Oinaz eta Ganboa: Esku batean zuzia eta bestean gezia


2006ko urtarrilaren 08an

Zaila da borroka hauen zergatia azaltzea. Historiografiak hamaika esplikazio eman nahi izan dizkio. Lope Garcia de Salazar banderizoak, Bienandanzas e Fortunas kronika idatzi zuen Somorrostroko bere dorrean giltzapeturik zegoela. Hark idatzita utzirikoa oinarrizko iturri izan da orain arte. Garcia de Salazarrek leinu bakoitzaren historia eta beren arteko liskarrak imajinazio handiz azaldu zituen. Bere ustez ganboatar eta oinaztarrak beti existitu ziren, "gizakiaren izatea bezalaxe", zioen banderizoak. Baina ipuin harrigarri bat ere kontatu zuen: Eztabaida erromeria batean hasi omen zen, oinaztarrak "oinekin" ibiltzen zirelako eta ganboatarrak berriz "gainetik" edo sorbaldarekin. Hau da, ibiltzeko modu ezberdina zutelako haserretu ziren gure oilarrak. Gaur egun horrelako teoria bat babestea anakronikoa litzateke, baina sinestezina badirudi ere, haren esentzia kasik gaur egunera arte iritsi zaigu.


Teoria berriak

Azken urteetan bandoen gerrari buruzko teoria berriak azaldu dira eta historialarien artean arrakasta handia izan dute. Teoria hauek diote banderizoen gerrak ez zirela huskeriengatik hasi, Europa guztian zabaldutako krisi batengatik baizik. Eta borroka horietan, jauntxoez gain, nekazariek eta hiribilduetako burgesia berriak ere hartu zuten parte. Errekonkista bukatuta, diru-sarrerak agortu zitzaizkien mairuen kontra aritu ziren jauntxoei, orduan nekazariei presio egin eta ondokoari lapurtzen hasi ziren. Interes ekonomikoa, bada, horren guztiaren atzean.

Egia esan, ezer gutxi dakigu krisi horretan nekazariek izan zuten zereginari buruz. Badakigu, jauntxoengandik ihesi, hiribilduetan babestu zirela nekazari asko (horrela sortu ziren, adibidez, Zumaia eta Mungia). Izan ere jauntxoen esku zeuden errekak eta zubiak, burdinolak eta basoak, lurrak eta ganaduak... Tamalez, jauntxo horien abenturak eta ibiliak soilik heldu dira guregana.


Ahaide Nagusiak, leinuen buru

Erdi Aroko pentsaera ulertzea ez da erraza. Borroka askoren atzean arrazoi ekonomikoak izan arren, ez da gutxietsi behar zaldunen artean ohoreak, jaiotetxeak edo abizenak zuten garrantzia. Horrela ulertu daiteke zergatik behi baten gorabeheran familia arteko gerra bat piztu zitekeen. Zeinek "gehiago balio" jokoan izanda, desafioari ezin uko egin. Bi bandoen buru Ahaide Nagusiak ziren, beraiek ziren leinu guztien artean indartsuenak. Oinaztarren artean lehenengo Ahaide Nagusia Azpeitiko Oinaz eta Loiola leinua izan zen. Gipuzkoako mugaren defentsan aritzeagatik hainbat mesede jaso zituen leinu honek Koroarengandik eta inguruko leinuek nagusitasuna onartu zioten. Gero Lazkanotarrak izan ziren buruzagitza horren lekukoa hartu zutenak, ezkontza eta tregua zenbaiten bidez. Oinaztarren jarraitzaile ziren, besteak beste: Amezketa leinua, Beasaingo iartzatarrak, Hernaniko Alzega Etxea, Untzueta, Berastegi, Astigarragako Murgia... Ganboatarren artean Ahaide Nagusia Olasoko jauna zen, Martin Ruiz Ganboakoa, ganboatarren bandoari izena eman ziona. Ganboatarren artean baina, Oñatiko Gebara familiak botere handia zuen, Arabako mendozatarrekin ahaidetua baitzegoen. Dena den, ezin dira konparatu Gipuzkoa eta Bizkaiko Ahaide Nagusiak, Araba eta Gaztelakoekin (Mendoza, Haro, Sarmiento...), azkenekoek lur eta botere gehiago zuten.


Lurrak eta lapurrak "gaizkileen mugan"

Oinaztar eta ganboatarren arteko tira-birak ez ziren nolanahikoak izan. XIV. mendean hasi ziren krisiaren lehenengo sintomak Nafarroako mugan, edo "gaizkileen mugan", orduan esaten zitzaion bezala. Ganboatarrak Gipuzkoako itsasaldean eta hirietan aurkitzen ziren gehienbat. Hiri sortu berrien eta merkataritzaren kontrola zuten helburu. Oinaztarren artean berriz, gehienak nekazal jauntxoak ziren, antzinako sistema bati eutsi nahi ziotenak. Nafarroako mugan lapurreta eta "malefizio" asko egin zituzten oinaztarrek. Muga gero eta zorrotzagoa zen, pixkanaka Gipuzkoako lurrak finkatzen ari baitziren, eta hori ez zitzaien oinaztarrei komeni, mugarik gabeko lurrak abeltzaintzarako erabiltzen baitzituzten betidanik.

Lazkanotarrak (oinaztarren buru) mugan izandako eraso eta lapurreta askoren erantzule ziren eta Nafarroako tropek behin baino gehiagotan egin zuten beraien kontra. Beotibarko bataila da borroka horietan ezagunena: 1321ean oinaztarrek Gorritiko nafar gaztelua bereganatu zuten eta errepresalia moduan Nafarroako tropek Berastegi erre eta Gazteluko dorrea eskuratu zuten. Baina bueltakoan oinaztarren segada batean erori ziren Beotibarren. Mitoak dio 10.000 lagun hil zirela bertan, handikeria bat.


Gerra pribatuaren garaia: odola eta sua

Bandoen arteko liskarrak XIV. mendeko bigarren erditik aurrera gogortu ziren. Erdi Aroko batailak askotan imajinatzen ditugu zaldunen eta katapulten artean, ehunka lagun ilaran jarrita, abisua noiz entzungo, pareko etsaiari ezpataz burua mozteko. Baina Euskal Herrian kasik inoiz ez da izan horrelako batailarik eta bandoen gerran gertaturiko liskar gehienak hori izan ziren, liskarrak.

Gerrarako hierarkian maila altuena zaldunek zuten. Zaldi gainean egiten zuten borroka eta gorputz osoa babesten zien armadurarekin. Baina oso eskasak ziren; alde batetik, bertako orografia zaldian ibiltzeko oso egokia ez zelako eta bestetik, garestia zelako. Leinuetako buru nagusiak bakarrik ibiltzen ziren zaldi gainean, beste guztiak oinezko soldaduak ziren, lekaioak. Soldadu kopuru aldetik, bataila handienean ere, ez zuten mila soldadutik gora biltzea lortu. Soldaduak biltzeko beharrezkoena dirua zen, mertzenario lanak egitea normala baitzen soldadu eta jauntxoen artean. Nafarroako erreinuak behin baino gehiagotan eskatu zituen bere euskal anaien zerbitzuak, baita hauek eman ere, baina diru truke! Oñatiko Gebarak 408 soldadu bildu zituen 1362an nafarren alde, Amezketako jaunak berriz 121 lekaio (oinezko soldadu). Ez du mobilizazio oso handia ematen, baina gogoan eduki behar da urruti zeudela oraindik Estatuak behartutako erreklutamendu masiboen garaiak. Behe Erdi Aroan, gerra gehienak pribatuak ziren eta pribatuak gudarosteak.

Gerra teknikak ez ziren uste bezalakoak. Bi bandoak oso gutxitan borrokatu ziren aurrez aurre. Segadak eta ezusteko erasoak normalagoak izaten ziren. 1420ko kasua oso esanguratsua da: Baldatarrek gabon gaua aukeratu zuten Lazkanoko dorrea erasotzeko, oinaztarrak sorpresan harrapatu nahirik. Beste batzuetan sua izaten zen arma onena, kontrarioa babeslekutik atera arazteko su ematen zioten dorreari, etxeari edo herri guztiari, beharrik bazen. Ezpatak erabiltzen ziren, noski, baina arma arruntena arkua eta balezta zuten. Bolbora eta kanoiak kasik ez ziren ezagutzen oraindik. Erdi Aroko gerra pentsakerarekin bat, leinuen buruak ez ziren inoiz atzean geratzen, bataila orduan aurre egiten zuten. Balorea, gauza guztien gainetik.


Arrasate: 1448ko San Joan gaua

Garai gorriena, bortitzena, 1440tik aurrerakoa izan zen. Orduan iritsi zen bandoen gerra bere gailurrera. 1443an Joan Lopez Lazkanoren Dulantziko dorrea birrindu zuten Ayala familiaren soldaduek. Urte berean Olasoko jaunak Arantzibiako dorrea eraso zuen Bizkaian. 1446an baldatarrek sekulako porrota jaso zuten Zumarragan Lazkanokoen kontra, eta gero Azkoitiko herria erre zuten oinaztarrek. Pixka bat beranduago Untzuetakoek garaipen handia lortu zuten Elgetan ganboatarren kontra.

Baina dudarik gabe, 1448an izan zen bando gerraren borrokarik ezagunena, Arrasaten. Bertan oinaztarren bi leinu zeuden, Guraia eta Bañez Artazubiaga. Beren artean ados jartzen ez zirenez, Oñatiko jaunak, Pedro Velez Gebara ganboatarrak, herria bereganatu zuen. Baina oinaztarren defentsan laster azaldu zen Gomez Gonzalez Butroekoa eta gebaratarra bertatik botatzea lortu zuen. Oñatiko jauna ez zegoen etsitzeko prest ordea, aliatu ganboatarrei deitu eta borrokara azaldu ziren baldatarrak eta Ganboa-Olasokoak. San Joan bezperan, gauean, su eman zioten herri guztiari eta Arrasate alde batetik bestera erre zen.


Ez Oinaz eta ez Ganboa, Ermandadeak nagusi

Bi bandoen arteko borroka gogorrak argi itsugarri bat dira eta ez dute uzten garai haietako egoera ikusten. Ordurako, egoera politikoa aldatzen ari zen, hiribilduak eta Ermandadeak (probintzi osorako sortutako erakundeak) indartzen ari ziren eta Gaztelako Koroaren babes osoa zuten gainera. Jauntxoek laster ikusi zuten etsai nagusia instituzio berri hauek zirela, ordu arteko pribilejioak eta diru-iturriak zalantzan jartzeko gai ziren erregearen seme-kuttunak.

1456an banderizoek, bai oinaztar eta bai ganboatarrek, desafioa bota zien Gipuzkoako hainbat hiribilduei (Azkoitia, Azpeitia, Deba, Mutriku, Getaria, Tolosa, Ordizia, Segura...). Hau izan zen seguruenik banderizoek jaurti zuten azken garrasi serioa. Urtebete beranduago, Enrike IV. Gaztelakoa, lurralde hauetan sartu zen, banderizo askoren dorretxeak bota eta leinu askotako buruak Granadara erbesteratu zituen, mairuen kontra borrokatzera. 1460an jauntxo hauek Enrike IV.ri zin egin eta Ermandadeen legeak onartu behar izan zituzten. Ordutik bandoen borrokak garrantzia galdu zuen eta banderizoak pixkanaka probintzietako erakundeetan integratu ziren. Gerora, jauntxoen arteko liskarrek jarraitu zuten, bana neurri txikiago batean eta probintziaren nagusitasuna zalantzan jarri gabe. 1479an esaterako, Juan Lazkano, Kontrastako dorrean zegoela hil eta bere gorputza erre zuten. Baina garai berriak hasi ziren, Errege Katolikoak agintean zirela, Frantziaren eta beste herrialdeen kontrako gerrak (Nafarroa horien artean) nahikoa lan ematen zuten, horretaz gain barne tira-biretan ibiltzeko. Hortik gutxira Ameriketara joateko lehenengo enpresak hasi ziren eta horrekin aberastasun iturri paregabe bat aurkitu zuten jauntxo euskaldunek. Jadanik ez zegoen borroka zoroetan ibili beharrik, hobe zen Madril edo Sevillan kargu ona izan eta Ameriketako iturritik edatea.

Ikerketak eta okerrak

30 urtetik hona ikerketa asko egin dira Erdi Aroko leinuen inguruan eta oker asko zuzendu dira. Hona hemen batzuk:

- Oinaz eta Ganboa, gipuzkoar bereizketa: Beti pentsatu izan da Euskal Herri osoan banandutako bandoak zirela, baina orain demostratu da bando horiek Gipuzkoan zutela jatorria. Bizkaia eta Araban izen horiek kasik ez dira erabiltzen eta Nafarroa eta Iparraldean gutxiago.

- Euskal Herrian kasu bakarra? Oker dago, uste duenak, bandoen arteko borrokak Euskal Herrian baino ez zirela izan. Europa guztian aurki ditzakegu horrelako adibideak, Behe Erdi Aroan zabaldutako krisiaren eraginez.

- Bi bando ez dira betiko. Bandoen gerra ez zen bi taldeen arteko gerra zibila izan, gerra pribatuen eta interes ezberdinen gatazka multzo bat baizik. Beraz, kontrarioa erasotzeko trebetasun berdina erakutsi zuten laguna erasotzeko, horrek etekina ekarriko bazuen.

- Enrike IV. erregea: Egia da inflexio puntu bat izan zela Enrike IV., Gaztelako erregea, bando gerrarekin amaitzeko Euskal Herrian sartu zenean, 1457an. Hainbat jauntxo erbesteratu zituen eta beren dorretxeak botatzea agindu. Baina jauntxoen arteko liskarrek gerora ere jarraitu zuten, ia XVI. mendera arte. Gainera, errege honek ez zuen dorretxeak "moztea" agindu, "botatzea" baizik, eta hala egin zuten. Aditu batzuen iritziz, gaur egun Erdi Aroko dorretxeen gainaldeak harrizkoak ez badira (adreiluzkoak, igeltsuzkoak...), hori da XVI. mendean palazio bihurtu zituztelako eta ez "mozketa" bat jasan zutelako. Beste uste oker bat.

Erdi Aroko kantak, historia errimatua

Erdi Aroko iturrietan garai haietako kantak asko erabili izan dira. Kroniken bidez iritsi zaizkigu batez ere guregana kanta hauek, baina baita ahoz aho, mendez mende. Ibarguen-Cachopin kronika oso ezaguna da, bertan hainbat ereserki eta kanta azaltzen dira: Butroeko andrearen ereserkia, Salinasko Kontearena, Rodrigo Zarateren kanta... Horien guztien bidez Erdi Aroko gertakizunen eta bizimoduaren berri jakin dezakegu. Baina kanta apokrifoak ere badaude (beranduago egindakoak) eta beste kanta asko erabat desitxuratuta geratu dira mendeen poderioz; horregatik, kontu handia izan behar da kantak interpretatzerakoan.

Adibide bezala Sancha Otsoa Ozaetak Martin Bañez Artazubiagari, bere senarrari, jarritako ereserkia dakarkigu, Mitxelenaren eskutik:

Oinetako lurrau jabilt ikara
lau haragiok bere an berehala
Martin Bañes Ibarretan hil dala.

Artuko dot esku batean gezia
bestean zuzi iraxegia,
erreko dot Aramaio guztia.


Martin Bañezi heriotza zigorra ezarri zioten Arrasate erretzeagatik. Baina sententzia Martin Bañez ihesi zegoela ezarri zenez, edonork zuen bera hiltzeko eskubidea, inolako zigorren beldurrik gabe. Aramaioko Juan Alonso Mujikak segada batean hil zuen Martin Bañez Artazubiaga, 1464an, Ibarretako burdinolan. Baina Aramaioko jauna ez zen konturatu Enrike IV.ak heriotza zigorra bertan behera utzi zuela urte batzuk lehenago, eta orain Artazubiagaren leinuari zegokion Aramaiokoaren kontrako mendeku eskubidea. Sancha Otsoaren ereserkiak gerra deklarazio bat dirudi ereserki bat baino: "Erreko dot Aramaio guztia!" dio garrasi batean, herri guztia dardarka jartzeko ere!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Leinu Gerrak
2007-10-21 | Unai Brea
Butroe ibaia (Bizkaia)
Banderizoen bideetan
Bide erraz eta laburra dakarkizuegu oraingoan, ia guztiz laua. Aldapa gora ibiltzeari uko egingo diogu beraz, baina baita horrek ekarri ohi duen sariari ere: ez dugu, ibilbidean zehar, aparteko ikuspegirik bistaratuko. Erdikoari meriturik kendu gabe, zalantzarik ez da abiapuntua... [+]

2004-02-29 | Pilar Iparragirre
Aramaio eta Arrasate elkarri begira
Bi esparru administratibotako herriak izan arren »Arabakoa bata, Gipuzkoakoa bestea», Aramaio eta Arrasate arteko giza-harremana administrazioek izan dutena baino askoz handiagoa izan dela azpimarratzen du Velez de Mendizabalek. Elkarri bizkarra emanez bizi izan diren arren,... [+]

GARAILERIK GABEKO GERRA
Bi bandoak bata bestearen aurka borrokan gizaldi eta gizaldietan. Amen.XIII. mendean hasi eta XVI. mendea arte ez baitzuten amaierarik izan haien arteko liskarrek. Eta orduan ere halabeharrez egin behar izan zioten uko elkarren aurka jotzeari. Bestela, eurengatik balitz,... [+]

«BANDERIZOEK EZ ZUTEN IDEOLOGIARIK, MOMENTUAN KOMENI ZENA BAINO»
Larrabetzuko biztanleak, adarraren deiak esnatuta, asalduturik irten ziren kalera 1444ko maiatzeko egun hartan. Behi bat jeizteko behar dena baino denbora gutxiagoan, borrokarako adinean ziren gizon guztiak eta emakume batzuk prest zeuden eurena defendatzeko. Oinaztarrak eta... [+]

Eguneraketa berriak daude