten baitira), beste batek irakurri eta gainera ondoren pentsatzen hasiko da, eta beste batek ez dauka denborarik edo gogorik irakurtzeko. Sortu ditudan pertsonaien kasuan ere gauza bera gertatzen zait, pertsonaiek euren bidea egiten dutela, eta kontrolaezina zaidala euren bide hori, behin bizitza hartzen dutenean. Hain justu horretan datza bizipoza, grazia.
Bestetik, gero eta zailagoa da irudi hutsez irakurlea hunkitzea edo sikiera erakartzea. Halako betekada dauka irakurleak! Betekada informatiboa, irudien betekadaà horrek dakar ez garela gauza behar bezala digeritzeko, hausnartzeko. Ni behintzat bizi dugun betekada, zarata, saturazio horrek asko kezkatzen nau. Hainbeste liburu ditugu, hainbeste disko, hainbeste zarataà Kaos horretan irakurleari ez dizkiozu gauzak inbutuarekin sartuko, uxatu egingo baituzu. Zuk marrazkia egiten duzu, baina irakurleak hurbiltzeko gogoa eduki behar du. Baina hori gertatzen zaio bai marrazkilariari, bai musikariari edo bai idazleari.
Ideia zein itsura aldetik dagoen homogeneizatzeak ere kezkatzen nau. Gero eta kultur produktu transgeniko gehiago dakusat merkatuan.

Azken uneko notiziaren aurrean jarrera bat publikoki hartu beharra ere egokitu zaizu. Nola bizi izan duzu hori? Eta zeure burua autozentsuratu izan al duzu?
Azken uneko notiziaren aurrean jarrera bat publikoki hartu beharrak egoera deserosoa sor dezake, baina azken batean egunero hartzen dugu jarrera bat bizitzan, goizean jaikitzen garen unetik hasita. Bistan da hemen mikroklima oso berezia dagoela, eta horrek oztopatu edo baldintzatu egiten duela erabat umorea egiteko momentuan.
Zentsurari dagokionean, ni bizikleta zalea naiz, eta bizikletaz aritzen zarenean jabetzen zara kontuz ibili behar duzula autozentsurarekin, oso azkar joaten denez harrapatu egiten baitzaitu. Gu ere harrapatu gaitu, autoa etorri da eta «Egunkaria» itxi digu. Dena den, dianaren erdian egotearena ez da inolaz ere berria: 2000. urtean, esaterako, neronek «Aizu!» aldizkarian argitaratutako tira bat zela medio AEK eraso zuten.

Gauzak pixkanaka egitea gustatzen zaizula azpimarratua duzu. Hori ez al dago kontrastean egunkari bateko lan erritmo azkarrarekin?
Plaza ona da prentsa, zure lana ezagutarazteko eta zabaltzeko. Hasieran zaila egin zitzaidan egunero sortze hori, baina behin neurria hartu ondoren, gozatua ere handia izan zen. Sortzeko, tentsio puntu batek ez du kalterik egiten. Jakina, agortzeko arrisku handia dago.
Bestetik, gaurkotasunezko umorezko binetak badu irudi sobera eskematikoak egiteko arriskua. Alegia, prentsan lana egiteak sobera mugatu dezakeela egilea. Marrazkigintza eta grafismoa blokea eta oztopa dezake. Dena dela, muga horien barruan mugitzen jakitean datza gatza eta piperra, bat-bateko bertsolaritzan bezalaxe.
Puntu batetik aurrera, irakurleari bake pixka bat ematea ere garrantzitsua da niretzat. «Egunkaria»n sei urtez binetarekin eztenaldiak eman ondoren, etenaldia egitea erabaki nuen. Irakurleari bake pixka bat eman nahi nion, eta nire barrenei lasai eta soseguan begira jartzeko unea iritsi zitzaidan, baita beste ate batzuk jotzekoa ere: ilustrazioa, bat-bateko marrazkialdiakà

"Irudipuinak" du izena Ixabel Agirresarobek eta biok bat-bateko marrazkiak eta ipuin kontaketa uztartuta jendaurrean egiten duzuen ikuskizunak. Nola sortu zen ideia, eta zer moduzko esperientzia izan da?
1999an hasi ginen, esperimentazioan hasi ere. Emanaldi puntual baterako prestatu genuen eta ia oharkabean egin dugu bidea, pixkanaka (orain arteko dena bezala!). Ireki dugun ate bat da. Ikastetxeetan, tabernatan, umeentzat, helduentzat egin ditugu emanaldiak, hain zuzen ere ez baitago ipuinentzat adinik. Ixabelen kontatzeko moduak, bere jarioak, txoratu egiten nau, eta ni bezala umeak eta helduak ere txoratuta uzten ditu. Euskal Herriko ipuin klasikoetan oinarritzen gara: Barandiaran, Azkue, Barbierà ahozko tradiziotik datozen ipuinak dira. Nik marrazkia jartzen diet, inprobisazioari ere tarte bat utziaz. Ikuskizun hau ere gauza txikia da, eta horregatik gustatzen zait. Xinpletasun horrek nik uste txoratzen duela ikuslea, denek horixe azpimarratzen digute. Magia da.
Bestetik, jendaurreko berotasun hori ere behar nuen, jendaurrean aritzeko gogoa ere sentitzen nuen, beti bakarrik jardutea triste xamarra baita! Etxezulotik edo bulegotik atera eta jendearekin egotea, toki berriak ezagutzea beharrezkoa da, bestela pertsona tontotu egiten da.

