«BANDERIZOEK EZ ZUTEN IDEOLOGIARIK, MOMENTUAN KOMENI ZENA BAINO»

Larrabetzuko biztanleak, adarraren deiak esnatuta, asalduturik irten ziren kalera 1444ko maiatzeko egun hartan. Behi bat jeizteko behar dena baino denbora gutxiagoan, borrokarako adinean ziren gizon guztiak eta emakume batzuk prest zeuden eurena defendatzeko. Oinaztarrak eta ganboarrak, Butroeko eta Abendañoko jaunak buru, herrira iristear ziren. Hori dio behintzat Toti Martinez de Lezeak «Señor de la Guerra» bere azken nobelan. Beregana hurbildu garenean, Larrabetzu lasai dago.

Zer dela eta aukeratu zenituen bandoen gatazkak nobela honetarako?
Euskal Herriko Erdi Aroko nobela historikoa ezin da idatzi banderizoak aipatu gabe. Euskal Herrian bi edo hiru mendeetan gertatutako guztia baldintzatu zuen.

Eta zergatik Arrasateko sutea?
Gatazka honen adibiderik krudelena dela esan daiteke. Hiria txikitu egin zuten, bertako zapatari, burdingile, jostun eta zer ikusirik ez zeukan beste hainbat biztanle barne. Izugarria izan zen.

Nola prestatzen duzu horrelako liburu bat informazio historikoari dagokionez?
Bibliografia irakurtzen dut batetik. Gero kokalekuetara ere joaten naiz. Ezin dut mendi bat jarri ez dagoen tokian. Prozesuaren zati hau oso interesgarria da. Kasu honetan Aramaio ingurua Leintz bailara, Arrasate, Oñati... inguruan ibili behar izan dut eta oso polita izan da. Gure herria hobeto ezagutzen ikasten ari naiz lan honi esker.

Ezer berririk ikasi al duzu banderizoen inguruan?
Lehen ez nuen oso garbi zergatik borrokatzen zuten. Eta orain garbi al dut? Bada, ez. Agintea lortzeko borrokak ziren, sinpleki, bestea baino gehiago izateko borrokak. Gatazka arrazoitzeko hainbat hipotesi eman da. Baina seguruaski ez da ahalegin berezirik egin behar arrazoiaren bila. Gaztelakoak izan nahi zutela, Nafarroakoak izan nahi zutela... baina azkenean hori bost axola zitzaien. Teorian Nafarroaren aldekoak zirenak Gaztelaren alde borrokatu zuten komeni zitzaienean. Gerrari esker pribilegioak jasotzen zituzten, lurrak, bidesariak, zergak... beste guztiak ez zien axola. Zein ideologia zuten? Batere ez. Komeni zena.

Nobela historikoa idazten duzunean zein da zure helburua, nobela bat eskaintzea edo historia hedatzea?
Niri betitik gustatu izan zait nobela historikoa, historia ikasteko modu oso erraza iruditzen zait. Biak batera joan daitezen nahi dut. Bietako batek huts eginez gero, nobelaren trama kaskarra baldin bada edo kontatzen duen historia faltsua bada, interesa galtzen dut. Nire ustez azken aldiko historia nobelagileak nahiko objektiboak dira zentzu horretan. Historiaz hitz egiten duzunean haien tokian jartzen saiatu behar duzu. Pentsa dezakezu banderizoak izugarri barbaroak zirela, baina horrela izan ziren heziak. Guretzat astakeria dirudiena haientzat naturala zen.

Nobelako pertsonaia batzuk errealak dira, beste batzuk ordea zuk asmatuak.
Oraingoan gutxi izan dira asmatutakoak. Hainbeste banderizo zegoen, zaila dela gehiago asmatzea! Baina elkarrizketak asmatzen dituzu, eta izaerak ere bai. Ez baitzaigu deskribapen zehatzik iritsi. Errazagoa da pertsonaiak asmatzea, horiekin nahi duzuna egin baitezakezu. Pertsonaia errealekin kontuz ibili behar duzu eta historiagileek jasotako pertsonaia horien ibilbidean oinarritu. Pentsatzekoa da Gebarako jaunak ez zuela zerikusirik Butroerekin, esaterako, azken hau bere dorrean bizi baita, Aramoioko bere lurretan, Gebarak gortearekin harreman estuak dituen bitartean.

Gertakizun historiko hutsaz haratago garai hartako eguneroko bizitza islatzen duzu. «La Herbolera»n sendabelarren gaia bezala, oraingoan burdingintzaren munduan sakondu duzu.
Lanbide desberdinak ezagutaraztea gustatzen zait. Gainera Arrasatetaz ezin da hitz egin burdinoletaz hitz egin gabe. Gainera, beti borrokan ari ziren hauentzako armak nork egiten zituen?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Leinu Gerrak
2007-10-21 | Unai Brea
Butroe ibaia (Bizkaia)
Banderizoen bideetan
Bide erraz eta laburra dakarkizuegu oraingoan, ia guztiz laua. Aldapa gora ibiltzeari uko egingo diogu beraz, baina baita horrek ekarri ohi duen sariari ere: ez dugu, ibilbidean zehar, aparteko ikuspegirik bistaratuko. Erdikoari meriturik kendu gabe, zalantzarik ez da abiapuntua... [+]

Oinaz eta Ganboa: Esku batean zuzia eta bestean gezia

Zaila da borroka hauen zergatia azaltzea. Historiografiak hamaika esplikazio eman nahi izan dizkio. Lope Garcia de Salazar banderizoak, Bienandanzas e Fortunas kronika idatzi zuen Somorrostroko bere dorrean giltzapeturik zegoela. Hark idatzita utzirikoa oinarrizko iturri izan... [+]

2004-02-29 | Pilar Iparragirre
Aramaio eta Arrasate elkarri begira
Bi esparru administratibotako herriak izan arren »Arabakoa bata, Gipuzkoakoa bestea», Aramaio eta Arrasate arteko giza-harremana administrazioek izan dutena baino askoz handiagoa izan dela azpimarratzen du Velez de Mendizabalek. Elkarri bizkarra emanez bizi izan diren arren,... [+]

GARAILERIK GABEKO GERRA
Bi bandoak bata bestearen aurka borrokan gizaldi eta gizaldietan. Amen.XIII. mendean hasi eta XVI. mendea arte ez baitzuten amaierarik izan haien arteko liskarrek. Eta orduan ere halabeharrez egin behar izan zioten uko elkarren aurka jotzeari. Bestela, eurengatik balitz,... [+]

Eguneraketa berriak daude