GARAILERIK GABEKO GERRA

  • Bi bandoak bata bestearen aurka borrokan gizaldi eta gizaldietan. Amen.XIII. mendean hasi eta XVI. mendea arte ez baitzuten amaierarik izan haien arteko liskarrek. Eta orduan ere halabeharrez egin behar izan zioten uko elkarren aurka jotzeari. Bestela, eurengatik balitz, oraindik ere han eta hemen ibiliko lirateke Ahaide Nagusiak, armaduraren zama soinean eta ezpata handia eskuetan, etsaiaren azken sarraskia mendekatzeko egarriz.Baina zergatik borrokatzen zuten? Nondik zetorren gorroto bizi hura? Zer lortu nahi zuten?Azken hamarkadan historialari talde batek gaia sakon eta zabal aztertzen dihardu. Ikerketak aurrera egin ahala bandoen arteko gatazka gero eta konplexuagoa bihurtzen ari da: hiribilduen garrantzia, kaparetasun orokorra...Konplexuagoa, eta sinpleagoa ere bai. Izan ere Ahaide Nagusiek zer zekiten egiten borrokatzea ez bazen?
Izokin bat, basurde bat, errota bat, egurrezko etxe bat, nahikoak izan ziren sute ikaragarriak eragin eta arerio hilgarriak sortzeko» dio Labayruk. Dagoeneko 1085. urtean Abendañok Zumelzuko dorrea suntsitu zuen. Baina XIII. mendea arte itxaron behar da oinaztar eta ganboatarren arteko banaketa garbia ikusteko. Ordurarteko liskarrak bi alderditan egituratu ziren orduan. Gebara, Olaso, Ugarte... Ganboarekin ziren bitartean, oinaztarren artean zeuden, Butroe, Lazkao edo Loiolako jaunak. Abendaño, Artazubiaga, Jaolaza, Olazabal, Olaso... luzeegi joko luke bando bateko zein besteko Ahaide Nagusiak hemen aipatzeak. Batetik bestera mugitutakoak ere bazirela kontuan izanda, zerk banatzen zituen hain gogorki oinaztar eta ganboarrak? Zein ezberdintasun konponezinek eraman zituen ehundaka urtetako borroka etengabera?

Entziklopedia zaharra zabaldu eta «bando»ren azalpenean behera eginda topatu dugu giltza. Ganboarrak Gaztelaren aldekoak direla dio hemen. Oinaztarrak, orduan, Gaztelaren aurkakoak ote? Orduan, ez dirudi gauzak 500 urtetan hainbeste aldatu direnik.


Ez ziren bakarrak.

Bandoen arteko gatazka ez da, ordea, hain sinplea, ezta hain «geurea» ere. Gaiaren inguruan asko idatzi bada ere, gertakizun puntualak aztertu izan dira bereziki eta fenomeno isolatua bailitzan hartua izan da. Azken urteotan, ordea, historialari talde baten ahaleginei esker, gai honen ikerketak aurrera egin du nabarmen.
Alde batetik mende horietako gatazkak oinaztarren eta ganboarren artekoak bakarrik ez zirela agerian geratu da. Ahaide Nagusiek hiribilduekin ere liskarrak izaten zituzten, baita hiribilduek euren artean ere. Bestetik, ezinbestekoa da Europako gainerako herrialdeetan gertatutakoa erreferentziatzat hartzea eta, horrela, garbi ikusten da. Jose Ramon Diaz de Durana ikerketaren buruak, gatazka sozialtzat hartzen du bandoena eta Europak Berant Erdi Aroan bizi izan zuen lehen krisi feudalaren testuinguruan aztertu beharra azpimarratu du. XIV. mendean, esaterako, Ialiako hiri eta errepubliketan liskar biziak izan ziren eta hurrengo mendean Ingalaterran guda zibila izan zen, Gaztelan eta Aragoien ere egoera gatazkatsuak ezagutu ziren. Berezitasunak berezitasun, Erdi Aroko azken urteotan Euskal Herrian gertatutakoa Europako krisi eta gatazka sozialarekin parekatu daiteke.
Berezitasunak izan badira, hala ere. Batetik Ahaide Nagusiak (Gipuzkoa eta Bizkaian batez ere) Europako nobleekin alderatuta xumeagoak zirela esan behar da. Badira salbuespenak, Oñati eta Deba Garaia bere menpean zituen Gebarako jauna kasu. Baina, orokorrean bertako nobleziak ez zuen beste toki batzuetan adinako indar ekonomikorik eta, hori bai, oso erasokorra zen.
Dena den, diru-sarrera berrien bila, denborarekin Ahaide Nagusiek gero eta joera handiagoa izan zuten Euskal Herriaz kanpoko aristokraziarekin eta Gaztelako gortearekin harremanak estutzeko. Inazio Loiolakoa, adibidez, gero santu izango zena (izan, ez dakigu oso santu izango zen lehenago banderizo zital izandakoa, baina santu egin zuten behintzat) Gaztelako gortera bidali zuten hezitzera eta harremanak egitera, familiaren egoera «kaskarra» hobetzeko modua baitzen.
Euskal Herria Europako gainerako lurraldeetatik bereizten zuen beste ezaugarri bat Kaparetasun edo Hidalgia Unibertsala zen. Hiribilduen taktikaren garaipen gisa jotzen du hori aditu askok. Izan ere Ahaide Nagusiek «gehiago balio» izatean oinarritzen bazuten euren botere egitura, kaparetasunak justifikazioa bertan behera uzten zuen. XV. mende hasieratik aurrera denak ziren aiton-seme, Ahaide Nagusiek ez zuten zertan estamentu berezi bat defendatu beharrik. Noski, Kaparetasun Unibertsala juridikoa zen huts-hutsean eta desberdintasun ekonomikoetan ez zuen eragin berezirik izan, baina hiribilduek gatazkan irabazitako apustua zela esan genezake.
Izan ere, lehen esan dugu Oinaz eta Ganboa, Ganboa eta Oinaz eskema soila baino askoz konplexuagoa izan zela Berant Erdi Aro gatazkatsu hura. Bando bien arteko topaketa odoltsuaz haratago, Ahaide Nagusien eta hiribilduen arteko gatazka zela esan genezake, Erdi Arotik zetorren mundu zaharraren eta Aro Modernoa zabalduko zuen antolaketa berriaren arteko talka.


Mundu zaharra, mundu berria.

Mundu berri bat gainera eroriko bazitzaien, etsai arriskutsuena hiribilduetan indar gero eta handiagoz hedatzen kontzeju, egitura eta aktibitate ekonomiko berrietan bazen, zergatik erasotzen zioten elkarri Ahaide Nagusiek? Jon Andoni Fernandez de Larrea historialariak dionez, garrantzitsuena ez zen arerioa erabat garaitzea, borroka bera mantentzea baizik. Etsaia erabat garaitzea ez zitzaien komeni, haien ohorea eta bizimodua mantentzeko aitzaki egokia baitzen borroka egitea.
XV. mende erdialdetik aurrera, hala ere, hiribilduen botereak gora egiten zuela ikusita, sua eta ura bezain nahastezinak ziren oinaztar eta ganboarrak batzeko joera izan zuten. Euren dorretxetako leiho estuetatik bailarako mehatxua etxez etxe, dendaz denda, kalez kale hazten ikusita, betiko etsaiaren babesa bilatu zuten. Noski, ohitura zaharrak ez omen dira galdu behar, eta tarteka gora-beheraren bat izan zuten (Bañez de Artzubiaga Arrasaten hil zutenekoa kasu). Baina orohar gehien komeni zitzaiena aukeratzen esperientzia zutela erakutsi zuten Ahaide Nagusiek.


Gaztelaren alde eta kontra.

Horretarako usaimen berezia baitzuten banderizoek. Eta horrek bertan behera uzten du, hain zuzen, euren arteko arazoa Gaztelarekiko jarrerak ekarri zuela dioen hipotesia. Gaztelako koroak XV. mendean bizi izan zuen krisi dinastikoan geratutakoa Ahaide Nagusien oportunismoaren adibide garbia da: Gaztelako Pedro I eta bere anai Enrike Trastamarakoaren arteko gatazka baliatu zuen Nafarroako Karlos II.ak Gipuzkoako hainbat lurralde bereganatzeko. Orduan, bertako jaun batzuek Nafarroako erregearen zerbitzura jardutea erabaki zuten. Enrike Trastamarakoak Gaztelako bazter nahasiak lasaitu zituenean ostera, berriro Gaztelako koroaren gerizpera hurbildu ziren jaun horiek, Karlos II.aren haserrerako. Gaztelako koroak ez zuen, kasu puntual zenbait baztertuta, ez Ahaide Nagusiekin ez hiribilduekin arazorik izan. Batzuei zein besteei pribilegioak eskainiz, bi aldeekin jokatzen zuen, modu honetan komeni zitzaion oreka lortuz.


Irtenbide naturala.

Zeren kontra edo zeren alde borrokatzen zuten orduan? Zer dago bandoen gatazkaren jatorrian? Zer aztertua ba omen dago oraindik eta dokumentazioari tira egin beharko zaio gatazkaren sustraiak azaleratu nahi badira. Oraingoz, bada hipotesi bat indarra hartzen ari dena eta Jose Anjel Lema historialariak azaldu digu berau. Behe Erdi Aroan krisia jasan zuen Europa osoko nobleziak. Errentak larriki egin zuten behera eta nobleek aberastasun iturri berriak bilatu behar izan zituzten. Gorteetara hurbildu eta erregeen zerbitzura pasa ziren asko, erregeek jasotzen zituzten zergetatik zati bat jasotzen hasi ziren beste batzuk. Nekazarien gaineko presioa areagotzea hautatu zuten askok Bizkaia eta Gipuzkoan. Baina, lehen esan bezala, Euskal Herriko noblezia alde batetik xumea eta bestetik erasokorra izaki, ekintza militarra nagusitu zen gurean errentak zabaltzeko bide gisa. Hura zen bide naturala, nobleek hobekien egiten zekitena eta sarritan egiten zekiten gauza bakarra. Erdi Aroko orden banaketak hala ezarria zuen: kleroak otoitz egin behar zuen, nekazariak lan eta nobleak borroka. Borrokaren bidez aberastasunak lortzea, gainera, ohorezko lukrotzat jotzen zen (askotan zaila gertatuko zen, benetan, noblea eta bide lapurra bereiztea).
Hala ere, alferrik egin zituzten ahalegin horiek eta azkenean hiribilduak gertatu ziren garaile. Monarkia absolutisten itzalpean, hirien botere politiko eta ekonomikoa hedatu zen, mundu feudalari agur esaten zitzaion bitartean. Ahaide Nagusiek ere agur esan behar izan zioten lurrean eta familian oinarritutako egiturari. Ez ordea gizartean zuten egoera pribilegiatuari. Errenten usainean, beti ere komeni zenari eutsiz, egoera berrira egokitu ziren. Lehenago, garaipenerako enpeinu berezirik jartzen ez zuten horiek ez zeuden, ez, galtzeko prest.

Gertaera episodikoak baino gehiago
Bandoei buruz asko dago idatzita, baina idatzitakoa zaharkitua geratu da. Historialari gehienek gertaera konkretuak aztertu izan dituzte eta horrek hutsune historiografiko ugari utzi du betetzeke. Hutsunea ikusirik Jose Ramon Diaz de Durana buru duen EHUko ikerketa talde batek ikuspegi osoago bat eman nahi izan dio gaiari, garaiko baldintza ekonomiko eta sozialetan gehiago sakonduz.
Gertakizunak hobeto ulertu asmoz, duela urte batzuk, lantaldeak galdera ugari mahaigaineratu zituen: zeintzuk izan ziren gatazka hauen sustraiak? Zeintzuk protagonisten ezaugarri ekonomiko eta sozialak? Nondik lortzen zuten gerrarako materiala? Nondik errentak? Zeintzuk ziren, azkenean Ahaide Nagusiak?
Galdera horietako batzuek erantzun dituzte dagoeneko. Jon Andoni Fernandez de Larreak, esaterako, antolamendu militarraren inguruko ikerketa burutu du eta Ernesto Garcia Fernandezek hiribilduak aztertu ditu. Ikerketa honen nondik norakoak azaldu dizkigun Jose Anjel Lemak, aldiz Gipuzkoako Batzar Nagusi eta Berezien dokumentazioa izan du aztergai. Jose Antonio Munitak alderdi paleografiko eta diplomatikoetan dihardu, baita besteen lanak zuzendu eta berrikusten. Borja Aginagalde, Jose Anjel Achon, Jose Antonio Marin eta Ignacio Garcia de Cortazar bezalako historialariak ere ikerketa honetan ari dira lanean.
Orain arte, talde honen lanak bi emaitza izan ditu: «La lucha de bandos en el País Vasco: de los parientes mayores a la hidalguia universal» eta «Los señores de la guerra y de la tierra: nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores guipuzcoanos» liburuak. Aurki hirugarren liburu bat kaleratzea aurreikusi dute. Tolosako Gipuzkoako Artxibo Orokorra, Valladolideko Chancilleriako artxiboa, Simancas-eko Gaztelako Koroaren Artxibo Orokorra, Iruñeko Elizbarrutiko artxiboa, Espainiako Historiako Erret Akademiakoa... iturri ugari arakatu dituzte azken hamarkada honetan eta, hala ere, oraindik egiteko ugari dutela diote

Oinaz eta Loiolako jaunak, Ahaide Nagusien eredu
Ahaide Nagusi terminoa etengabe azaltzen da Erdi Aroaren inguruko historiografian. Bandoen arteko gatazken protagonista zirela badakigu; oraintsu arte ordea, ez da aztertu kontzeptu horren esanahi zehatza. Zer da, finean, Ahaide Nagusi bat? Deustuko Unibertsitateko Historiako irakasle den Jose Antonio Marinek eman dio erantzuna galderari eta horretarako Oinaz eta Loiola familiako jaunak aukeratu ditu eredu gisa. Ahaide Nagusi terminoak berak garai hartako harreman sozialak nola egituratzen ziren adierazten du, komunitatea familian oinarritzen zela. Eta Oinaz eta Loiolakoen adibideak gizarte horrek izan zituen baloreak eta aldaketak islatzen ditu.
XIV. mendekoak dira familia honen lehen berriak. Iraurgin zituzten lurrak aipatzen ditu dokumentazioak, alde batetik oinaztarrenak eta bestetik loiolatarrenak. Honek lurraren garrantzia adierazten digu, baina baita familiaren egituraren eta ezkontza bidezko loturena ere. Handik aurrera Oinaz eta Loiola sendi bakar gisa ageriko baitzaizkigu. Mende horretan zehar sendi honen eragina zabalduz joango da, harik eta, azken urteetan dokumentazioak hainbat biztanle Iraurgikoen boterepean egotearen aurka agertu zirela adierazten duen arte. Iraurgiko Mirandako biztanleek 1413an «de oy en adelante nos otorgamos por vezinos de la dicha villa (Azkoitia) e súbditos a la juridiçion d’ella» ziotenean, komunitatearen artikulazioan aldaketa sakona islatzen ari ziren. Kontzejuak, hiribilduen foruak eta bertako aktibitate berriak indarra hartzen ari ziren heinean, Ahaide Nagusiek bide berriak bilatu behar izan zituzten euren boterea eta aberastasunak mantentzeko. Lur berriak hartu, errentak handitu, Gaztelako koroaren zerbitzuan borrokatu... Oinaz eta Loiolakoek, horrela, XV. mende amaieran jaurerri bikainenetakoa zutela idatzi zuen Lope Garcia de Salazarrek. Horrek ez zuen, hala ere, bultzaka zetorren orden berria atzerarazi

LOPE GARCIA DE SALAZARREN TESTIGANTZA BERRITUA
Bandoen arteko liskarrak ikertzeko iturri garrantzitsuena Lope Garcia de Salazar banderizoak idatzitako «Bienandanzas e fortunas» izkribua izan da orain artean. Zaldun bizkaitarraren xedea idatzi honetan munduaren historia jasotzea izan zen, baina bandoen inguruan eskaintzen duen informazio aberatsagatik erabili izan dute historiagileek. «De una pelea que ovieron onesinos e gamboynos en Çumarraga e de los que ellas morieron (...) De como Petro de Avendaño çerco la casa de Aramayona que le tenían tomada e no la pudo desçercar» eta beste gertaera mordoa azaldu zuen Salazarrek bere testuan. Une honetan Consuelo Villacorta ikerlaria lan honen edizio berria prestatzen ari da. Orotara gure egunetara iritsi diren «Bienandanzas e fortunas»en 40 bat bertsio desberdin aztertu ditu, gero behin betiko testua osatzeko. Lan neketsua amaitzear da eta aurki argitaratuko omen dute edizio berritu hau

KANTOREN NIGARRA
Zeresan ugari emango zuten garai hartan bandoen arteko gorabehera odoltsuek. Eta esanak kantore bihurtu ziren sarritan. Eta kantore horietako batzuk eskauizkribu XVI eta XVII. mendeetan. Horri esker iritsi zaigu hainbat gertaera odoltsu eta dramatikoren berri. Beotibarko gatazka (1321), Akondiakoa (1390) edo Urruxolakoa (1388 eta 1401a bitartekoa) kantuetan bilduak izan ziren. Andere Milia Lasturkoaren aihen ezagunek ere gatazka hauek izan zituzten oinarri. Hor dira, halaber, Pedro Abendañoren heriotzan kantatutakoak (1463an Joanes Mendiolakoak hila) edo Martin Bañez Artazubagakoari eskainitakoak (Aramaioko jaunak aginduta 1464an hila). Arrasateko sutea ere hitz neurtuetan izan zen kontatua


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Leinu Gerrak
2007-10-21 | Unai Brea
Butroe ibaia (Bizkaia)
Banderizoen bideetan
Bide erraz eta laburra dakarkizuegu oraingoan, ia guztiz laua. Aldapa gora ibiltzeari uko egingo diogu beraz, baina baita horrek ekarri ohi duen sariari ere: ez dugu, ibilbidean zehar, aparteko ikuspegirik bistaratuko. Erdikoari meriturik kendu gabe, zalantzarik ez da abiapuntua... [+]

Oinaz eta Ganboa: Esku batean zuzia eta bestean gezia

Zaila da borroka hauen zergatia azaltzea. Historiografiak hamaika esplikazio eman nahi izan dizkio. Lope Garcia de Salazar banderizoak, Bienandanzas e Fortunas kronika idatzi zuen Somorrostroko bere dorrean giltzapeturik zegoela. Hark idatzita utzirikoa oinarrizko iturri izan... [+]

2004-02-29 | Pilar Iparragirre
Aramaio eta Arrasate elkarri begira
Bi esparru administratibotako herriak izan arren »Arabakoa bata, Gipuzkoakoa bestea», Aramaio eta Arrasate arteko giza-harremana administrazioek izan dutena baino askoz handiagoa izan dela azpimarratzen du Velez de Mendizabalek. Elkarri bizkarra emanez bizi izan diren arren,... [+]

«BANDERIZOEK EZ ZUTEN IDEOLOGIARIK, MOMENTUAN KOMENI ZENA BAINO»
Larrabetzuko biztanleak, adarraren deiak esnatuta, asalduturik irten ziren kalera 1444ko maiatzeko egun hartan. Behi bat jeizteko behar dena baino denbora gutxiagoan, borrokarako adinean ziren gizon guztiak eta emakume batzuk prest zeuden eurena defendatzeko. Oinaztarrak eta... [+]

Eguneraketa berriak daude