«Ez ditut beldurrak gainditu nahi, gustura nago horiekin»

  • Konstituzio enparantzan, txikitan komikiak irensten zituen liburutegi berean, egiten du gaur lana. Orduko beldurrak eta munstroak maite ditu oraindik. Baina ez ote dira pantailako munstroak Tesoren kritiken beldur?
Gros auzoan izan zuen zure amak urte askoan liburutegia.
Oso kuriosoa zen, handik pasa zirelako Donostiako ia artista guztiak eta politikoak txikiak zirela, arkatzak eta gomak erostera. Nik bi urtez bakarrik ezagutu nuen liburudenda, baina handik geratu zen guztia (liburu, arkatz, kuadernoak) heredatu nuen. Ama oso emakume berezia da, Gerra Zibila Madrilen eman zuen 14 urterekin, «Institucion Libre de Enseñanza»n Garcia Lorca eta Pasionaria ezagutu zituen... baditu kontatzeko gauza pila.

Donostiartasuna modu berezian bizi duzu...
Egia esateko, ni gaztea eta erdalduna nintzen garai haietan errazagoa zen euskalduna izatea. Madrilen «nongoa zara?» galdetzen zidatenean, nik «Donostiakoa, non demontrekoa izango naiz bestela!» erantzuten nuen. Gainera amari sekula ez zaio beste gauza bat izatea okurritu, nahiz eta aita Avilakoa zuen eta ama Leongoa. Nik uste oso donostiarrak izan garela, baina inolako sentimendu ñoñostiar pijorik gabe, patriotismorik gabe. Donostia maite dugu, baina Venecia edo Londres maite dugun hainbeste. Maite ditugu hemengo festak, baina oso bakartiak gara biak, eta gure erara ospatu izan ditugu. Bizitza normala egin dugu, eskapada askorekin: ahal genuen bezain pronto, 15 urterekin Paris aldera jo genuen hegazkinez, eta sekulako abentura izan zen.

Gaztaro erdalduna izan duzu. Noiz jarri zinen euskararekin harremanetan?
18 urterekin, institutuan nengoela, Santo Tomas Lizeoko neskak etorri ziren, eta konturatu nintzen jende horrek bi hizkuntza zituela. 1975. urtea zen, eta dena zegoen pilpilean. Ama beti gorri gorria izan da, eta errepublikanoa. Orduan hasi ginen euskara ikasten, lagunek eta egoera politikoak bultzatuta.

Gau eskolatan hasi zinen gero...
Gogoan ditut hain politizatuta zeuden gau eskolak: bapatean konturatzen zinen bazenekiela euskaraz hitz egiten politikaz, baina ez zenekiela ez zinemaz, ez amodioaz edo ez eguraldiaz euskaraz hitz egiten. Eta bestalde, nola kasik irakaslerik ez zegoen, lehenengo maila gainditzen zenuenean hasten zinen klaseak ematen. Gogoan dut gau eskolako lehendabiziko bilera ekonomikoa: jende guztia Goierrikoa zen, eta denek hika egiten zuten. Ni euskaldunberria nintzen, ofizialki irakaslea, eta bilera hartan "joango nauk" entzutean, buruan neukan "euskal aditzaren eskema"n ezin kokaturik geratu nintzen… terrorezko filme baten eszena zen hura!

Euskararekin zer deskubritu zenuen?
Hizkuntzak izugarri gustatzen zaizkit, eta badakit hizkuntza bakoitzak mundu bat islatzen duela. Gustura nago ezagutu dudan munduan. Uste dut, hemen bizita, euskara jakiteak normalena izan behar lukeela. Badakit euskarak zer eman didan (lagunak, lana, beste mundu bat), baina hala ere badakit ni beti erdalduna izango naizela, bihotzez. Elebitasuna existituko da, baina ez da nire kasua. Esaterako, itzultzaile eskolan nintzela, gogoan dut eskolako gauzak euskaraz pentsatzen nituela, hizkuntza horretan jaso nituelako, baina nire eremu pertsonalaz gaztelaniaz pentsatzen nuen, eta sentitu ere bai. Nire giroa erdalduna da. Kontua ez da hizkuntza zenbat menperatzen duzun, eta nirea ez da konszienteki egindako aukera bat ere, gauza da hizkuntza bakoitzak badituela nigan bere eremuak. Mutil lagunak ez ditut euskaldunak izan, eta amodioa ezin dut euskaraz egin. Badakit erdalduna naizela tripetan, baina euskara ez da niretzat zerbait artifiziala, eta arazorik gabe erabil dezaket.

Izakeraz txisposa dirudizu.
Oso txisposa eta makabroa naiz. Baina hala ere bakartia naiz. Jendea (orokorrean hartuta) ez zait gustatzen, ez naiz batere soziala. Izan behar, nire lana soziala delako, baina horrexegatik ahal dudanean ihes egiten dut. Geminis naizenez, beti nabil nortasun bikoitzaren eskizofreniarekin. Bakardadea gustatzen zait. Nire benetako ametsa, sekula beteko ez dena, Ingalaterrako paramoetan ("Wuthering Heights" filma gertatzen den lurralde horretan) etxe handi bat edukitzea da, hurbilen dagoen izaki biziduna 50 kilometrotara egotea, eguraldi britainiar tipikoa (euria, lainoa, hotza), liburu pila, tabakoa alde guztietatik (pipan, esnifatzekoa…), eta zuhaitz pean moto bat, aspertzen naizenean ihes egiteko Londres edo Edinburgora.

Paralisia noiz izan zenuen?
Diotenez fetotik nekarren, ama haurdun zegoeneko kontua da. Baina bi urte nituela hasi zitzaidan azaleratzen.
Fisikoki bezala nortasunean oso asimetrikoa naiz! Ezkertia naiz (eskuinarekin ezin dut gauza delikaturik egin, ez gidatu, ez idatzi…), zentzu guztietan! «R» eta hizki batzuk ez ditut zuzen ahozkatzen, baina jendeak pentsatzen du Iparraldekoa naizela. Esaten dizutenean "a, zu Iparraldekoa zara!", ez diezu ba esango "ez, paralitika zerebrala!", ez baita oso elegantea… Noizean behin mimatu egiten zaituzte. Beste batzuetan, jada kontent zaudela, edo ahaztu duzunean, norbaiti entzuten diozu "hara, errenka dabil eta!" eta trauma sartzen zaizu, psikoanalistarengana joateko modukoa.

Bizitzarekiko zer jarrera duzu?
Bizitzak hil egiten du. Bizitza datorren bezala hartzen dut. Aurre egin behar bazaio, aurre egiten diot, baina une batzuetan amore ematen ere badakit. Bizitza toreatzen nabil.

Motoarekiko zaletasuna nondik?
Iraganera jotzen badugu, ama aitarekin motoa zuelako maitemindu zen. Aita guardia munizipala nuen, amaren txakurrak kozka egin zion, aitak ez zion multarik jarri eta maitemindu egin ziren. Zezen plazaren ondoan bizi ziren, eta aitak esaten zion: "Zure bila 4'30etan etorriko naiz eta zezenketara joango gara", eta amak "ez, polita! Lehendabizi motoan Jaizkibelera igoko nauzu, eta gero joango gara zezen plazara!".
Aita Paseo Berrian hil zen motoarekin, ni jaio baino lehenago, baina amak sekula ez zidan debekatu motoa hartzea.

Zein moto klase dituzu gustukoen?
Nik eskuak halakoak ditudalako moto txikitan ibiltzen naiz gidari, baina moto handi guztietan ibilia naiz kopiloto. Abiadura hartzeko japoniarrak gustatzen zaizkit, baina ofizialki ni moto europarren zalea naiz. Klasikoetan ere ibiltzen naiz, eta klasikotan gustokoenak ingelesak ditut, BMWak-eta. Harley Davidsona ez zait gustatzen. Moto hori ondo joaten da EEBBetako errepide luze eta kurbarik gabeetan. Baina, hemen, Alaskako txakurra Benidormen pasiatzea bezalakoxea da, lekuz kanpokoa.

Moteroen kontzentrazioak nolakoak dira?
Motoarekin Transpirenaikan izan berri gara (600 kilometro dira, eta bi egunetan egin ditugu). «Pinguinos» izeneko kontzentrazio batera ere joaten gara, Valle de Olide-n dagoena, urtarrilean. Orain Santillana del Mar aldera goaz, eta Alemaniako Elefanteetara ere bai. Batzuentzat etxetik alde egiteko aitzakia dira, beste batzuentzat motoa ez da helburua, eta beste askorentzat motoa da bai aitzakia eta bai helburu. Ni bakartia izanda, eta lanbidez beti jende artean ibilita, ez naiz kontzentrazioetara jendea ezagutzeagatik edo ondo bazkaltzeagatik joaten. Normalean motoagatik bakarrik joaten naiz.

Zezenzalea ere ba omen zara...
Txikia nintzela, lehendabiziko jolasak zezenplazan egin genituen, eta zezen eta torerotara jolasten genuen. Panpinak ez ditut sekulan eduki, baina zezen plazen maketak bai, eta toreroen panpinak ere bai.
Baionakoa da gehien maite dudan zezen plaza. Oso klasikoa da, zezenetaz asko dakite bertako zaletuek, errespetu handia dute bai torero eta bai zezenarekiko, arauak oso ondo betetzen dira eta betearazten dituzte... (eta ni oso tradizionala naiz zezenketatan). Ederra da bertako isiltasuna.
Tolosakoa gorrotatzen dut: lehendakariagatik, toreroengatik, duten afizioagatik... Niri zezenak bene benetan gustatzen zaizkit, eta ni zezenetara noa. Baina zezenak beti festa bat dira, eta jendea festa bila joaten da. Batzutan lekuz kanpo gaudenok zaletuak gara.
Jendea zezenketetara «Juli» toreroa ikustera joateak, 17 urte dituelako, eta mutiko guapoa delako bakarrik, asko izorratzen nau! Gero eta zorrotzago aukeratzen ditut bai zezenketak, bai ganaderiak, eta bai toreroak.

Zine komertzialari zer kritika egingo zenioke?
Ez daukat ezer printzipioz zine komertzialaren aurka. Zinema da arte munduko industria bakarra, 800 pezetaren truke eros dezakezun arte bakarra. Zine komertzial duina ontzat jotzen dut, topikoz betea ez dagoena, edo topiko horiek ondo erabiltzen dituena. Hamburgesen aurka ere ez dut ezer printzipioz: egunero ezin da afaldu Arzaken edo Subijanan. Egunero ezin da film sakon konplikatu horietako bat irentsi; eta Schwarzenegger-en film batek ondo bete dezake denbora pasatzeko funtzioa.

Zer film ikusten dituzu lanetik kanpo?
Plazerrezko momentutan ez noa zinemara. Film guztiak ikusten ditudalako, hain justu gehien gozatzen dut zine kritikoa naizela ahaztu arazten dizkidaten filmeekin. «Moulin Rouge»k harrapatzen zaituenean, edo «Y tu mama tambien»-ek… Harritu egiten nau film batek ikusle bezala harrapatu nauela sentitzeak. Orduan oraindik zinemak nire pasioetako bat izaten jarraitzen du.

Beste nonbait esana duzu guk sortuak direla munstroak, behar ditugulako, eta gurekin aldatzen joaten omen dira. Zein dira zure munstroak?
Nire munstroak beti izango dira banpiroak. Alde batetik, gurekin batera gehien eta hobekien aldatzen joan direlako (bai zineman eta bai liburutan eta, existitzen badira, baita errealitatean ere). Munstro eleganteak ditut maite, zoombiek nazka ematen didate, gainera oso tontoak dira, eta nik munstro inteligenteak nahi ditut. Baina egia da munstro guztiak guk sortuak direla, gure beldur guztiak islatzeko. Banpiroen atzean dagoena odolarekiko mirespena da, badakigu bertan dagoela bizitza, eta zer handiagorik odola edatea baino.

Zein dira gizartearen munstroak?
Gizartearen beldurrak tokian tokikoak dira eta unean unekoak, baina beti oso beldur sinpleak izaten dira: berdin zait Bin Laden, edo Bush, edo langabezia, edo politika… eta sekula ez gara konturatzen beste beldur handienak, benetakoak, beti gurekin daudenak, munstro horiek islatzen dituztenak direla. Heriotzari diogun beldurra, ez dakigulako gero zer gertatuko den gurekin, iluntasuna... azken finean, ezagutzen ez dugun guztiari diogun beldurra.

Terrorezko filmen generoak zer bilatzen du?
Umore puntuak bilatzen ditu, justu filosofia horrexegatik: etsaiaren aurka ezin baduzu, elkar zaitez berarekin. Baina umore horrek, nahiz eta oso sarkastikoa izan, beti badu nerbiosismo punttu bat: zure beldurren aurrean barre egiten duzu, baina badakizu beldurrek hor jarraituko dutela.

Film horietako tentsiotik ikasten da zure beldurrak gainditzen?
Nik printzipioz ez ditut nire beldurrak gainditu nahi, oso gustura nago ditudan beldurrekin, eta justu beldurrezko filmetara noa beldurra pasatzera; film horietan ez badut beldurrik sentitzen gaizki pasatzen dut.

Hori ez al da sufritzea?
Baina halako sentsazio gogorrak eta benetazkoak oso interesgarriak dira. Ni ez nago ez sufritzearen alde, eta banago arriskuaren alde, horrexegatik jartzen naute abiadura handietan motoetan, sentsazio hori gustuko dudalako: sufritzea, beldur izatea, ezinegona, dira hain justu bizirik zaudela frogatzen dizuten sentsazioak.

Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Filmen Astea, berezia izaten da. Jan, edan, buila... egiten da zinema aretoetan.
Justu gure beldur guztia, gure oinarrizko instinto guztiak kanporatzeko momenturik egokiena delako. Ez zaizkigula filmak gustatzen? Zuzendariaren burua eskatzen dugu! Filma gustatzen zaigunean, berriz, aitortu egiten dugu. Oso polita da, gauza guztietan bezalaxe, algaraka hasten zarelako film bat ikusten, eta benetakoa baldin bada sortzen duen beldurrarekin, ezinegonarekin, piskanaka algarak baretzen dira, eta jendea berehala jabetzen da ikusten ari dena benetakoa denaz (bai sentimendu aldetik…). Oso ikuslego interesgarria eta maila altukoa izaten da. Donostiako Beldurrezko Asteak gizarte sekretu bat biltzen du

CURRICULUMA
Oso istripu xelebreak izan ditut. Behin Zodiac batek harrapatu ninduen, Kontxan. Ni igerian ari nintzen eta bera ziztu bizian etorri zitzaidan gainera. Ez nuen ur hondoa ukitzen inola ere. «Tiburon» filmeko eszena bezalakoxea izan zen, piztia gris ikaragarri eta hiruki formako bat gainera zetorrela ikustea. Ur hondora nindoala, akordatu zitzaidan Francoren hilobaren alaba, elize batek pikutara bidali zuela. Zodiacak saihets hezur guztiak puskatu zizkidan, eta UBIra bidali ninduen zuzenean.

BIZITZAREN PASARTEA
- Jaio: Donostian, 1959. urtean.
- Zinema kritikaria.
- Kritikak idazten ditu komunikabide askotan. Besteren artean: «Deia»n (1985), «Euskaldunon Egunkaria»n, «El Diario Vasco»n, Euskadi Irratian, Bertatik Bertaran...
- Liburuak: «Hiltzen nauzu goxoki...» liburua argitaratua du, eta «El terror en la Universal» liburuan operako fantasmari buruzko atala idatzi zuen.
- Antolatzaile: Koldo Mitxelena Kulturunean bere idazle eta pertsonaia gustukoenei buruzko zikloak eta omenaldiak antolatzen ditu: Borges, Kubrick, banpiroak...

BERTSOA

Doinua: Espainian behera
Sentsazioen bila
pantailan barrena
doanak plazerra du
bere ondorena.
Baina bakardadean
maiz bilatzen dena
da zinema zaleen
unerik onena:
nork bere pelikula
asmatzen duena

Aitor Mendiluze


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude