MUNDUKO BANKUA HERRI MUGIMENDUEN BELDUR


2001eko ekainaren 24an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Nazioarteko Moneta Fondoaren (NMF) eta Munduko Bankuaren (MB) aurka urrian Pragan izandako mobilizazioko irudiak gogoan ditugu oraindik. Beren jarduera eta jokabide neoliberalekin pobreak egunetik egunera pobreagoak eta aberatsak aberatsagoak bihurtzen dituen munduko globalizazio ekonomikoaren ordezkari eta eragile diren erakundeok urteko batzarra egiten ari ziren hiriburu horretan. Erakunde horiek Iparraren eta Hegoaren arteko harremanen adierazgarri ere badira. Pragakoa Seattle-ko eta Davos-eko mobilizazioen jarraipena izan zen, eta herri-mobilizazio berri eta gogorragoetara jo zuen; eta globalizazioaren aurkako mugimendua geroz eta hobeto antolatzea eta koordinatzea ekarri zuen. Globalizazioaren aurkako nazioarteko mugimendua olio orbana bezala ari da hedatzen mundu osoan zehar, eta Euskal Herriko sektore batzutan ere sartu da, oso berriki bada ere. Honek guztiak hasi besterik ez du egin.

Datorren asterako, ekainaren 25etik 27ra, 2001eko Europako Ekonomiaren Garapenari buruzko Konferentzia zegoen iragarrita Bartzelonan, Munduko Bankuak antolaturik. Azkenerako, bilera bertan behera utzi beharrean gertatu dira, globalizazioaren aurkako herri-mugimendu gehiagoren iragarpenen ondorioz. Baina, zer dago bizi izan genuenoi, 1968ko maiatzean Frantzian izandako mugimendua gogorarazten digun nazioarteko mugimendu honen atzean? Mugimendu honen ezaugarri batzuk adierazten saiatuko gara erreportaje honetan.

GENEVATIK PRAGARA SEATTLETIK IGAROZ.

Lehenik, zer da globalizazioa? Batzuentzat mundu osoa gune bakartzat hartzea da, eta beste batzuentzat, berriz, «mundu mailako fabrika». NMFren iritziz «prozesu historiko baten emaitza da, gizakiaren aurrerapenak eta teknologiaren berrikuntzak ekarria, batez ere merkataritzaren eta finantza mugimenduen bidez». Globalizazioaren helburuak hazkunde ekonomikoa areagotzea, bizi maila hobetzea eta aukera berriak sortzea dira... Baina, norentzat?
Nazioen gaindiko erakunde horiek beraiek onartu egiten dute globalizazioaren ondorioz Hirugarren Mundua geroz eta Hirugarren Munduago bihurtzen dela, hau da, geroz eta esplotazio eta desberdintasun maila handiagoak eragiten dituela herri aberats eta pobreen artean. Horretaz jabetzeko nahikoa da beren datuei begiratzea: munduko biztanleen %21ak mundu osoko Barne Produktu Gordinaren %79a ekoizten eta kontsumitzen du; aldiz, garapenean sartzen ari diren herrialdeek, munduko biztanleen %80a izanik, gainerako %21a besterik ez dute bereganatzen. Munduko biztanleen herena baino gehiago erabateko txirotasunean bizi da, egunean 200 pezeta (8 libera) eskas izanik bizitzeko. Horiei errentaren %8a besterik ez zaie egokitzen. Beraz, globalizazioak beste edozein balioren aurretik jartzen ditu irabaziak, onura ekonomikoak. Ekonomiaren prozesu ekonomikoak geroz eta gehiago egiten dio ihes politikaren kontrolari, kanpo merkataritzaren etengabeko hazkundea dela-eta.
Bigarrenik, zein dira globalizazioaren aurka daudenak eta zer eskatzen dute? Globalizazioaren aurkako mundu mailako mugimendu hau osatzen duen jende gehiena ez da alderdi politikoetan antolaturik dagoen jendea. Nagusiki nekazaritzatik, unibertsitatetik, lantokietatik, ekologiaren aldeko mugimenduetatik, mundu indigenatik, Gobernuz Kanpoko Erakundeetatik datoz eta, asko, anarkismoaren esparrutik. Ezkerreko hainbat intelektual ere hurbildu da mugimendu honetara. Nahiz eta, tarteka, talde batzuk bortizkeriaz jokatu izan duten, poliziaren erasoei aurka egiteko sarritan, mugimendu honen filosofia indarkeriarik ez erabiltzearen eta batzarrak agintzearen aldekoa da.
Horien aldarrikapenak honako dekalogoan bildu ditugu: gizarte eta garapen zuzen eta jasangarria; duintasunean eta zoriontasunean bizitzeko eskubidea; bidezko merkataritza, zuhurtasunezko kontsumoa, eta bizi kalitatea hobetzea herrien integraziorako oinarri gisa; nazioarteko esparruan egitura ekonomiko eta ekologiko berri batera igarotzeko plana; teknologiaren berdintasunezko trukea, eta teknologia berrien aldeko ikerkuntza; nazioez gaindiko enpresen kontrol demokratikorako plana; aukeren berdintasunerako planak; mugitzeko askatasuna pertsona guztientzat; Parisko Klubeko kide diren Gobernuak hartzaile diren zor ofizialak %80tik %100era indargabetzea.
Nola eratu zen nazioarteko mugimendu hau? Merkatu globalaren aurkako mugimenduen mundu mailako koordinazioa 1998ko otsailean hasi zen gorpuzten, Genevan. Suitzako hiriburuan sortu zen delako Herrien Ekintza Globala, merkataritza librearen eta Munduko Merkataritzaren Erakundearen -MME- aurka. Baina, hala ere, 1999ko azaroan Estatu Batuetako Seattle hirian MMEk egindako bilkuraren inguruan lortu zuen nazioarteko oihartzun nabarmena. 40.000 manifestari bildu ziren bertan, merkataritza librearen aurka. Hiru egunez Seattle guztiz harturik eduki zuten ehunka poliziak eta Guardia Nazionaleko soldaduk, kolkoa bete arma zutela, eta erantzun bortitza eman zieten ehunka pertsona atxilotuz eta beste hainbeste zaurituz. Aipatzekoa da hiriak bere lehen etxeratze agindua bizi izan zuela II. Mundu Gerraz geroztik.
Gero Davos-eko foroa etorri zen, urte bereko urtarrilean, eta globalizazioaren alderdi onak eta txarrak eztabaidatu ziren. Apirilean, udaberriko bilerak egin ziren Washingtonen, hau da, NMFaren eta MBaren egoitzak dauden hirian. Globalizazioaren aurkako mugimenduek bi aukerak erabili zituzten beren ahotsa eta aldarrikapenak era baketsuan aditzera emateko. Europan, berriz, Bové kasua izan da elkartasunezko mugimendu hau indartu duena. Bovék, beste nekazari batzuekin batera, Tolosatik 100 kilometrora dagoen Millau izeneko Frantziako herri txiki batean, urte honetako abuztuaren 2an gerra piztu zuen hanburgesaren aurka, janari-zaborraren adierazgarri nagusitzat harturik, eta eraikitzen ari ziren McDonald’s bati eraso zion traktore batekin. Hiriaren eta nekazaritza arloaren arteko borroka adierazi nahi izan zuten, benetako elikaduraren eta zabor hutsaren artekoa, tokian tokikoaren eta globalizazioaren arteko borroka. Bovéri hiru hilabeteko atxiloketa ezarri zioten, baina egun horretatik aurrera globalizazioaren «martiri» bihurtu da. Joan den urrian, globalizazioaren aurkako munduko mugimendu honek beste urrats oso garrantzitsua egin zuen Pragan, erreportaje honen hasieran adierazi dugun moduan. Izan ere, NMF eta MBk han egindako bilera zela-eta Erresistentzia Globalerako Mugimendua (EGM) Praga 2000 eratu zuten.

EUSKAL HERRIAN HASTEN ARI DEN MUGIMENDUA.

Globalizazio ekonomikoaren aurkako mugimenduak gorputza hartzen hastea besterik ez du egin oraindik Euskal Herrian. Nolanahi ere, ari da bere urratsak egiten mugimendu hori Europako edo munduko mugimenduekin koordinatzeko. Pragako martxan nazioarteko harremanak sendotu zituztenez geroztik, bertako ahaleginak ere tinkoagoak dira gaur egun. Egia da, bestalde, Euskal Herriko hainbat sindikatuk eta ezkerreko alderdi politikok (LAB, ESK, ELA, EHNE, CCOO, UGT, EH, HAIKA, IU...) beren ekarpena egin dutela, bertako militanteek Pragako mobilizazioetan esku hartuz, eta, geroago, Biarritzen egin zen Europako Goi-bileran eta, are geroago, Nizakoan. Bartzelonan egitekoa zen eta bertan behera utzi den Munduko Bankuaren bilerarako ere prestatzen hasiak ziren globalizazioaren aurkako euskal taldeak.
Nolanahi ere, gaur egun, globalizazioaren aurkako taldeen artean jende gehien biltzen duten mugimenduak, batez ere ikasle gazteenak, kanpo zorra indargabetzearen aldekoekin, GKEkin eta Komite Internazionalistekin dute lotura. Euskal Herriko talderik jendetsuenak, nahiz eta oraindik kopuruz oso handiak ez izan, 0,7 Plataformako kideen bidez aurtengo martxoan sortutako Kanpo zorra Indargabetzeko Hiritarren Sarearen ingurukoak dira. Ez da erraza mugimendu horietan zenbat euskaldun ibiliko den jakitea, baina ehunka batzuk badirela esan genezake. Espainiako Estatuaren barruan, mugimendu honek Katalunian izan du garapenik handiena, eta ondoren Madrilen, Andaluzian eta Asturiasen.
Talde horiek nazioarteko sare edo plataformetan biltzen hasiak dira, sektore eta helburu ezberdinen arabera. Hala, honako hauek ditugu, besteak beste: INPEG, Globalizazio Ekonomikoaren aurkako Ekimena; Nekazaritza Ildoa, Euskal Herriko EHNE nekazarien sindikatua kide delarik; Jubileo 2000, kanpo-zorra indargabetzearen aldeko taldeek osaturik; ATTAC, Frantziako herri mugimenduak biltzen dituen taldea; MME Kontrolatzeko Hiritarren Koordinadora, Iparramerikako taldeak bilduz; Talde Ekologistak, bertako kide izanik Greenpeace eta Earth Firts

NMF, MME eta MB, garaitu beharreko arerioak
NMF, MME eta MB dira globalizazioa biltzen eta defendatzen duten nazioaz gaindiko erakundeak. Horregatik, hain zuzen, horiek dira garaitu beharreko arerioak, eta globalizazioaren aurkako mugimenduen erasoen jomuga bihurtu dira.

NMF 1949an sortu zen II. Mundu Gerraren ondoren, nazioartean monetaren egonkortasuna ziurtatzeko eta, mailegu bidez, kanpo-zorra ordaindu ezin zuten herrialde pobreei hura itzultzen laguntzeko. 220.000 milioi dolar edo 41 bilioi pezeta inguruko baliabideak erabiltzen ditu. Orain 8.300 milioi dolar besterik ez ditu maileguz ematen; duela bi urte 30.000 milioi inguru eman ohi zituen. 182 herrialde inguruk finantzatzen dute NMF, bakoitzak bere neurriko kuota bat jarriz. Zuzendari Nagusia Horts Köhler da, eta urtean 70 milioi pezeta baino gehiago kobratzen ditu.
MB, James Wolfenshon-en lehendakaritzapean, Berreraikuntzarako eta Garapenerako Nazioarteko Bankua izenarekin sortu zen. Garapenerako finantza-erakunde multilateral nagusia da: 1990az geroztik 25.000 milioi dolarreko maileguak ematen ditu urtero. Horren kide diren 150 herrialdeek, nahitaez, NMFko kide izan beharra daukate.
MME 1995ean eratu zen GATT -Arielei eta Merkataritzari buruzko Akordio Orokorra- ordezkatzeko. 135 herrialdek osaturik dago, eta Txina laster sartzekoa da ekonomia garatuko gehienen klub honetan. Bertako partaideen ezberdintasun nabarmenen ondorioz, oso zaila gertatzen da adostasun bidezko erabakiak hartzea. Erakunde horren aurka daudenen ustez, multinazionalen zerbitzurako tresna bat besterik ez da, eta «botere Exekutiboa, Legegilea eta Judiziala biltzen ditu bere baitan»


Azkenak
Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


Protesta egingo dute Los 40 Summer Live jaialdiaren aurka, Zarautzen

Beste urte batez Los 40 Summer Live jaialdia ospatuko dute Zarautzen, eta horren kontra agertu dira herriko hainbat eragile, haien ustez, garrantzi handiagoa ematen zaiolako ekitaldi horri herriko jaiei baino: "Argi erakusten du gure herrian zeinentzat dauden erraztasunak... [+]


Azterketa %90ek suspenditu dute eta Zupiriak esan du: “Ertzain izateko ikasi egin behar da”

3.600 pertsona aurkeztu dira ertzain edo udaltzain izateko lan eskaintza publikoko deialdira, eta 2.800 hautagaiek ez dute proba psikosoziala edota atal teorikoa gainditu. Segurtasun sailburuak defendatu egin du Polizia izateko "exijentzia maila".


CAF-Elhuyar sariak etetea erabaki dute, “baldintza egokirik” ez daudela arrazoituta

Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".


Nila Heredia
“Evo Moralesek ingurune toxikoa du, eta ezinbestekotzat jo du bere burua”

Boliviako ezkerreko militante historikoa da Nila Heredia, bi aldiz Evo Moralesen Osasun ministro izandakoa. Abuztuan hauteskunde orokorrak izango dituzte, eta herrialdearen egoera politikoa aztertu du elkarrizketa honetan.


Guggenheim Urdaibai Stop plataformak museoaren proiektua bertan behera uzteko eskatu die instituzioei

Joan den astean aurkeztu ziren proiektuaren inguruko entzuketa prozesuaren emaitzak, eta Guggenheim Urdaibai egitearen kontrako iritziak gailendu ziren. Busturialdearen beharrei "arduraz" erantzutea exijitu die plataformak, eta proiektuaren inguruko informazio eta... [+]


Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira 78 urteko emakumearen hilketa, Zizur Nagusian

Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute. 


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


2025-07-30 | Sukar Horia
Dominatzaile pobreak

Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


Migrazioei buruzko jarrerak gurean

Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]


Euskarak Euskal Herria behar du

Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]


Ergelkeria

Liburuak hasi, utzi… begietatik garunera nagi doaz esaldiak, eta itzali ezin dudan tik-tak bat entzuten dut. Ikus-entzunezkoak pikatzen ari naiz.

Entzun dut burpee, eta Llados, eta body count, eta nahi duzulako zara pobrea, eta Milei, eta Thiel, eta unibertsitatea... [+]


2025-07-30 | Inma Errea Cleix
Kaka

Uda honetako erronka omen sare sozialetan: kaka egitea igerileku publikoetan. Ohikoak dira jokabide zikinak sare horietan, eta batzuek beren gorotz fisikoa libratzea, ororen begi-bistan eta eskura, honezkero gaina hartu digun zikinkeria digital erraldoia hezurmamitzea besterik... [+]


Eguneraketa berriak daude