DISKRIMINAZIO LABORALA EZ DA BUKATU


2002ko martxoaren 03an
Datorren martxoaren 8an egingo da mundu osoan emakume langileen nazioarteko eguna; baita Euskal Herrian ere. Hemen, kolektibo feministek eta langileenek eta haien sindikatuek festa-giroan ospatzen dute, baina baita errebindikazio giroan ere. Hitzaldiek, mahai-inguruek eta manifestazioek osatzen dute egun horretako menua, eta gairik presenteenetako bat, zalantzarik gabe, emakumeen kolektiboak etengabe nozitzen duen diskriminazio laborala izango da. Diskriminazio horri eskaintzen diogu txosten hau, festa eta errebindikazio giroko egun horretarako ekarpen moduan.

Emakumeen diskriminazio laborala antzinatik datorren kontua bada ere, XXI. mendean bete-betean gauden honetan, lehengoan segitzen du, modu askotan eta ikuspuntu guztietatik: hasi familiatik eta auzoraino, herriraino, enpresaraino eta are administrazioraino ere. Adibide lotsagarri moduan, pentsioen ardura duen Espainiako administrazio publikoak berak emana. Gogoan izango ditugu hango ordezkarietako batek oraindik orain esandakoak; alegia, emakumeei gizonei baino pentsio txikiagoa ordaindu behar litzaiekeela, aurreikusitako bizialdia gizonena baino luzeagoa dutelako!
Joan den otsailaren 5ean egin zuen Toledoko Ituneko lehendakariak, PPkoFernando Fernandez Troconizek, hain adierazpen eskandalagarria. Nork eta Toledoko Ituneko lehendakariak, instantzia horretan erabakitzen baita, besteak beste, pentsioen eboluzio ekonomikoa. Iritzi publikoan kausatutako eskandalua ikusi eta gero egin duen zuzenketa hipokritak ez du batere desenkusatzen, zeren esan zuenak PPren baitan dagoen planteamendu bati erantzuten baitio. Espero izatekoa da Toledoko Itun horretan biltzen diren gainerako pertsonek, bereziki sindikatuek eta ezkerreko talde politikoek, beti errefusatuko dituztela gisa horretako planteamenduak edo intsinuazioak.


EUSKAL HERRIKO EMAKUME LANGILEAK ETA BALDINTZAK.

Hegoaldeko emakume langileek azken 25 urteotan izan duten egoera aztertu du LAB sindikatu abertzaleak, txosten zabala egin baitu horren gainean. Gu hartaz baliatuko gara, hango datuak emateko, interes handikoak baitira. Horrela, emakumeen enpleguan 1977. urtetik 2000ra bitartean gertatu diren aldaketak aztertu ditu. Urte horiek, Hegoaldeko Euskal Herrian, emakumeak lan merkatura sartu izanak markatu ditu. Hala ere, txostenak agertzen duenez, emakume langileek enpleguen %38 bakarrik betetzen dute gaur egun, eta langabezian dauden pertsonen %64 emakumezkoak dira. Ikerketak orobat erakusten du emakumeak batez ere zerbitzuen sektorearen bitartez sartu direla lan merkatura. Sektore hori da, hain zuzen, lan merkatuaren prekarizazioa gehien nozitzen duena, aldi baterako kontratuen bidez. Halaber, emakumeek jasaten dituzte enplegu eta soldata baldintzarik okerrenak.

Txostenak aitortzen duenez, azken 25 urteotan, emendatze nabarmena izan du emakumeak lan mundura integratzeak. Horrela, Hegoaldean, 1977. urtetik 2000ra bitartean, emakume enplegatuen populazioa 150.000 lagun baino gehixeago emendatu zen. Integrazio horrekin batera etorri da, ordea, lan merkatuan sexuagatik diskriminatuak izatea. Gainera, detektatu da merkatu horretan sartzeko ia bide bakarra, emakumeentzat, zerbitzuen sektorea izan dela. Horrela, 2000. urtean, hogeita hiru urte atzerago baino 163.000 emakume gehiagok egiten zuten lan zerbitzuen sektorean. Aldiz, eraikuntzaren sektorean, 3.500 emakume baino gutxi gehiago emendatu zen kopurua, eta, industrian, 220 emakume gehiago besterik ez. Nekazaritzan, ordea, 16.900 emakumeko murriztea gertatu zen urte bitarte berean.
Sindikatu abertzalearen ikerlanak azaltzen duenez, 1977tik hona, enplegua %10,8 hazi da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Bada, gizonezkoen kasuan, %7,4 gutxitu zen, eta emakumezkoen enplegua, berriz, %63,1 gehitu. Horrela, emakumezkoen enplegu tasa hamahiru puntu gehitu zen; alegia, gizonezkoen artean enplegu tasak galdu dituen puntuak, gutxi gorabehera. Aldakuntza horren arrazoia industria birmoldatzeko prozesuetan kokatu behar da, aurrez erretiratzeko prozesu frankori eman baitzieten bidea; bereziki, siderurgikoa, ontzigintza, etxetresna elektriko, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreetan.

PERTSONA LANGABETUEN %64 EMAKUMEZKOAK DIRA

. Emakumezkoen enplegu tasa txikiagoa bada ere, 2000. urtean, langabetuen tasa kolektibo horren %17,2ra iritsi zen Hegoaldean; gizonezkoen artean, berriz, %6,7koa izan zen. Lan merkatuan zeuden lanpostuen %38,1 bakarrik betetzen zituzten emakumeek 2000. urtearen bukaeran. Eta horiek, gainera, langabezian zeuden pertsonen %64 errepresentatzen zituzten.
Bestalde, sindikatu abertzalearen txostenak berebat jasotzen du ezen ez bakarrik lan merkatua ez zaiela erabat ireki emakumeei, baizik eta, funtsean, enplegu prekarizaziorik handieneko sektoreetan utzi dietela sartzen, eta, gehienbat, zerbitzuen sektorearen bitartez. Gogoratu besterik ez daukagu enplegu guztien %59 zerbitzuen sektoreari lotuak daudela, eta sektore horretan lan egiten duten pertsonen %53, hain zuzen ere, emakumeak direla. Modu horretan, ehun emakume enplegatutik, 83k sektore horretan egiten dute lan. Sektore horrek metatzen ditu Hegoaldean sinatzen diren aldi baterako kontratuen hiru laurdenak. Sindikatu abertzalearen txostenak gehiago zehazten du, esanez sektore horrek berak biltzen dituela aldi baterako enpleguen %56 eta soldatapeko baina inolako kontraturik gabeko pertsonen %93.

ENPLEGU ETA SOLDATA BALDINTZA OKERRAGOAK.

Euskal Herriko emakume langileen diskriminazio laboralak berekin dakar, halaber, gizonezkoek baino enplegu eta soldata baldintza okerragoak izatea. Sindikatu abertzalearen txostenak nabarmentzen duenez, emakumezkoen aldi baterako enpleguen tasa, 2000. urtean, %36,5era iritsi zela eta gizonezkoena, berriz, %25,8ra. Gainera, emakumeek jaso zituzten soldatak, batez beste, gizonena baino heren bat gutxiagokoak izan ziren.
Kontratatzeko garaian ere nabarmena izaten da Euskal Herriko emakume langileenganako diskriminazio laborala. Horrela, betiere LABen txostenak dioenez, Gipuzkoako 16tik 24ra urteko emakume langileen %22,2 inolako lan-kontraturik gabe aritzen dira; gizonen kasuan, ordea, %1,1i gertatzen zaie hori. Bizkaian, proportzio hori %10,3koa da emakumeen kasuan; gizonezkoetan, berriz, %1,4koa. Emakumeen %59ri langile aktiboen izaera aitortzen ez zaiela gaineratzen du txostenak, nahiz eta, kasuen erdietan baino gehiagotan, inaktibo bezala sailkatzearen arrazoia etxeko lanetan aritzeagatik izaten den... Eta, lan-merkatuan integratze progresibo bat mantentzen bada ere, sindikatu abertzaleak "gizonezkoen prioritatea mantentzen dela" baieztatu du.
Horretatik guztitik sindikatu abertzaleak ateratzen duen ondorioa da enplegua ez datorrela bat emakumeen premiekin, eta "arauetan adierazitako berdintasun formalaren atzean, badela diskriminazio erreal bat, ezin ezkuta daitekeena". Lan-munduan orain artean indarrean dauden irizpideek "aukera berdintasuna ezin berma dezaketela" iritzi ondoren, sindikatu abertzaleak emakume langileen eskubideak defendatu beharra aldarrikatzen du, "eredu sozial ez sexista bat eratzeko modu bakarra" delakoan

Zerbitzuak: emakumeak lan munduan sartzeko bidea
LABek egindako txostenaren arabera, Euskal Herriko emakume langileak, azken hogeita bost urteotan, zerbitzuen sektorearen bidetik sartu dira lan-merkatuan. Sektore hori garatu eta hazi den heinean areagotu da Euskal Herriko emakumeek lan munduan duten presentzia. Horrela, 1977tik 1985era bitartean, birmoldaketengatik errezesibotzat jo den epean, itzelezkoa izan zen enplegu galera; 156.000 lanpostu galdu ziren, 1977an zeudenen %17, alegia. Galdutako enpleguen %78 emakumeenak ziren eta %22 gizonenak. Zerbitzuen sektoreak bakarrik izan zuen enpleguaren eboluzio positiboa, hamar puntu gehitu baitzuen lan merkatuan zuen pisua.

1986-1991 bitartean, hedakortzat jotako epean, enpleguaren hazkunde nabarmena gertatu zen, 128.500 lanpostu berri sortu baitziren; hau da, %16,8ko gehikuntza izan zuen, baina aurreko krisian galdutakoa berreskuratzera iritsi gabe. Sortutako lanpostuen %56,3 emakumeek bete zituzten, eta enplegu berrien %90 zerbitzuen sektorekoak izan ziren. 115.600 enplegu berrietatik, %59,7 emakumeak kontratatzeko izan ziren.
1992-93 bitartean, beste krisi bat gertatu zen, industriaren desmantelamenduak okerragotua, 42.875 lanpostu galdu baitziren bi urtetan bakarretan. Kasu horretan, industriako enpleguek nozitutako galeraren %84,2k gizonezkoei erasan zien. Zerbitzuen sektoreak, aldiz, enpleguen desegitearen laurdena bakarrik nozitu zuen. Ia 18.000 gizonezko kaleratu zituzten sektoretik; aitzitik, 4.000 emakume sartu ziren hara.
Azkenik, 1994-2000 bitartean, enplegu gehitze nabarmena gertatu zen, baina enpleguaren ziurgabetasunak baldintzatua. Urte bitarte horretan sortutako 183.000 lanpostu berrietatik, %63 emakumeentzat izan ziren. Industrian, sortutako lanpostuen erdiak pasatxo bete zituzten emakumeek. Datu horiek gorabehera, ordea, emakumeek sektore horretan zuten presentzia, 2000. urtean, %19,4koa baizik ez zen. Zerbitzuetan, berriz, 127.700 enplegu berrietatik, %70 ziren emakumeenak


ASTEKARIA
2002ko martxoaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Manifestazio eta aldarri ugari Maiatzaren Lehenerako

ELA sindikatuak mobilizazioak egingo ditu Bilbon eta Iruñean, eta LABek, berriz, Iruñean.


2024-04-30 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs: "Zorrez itorik peko errekara doan etxalde batean kokatzen da antzezlana"

"Isiltasuna oztopo eta elkartasuna lagun, egungo mundu gordina" kontatzeko erronkari lotu da Axut! antzerki konpainia.


2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Eguneraketa berriak daude