Arturoren kaiera


2002ko urtarrilaren 13an

DEMOEN URTEBERRIKO EKINTZA

Ekintza andana egin dituzte demoek azken hilabeteetan euskararen koofizialtasuna aldarrikatzeko. Azkena, Baionan egindakoa: bertan, frantsesezko harrera mezuen ondoan «2002, Baiona, urte berri on» zioen pankarta ezarri zuten Olentzero gisa jantzitako hiru demok. Horrekin Ipar Euskal Herriko hiri eta herri gehienetan harrera mezuak frantses hutsez zeudela salatu nahi izan zuten.


ONCE-N EUSKARA AREAGOTZEKO

ONCE itsuen elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak lankidetza hitzarmena sinatu dute elkartean euskararen erabilera areagotzeko eta itsuei zerbitzu elebidunak eskaintzeko. Eusko Jaurlaritzak 30.120 euro inguru emango dizkio ONCE elkarteari, hark ikusmen arazoak dituztenen ordenagailuetan idazkiak ahots bilakatzeko gai den bihurgailu informatiko eleanitza jar dezan. Bestalde, ONCE Hizkuntz Politikako Sailburuordetzak enpresatan euskararen erabilera areagotzeko sustatzen duen planaren partaide da 2000. urtetik.


EUSKARA ELKARTEEN
JARDUNALDIAK

Euskara elkarteen federazio den Topaguneak euskara elkarteen kudeaketari buruzko jardunaldiak antolatu ditu urtarrilaren 18 eta 19rako, Gernikan. Izan, ere euskara elkarteetan diharduten pertsonak boluntarioak zein soldatapekoak izaki, aldaketa asko izaten da beraietan. Gainera arlo ugaritan jardun behar izaten dute bertako beharginek: dinamizazioa, finantza... Hala, hutsune horiek betetze aldera antolatu ditu aipatu jardunaldiak Topaguneak.



NOLA DEKLINATU EUROA EUSKARAZ?

Moneta berria kalean da jada, baina sarri ez dakigu nola deklinatu behar dugun hitz berria. Euskaltzaindiako Gramatika batzordearen arabera, «zenbat eurotan erosi duzu?» esan behar da, dena den, «euroetan» aukera ez du txartzat ematen. Erantzuterakoan ere, «100 eurotan» edo «50 zentimotan» aukera hobesten du.


Eguneraketa berriak daude