Etxezuloan sartuta ez zara, ba, gehiegi egoten! Senegalen izan zinen, orain gutxi India eta Nepalen izana zara... Bidaiatzera zerk eramaten zaitu, eta zergatik toki horiek?
India eta Nepalek gutxienez hau adinako beste elkarrizketa merezi dute. Senegali buruz, markatu ninduela esango nizuke. Bidaia grafikoa izan zen. Errenteriako «Mikelazulo» elkarteak antolatutako kultur espedizioa, "Bixotz Tam!padak" deitutako proiektua, mugarri bat izan da nire bizitzan zein lanean. 2001eko ekainean joan ginen Dakar eta Cassamansera. Nahiz eta bi aste soilik pasa, asko ikusi eta ikasi genuen. Badugu zer ikasia haiengandik. Elkartrukeak izugarri aberastu ninduen. Herri horien erreferentzi grafikoak bertatik ezagutzea ere oso polita iruditu zitzaidan: koloreak, marrakà azken batean beraien unibertsoaren nolakotasunera hurbiltzea. Hango esperientzia medio bide grafiko berri batzuk hasi nituen, eta hori nabarmena da nire egungo irudigintzan.
Bestetik, batzuetan sortzaileak badauka halako gaitza, bere buruarekin etengabe bakarrik egotekoa, eta talde lanean jardutea ahaztu egiten zaio. Horretan oreka bilatu behar dugu. "Bixotz Tam!padak" proiektuak eta Senegalek, talde lana ere esan nahi zuen niretzat.

"Maripuzker", berriz, irailean Bratislavara doaà
Bai, eta oso pozik nago. Mitxel Muruak idatzi eta nik ilustratutako "Maripuzker" liburua Bratislavako Ilustraziogileen XIX. Lehiaketarako hautatua izan da. Oso pozik nago, puzkerka euskaldunok irri egiten badakigula erakutsiko baitugu Europan, Eslovakian hain zuzen ere. Gauden testuinguruan egonda, euskaldunok zubiak eraiki behar ditugu. Honen haritik, Galtzagorri Elkartearen lana azpimarratuko nuke, haur eta gazte literaturaren aldeko lan handia egiten ari baita, baita zubiak eraikitzeari dagokionean ere. Gainera, haur eta gazteen literatura (oraingoz ukitu ez dutenez), oso eremu garrantzitsua da zubiak eraikitzeko. Irudigileon kasuan, berriz, Galtzagorri Elkarteak tailer eta lantegiak muntatzen lagundu digu, eta nik uste topagune interesgarria eta beharrezkoa dela.
Zubiak eraiki behar dira, baina ez Bratislavan bakarrik, Donostiako Herrera auzoan edo Larratxo auzoan ere bai. Gure porlanezko larre honetan ere zubiak eraiki behar dira.
Nepaleraino joan gabe, Jaizkibel mendia hor bertan dago, eta ederra da. Baina ez badaukazu jakin-minik ez zara arrimatuko. Komikigintza eta ilustrazioan gertatzen dena ere gauza bera da: hor bertan daukazu. Eta Jaizkibel parean justu San Marcoseko zabortegia daukazu: merkatua, dirua, Durangoko azoka... Baina une honetan nahiago dut Jaizkibelera jo, San Marcoseko miseriez hitz egin baino!


1999 urteaz geroztik "Irudipuinak" egiten dihardugu Ixabel Agirresarobe kontalariak eta biok. Garraio publikoaz gabiltzanez, Euskal Herriko txartel leihatilako saltzaile guztiak ezagutzen ditugu.
Behin La Roncalesa garraio etxekoekin hika-mika baten ondorioz eztabaida latza izan genuen, autobus barruan bertan, papera eta kaballetea zirela-eta. Itxuraz, gidaria ozpinduta zegoen. Geroztik "La Bronkalesa" bataiatu dut.

- Jaio: Donostian, 1967. urtean.
- Marrazkilaria.
- Informazioaren Zientziatan lizentziatua da.
- Pertsonaiak:
- «Bokarta» «(1988, ARGIA), Andoni Tolosaren gidoiarekin.
- «Kattalingorri» (1996, Ipurbeltz).
- «Moko» eta «Karmele» (1994, Irutxulo)
- «Euskaldunon Egunkaria»n gaurkotasunezko binetak egin ditu 1994-2000 urte bitartean.
- «Belardo» (2001, «Euskaldunon Egunkaria»ko Xingola gehigarrian).
- Ilustratutako liburuak: Beste askoren artean: «Aitaren batean» (1990, Erein), «Lapitz baten ibilerak» (1997, Erein), «Nire kalea» (1998, Erein), «Ibaiko dama» (1999, Erein), «Titanick» (2000, Eusko Jaurlaritza), «Risky eta bere lagunak» (2000, Elkar), «Asiakleta» (2000, Erein), «Yako» (2001, Erein), «Bixotz Tam!padak», Senegaleko bidaian oinarrituta (2001, Mikelazulo).
- »Irudipuinak» ikuskizuna (ipuin kontaketa eta marrazketa uztartzen dituena) egiten dihardu Ixabel Agirresaroberekin, 1999az geroztik.
- Bratislavako XIX. Ilustraziogileen Lehiaketarako hautatu berri dute «Maripuzker» liburua, Mitxel Muruak idatzi eta Mattinek ilustratua dena.

Doinua: Semaforoa gorri ta berde
Gauza txikitan mezu handi bat
txikiak asko bestela
erreakzio bat bilatzeko
asmotan dator horrela.
Inork marrazki bati begira
uste badu ona dela
eta esaten baldin badio
baietz, arrazoi duela
egileari heltzen al zaio
marrazkiari bezela?

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Maiteminduta al dago Michel Houellebecq?

Urtarrilaren 4an argitaratu da Michel Houellebecq-en zazpigarren nobela, Sérotonine, eta publikatu bezain laster urteko fenomeno literarioetako bat bihurtu da Frantziako Estatuan, baita harago ere, itzulpenak azkar etorri baitira, asteazken honetan bertan publikatu da gaztelaniazkoa. Argitaratu aurretik zen handia ikusmina, Houellebecq ez baita alferrik gaur egungo idazle irakurrienetako bat, bere nobeletan Frantziaz eta Mendebaldeaz egiten dituen gogoeta sarkastiko, probokatzaile eta... [+]


2019-01-20 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Foam pilotak eta beste

2019-01-20 | Reyes Ilintxeta
Maddi Barber. Itoizko urtegiaren ondorioak behatzen
"Nola egin daiteke paisaiaren edo leku baten dolua?"

Mila galdera ditu borborka antropologiarekin maiteminduta dagoen Artzibarko gazteak. Horietako bat Itoizko urtegiarekin lotua:
nola bizi daiteke bertako jendea zazpi herri eta hiru natura-erreserba ito zituen ur baltsa erraldoiaren ondo-ondoan?


2019-01-20
Maddi Barber Gutirrez (Lakabe, 1988)

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna, EHUn. 2017an, Ikus-antropologia masterra egin zuen Manchesterreko Unibertsitatean eta han Yours Truly zuzendu zuen C. Murray eta C. Hoskins-ekin. 592 metroz goiti dokumentala da master bukaerako lana. 2018an, Visions du Réel jaialdian (Nyon, Suitza) estreinatu ondoren, Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean hartu zuen parte. Zinemagile nafarraren lana Kimuak 2018 sortarako hautatua izan zen. Orain Itoizko urtegiarekin lotutako... [+]


2019-01-20
Aldaketarik ez

Eguneko 13 ordu baino gehiagoko lanaldiak, jai egunak barne. Osagarririk ez opor, baja edo gauean lan egiteagatik. Prekarietatea ordainsari langile migratzaileentzat. Eta grebari ekin diote. Ez gara ari Almeriako “plastikozko itsasoko” egoeraz, Azkoienen gaude, Nafarroako Gobernuak diru publikoz lagundutako enpresa batean. Urtetan Nafarroako landa eremuan izan den gatazkarik handiena da Huertas de Peraltakoa. Eta momentuz, Aldaketaren Gobernuak patronalaren ildoa babestu eta... [+]


2019-01-20
Amurrioko baserriari tiro egin zion polizia: "Probokatu egin ninduten"

Pistolarekin tiro egin zuen Espainiako polizia ohiak adierazi digu bere burua defendatu besterik ez zuela egin. “Mendian gaztainak biltzetik nentorren, eta bertatik pasatzera nindoala jakitun, baserriaren atarian mezu iraingarria jarri zuten jabeek: ‘Kontuz txakurra’. Urteetan sufritu behar izan dugu irain hori, eta bake garaiotan berdin jarraitzea ez da bidezkoa. Demokrata orok egingo lukeena egin dut, justiziaren eta elkarbizitzaren alde aletxoa jarri”.


2019-01-20
"Atxikimendu-bonoa" sortu dute, euskal celebrityek aldarrikapen politikoak egitea errazteko

Kultur eta kirol munduko aurpegi ezagunek aldarrikapen politikoekin bat egitea errazteko, “Atxikimendu-bonoa” sortu dute Euskal Herriko hainbat eragilek. “Ideia sinplea da”, esplikatu du Txintxo Garmendiak, ekimenaren bultzatzaileetako batek: “Beti jende berarengana jotzen dugu antolatu dugun zerbait aldarrikapen zabala dela adierazi nahi dugunean.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude