LEGEZ KANPOKO EZKER ABERTZALEAREN AROA


Gizarteko eragile guztien artean egiten den galderak dira. Zer gertatuko da Alderdi Politikoen Legea onartzen denean? Erantzun guztiak norabide bakarrekoak dira: Batasuna legez kanpo utziko da, legea horretarako eginda dago eta. Baina noiz? Legea ekainaren 25ean onartuko bada, uztailaren hasieran. Jose Maria Aznarrek ez du denbora gehiegi luzatuko, Auzitegi Goreneko Zibileko Aretoaren eskuetan jarriko du Batasuna ilegalizatzeko eskaera eta prozedurak bere bideari ekingo dio: eskaeraren azterketa, jardueraren suspentsioa eta, azkenik, disoluzioa eta Batasunak dituen jabegoen bahitzea.
Beste batzuen iritziz, ilegalizazioa datorren urte hasiera aldera gertatuko da, Batasuna foru eta udal hauteskundeetara aurkez ez dadin. Denetariko iritziak dira, baita bitxiak ere. Interneteko Euskadilibre.com webgunean arakatuz gero, esate baterako, Frantzia aurreratu egingo da eta Espainiak baino lehenago jarriko ei du legez kanpo Batasuna. Informazioaren trataeragatik, web gune hau egiten dutenek, badute kontakturik polizi iturriekin. Seguruenik ez da kontuan hartzeko informazioa Batasunari buruz aipatzen den hau, baina edonola ere, gaiari ateratzen zaizkion adar guztien erakusle bitxietariko bat da.

Batasuna legalki bukatu da.

Gauza bat da alderdi bat legez kanpo uztea eta oso bestelakoa berak ordezkatzen duena errealitatetik ezabatzea. Galderak, ostera, bata bestearen atzetik datoz, eta garrantzitsuenetakoa honakoa da: nola egingo du Batasunak bere jarduerarekin jarraitzeko? Eta erantzuna lehorra eta bat-batekoa da, beti ere ilegalizazioak aurrera eginez gero: Batasuna legalki bukatu da. Hori da Batasunako zuzendaritzak buruan duena, eta egoera horren aurrean nola jokatu pentsatzen ari da. Baltasar Garzon Kode Penalaren bidetik horren atzean aspalditik bide badabil ere, orain Alderdi Politikoen Legearekin, helburu hori askoz samurragoa izango da.
Batasunak argi du bere jarduera eta proiektuekin jarraituko duela eta, publikoki adierazi duen legez, ez dute mendira jotzeko inongo asmorik, ezta erresistentzia dinamika hutsetan aritzekorik ere. Urtarrilean eta apirilean aurkeztu zituzten proposamenen -bakea eta eraikuntza nazionalean oinarrituz, hurrenez hurren- sozializazioan jarraitu nahi dute, beti ere -beraiek aitortzen duten legez- 1997an abiarazitako prozesu politikoarekin jarraituz eta planteamendu klabe batera iristekotan: Euskal Herria autodeterminaziorantz eramango duen prozesu baten baldintzak nola sortu.
Ikusi beharko da nola egiten duen hori, baina lehen une batean behintzat, ilegalizazioa azkar emango balitz, hor dauzka ia 900 zinegotzi, 60 bat alkate, Batzar Nagusietako ia 30 batzarkide eta 15 parlamentario Nafarroan eta EAEn. Horiek guztiak ezingo dira Batasunaren izenean aritu, baina beren postua mantenduko dute, legalki hautetsi kargua ez delako alderdiarena, pertsonarena baizik. Eremu horretan dagoen jurisprudentzia sendoa da eta hor Espainiako gobernuak eta auzitegiek ezer gutxi egin ahal izango lukete. Oraingoz behinik behin, datozen hauteskundeetarako egoera oso bestelakoa izan liteke eta. Bai parte-hartze politikoari dagokionez, eta baita ekonomikoki ere, horrek guztiak dirutan suposatzen duena ez baita txantxetakoa.
ORDEZKATZE POLITIKOAren zailtasunak. Batasunaren ondoren ezaugarri berdintsuetako alderdirik edo elkarterik sor ez dezan indar berezia jarri da Alderdi Politikoen Legean, eta hor ez zaio ia zuzenketarik egin. PSOEk ongi ikusi du testua pixka bat biguntzea, baina zirrikiturik ia ez uztea ere bai.
Xedapen Gehigarri eta guzti egin zaio alor honi, hauteskundeak arautzen dituen 1985eko lege organikoa aldatzeko helburuarekin. PPren proiektuan esaten zenez, hautesle elkargoek ezin izango dituzte hautagaitzarik aurkeztu, baldin eta hauek legez kanpo jarritako alderdi baten jarduera jarraitzeko sortuak badira. Eta hori horrela noiz den erabakitzeko honako irizpideak kontuan hartuko dira: «proiektu politikoen oinarrizko antzekotasuna, edota egitura, erakundetze eta funtzionamendu, pertsonen eta diru iturri edo ondasun materialen antzekotasuna, edota jarraikortasun hori susmarazi dezaketen beste edozelako zirkunstantziak».
PSOEk egindako zuzenketan -PPk onartutakoa- ezabatzen den antzekotasun bakarra «proiektu politikoa»rena da. Gainerako guztia berdin mantentzen da.
Jone Goirizelaia, Iñigo Iruin, Kepa Landa eta Adolfo Araiz dira Batasunatik azterketa juridikoaz arduratzen ari diren abokatuak. Errealitate honen aurrean, Batasunako juristek egin ahalak eta bi egin beharko dituzte legearen oztopo hori gainditzeko. Bai legea beragatik, eta baita aurpegi berri ugari beharko direlako, eta hauek oso egoera gogor eta zailetan aritu beharko dutelako, eragile soziopolitiko guztiek uste duten gisa, egoera biziki kaskartzen bada.
Legeak bere alde ahuletako bat ere izan dezake puntu honetan, haustesle elkargoa aurkezteko oztopoen artean, egitura, antolakuntza, funtzionamendua, pertsonak, diru iturriak eta ondasunak aipatzen dituelako, besteak beste. Hautesle elkargo bat aurkezteko, baina, oso baldintza gutxi behar dira: diruzaina, ordezkaria eta sinadura kopuru bat. Haustesle elkargoek ez dute egiturarik, ez antolakuntzarik, ez erakundetzerik... Nola egingo da, orduan, konparaketarik hori guztia ez badago?
ARAZO POLITIKOA. Borroka juridikoa agerikoa da eta desberdintasun ugari dago legearen bultzagile eta aurkarien artean, baita Espainiako botere desberdinen artean ere. Horren erakuslerik argiena Auzitegi Gorenak Arnaldo Otegiren «Gora Euskadi eta askatasuna» ospetsuari buruz emandako ebazpena: oihu hori terrorismoaren apologia da eta, beraz, iritzi delitua, baina ez terrorismo delitua.
Oraingoan, Jose Maria Aznarren gobernuaren haserrea eta ausardia oso urruti joan dira ebazpenarekiko kritikan, aspalditik oso zalantzan dagoen botere banaketari beste danbateko handi bat emanez; nori eta Justizia Administrazioaren organu gorenari «legeak betetzeko direla» gogorarazi dio, besteak beste. Zalantza barik, iritzi publikoaren kontrolak babes handia ematen du auzi honetan, eta inkesten arabera, Espainiako lau herritarretatik hiru Alderdi Politikoen Legearekin ados dago.
Gobernuaren informazioa, komunikabideak, alarma soziala eta gobernuaren neurriak. Zirkuitu itxi bat sortzen da eskema horretan eta PPk oso ondo kontrolatzen duen gobernatzeko moldea da. Eta, bide batez, PSOE ere betirako oposizioaren bidezidor korapilatsuetan barna galdua ibil dadin lortzen du.
Edozelan ere, eta Espainiako iritzi publikoari dagokionez, ETAk azken urteetan PP eta PSOEko zinegotzien aurka egindako hilketa guztiak ere ezin dira ulerkortasun testuinguru honetatik kanpo utzi. Areago, EAJren zenbait sektoretan eta baita EAko sektore txikiagoetan ere, ez du ardura berezirik sortzen ezker abertzaleak jasan dezakeena. Ezker abertzaleko zenbait sektoretatik alderdi horiekiko dauden erasoen aurrean sortzen den erantzuna da, bai ilegalizazioaren auzi honetan eta baita torturarenean ere, bi adibide aipatzeagatik.
Espainian ez bezala, Euskal Herrian oso bestelako iritzia da nagusi: arazoa, juridikoa baino politikoa da eta ondorio larriak ekarriko ditu. Hori da lege honen aurka ekainaren 15erako gehiengo politiko-sozialak deitu duen manifestazioak sakonean adierazi gura duena. Beste gauza askotan elkarri mokoka aritu arren, Lizarra-Garaziko Akordioa sostengatu zuten indar guztiak bildu ditu ekimenak, garai hartako oso testuinguru desberdinean.
ONDORIOAK. Legeak izan ditzakeen ondorioei buruz era guztietako iritziak entzuten dira, baina oinarrian mezu bat ageri da: «ETA eta Batasuna dira benetan PPren helburu, edo, funtsean, euskal abertzaletasuna?». Maiatzaren 20an Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Justizia eta Lan Kontseilariaren txosten batek horixe bera adierazten zuen.
Oso iritzi zabaldua da Batasuna jokoz kanpo uzteak ez duela ezer konponduko eta ezker abertzalearen bide politikoak indartu beharrean, kale borroka eta borroka armatuaren bidea indartzen dela.
PPren helburuen artean, halaber, ez da bakarrik Batasuna legez kanpo uztea. Horrek egoera bat sortuko luke, oraindik ezagutzen ez duguna, baina giro politiko eta soziala aldrebestuko lukeena. Egoera horretatik, PPk ez du bazterreratzen berandu baino lehen iazko maiatzaren 13an izandako porrota leuntzea, eta zenbait lekutan abertzaletasuna gainditzea -Araba- edo oso modu gogorrean baldintzatzea. Bestetik, zer gertatuko litzateke, adibidez, iazko maiatzaren 13an EAJ-EAra jo zuten ezker abertzaleko 80.000 boto horiekin?
Ezker abertzalearen eremuan ere, zalantza ugari sortzen da toki askotan eta bereziki hauteskundeei begira. Esate batera, zer jarrera izango luke Aralarrek hauteskundeetan Batasunaren ilegalizazioaren aurrean? Oraindik ez dute jarrera publikorik agertu eta, sortu zenetik iragarri bezala, hauteskundeetara aurkeztekotan dira; Aralar barruan, dena den, ilegalizazioa gauzatuz gero hauteskundeetara ez aurkezteko ahotsak ere entzun izan dira.
ESTRASBURGO. Batasunetik aipatu izan da Lege honen iraupena bospasei urtekoa izan daitekeela, haien ustez Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ez lukeelako onartuko. Turkiako Herriaren Lanaren Alderdi kurdoa aipatu da adibide gisa.
Nazioarte mailan irailaz 11z geroztik dagoen giroarekin eta aurrerantzean gerta daitezkeenak kontuan hartuz, ordea, batek daki zer ebatzi dezakeen Estrasburgoko Auzitegiak hemendik sei urtera. Horrez gain, Espainia ez da Turkia, ez edozein soegile objektiborentzat, eta are gutxiago Europaren begietara.
Ez da Turkia eta gainera, Espainia, trantsizioa egin eta 25 urte ondoren bere burua egokitzen ari da apurka; autonomiaren kontzeptuan eta beste eremu askotan -horra hor ekainaren 19 eta 20ko grebak- bideratzen ari den erreformek argi erakusten duten bezala. Edonon ere, 25 urteko balantzeak, jokamoldeen aldaketarako aukera zabaldu beharko luke.

Turkia, HEP alderdi kurdoa eta Estrasburgoko Auzitegia
I ragan maiatzaren 8an, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak atzera bota zuen 1993an Turkiako Auzitegi Konstituzionalak HEP alderdi kurdoa (Herriaren Lanaren Alderdia) legez kanpo utzi izana. Europako Auzitegiaren ustez, TurkiakoAuzitegi Nagusiak hartutako erabakiak Europako Giza Eskubideen Hitzarmena urratzen du bere 11. artikuluan, hau da, biltzeko eta erakundetzeko eskubidea defendatzen duena. Ia bederatzi urte pasatu behar izan dira Estrasburgoko Auzitegiak ebazpen hau hartu duenerako.

HEP 1990ean sortu zen Turkian, alderdi kurdoa da, Kurdistanentzat autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen du, kultura eta hizkuntza kurdoak defendatzen ditu eta ezkertiarra da. Oso modu orokorrean esanda, horiexek lirateke bere ezaugarri nagusiak. Turkian Konstituzioak legearen aurkakotzat jotzen du Estatuaren lurralde batasunaren aurka egitea, hitzez edo jokabidez, eta 1992an bertako fiskaltza nagusiak HEPren disoluzioa eskatu zuen alderdi honek printzipio nagusi horren aurka egiten zuelakoan.
Fiskaltzak bi arrazoi argudiatu zituen HEPren ezabatze legala eskatzeko: bat, «HEPren buruzagien hitzetatik argi ondorioztatzen zenez», alderdi honek estatuaren batasunaren aurka egiten duela eta hori Konstituzioa eta Alderdien Legearen edukiaren aurkako dela; bi, legez kanpoko jardueratan aritutako bere kideei HEPk ematen dien babesa eta laguntza. 1993ko uztailaren 14an Turkiako Auzitegi Konstituzionalak legez kanpo utzi zuen HEP. Honakoa zen argudio nagusia: Turkia bitan banatzen saiatzen ari zirela, banaketa horretatik bi estatu sortzeko asmoarekin, Turkia eta Kurdistan. Auzitegiak atzera bota zuen fiskaltzaren bigarren akusazioa, hau da, HEPk legez kanpoko jarduerak egiten dituzten bere kideak babestu eta laguntzen dituena.
HEPko hiru buruzagik 1993ko irailean jarri zuten auzia Estrasburgoko Auzitegiaren eskuetan eta, 1995ean aztertzea erabaki ondoren, 1999an ebatzi zuen Turkiako Estatuaren aurka eta duela bi hilabete jakinarazi die erabakia idatziz hiru buruzagi kurdoei. Funtsean, auzitegi Europarraren ustez, Kurdistango autodeterminazio eskubidearen alde egitea eta bertako hizkuntza eta kulturaren defentsa ez dira demokraziaren aurkakoak. Epaileen ustez, halako proposamenak Gobernuaren eta iritzi publikoaren aurkakoak izan daitezke, baina demokraziaren funtzionamendu egokiak, ideia horiek eztabaida publikora eramatea eskatzen du, modu horretan bizitza politikoan parte hartzen duten guztiek, guztienak diren arazoei irtenbidea bilatzen laguntzen delako

Auzi politiko baten ikuspegi juridikoa
Espainian, gaur egun, alderdi eta erakunde desberdinen jarduera 1978ko Alderdi Politikoen Legeak arautzen du nagusiki, eta neurri txikiagoan, Asoziazio Politikorako Eskubidea bermatzen duen 1976ko lege batek. 25 urte pasatu dira, beraz, harrezkero eta lege horiek ez diote erantzuten egungo Espainian alderdien jarduerak erakusten duen zenbait hutsuneri. Horrez gain, Kode Penalak ere gabeziak ditu zenbait alorretan. Horrexegatik, hain zuen, beste lege bat egin behar da. Horixe da PPk eta PSOEk onarpen bidean dagoen Alderdi Politikoen Lege Organikoaren beharraz egiten duten argumentazio teorikoa.

Hutsune horiek zertan diren zehazterakoan, ordea, hitz bakarrarekin azaltzen dute guztia, ezer ezkutatzeko inongo asmorik gabe: Batasuna. 25 urteotan HB, EH eta Batasuna -unean uneko izenen arabera- sistema konstituzionalaren eskuzabaltasunaz baliatu dira eta ordua da egoera horri amaiera jartzeko. Bilatzen dena, beraz, Batasuna legez kanpo jartzea da, eta haren ezaugarririk izan dezakeen beste edozelako erakunde politikoren sorrera galaraztea. Kode Penala eta Lege berria uztarri berean jarriz, Batasuna eta bere ordez etor daitezkeenak jokoz kanpo utziko dituztela diote.
Edukiaren egitura
Gauzatze bidean doan legeak lau kapitulu nagusi ditu. Lehenengoan, alderdien sorrerarako dauden eskubideak arautzen dira. Bigarrenean, alderdien antolakuntza eta jardueraz ari da. Hirugarrenean, alderdien legez kanpo jartzeaz, horretarako erabiliko diren prozedurez eta honek izango dituen ondorioez. Eta laugarrenean, alderdi politikoen finantzazioaz. Horrez gain, zenbait xedapen gehigarri ere baditu, baina funtsean legearen alderik garrantzitsuenak, bigarren kapituluko 9. artikulua (alderdien jarduera) eta hirugarren kapituluko 10. artikulua dira (alderdiaren disoluzioa eta prozedura).
Gorputza eta arima
Gorputza eta arimaren adibideak erabili beharko bagenitu, aipatu artikulu hauek lirateke gorputzaren bizkarrezurra: hor adierazten da alderdi batek zer ezin dezakeen egin, zer den delitu, noiz jarriko den legez kanpo alderdi bat, zein prozeduraren bidez eta horrek ekarriko dituen ondorioak. Hori bai, adierazi egiten du, baina ez zehaztu, legearen aurka agertu diren sektoreetatik -gutxiengoa Espainian, gehiengoa Euskal Herrian- egiten zaion kritika juridiko gogorrenetakoa bere zehazgabetasuna baita. Legearen edukia aztertzen duen lege kontutan ezjakinena ere laster ohartuko da juridikoki nahi dena janzteko zirrikituz josia dagoela erredakzioari dagokionez. Hona adibide gutxi batzuk: «Complementar la acción de organizaciones terroristas para la consecución de los fines perseguidos», «contribuir a multiplicar los efectos de la violencia», «promover, defen-der o exculpar la vulneración de las libertades y derechos fundamentales de la Constitución», «procurar la creación de un clima social degradado de enfrentamiento y exclusión». «dar apoyo expreso o tácito al terrorismo». Kasu horiek eta antzerako erredakzioa duten beste antzeko edukietan oinarritzen da legez kanpoko jarduera, esate batera.
Arimari dagokionez, aldiz, eduki osoa, hasieratik bukaeraraino, lelo batez josia dago: «principios democráticos y valores constitucionales». Horiexek lirateke alderdien jarduera gidatu beharko luketen printzipioak. CiUk egindako emendakin garrantzitsuenetakoak, adibidez, arimari dagozkio eta «balore konstituzionalak» ezabatu eta «giza eskubideak» sartzea proposatzen du. Gainerakoan, CiUren zuzenketak 9. artikuluari (jarduera) zuzentzen zaizkio, aipatzen diren zehazgabetasunak apur bat argitzeko, baina, oro har, ez sakonean aldatzeko.
Hutsune juridiko nagusiak
Aipatu zehazgabetasunaz gain, honakoak dira, Legeari egozten zaizkion hutsune juridiko larrienetakoak: alderdi bat legez kanpo jartzeko egina dela eta ez modu orokorrean arautzeko; iraganeko jarduerak kontuan hartzen dituela, legeen atzeraezintasuna hautsiz; defentsarako aukera eskasa, Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondoren Auzitegi Konstituzionala dagoelako eta honek oinarrizko baloreen gainean bakarrik ebazten duelako.
Prozedurarenaz gain, legearen atzeraezintasuna izan da puntu gordinenetakoa eta PSOEk gehien kritikatu duenetakoa. Legearen atzeraezintasuna bermatzeko, PSOEk Aldi Baterako Xedapenaren aldaketa proposatu zuen eta PPk onartu. Horrela, legeak ez duela iraganean eragingo saldu da, baina ez da ukitu 9. artikuluko 4. puntua, non zehazten den legez kanpokoak izan daitezkeen jarduerak baloratzeko «alderdi baten ibilbidean egindakoak kontuan hartuko direla, nahiz eta alderdi horrek izena aldatua izan». Iraganarekiko lotura agerikoa da.
Ez dira asko PSOEk egindako zuzenketak eta -Batasunak berak eta beste alderdi batzuek adierazi duten legez-, nagusiki gorputz gogorra apur bat biguntzeko izan da, baina Legearen arima mantenduz


Azkenak
Olaia Beroiz: "Emakume errepresaliatuen kemena gogoratzea ezinbestekoa da"

Iruñeko Txantrea auzoko kale-izendegian frankismoan errepresaliatuak izan ziren hamar emakume gogoratuko dituzte. Ekitaldia egin zuten atzo eta auzoaren hegoaldean dagoen plaza bat oroimen gune ere izendatu zuten. "Garrantzitsua da historian gertatutakoa gogoratzea;... [+]


Eguneraketa berriak daude