JAIO ORDUKO ESKOLARA?


2001eko irailaren 02an
Gaur egun Euskal Herriko jaiotze tasa 0,96koa da. Euskaldunek seme-alaba geihago izan nahi dituzte, baina diru kontuak eta haurrak zaintzeko zailtasunak dira ondorengotza ez izateko ematen dituzten arrazoi nagusiak. Eusko Jaurlaritzak «Seme-Alabak dituzten Familiak laguntzeko Erakundearteko Plangintza» aurkeztu zuen apirilean. Haur Eskolen Koordinakundea, sindikatuak eta guraso batzuk ez daude inolaz ere ados. Bitartean zer egin haurtxoekin? Nork zainduko ditu? Zenbat kostatuko zaigu haur bakoitza zaintzea?

Gaur egungo gizartea, XXI. mendearen hasieran, aldaketa sakonak jasaten ari da, eta aldaketa hauek badute bere isla familian, lan baldintzetan eta gizarteko alor anitzetan. Bada, gaurkotze honen ondorioz, euskaldun guztiak arduratzen gaituen arazo bat: Euskal Herriko jaiotze tasa baxua, Europako baxuena. Belaunaldi erreleboa bermatzeko %2,1ean dago kokatua tasa hau. 2010 eta 2025 urteen artean esku indar aktiboa %21,4 jeitsiko da Eurostatek eginiko ikerketaren arabera. Arazo honen aurrean Eusko Jaurlaritzak «Seme-Alabak dituzten Familiak laguntzeko Erakundearteko Plangintza» aurkeztu zuen apirilean, jaiotze tasa handitzeko nahiaz.

Guraso izan nahi eta ezin.

Euskal gazteriaren %54ak dioenez seme-alaba gehiago izan nahi dituzte, baina ez dira ausartzen "guztia oso garestia delako" alde batetik, eta "lanean ari bazara, ezin dituzulako haurrak zaindu" bestetik. Gobernuaren planaren helburua zailtasun ekonomiko eta laboralak gainditzea da, euskaldunek nahi adina ume izan ditzaten. Arazoa ordea, planteatzen dituen neurri eta baldintzetan sortzen da. Eusko Jaurlaritzak gurasoen eszendentziak errazteko neurriak bultzatuko ditu, haurrak zaintzeko lanorduak gutxitzeko neurriak; Hezkuntza Saila eta Justizi, Lan eta Gizarte Segurtasun Sailaren arteko akordioa dela eta sortu dira desadostasun nagusiak, ordea.
Eusko Jaurlaritzaren planak lau zutabe nagusi ditu: neurri ekonomiko eta fiskalak; zerbitzu sozialen eskaintza haurrak dituzten familientzat, familia eta lana ongi ezkontzeko neurrien ezarpena eta sentsibilizazio neurriak. Guzti hau familiek nahi adina seme-alaba izan ditzaten eta hauxe oztopatzen duten zailtasun ekonomiko eta sozialak gainditzeko. Plangintza hau gauzatzeak izugarrizko diru kopurua eskatzen du: 2002 urterako 9.650 milioi pezeta, 2003 urterako 10.975 milioi pezeta, 2004 urterako 12.500 milioi pezeta eta bukatzeko, 2005 urteko aurrekontua 13.925 milioi pezetakoa da.
Haur Eskolen Koordinakundearen ustetan, plan honek familia du sujetu nagusi eta haurraren eskubideak ez ditu bermatzen.

Kalitatezko Hezkuntzaren alde.

Eusko Jaurlaritzak apirilean aurkeztu zuen plan honek kritika ugari jaso ditu, hauen artean Haur Eskolen Koordinakundeko partaideena. Izaskun Madariaga, koordinakundeko bazkidearen hitzetan "0-3 urte adin tarteko haurren heziketa Hezkuntza Sailetik ateratzea oso larria dela uste dugu; orain dela 30 urteko egoera berdinera bueltatzea litzateke. Honek Hezkuntza Saileko arduratik kanpo uzten du adin horretako haurren heziketa eta ez da bermatzen haur guztien heziketarako eskubide unibertsala".
Koordinakundearen ustetan plan honek familia du batez ere kontuan, eta haurraren heziketaren kalitateak ez du inongo tokirik. Gurasoen, batez ere gizonezkoen lanorduen gutxitzeak, dirulaguntzak jasoko ditu eta haurrak etxean zaintzeko asistentzia eskaintzen da. Dimentsio asistentzialak du pisu astunena eta haurraren heziketa bigarren tokian gelditzen da.
Haur Eskolen Koordinakundeak ordea, haurra du sujetu. Garapen ekonomikoaren ondorioz, familia egitura berrien kausaz, eskolen arteko konpetentziagatik, lan ezegonkortasuna tartean dela, eta beste hainbat arrazoiengatik, gurasoen presentzia gero eta murritzagoa da umeen bizitzan eta ikastetxeek errealitate berrira egokitu behar dute eskaintza. Eskola ordutik kanpo haur txikiak zaintzeko zerbitzuak jartzen dira, gurasoek zerbitzu horiek behar dituztelako. Baina non dago muga? Zein da gurasoen eginbeharra? Zein instituzioena? Eta haurra non dago?
"Zenbat denbora pasatzen dute gure seme-alabek eskoletan? Oso haur txikiez ari gara eta ezin dute leku itxi batean hainbeste ordu egon, taldean bizitzen. Ez dute etxeko espazioaz eta familia giroaz gozatzeko aukerarik. Inork pentsatu al du hilabeteko haurrek, urte batekoek edo bikoek gurasoek baino lanaldi luzeagoak dituztela?" dio Izaskun Madariagak.
Familia, lana eta haurra, hiru errealitate dira eta sendiko arazoen irtenbide guztiak ezin dira haurren kontura bakarrik konpondu. Haur-Eskolen Koordinakundearen ustez, aita, ama eta haurra kontuan hartuko dituzten egitura burutsuak sortu behar dira.
Haur Eskolen Koordinakundearen aldarrikapenekin guztiz ados daude sindikatuak. Ion Araolaza STEE-EILASeko kideak dioenez "Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen plangintzak baditu alde positiboak: ados gaude proposatzen dituen laguntza ekonomiko eta lanordu murrizketekin, bai eta eszedentziekin ere. Baina hanka motz gelditzen den plangintza da, ez baititu haurraren eskubideak bermatzen. Haurra jaiotzen denetik hezitzen da eta eskubide bat izanik ez da zilegizkoa, eskubide hau betetzeko, ordaindu behar izatea. Plangintza honekin tratamendu hezitzailea arriskuan dago".
Haur Eskolen Koordinakundearekin ados, beharrezkoa da sindikatuen ustez, Hezkuntza Sailak behar hauek bere gain hartzea. Ion Araolazak dioenez "aspaldiko erreibindikazioak izanik, eman zaion irteera diru laguntza gehiagoz egoera berdin mantentzen da proposamen honekin. Benetako irteera desbideratu egiten da, familiei eskaintza erakargarri bat eskainiz, baina haurrentzat planteamendu oso kaltegarria da. Guk hezkuntzaren dohaintasuna eskatzen dugu, haurraren eskubideak bermatzeko ez baita dirurik ordaindu behar sindikatuen iritziz".

Non gelditu da LOGSE legea?

1990 urtean onartu zen LOGSE legean ordea, haurra jaiotzatik hezitzen zela jasotzen zen eta proposamen honek, orain arte jorratutako bidea, haur eskolak=heziketa eskolak, apurtzen du. Ion Araolazaren ustetan, "berez hezkuntzarenak diren ardurak lan sailera pasatzen ditu. Atzerakada izugarria da. Umeak jaiotzetik hezitzen badira, kalitatezko hezkuntza bat bermatu behar da, haurraren ongizatea bermatu; plangintza honek ordea edozein motatako eskaintza pribatua bultzatzen du. Asistentzial modura ulertzen diren jarduerak (haurrei jaten ematea, lotan jartzea edo garbitzea...) ezinbesteko garrantzia dutenean kalitatezko heziketa batean".
Egoera honen aurrean inbolukratuak dauden erakunde eta sindikatuak erantzun bat prestatzen dabiltza. Haurraren Hezkuntza Eskubidearen aldeko mahaia eratu berri dute. Beraien iritziak gizartera zabaldu nahi dituzte eta mahai hau beste sujetu batzuei ireki, hala nola, gurasoak, emakume taldeak, gizartea orokorrean... Arazoa oraingoz hortxe dago.

Haur nafarrak.

Nafarroan egoera berdintsua da nahiz eta legalki ezberdintasunak badiren. Alde batetik, UPN eta PSNren aldeko botuekin, Nafarroako Legebiltzarrean gehiengoa jaso zuen errege-dekretua paralizaturik dago. Dekretu hau ez da indarrean sartzen, nahiz eta Legebiltzarrean gehiengoa izan zuen.
"LOGSE legearen markuan oinarrituz, nafar Legebiltzarrean orain dela 9 hilabete, irakasleek bete behar zituzten baldintzak eta hezkuntza maila honetako zutabe nagusiak definitzen zituen errege-dekretua onartu zen; denok itxaroten egon arren, ez da indarrean sartzen", dio Alfonso Oyulosek, haur eskolako irakasle eta pedagogoak. Honen aurrean, urduritasuna eta kezka azaltzen du Alfonsok, bere ustetan "Madrildik egoera aldatzeko nahia baitago eta iraskuntzaren fase hau asistentziala balitz bezala berbideratu. Atzerapauso izugarria litzateke hau, orain arteko lana indargabetuko lukeelako. Haurtxo txikien hezkuntza gaztetxoena bezain garrantzitsua dela uste dut nik eta hauen zaintza ez lukeela edozeinen eskutan egon behar, honetarako pertsona ikasien eta adituen eskuetan baizik".
Alfonsok dioenez, "LOGSE legean oso garbi jasotzen da 0 urtetatik aurrera, zerbitzu guztia hezitzailea dela eta izan daitekeen eskari soziala bete beharko dutela. Besterik ez dio LOGSE legeak. Nafarroan ordea, dekretu berrian zerbitzu hezitzaile-asistentziala bezala definitzen dute hezkuntza fase hau eta bestalde, ongizate sailean barneratu nahi da".
Era berean, aipaturiko dekretua onartu gabe egon arren, bertan ezartzen diren baldintzak betez, aurreskolak irekitzen ari dira Nafarroako herri batzuetan, eta zailtasun ekonomikoak izaten ari dira.
Une honetan Nafarroan egoera zintzilik dago, dekretuaren zirriborroa onartua izan arren, ez baitu ez aurrera ez atzera egiten, Alfonsoren hitzetan "Madrilek erabakiko duenaren zai baitaute. Hau guztia, erabaki horren arabera, egun batetik bestera alda daiteke. Hor dago arriskua" pedagogoaren ustez

EUROPAKO ESPERIENTZIAK
Italia

Reggio Emiliako eskolen hezkuntza proiektua.

Reggio Emilia herriko Udal haur eskolak bereziak dira; haurra da guztiaren zutabe eta erdigune; herri osoa dago inplikatua haurren heziketan. Proiektuaren muina haurra da eta elkarrizketa eta presentzia eskatzen dituzte, bereziki, hezitzaile eta familiarena.
"Entzute" hitza da esperientzia honetan klabeetako bat eta proposamenaren abiapuntua honakoa da: gutako bakoitzak, haur bakoitzak, bere berezitasunak ditu eta berezitasun horiek dira, hain justu, entzun behar direnak. Entzuketa da beste batekin elkartu ondoren sortzen den lehen jarrera. Bestalde, haurrak esateko asko dute eta eskolan badakite bere gauzarik eta pentsamendurik hoberenak eta tentsioak adierazteko aukera izango dutela aniztasunaren bidez.


Modenako Haur Eskolak.

Italia iparraldean dagoen Modena hirian 0-6 urte bitarteko haurrei zuzendutako Hezkuntza Zerbitzu Integratua dute. 180.000 biztanletako hiri honetan 16 udal haurtzandegi, 13 itunpeko haurtzandegi, 3 jolas zentro, aire libreko 3 lorategi, irakurketa gune bat, familientzako 4 zentro eta udako beste 4 zentro daude. 0-3 urteko haurren %34ak zerbitzu horiek erabiltzen ditu.

Suedia

Haur Eskola eta Zerbitzuak.

1995 urteko legediaren arabera, langile edo ikasle diren guraso guztiek dute plaza bat izateko eskubidea diru publikoarekin finantzatzen diren zentruetan (baldin eta haurra 1-12 urte bitartekoa bada). Zentru hauek Ongizate Zerbitzu Sistemaren menpe daude nahiz eta Hezkuntzara pasatzeko ahaleginetan ari diren. Sistema berdinaren menpe aurkitzen dira eskolatuak dauden haurrentzako denbora libre eta aisialdi zerbitzuak, guztiak Udalaren konpetentziakoak.


Daghem zentroak.

Jaiotzeko unetik 7 urte bitarteko zentruak dira baina haur guztiak urte eta erdirekin hasten dira amatasun bajak denbora hori irauten duelako. Gero eta haur gehiago 6 urterekin eskolatzen dira.
Zentro hauen egitura oso berezia da; ez dute gure ikastetxetan bezala adin bakoitzeko gela bat, baizik eta moduluka daude antolatuak. 1-3 urtekoak alde batetik, eta 3-6/7 urtekoak bestetik. Moduluaren banaketak etxearen antzekoak izan nahi du, sukalde, komun eta gelekin. Bakoitza tailer bat da, psikomotrizitatea lantzeko, aroztegi bezala prestatua dagoena, garbiketak egiteko komuna, sukaldea bazkaltzeko... Badago haurra bakarrik egoteko gela bat, irakaslerik gabe, eta irakasleen atsedenerako beste bat.
Datu bitxi bat: hain lurralde hotza izanik, kalean bizitzeari garrantzi handia ematen diote, naturaren ezagutzeari, errespetuari... 15° baino gutxiago ez den bitartean, haur guztiak kalean ibiltzen dira.


24 orduko zerbitzuak.

Gaueko zerbitzuak eskaintzen dira, beti ere baldintza batekin. Haurra bertara joateko familiak beharra justifikatu behar du eta ezin dira lotara bakarrik eraman, gutxienez 2 ordu lehenago eta 2 beranduago arte egon behar dute bertan, talde bizitza minimo bat egiteko. Arduradunek diotenez, haur gutxi joaten dira.


Öppen Förskola.

Zentro hauek irekiak dira, hau da, nahi duten haurrak joan daitezke eta nahi duten denboraz, baina beraien guraso edo arduradunekin; ezin dira bakarrik gelditu. Doakoak dira. Bertan arduradun bat dago egunero aktibitateak prestatzeko, baina ez du bere gain hartzen haurraren ardura, ezta istiluak egoten direnean ere. Ardura hori umearekin etortzen denarena da.
Zentru hauen helburua haurrak haurrekin egotea eta ikasteko aukera eskaintzea izaten da, esparru sozial berriak ezagutaraziz. Bestalde, helduei ere topagune bat eskaintzen diete isolamendu soziala gainditzearren; guraso eskola izatea ere helburuen artean dago. Honetaz gain badago haurdunaldiko zerbitzu berezi bat, hamabostero emaginaren kontrola eskainiz.

Alemania

Alemaniar konstituzioak herrialde hartako bizilagun guztiek beraien izaera garatzeko, eskola eta lanbidea aukeratzeko eskubidea dutela dio.

Marko honetan kokaturik, Alemanian haur heziketa haurtzaroko korategi edo «Kindergarden» bezala ezagutzen diren zentruen esku dago. Zentru hauek ez daude hezkuntza sistemaren barnean, haurtzaro asistentzia kontsideratuak direlako. Honez gain, lorategi hauek ez dute jabetza publikorik, instituzio ezberdinen edo udaletxeenak izaten dira. Hezkuntza epe honetako helburua bakoitzaren izaeraren garapena eta gizarte hezkuntza dira eta haurrek jolasaren bidez ikasten dute gehienbat.

Goizeko ordutegia dute eta oso gutxik eskaintzen dute arratsaldez umeak bertan uzteko posibilitatea.
1996 urtetik haurtzaroko lorategi hauetan toki bat izateko eskubidea onartua dago eta ondorioz, zentru berriak eraikitzen ari dira. Hala ere, erabakia librea da erabat, gurasoek aukeratzen dute haurra bertara eraman nahi duten edo ez, eta ordaindu beharrekoa soldataren araberakoa da. 1996 urtean, 0 eta 3 urte arteko haurren %67a joaten zen haurtzaro lorategi hauetara


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude