Nork irakurtzen ditu euskarazko liburuak?

  • Euskal literaturaren egoera eta literaturaren beraren irakurlea ezagutze aldera, literaturaren osasuna, generoak eta merkatua izan ditugu hizpide. Jorge Gimenez Alberdania argitaletxeko editorea eta Euskal Editoreen Elkarteko lehendakaria, Iñaki Zubeldia Ibaizabal argitaletxeko kidea eta idazlea, eta Oier Guillan -azken hau literatur irakurle gisa- bildu ditugu mahai-inguruan.

2002ko abenduaren 01an
Literatur zaleen kolektiboa eta literaturaren oinarriak ezagutze aldera, egin dezagun euskal literaturaren diagnosi bat. Nolakoa da bere osasuna, nolakoa irakurlearen egoera?
JORGE GIMENEZ: Hasteko, diagnosi hitza hitz potoloa eta interpretatzeko arriskutsua dela esango nuke. Euskal literatur sorkuntzaren egoera bere bizitzan ezagutu duen hoberena da, baina, tamalez, bizitza laburra du. Osasun ona du bai sorkuntza ahalmenaren aldetik bai batez besteko kalitatearen aldetik. Kalitateari dagokionez, euskarazko merkatuan oso puntako idazleak ditugu, oraingoz gutxi batzuek baino ez dute onespena jaso, baina pixkanaka bide hori zabalduz doa.
Irakurlearen egoera, berriz, ona da. Kopuruari dagokionean ez da hain ona, bai ordea irakurlearen estratifikazioari dagokionean. Irakurleak gero eta modu erosoago batez bilatzen ditu bere gustuko literatur generoak. Idazleek, halaber, hobeto identifikatzen dituzte beren helburuak irakurle honen barruan.
IÑAKI ZUBELDIA: Jorgek esandakoa bidezkoa iruditzen zait. Egia da azken hogei-hogeita bost urteotan euskal literaturak aurrerapauso nabarmenak eman dituela. Egoera hau, ordea, ez zen bat-batean sortu, aurretik sustrai bat bazegoelako gertatu da. Baina, batez ere, gure literatura orain iritsi da literatura unibertsalaren neurrira, ez nuke esango neurri-neurrira iritsi denik ere, baina autore batzuk maila horretan dabiltza, euskal idazle batzuk munduko literatur egile batzuekin erkatu daitezke, eta beste batzuk bultzaka datoz. Euskal literaturaren egoera itxaropentsua da.
OIER GUILLAN: Funtsean ados nago esan denarekin. Azken bi hamarkadetan aurrerapauso izugarriak eman dira eta unibertso propioa gero eta osatuago bat dago, irakurle bakoitzaren beharrak asetzeko gero eta eskaintza zabalago bat dago merkatuan. Alabaina, gauzak proportzioan ikusi behar dira, eta irakurle naizen aldetik, kezka bat daukat: gure txikitasunean, ez ote diren liburu batzuk errazegi kaleratzen eta ez ote duten oihartzun zabalegia izaten. Aurrerapausoak eman dira, bide luzea egin da, baina autokritikan ere sakondu beharra dagoela nabari dut.

Euskal literatura beste literaturen ondoan garatzen ari da. Ondokoekin homologatzeko moduan al dago?
J. GIMENEZ: Irakurlea irakurle dela azpimarratu nahi dut, alegia, ez hizkuntza bateko edo besteko irakurle. Euskal irakurleak beste hizkuntza bat erabiltzen du gutxienez; Hegoaldean gaztelania eta Iparraldean frantsesa. Beraz, informazio iturriak guztiz zabalik dauzka eta konparatzeko aukera ere bai. Hori ez da gertatzen, esaterako, euskaraz irakurtzerik ez daukan jendearekin.
Konparazioa kalitate mailetara zabaltzen badugu, oso eremu labainkorrean sartzen gara. Finean, herri bateko literatura kultur alorreko beste produktu bat besterik ez da. Literatura unean uneko eta tokian tokiko kulturaren egoerari dagokion zerbait da, ez da sortzen literatur tailer batean, nolabait esanda. Alabaina, euskal literaturak ez du lotsarik izan behar inguruan ditugun literaturen aldean jartzeko, bereziki, gaztelaniaz egiten den literaturaren aldean. Bereziki diot, Espainian egiten den gaztelaniazko literaturari begiratzen bazaio, sorkuntzaren aldetik, ez baitago bere unerik hoberenean. Besterik da Hego Ameriketan egiten dena. Gure literatura, oro har, beste literaturekin homologatuta dago. Kanpoko idazleek, agenteek nahiz editoreek gero eta gertuagotik ezagutzen dute gure errealitatea eta gure uretara hurbiltzen dira sarea botatzeko asmoz. Horrek zerbait adierazten du.

Nola lehiatzen da euskarazko literatura erdaraz ekoizten den literaturarekin? Gazteen artean bereziki.
I. ZUBELDIA: Gazteen artean erdarazko literaturara jotzeko ohitura duen sektore bat badago. Nahiz eta gazte hauek ikastoletan hezi izan diren, erdaraz euskaraz baino gehiago irakurtzeko ohitura hartu dute gaztetatik. Izan ere, oraindik hainbat obra ez daude euskaraz eta derrigorrez erdaraz irakurri behar dituzte: hor daude Ken Folletten «Los pilares de la Tierra« eta beste obra batzuk, Noah Gordonen «El Médico» eta «El Rabino», Stephen King, Dean R. Koontz, Anne Rice eta beste hainbat amerikarrek gazteentzat idatzitako obra indartsu eta erakargarriak.
Alegia, badago gazteentzako esplizituki idatzitako literatura: gai makabroak eta garratzak, tentsio handikoak, guk literatura horietatik gutxi daukagu eta irakurle gazteen sektore batek horietara ezinbestean jotzen du. Edonola ere, gure artean badauzkagu euskal literaturaren irakurle gazte onak diren gazteak ere.

Zu zeu Oier, ase sentitzen zara dagoen eskaintzarekin? Irakurri nahi duzuna aurkitzen duzu edo genero bat edo beste faltan hartzen al duzu?
O. GUILLAN: Orokorrean, gero eta aukera gehiago daukat beharrezko ditudan gaiak eta generoak aurkitzeko, baina oraindik ere ez naiz guztiz ase sentitzen. Egia da, Iñakik aipatu bezala, beste literaturetatik itzulitako lanak falta ditugula gure literaturan. Euskal literatura kalitate handiko gauzak egitera heldu da, gero eta parekatuagoa dago beste literaturekin, gure gabeziak ez daude kalitatearen mailan, beste eremu batzuetan baizik. Gazteei interesatzen zaizkien zenbait generoei dagokienean gabeziak daude ziur asko; oraindik ere eskaera osatzeko beste hizkuntzetara jo beharra dago. Nik neuk ez ditut behar ditudan gauza guztiak aurkitzen, baina sorpresa oso atseginak hartzen ditut hemen idatzitako hainbat libururekin.

Aipa dezagun literatur hizkuntzaren egoera. Literaturaren corpus bat gauzatzeko jende kopuru nahikorik ote dagoen aipatu izan da. Irakurle gazteak erakartzeko jerga edota argota aski landua ote dugu euskaraz? Eguneroko hizketa moldetik hurbil ala urrun al dago euskarazko literatura?
I. ZUBELDIA: Euskarak eta hizkuntza literarioak berak itzulpenari esker eta idazleei esker asko aurreratu du, nolabaiteko corpus literario bat eta oinarrizko terminologia bat dago. Beharbada, bai irakurlearen eta bai herriaren formazioan atzerago gaude, eta batzuetan kosta egiten da literatura zabaltzea. Hau da, oro har, jendeari kosta egiten zaio literatur hizkuntzara hurbiltzea. Hizkuntzaren maila dezente altxa da, baina euskarazko irakaskuntza oso gaurko kontua da, herriak oraindik ere ez du unibertsitatearen tradizio sendoa bereganatu, beraz, oraindik urteak eman beharko ditugu jendea hizkuntza literario horretara hurbiltzen joan dadin.
Bi plano bereiz ditzakegu herrian, batean irakasleak, idazleak eta itzultzaileak daude, hizkuntza munduan jende jantzia alegia. Eta beste plano batean, ez tontoagoak direlako, beste gai batzuez arduratzen eta interesatzen direlako baizik, dago euskara herrikoia dakien jendea, baina hizkuntzaren ezagutzan gehiegi sakondu ez duena. Lehenak ez daude bigarrenak baino jantziagoak horregatik. Herri hau horrela da eta hala onartu beharra daukagu.
O. GUILLAN: Nik irakurle gazteen artean zailtasunak antzematen ditut, gazteek zailtasunak dituzte hizkuntza literario horretara hurbiltzeko, jerga, argota edo bestelako baliabideak erdaratik jasotzen eta erabiltzen dira, eta nahiz euskaraz izan badauden, ez dira aski ezagutzen edota ezagutzen badira ere ez dira erabiltzen, faktore hori askotan traba izaten da jende hori euskal literaturara ekartzeko.
J. GIMENEZ: Euskaraz irakurtzera hurbiltzeko arazoak dituztela euskal gazteek? Euskaraz irakurtzera edo irakurtzera oro har? Arazoa zabalagoa da, ez da hizkuntza arazo soila, ezta gutxiagorik ere, badaude beste kontu batzuk, tamalez, sakonagoak. Esaterako, datuei erreparatzen badiegu, bi gauzatan laburbildu daiteke gure egoera: irakurlea oro har -gazteleraren eremuan mugitzen diren irakurleez ari naiz- galtzen ari gara, gero eta urriagoa da. Datu honek ez digu soslaia osatzeko balio, baina bai egoera islatzeko. Beste datu bat irakurtzen duten horiek gero eta gauza zehatzagoetara jotzen dutela da, ez da noraezeko irakurlea edo esploratzailea. Bakoitzak berea bilatzen du eta gainera oso definitua.
Datu horiek euskarazko literaturara ekartzen baditugu, irakurle batzuk irabazi egiten dituela ematen du, baina oso fenomeno erlatiboa da. Hau da, datuak interpretazioaren menpe jarri ohi dira eta horrek azterketak okertzera eraman gaitzake. Bi prozedura nahastu ohi dira, irakurketa berez beheraka doan arren, gurean nolabaiteko faktore zuzentzaile bat dago, hizkuntzaren normalkuntzaren bidetik datorrena, beti gora doana. Jakina, oraindik bide luzea dago egiteke normaltasun egoera batera iristeko. Eskolako irakurketa gomendioz egiten den irakurketa da, ez da irakurketa librea.

Bestalde, gure literaturan gertatzen dena arazo bezala planteatzeko dagoen joera ezeztatu nahi nuke. Ez dut uste hainbeste arazo dagoenik, «arazo» hitzarekin nazkatzen hasita nago. Iñakik esan duenez, literatura irakurtzen ez dutenek ez dituzte baliabide edo ahalmen literario txikiagoak. Irakurzaleen mundua klub baten antzekoa bihurtzen ari da. Garbi ikus dezagun, zenbat eta denbora gehiago galdu horren kontzepzioa hartzen, guretzako kalte.

Nondik nora ari da klub hori osatzen?
I. ZUBELDIA: Eskolatik datorren irakurle txikien bidetik bereziki, bide hori oso interesgarria da. Eskolan ia denei irakurrarazten zaie, irakurtzeko obligazioa-edo izaten dute. Batzuk konturatzen dira irakurriz izugarri gozatzen dutela eta horrela literaturarako zaletasuna sortu ahal zaie. Beste batzuei ez zaie hori gertatuko, ez dira klub hori osatzera pasako. Eskolaren bidea interesgarria da irakurle potentzial batzuk sortzeko, nahiz horrek ez duen esan nahi denak irakurle izango direnik. Gaineratiko hauek kirolean edota informatikan arituko dira, baina horrela sortuko dira irakurle libreak. Hala ere, literatura txikitatik umearen aurrean jarri behar da, gero ume horrek berak gazte denean aukera egin dezan. Txikitan irakurtzea gozamen bezala hartzen duena, ziur asko gero irakurle izango da.

Bilatu dezagun irakurlearen soslai hori apur bat. Zein da genero irakurriena, zein dago gorago zein beherago?
J. GIMENEZ: Euskarazko irakurlearen %32ak eleberria aukeratzen du era sistematiko batean; %14ak, berriz, «humanitate» izeneko zaku zabala eta bitxia aukeratzen du. Hirugarren multzoan poesia eta antzerkia datoz. Gaztelerazko datuak hartzen baditugu, nobelaren datuak oraindik markatuagoak daude, irakurlearen aukera %80ra iristen da.
Baina, datu soil gisara hartu beharrean, nolabaiteko interpretazio bat egiten arriskatzen bagara, nobela da narrazio erregistroetan zehaztugabeena, nobelaren barruan best sellerrak sartzen dira, genero mistoak ere sartzen dira. Beraz, argi gutxi ematen duen datua da irakurzaletasunari begira. Esan dezagun, jendeak irakurketan «murgiltze» moduko bat egiten duela.
O. GUILLAN: Narrazioak, eta honen barruan eleberriak, estatus gorena hartzen du. Ez naiz salmenten arabera ari, -ez ditut datuak ezagutzen- jendeak aipatzen dituen generoen arabera baizik. Poesiak edo antzerkiak ez dute hainbesteko prestigiorik; baina bai nolabaiteko errespetuzko estatus berezia. Gainera, poesia malguagoa da, beste formatuekin ere azaltzen da kalean, harreman zuzenagoak izan ditzazke zenbaitetan jendearekin, nahiz eta hori ez islatu beti salmentetan. Poesia idazten hasten dena narraziora pasatzen denean, nolabaiteko heldutasun prozesua osatu duela pentsatu ohi da eta ez nago horrekin ados. Jendeak nobelari beste estatus bat ematen dio generoa ulertzeko orduan. Saiakera eta biografia generoak oso baztertuak gelditzen dira, salmentetan ez da horrela islatzen, eta uste baino gehiago saltzen dira agian, baina kalean ez da hainbeste ageri. Bi genero hauek aberastasun izugarri eskaintzen diote literaturari oro har, saiakerak nolabaiteko oinarri bat ematen dio, baina kalean gutxietsia dago eta generoen estatus horietan beherago agertzen da agian.
J. GIMENEZ: Bestalde, irakurleen estratifikazioari begira honako komentario hau oso zabalduta dago: «Adinean gora joan ahala jendeak narraziotik saiakera eta biografia aldera jotzen du. Poesia gazte-gaztetan irakurtzen da, eta irakurleak horren gazte izan gabe poesia irakurtzen segitzen badu klasikoetara jotzen du». Merkatua baliotzat hartzen badugu, liburuaren zirkulazioa narraziogintzatik bizi da, eta ez bakarrik narraziogintzatik baizik eta eleberritik. Gogora dezagun aspaldikoa ez den datu hau: gure literaturan ipuina izan da irakurriena. «Obabakoak» hor dago adibide gisa. Beste gauza bat da liburu hori zein kontzepturen barruan kokatzen den, liburua atera zenean gehienok ipuinak zirela esan genuen, nahiz geroago beste kontsiderazio batzuk egin ziren. Harrezkero nobelak egin zuen maldan gora eta orain ipuingintza bere benetako neurrira errenditzen ari da. Iñakik agian, gehiago esango digu idazle moduan.
I. ZUBELDIA: Ez dago dudarik, Ramon Saizarbitoriak berreskuratu du azken urteetan eremu hori, Joseba Sarrionandiak ere «Lagun izoztua» eleberria idatzi du. Eleberria indar izugarria hartzen ari da. Batzuek «Obabakoak» eleberritzat jo zuten, baina ipuin sorta bat da, batasun bat egiteko modukoa, baina funtsean ipuin zoragarrien bilduma. Poesiak, idazle berri gazteen artean arrakasta dezente berreskuratu du, eta indartsu ari da bultzatzen.

Zertan dago merkatua eta ekoizpena, zertan argitaletxeak? Batzuetan sobera produzitzen dela entzuten da, liburu guztiek ez dutela kalitate nahikorik lortzen...
J. GIMENEZ: Fenomeno berri baten barruan ari gara, hau da, edizioaren mundua demokratizatu egin da. Liburuaren prezioa merkeagoa da; egun liburu bat ekoiztea ez da garai bateko lan hura. Liburua merketu da ekoizteko bideak erraztu direlako, produktua bera ugaldu delako.
Ez dut liburu gehiegi ekoizten denik uste, kontua da erosle gutxi dagoela. Ekoizten den %80tik gorak badu bere tokia, geroz eta argitaletxe finagoak ditugu, kalitate galbaheak gero eta hobeagoak dira, gutxitan ihes egiten digute galbahe horren alboetatik erdi mailako lanek. Euskarazko produkzioaren maila oso txikia dela bonbardatzen da merkatuan, etengabe, baina hona beste datu bat: EAEn, euskarazko liburuaren erosleak 325.000 inguru dira, Euskal Herri osoan 400.000 erosle direla esan dezakegu.
Kopuru hori alderatzen badugu euskaldungoaren kopuruarekin, konturatzen gara euskarazko liburuen erosle proportzioa izugarria dela, kontuan har dezagun horiek ere gaztelaniaz edo frantsesez erosten dutela. Irakurle komunitate zale bat dugu beraz. Kontua da jende gutxirengana zuzentzen garela denok, ez euskaraz lan egiten ari garenok bakarrik, baizik eta beste hizkuntzetan ari direnek ere gure irakurle komunitate honengana jotzen dute gure eroslea jende leiala delako erosteko garaian.
I. ZUBELDIA: Gure irakurleek elebidunak diren mementotik ahalmena dute esparru zabalagoko literaturara jotzeko, Espainiako edo Frantziako elebakar batek baino gehiago, esaterako. «Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan» liburuan Saizarbitoriak 5.000 ale saltzen dituela dio. Euskal irakurlearen proportzioa gaztelaniaren proportzioan jarrita 300.000 titulu saltzea litzateke hori, orduan soziologikoki ikusita izugarrizko proportzioa da. Gehiegi produzitzen ote den? Idazle dezente gaude, batzuk kaskarxeagoak beste batzuk hobeagoak. Esaterako, ziklismoan gertatzen den bezala, batzuk puntan dabiltza eta beste batzuk atzerago, baina denak doaz tropelean eta denak dira beharrezko, bideak bakoitza bere tokian jartzen du, eta gurean ere merkatuak jartzen du bakoitza bere tokian. Kontua hauxe da: merkatu hori hor dago batzuek bere lana hobetzen dutelako, eta aldi berean, idazleak daude merkatu eta literatur corpus bat dagoelako.
O. GUILLAN: Ekoizpena ez da gehiegi, nik liburu bat aukeratze soilarekin gozatzen dut, liburu denda batera joate soilarekin, aukeratzeko eskaintza zabala izatea eskertzen dut, gero eta liburu eskaintza gehiago izan eta gero eta gehiago gozatzen dut liburua aukeratzean. Orain gutxi, idazle batek zioenez, orain hamar urte euskarazko liburu guztiak irakurri zitzakeen eta orain ezinezkoa zaio. Gaur egun zaila da, baina neurri batean badago nobedade gehienak inguratzea edo horien berri izatea; interesa duen irakurle bati gutxitan eginen dio ihes euskal nobedade baten berriak, gero liburu denak irakurri ez arren. Beraz, gehiegi hori oso erlatiboa da.

Hedabideetatik nahiko informazioa jasotzen da euskal literaturaz? Irakurleek ba al dute literaturara iristeko bitarteko nahikorik?
O. GUILLAN: Interesa duen pertsona batek bere inguruko hedabideetan nahi duen informazioa lor dezake. Baina, oro har, ez da nahiko informazioa zabaltzen, ez dago euskarazko hedabide askorik ere, eta are gutxiago euskal literaturari leku ematen dioten hedabide askorik. Nahi duenak arakatu behar du eta ez da guztiz erraza. Euskal literaturaren berri sakona izateko komunikabide konkretu batzuetara jo behar duzu.

Idazleak idatzi behar ote du irakurle konkretu batentzat?
I. ZUBELDIA: «Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan» liburuan agertzen denez, idazle horiek literatura ona lantzen dute. Baina, irakurle mota asko dago, zineman gertatzen den bezala, film guztiek ez dute Oscar bat irabaziko, baina badago zine mota asko eta jendeak gustuko ditu Oscarrerako moduko filmak ez direnak ere. Literatur munduan horrelako zerbait gertatzen da. Irakurle esparru ezberdinak daude eta horiei ere erantzun behar zaie. Euskal munduan, goi mailako idazle horien lanak irakurtzeaz gain edo horien lanak irakurri gabe ere, beste liburuak irakurriko dituzten irakurleak badaude, hainbesteko kalitaterik ez dutenak, baina bidea eta formazioa egiteko balio dutenak, irakurlearen gozamenerako eta irakur zaletasuna piztu eta mantentzeko balio dutenak.

Maila apalagoko liburuek irakurzaletasuna zapuzten al dute?
J. GIMENEZ: Formulako literaturari buruz ari bazara, literatura guztietan badago, gurean ere bere eskalan badago. Haur eta gazte literaturan egiten diren gauza asko formulako literaturaren forma batzuk dituzte, helburu zehatz batzuk dauzkate, publiko zehatz eta markatu batekin konektatu behar dute, eta, beraz, idazleak maneiatzen dituen elementuak findu egiten ditu estilo bateko edo besteko literatura egiteko. Niretzat literatura estilo horrek badu lekua, eta akaso, pena da toki zabalago bat ez izatea. Nahiago nuke liburu batek 5.000 ale saldu beharrean horrelako lau aldiz salduko balu, ona litzateke, batez ere sortzailearentzako, halaber, argitaletxeetan ere arazo gutxiago egongo litzateke apustu arriskutsuagoak egiteko. Gainera, ez dut uste literatur komunitatean literatur mota honi erdeinuz begiratzen zaionik, ez da nik hautematen dudana. Literatur komunitatean errespetu handia dago sorkuntza ezberdinekiko. Hori bai, barkatzen ez dena da harro eta handiuste izatea, gauza bat egin eta norberak pentsatzea aparteko zerbait egin duenik. Normaltasun eta apaltasunez jokatuz gero errespetu handia dago euskarazko literatur komunitatean.

O. GUILLAN: Errespetu eta interes handia dago, biak lotuak, eta oso garrantzitsua da apaltasunez eta neurriz jokatzea. Are gehiago inguru txiki batean ari garen aldetik. Denetarik egoteko aukera izan behar da, aberasgarria da denetarik egotea eta gainera sinestuta nago kalitate handiko liburutzat jotzen direnak eta beste liburu apalagoen artean oreka bat mantenduz gero idazleak ondo sal dezakeela. Publikoaren araberako literatura ere egin daiteke, literatura baten unibertsoan denetarik egon behar da, besterik ez bada ere aukera egin ahal izateko. Hala ere, kalitatezko lanekin hizkuntza propioa aurkitzen duen egile batek bere irakurle eta publiko propioa sortzen du gehienetan, hori frogatuta dago, hortaz, irakurlea kapritxosoa suertatu badaiteke ere, ezin da ahaztu aukera kontzientea egiten duela une bakoitzean.

I. ZUBELDIA: Editore bezala, eta Jorgek esan duena berretsiz, hor dago Sagastizabalen «Kutsidazu bidea Ixabel» liburua. Editore guztiek nahiko lukete hamar bat horrelako eduki, horrek posible egiten baitu puntako literaturako liburuak argitaratzea eta bide berriak eta esperimentalak ere jorratzea, nahiz eta hauek gutxiago salduko diren. Gainera, publikoak horrelako liburuak eskatzen ditu, eta aldi berean, literatur esperimentalekin ezin da literatur bidea bakarrik egin eta osatu. Beraz, oreka bat bilatu eta mantendu behar dugu, gizarte bat gara, euskal gizartea, eta honek denetarik behar du, literatur mota eta maila guztiek lagundu egiten dute literatura gorpuzten. Printzipioz publikoaren nahia asetzeko bazka behar da, eta aldi berean, bazka hori ez dadila oztopo izan liburu gero eta hobeagoak egiteko eta kopuru handiagoak plazaratzeko.
Asmo hori gauzagarria al da?
J. GIMENEZ: Maniobra zaila da benetan, jendea ez da erraz sartzen merkatuan, ez du pauso hori erraz ematen, jendeak ez du literatura arazo gisa bizi nahi -inork ez daki ondo zergatik-. Jendeari maila bateko literatura arazoz kargaturiko literatura dela iruditzen zaio, hori ikuspegi desegoki bat da, ez dakit non sortua. Ziur asko uste horrek asko zor dio garai bateko esperimentuei, azaren truke porru dezente sartu zaigu urte luzeetan, ez bakarrik euskaraz, erdaraz ere bai; irakurlearengan kontrako sentsazio bat utzi zuen, maila horretako literatura zaila ote den sentsazioa n


ASTEKARIA
2002ko abenduaren 01a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude