GOÑI BAILARA: ERKAMETZ BILA, TXARGAIN MENDIAREN BIRAN

  • Besteentzat hain liluragarri den ingurua, bertakoentzat, desertu bihurtzen ari da.
Euskal Herriko txoko hauek ahaztuta utzi nahi ezta, Goñi bailarara abiatuko gara. Irur tzunen bertan, Astrain alderako errepidea hartuko dugu, eta ondoren NA-7030, Goñi bailarara doana. Arteta herrian utziko dugu kotxea, herri bertatik hasiaz ibilbidea. Herritik ikusten da Txargain mendia. Zulatutako kareharrizko gailur honek 1.000 metro eskas neurtzen ditu. Gure gaurko helburua, Txargain mendiari bira ematea da. Horretarako, kotxea aparkatzeko bazterrera utzi dugun errepidea hartuko dugu. Metro gutxi batzuk egin ondoren, berehala eskuinera eraikin berezi bat azalduko zaigu. Fantikorena etxea da, Artetako museo etnografikoa, baina mendi buelta egiteko asmotan bagaude, hobe da ondorengorako uztea lan hori, ez baita ordu laurdenean ikusten hiru pisutako antzinako altxorren gordeleku hau. Etxearen segidako bihurgunean, eskuinerantz doan bidezidorretik barrena, behi granja batera iritsiko gara. Bidea erkametzez apainduta dago. Haritzarekin nahasteko erraza den arbola hau, haritz nabarra ere deitua, Iberiar penintsulako endemismoa da, hau da, oso murriztua eta urri zabaldua dagoen espeziea. Beraz gozatu erkameztiaz, ez baita edonon topatzen den landarea.

Gorantz goazela, pista nagusiarekin topo egingo dugu, gure bidezidorrari elkartzut. Hemen, bi aukera ditugu, mendiari bira eskuinetik edo ezkerretik ematea. Gure gomendioa, ezkerreko bidea hartzea da, eskuinekoa hartuz gero, igoera astunagoa da eta aspergarriagoa. Eta badago beste arrazoi bat ere. Orain arte ohartu ez bagara ere, mendiaren eskuinaldean kobazulo bat dago, herritarrek "saizulo" izenez ezagutzen dutena. Ezkerretik abiatuta, berehala, kobazulora doan bidezidorra dago. Bidezidor hori hartuta, nahi izanez gero haitzulora hurbil gaitezke edo aurrera jarraitu basoan zehar. Aukera hau entretenigarriagoa da pista baino, baina hori bai, ibiltzeko traketsagoa. Eskuinekoa hartuta gauza berbera egin genezake, baina behin buelta emanda nagikeri gehiago izaten da eta arriskua egoten da ibilbidea haitzuloa bisitatu gabe amaitzeko. Hobe da hotz-hotzean goranzko bideari eustea.
Arteta herriko aiton-amonek diotenez, mairuak Goñiko bailaran bizi zirenean, zezen buru bat lurperatu omen zuten koban altxor batekin. Gaur egun, makina bat eskalatzailek bisitatzen du koba eta urte osoan zehar, izenak adierazten digun moduan, saien babeslekua da. Hegazti hauek garai batean alde egin bazuten ere, pixkanaka azken urtetan itzultzen ari dira bertakoen harridurarako. Ez daude ohituta putreak Txargain gainean ikusten. Ez dituzte herriko bereizgarri moduan eta bailara guztian euskara oso galdua dagoenez, ez zuten ezagutzen "saizulo" hitzaren adiera. Hitzak berak adierazten digu zein ziren eta diren haitzulo horretako bizilagunak.
Ezkerretik abiatuz gero, bai pistatik bai bidezidorretik, azkenean errepidera iritsiko gara. Bihurgunean dagoen errepide zati horretan, eskuineko bidexka hartuko dugu, burdinazko ataka bat igaroz. Ordura arte artadi batean ibili bagara, aldaketa somatuko dugu, pagadian sartuko baikara. Bidea askozaz irekiagoa eta garbiagoa da, lehorretik hezerako pasadizoa da. Zuhaitzak begiratu gabe, lurrean ezkur mota desberdina ikusiko dugu. Artearen ezkurra haritzarenaren antzekoa bada, pago ezkurra hiru aldetako ezkur burusoila da.
Mendia eskuinean dugula, segituan izango gara gailurra zapaltzen. Baina tartean, urteen poderioz urak sortutako zulo sakon bat topatuko dugu, sima bat. Txarrantxaz inguratua badago ere, kasu egin, auskalo bukaera non duen-eta.
Konturatzerako, gainaldean izango gara, berriz ere pista nagusia begi bistan dugula. Pistan gaudela, Txargain mendiari bizkarra emanez, zeru garbiarekin, ezkerretara Andia mendizerra ikusiko dugu, atzean San Donato duela, eta eskuinetara Satrustegi eta Txurregi. Gain honetan, ardiak larrean dauden bitartean, pista jarraituko dugu eskuinera beheranzko bidea hartuz. Berriz ere landaretza aldaketa. Ez ditugu artadiko ezpel eta epuruak ikusiko ez eta pagadiko gorosti eta erratzak, birlandatutako pinuak baizik. Zuhaitz hauek gaitzak jota daude erabat. Kotoizko bolak diruditen egiturak daude pinu ale bakoitzean. Pista bihurgunetsutik behera, berriz ere Artetara zuzenean doan bidezidorra hartuko dugu.
Orain bai, nahi izanez gero, Jose Luis Ulibarrena eskultoreak zuzenduriko museoa bisita genezake. Gizon honek, 30 urtetik gorako lana bildu du museo honetan; garai bateko abeltzaintzan, zurgintzan, uhalgintzan, hilerrigintzan... erabilitako tresneria, jostailuak, zintzarriak, bitxiak, arropak, tapizak, bainu ontziak, musika, sinesmenak, mitologia... topa genezake. Eskultore honen kezka nagusia etnia indoeuropar aurreko euskaroa da eta horren alde lanean jarduten du gau eta egun. Bere esanetan, etnia honek penintsula osoa hartzen zuen, eta horren lekuko dira gaur egun dirauten 500 herri baino gehiagoren izen euskaroak.
Eta oraindik bailara honen egarriz gelditu bagara, kotxea hartu eta Udarbe ibaia gainetik igarotzen duen zubitik ezkerretara, Ultzurrunera doan errepidea hartu behar dugu, eskuinean Ulibarrenaren eskultura utziaz. Ultzurrunetik, Artetako iturburura iritsiko gara, ia Iruñea guztia urez hornitzen duen iturburura. Urtean zehar bisitari ugari jasotzen ditu leku honek, eta interpretazio zentroa ireki zenetik gehiago

Pinu beldarra
Pinu mozorro edo pinu beldarra (Thaumetopoea pityocampa), Mediterraneoko ohiko espeziea da. Baina munduko leku askotan aurkituko dugu: Portugal, Frantzia, Alemania, Hungaria, Egipto, Israel, Palestina, Libia, Maroko...

Zedro eta pinu mota guztiak erasotzen ditu, bertakoak nahiz kanpotik ekarritakoak.
Eme helduek, pinuen azikulatan (hostoetan) jartzen dituzte arrautzak, ikusmenak eta usaimenak gidaturik. Azikula egokienak aukeratu ostean, hankekin txorten bereko beste azikulak apartatzen dituzte arrautzak askatuaz. Errunaldi bakoitzean 120-300 bitarte arrautza jartzen dituzte eta hori guztia abdomeneko ezkatekin biltzen dute babestearren. Jaio eta berehala sortu bereko lekuan elikatzen dira. Guztira bost larba fase izaten dituzte. Lehenengo muda, 8-12 egunetara gertatzen da, bigarren larba fasera pasatuaz, 12-18 egun irauten dituenak. Hirugarren larba faseak 30 egun irauten ditu eta fase honetan eratzen dira neguko habiak edo guk pinutan ikusten ditugun poltsak. Fase honetan, muda ondoren, beldarrak ohiko itxura hartzen du, desberdina dena zona bakoitzean bertako baldintza klimatikoak medio. Eta fase honetan eratzen ditu baita azkon erresumingarriak, gizakiontzat hain kaltegarri direnak, sortzen dituzten alergiak direla-eta. Beldarra geldi dagoenean, azkon erresumingarriak, gailu baten barne mantentzen dira baina astintzen bada, azkonak askatzen ditu. Bosgarren fasean, aktiboki elikatzen direnez, beldar kolonia bizi deneko pinua guztiz soiltzera iritsi daitezke. Azikula guztiak ondo aprobetxatu ondoren, prozesioan irtengo dira beste biktima baten bila.
Beldarrak helduak direnean, emea buru dutela, lurrera jaitsiko dira bertan lurperatuaz krisalidak eratzeko. Metamorfosiaren ondoren, tximeleta jaioko da. Hainbat pinu jaberen buruhauste bilakatu den intsektu honekin akabatzeko, metodo desberdinak daude: poltsen suntsiketa zuhaitzetik moztu eta ondoren erre, zanpatu edo eskopetaz tirokatuz, feromonen tranpak erabiltzea arrak gutxitzeko... baina erabilgarriena tratamendu kimiko masiboa izaten da, beldarrekin batera bizidun ugari deusezten dituena. Eta beldarrek bere horretan jarraitzen dute


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude