ZIKINDU GABE KUTSATZEN DU ZARATAK

  • Kutsadura akustikoak eragin ditzakeen kalteei gehiegi erreparatu gabe gizakia zaratapean bizitzera ohitu da. Baina arazoa larria da, kutsadura honek, besteak beste, estresa, tentsio igoera, arazo baskularrak, lokartzeko zailtasunak eta haserrea eragin baititzake.

2001eko maiatzaren 27an
Zarata: Giza entzumenak jaso ondoren bertan kalteak edo molestiak eragin ditzakeen aire bidezko fenomeno dardarakorren multzoa edo artikulatu gabeko soinu multzoa. Hona hemen adituen esanetan kutsadura akustikoaren bi definizio. Lehenbizi Munduko Osasunaren Erakundeak 1972an eta Estokolmoko Konferentziak zazpi urte beranduago ohartarazten hasi zitzaizkigun gaur egungo kutsadura arazo honi buruz. Ordudanik gobernuak eta hiritarrak gero eta kontzientziatuago daude zikindu gabe kaltetzen duen kutsadura mota honen aurrean, baina oraindik ere legeak errealitatearen atzetik doaz eta jendeak ez dio duen besteko garrantzirik eskaintzen, zaratapean bizitzera ohituz. EAEn, esaterako, zarataren arazoa puntu bakarrean agertzen da indarrean segitzen duen 1985eko dekretu batean, osasun eta elkarbizitzaren aurkako beste hainbat gairen artean. Bitartean kutsadura iturriak ugaldu besterik ez dira egin.


ZARATAREN ITURRI ETA ERAGINAK.

Zarata sortzen duten iturriak oso ugari eta desberdinak dira: herri-lanak, oihuak, telebista, aireportua, ekaitza, txakurrak, industria, trafikoa... Hala ere, beste edozein eragileren gainetik trafikoaren hazkunde harrigarria (auto bat hiru biztanleko) azpimarra dezakegu, hiri eta hiritarren bizimodua nabarmen kaltetzeraino heldu dena: bozinak, sirenak, azelerazio zakarrak, isilgailurik gabeko motorrak... Autopisten inguruetan jendeak 75 dezibelio jasan ohi ditu, gehienez 65 db aholkatzen diren bitartean, eta diferentziak handiegia ematen ez badu ere, adituen esanetan zarata bikoitza jasatea esan nahi du. Hortik aurrera, hiritarrek kaleko lanak, trenbideak edota inguruko aireportuetara hurbiltzen diren hegazkinak ere jasan behar izaten dituzte. Etxean ere ez da giro izaten batzuetan, elektragailuak direla, bizilagun zaratatsuak, azpiko tabernako giroa... Atseden hartu beharrean kaleko giro zaratatsua etxeratu egiten da askotan. Ez da harritzekoa beraz, pertsona eta erakunde asko arazoaz kezkatuta izatea. Gehiago ala gutxiago denok gara zarataren errudun eta biktima.
Honek guztiak, gainera, osasun publikoko arazo handia sortu du, kutsadura honek estresaz gain erreakzio fisiko (buruko mina, tentsio igoera), fisiologiko (arazo baskularrak), psikologiko (arreta falta, urduritasuna, lo ezintasuna) zein jarrera aldaketak (haserrea, jotzeko gogoa) eragin ditzakeelako. Dena den, aktibitaterik kaltetuenak loa, arreta eta komunikazioa izan ohi dira, eta horrexegatik da hain garrantzitsua -gauez behintzat- zaratarik gabeko atseden sakonetaz gozatu ahal izatea. Kontuan hartu behar da, gainera, arazo honek badituela bere eragin ekonomikoak ere, medikuntzan, lan egunen galeran edota etxebizitzen balio galtzean esaterako. Europako Batzordearen esanetan 12.000 eta 36.000 milioi euro arteko galerak izaten dira kutsadura akustikoaren ondorioz.
Onena prebenitzea den arren, kutsadura akustikoari aurre egiteko metodorik erabilienak -aktiboen gainetik- pasiboak dira, zarata "irensten"duten pantaila akustikoak, isilgailuak edota eraikuntza material bereziak, baina hauek defentsa-teknikak dira eta beraien eragina mugatua da. Adibidez, hirietan areto publikoak besterik ez dira intsonorizatzen. Arazoari globalki aurre egiteko, azken urteetan hirietako mapa akustikoak ugaritzen ari dira, hots, hiriko hainbat lekutako soinu-mailak identifikatu, neurtu, analizatu eta herritarren iritziak biltzea. Neurketa hauek batez ere trafikoan oinarritu ohi dira, baina bestelako iturriak ere kontutan hartzen dira. Hortik aurrera, ikerketen ondorioekin, epe motz eta luzerako hartu beharreko neurriak eztabaidatu eta erabaki daitezke.


EAE-KO MAPA AKUSTIKOA.

Erreferentzi gisa, Labein Fundazioak aurrera eraman dituen bi mapa akustikoak aipa ditzakegu, bata Bilboko Udalaren enkarguz Bizkaiko hiriburuan oinarria zuena eta bestea Euskal Autonomia Erkidego osoko kutsadura akustikoa ikertu duena, honako hau Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailarentzat. Bigarren mapa honek, beraz, hiru herrialdeetako industrialde, errepide eta trenbideek hiri-guneetan sortzen dituzten eragin akustikoak izan ditu hizpide, milatik gora tokitan hain zuzen, eta azaleratu dituen ondorioak ez dira baikorregiak.
Patxi Ormazabal sailburuak Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egindako agerraldian, autobide orok, bederatzi errepide estatalek eta 19 eskualde errepidek (batik bat A-8, N-1, N-240 eta N-634) 70 dezibelioak gainditzen dituztela adierazi zuen, bide hauen inguruan dauden 100dik gora herri eta hiritan gertatzen den bezalaxe. Trenbideek, aldiz, kutsadura akustikoan eragin nabarmenik ez dutela azaldu zuen. Aztertutako 400 industrialdeen kasuan, 127k inguruan zarata handia sortzen dutela argitu zuen.
Panorama kezkagarria ikusirik, sailburuak 180 gune kutsatuetatik 69 tokitan hainbat ekimen burutu daitezen gomendatu zuen (gainontzekoetan ez litzateke bideragarria), hala nola, pantaila akustikoak jarri, eraikinak isolatu, lur azpiko trenak bultzatu edota lantegiak lekuz aldatu. Baina era berean, argi utzi zuen alde batetik horretarako 2.700 milioi pezetako dirutza (108 milioi libera) beharko litzatekeela, eta bestetik erkidegoko orografiak eta dagoeneko eraikita dauden errepide eta industriguneak zarata gutxitzeko oztopo nabarmenak direla. Oztopoak oztopo, errepide sarearen zenbait tokitan dagoeneko ikerketa zehatzak egiten ari dira, eta etorkizunean horrelako planen lehen onuradunak honakoak izango dira: Ugao, Beraun, Tolosa, Berriz, Arrigorriaga, Bilbo eta Laudio udalerriak.


ZARATA HIRIBURUETAN.

Hego Euskal Herriko hiribururik populatuena Bilbo da, eta baita euskal hiribururik zaratatsuena ere. 80.000 bilbotar (%24) osasunarentzat kaltegarri izan daitekeen zarata mailarekin bizi da egunero, hauetako dezente autopista sarrera-irteera den Sabino Arana etorbidearen inguruan. Labein Fundazioaren mapa akustikoaren arabera, kopururik larrienera astean zehar egunez (populazioaren %30) heltzen da, baina jaiegunetako gauetan ere ez da txantxetan hartzekoa, %19 bizi baita zarataren menpe. Bizilagunen beraien esanetan, kutsadura honen iturbururik garrantzitsuenak trafikoa (batik bat motorrak) eta zaborretako kamioiak dira, eta hauen atzetik industriak, kaleko lanak, gaueko giroa eta larrialdi sirenak. Bilbotarren ustez langabeziaren atzetik bigarren kezka nagusia da kutsadura akustikoa. Udala zarata iturrien aurka gero eta indar handiagoz ari da. Adibidez, udaltzaingoak zaratatsu iruditzen zaion motor oro geldiarazi eta gidariari garabiaren isuna jartzeaz gain 25.000 pezetako (1.000 libera) fidantzapean arazoa konpontzeko eskatzen dio. Hala egiten ez badu gidatzeko lizentzia kentzen zaio.
Gasteizen ere ibilgailuen gai honi indar handiz ekin diote, eta nahiz eta berton fidantzarik ez eskatu motorra udalaren menpe izan eta lizentzia galtzeko arriskua mantentzen dira. Honez gain, 2000ko uztailetik aurrera indarrean dagoen araudi berriak edonolako kutsadura akustiko sortzeagatik isunak gogortzen ditu (gehienez 250.000 pezeta edo 10.000 libera), hirian bozina eta sirenak -larrialdietan ezik- erabiltzea debekatzen du eta prebentziozko neurriak unean bertan hartzeko ahalmena ezartzen du, hala nola, taberna eta edonolako areto zaratatsuak ixtea. Araudi berriaren lehen hilabetean udalak 30 areto salatu zituen kutsadura akustikoagatik.
Gipuzkoako hiriburuak, berriz, 2001eko urtarriletik aurrera du abian zarata araudi berria. Udalak, besteak beste, -kasu oso larrietan- bost milioi pezeta (200.000 libera) arteko isunak jartzeko ahalmena du. Adibidez, baimenik gabeko lanak burutzea edo onartutako zarata maila 12 dezibeliotan gainditzea lege hauste larritzat jotzen da, eta zamaketa lanak ordutegiz kanpo egin, isilgailurik gabeko motorra gidatu ala kontrolik gabeko alarma izatea, berriz, lege hauste arina da (50.000 pezeta edo 2.000 liberako isuna). Araudiak dakartzan berrikuntzen artean, udaltzaingoak isilgailurik gabeko motorrak geldiarazteko ahalmena dago, gidariari isuna jarri eta arazoa konpontzeko zazpi eguneko epea emanez. Azkenik, tabernen intsonorizazioan ere udala zorrotzagoa da, isunak gogortu eta aretoen ixte ahalmena azkartu direlarik. Batez ere, udal arduradunek tabernen bi ateak egunez zein gauez uneoro itxita egon daitezen eta itxiera ordutegiak errespeta daitezen zaintzeko asmoa dute, bizilagunen atsedena bermatu asmoz.
Iruñean, azkenik, nahiz eta azken 10 urteetan kutsadura akustikoaren eragina %24 jaitsi (Nafarroako Unibertsitate Publikoaren txostena 1988-98 artean) eta inguruko hiriburu dezente baino zertxobait isilagoa suertatu, alde zaharrean arazo handia izaten jarraitzen du, besteak beste, bertako kale estuek trafikoaren burrunba biderkatu egiten dutelako. Horregatik, bizilagunek kutsadura mota honen aurkako kanpaina ugariri ekin behar izan diote, parranda zaleei beraien etxeetan aritzen diren bezala aritzeko eskatzetik soinuak eta zaratak desberdintzen dituzten inkesta bitxiak abian jartzeraino. Inkesta honetan, adibidez, bizilagunek txistu, gaita, umeen jolas, herritarren solas eta elkarteetako zalapartak ongi jasaten dituztela diote eta "soinu" gisa hartzen dituzte, baina tabernetako algara, kaleetako lan, autoen trafiko eta batez ere motorren burrunba jasangaitzak zaizkie eta "zarata" desatseginen artean kokatzen dituzte.

ZARATA MAILAK
- Oso txikia. 10-30 dezibel
Txoriak (10 db), zuhaitz-hostoak (20 db), liburutegia (30 db, tolerantzia maila gauez etxe barruan).
- Txikia. 30-55 dezibel
Kalea girotsu etxe barrutik (leihoa itxita), ordenagailua (40 db, tolerantzia maila egunez etxe barruan), trafikorik gabeko kalea (45 db, lo egiteko zailtasuna hasten da), solasaldi arrunta (55 db, tolerantzia maila gauez kalean).
- Zarata. 55-75 dezibel
Aspiragailua edo telebista altu (65 db, tolerantzia maila egunez kalean), trafiko handiko kalea edo mugimendu handiko bulegoa (70 db), zabor kamioia (75 db).
- Zarata gogorra. 75-100 db
Lantegia (80 db), auto ilarak edo herrilanak kalean (90 db, tolerantzia maila lanean).
- Zarata jasanezina. 100-120 db
Eztabaida oihuka, diskotekako dantzalekua (110 db), isilgailurik gabeko motorra (115 db), aireportu ondoko etxea.
- Oinazea. 120 db-tik aurrera
Hegazkina aireratzen (140 db

ZARATAREN KULTURA
Espainiako Estatua munduko bigarren herrialderik zaratatsuena da Japoniaren atzetik; baina gure inguruan kutsadura akustikoaren errudun nagusia ez da, bertan bezala, industrializazio eta modernizazioa, kaleko (eta etxeko) kultura baizik: oihuka hitz egin (auzo osoak entzuteko moduan)s, kotxea diskoteka ibiltari bihurtu... Jende askok bere presentzia nabarmenarazteko beharra duela ematen du, "heldu naiz" dioten seinale akustikoak igorriz, eta horregatik adituak "zarataren aurkako giza itunaz" hitz egiten hasiak dira. Izan ere, gizarte zaratatsua gizabanako zaratatsuek osatzen dute.
Aditu batzuek dezibelioak gora dezibelioak behera jarrai dezakete, baina argi dago kutsadura akustikoaren eskala objektibo horrek errealitatean iritzi subjektibo ugari sorrarazten duela. Esaterako, Donostiako San Pedro parrokiaren kanpaiek sortzen dituzten 40 dezibelioak (araudiaren mugan) bizilagun batzuentzat jasangaitzak dira eta beste batzuk ohitu egin dira kanpaiak entzutera. Adibide larriago bat aztertuz, beheko bizilagunak ehiza-eskopetaz erail zuen El Vendrell herriko bizilagunak etxean musika bolumen izugarrian jarriz auzoko bizitza alaitzen zuela pentsa zezakeen, baina argi dago erratua zegoela.
Zarata gure gaur egungo bizitzaren zati garrantzitsua bihurtu da: lantokian, eskolan, kalean, etxean, tabernetan... Batzuentzat modernizazioaren prezioa da, baina ondorioak osasunean ez dira txantxetan hartzeko modukoak: Zaratak estresa sortzen du, haserrea, lo egiteko ezintasuna, gorreria, komunikatzeko zailtasuna... Azken finean, gorputz osoari eragiten dio, fisikoki eta psikologikoki, eta horrexegatik da prebentzioa hain garrantzitsua. Honen abiapuntua zarataren errudun denok garela konturatzea da, eta bigarren urratsa heziketa eta pazientzia erabiltzea. Oihurik ez egin, ateak kontuz itxi, gauez elektragailurik ez erabili edo telebistaren bolumena kontrolatzea oinarrizko jokaerak dira etxe barruan, beste maila batean etxea bera intsonorizatzea izan daitekeen moduan. Eta ez bakarrik bizilagun zaratatsuek sor ditzaketen eguneroko arazoengatik, zuzenean edo zeharka zaratak jotako eraikin edo etxeek beren balioaren zati garrantzitsua galtzen dutelako ere bai.
Etxetik kanpo dagoeneko, zarata gehien kotxez mugitzen garenean sortzen dugula jakitun, hona hemen trafikoaren kutsadura akustikoa gutxitzen laguntzeko zenbait aholku: ibilgailuaren mantentzea (isilgailua) eguneratua izan, abiadura kontrolatu (batez ere kale estuetan), semaforoetako azeleratze eta gelditze zakarrak saihestu, bozina larrialdietan soilik erabili, geldiune luzetan motorra itzali, edo, besterik gabe, garraio publikoa edo bizikleta erabili. Azken finean, heziketa, pazientzia eta lasaitasuna gure osasunari eta patrikari mesede ederra egingo dieten elementuak ditugu.

GAZTETXOEN MOTORKERIAK
Gure herri eta hirietan jasaten ditugun zaraten artean jendearentzat bereziki gorrotagarria suertatzen den bat azpimarratu
behar badugu: hainbat motorren burrunba jasanezina. Eta gezurra badirudi ere, zaratatsuenak zilindrada gutxieneko (49 zentimetro kubiko) ziklomotorrak izan ohi dira, gehienbat 15 eta 17 urte bitarteko gaztetxoek gidatzen dituztenak, alegia.
Motor hauei gidariek, azkarrago ibili asmoz, "konponketa" bereziak egiten dizkiete. Ziklomotorrari eta beren osasunari kalte egiten diotela ohartu gabe, gidariak motorra "trukatu" edo manipulatzeari ekiten dio, gehienezko 40 km/h-ko abiadura ezartzen duten mugak kendu eta ihes hodi originalaren ordez handiago bat ("hoditzar" gisa ezaguna) jarriz. Hoditzar hauek berez lehiaketarako bakarrik prestatzen dira, eta debekatua dago hirian eurekin ibiltzea, baina edozein motor dendatan eros daiteke. Gero etxean muntatzen da 20.000-25.000 pezetatan (800-1.000 libera) eta ordu laurdeneko lana besterik ez du behar.
Hortik aurrera, gaztetxo hauek makina azkarrago, baina zaratatsuago az (helburua ahalik eta azkarren joatea denez hoditzarraren isilgailua ere kendu ohi zaio) "goza" dezakete. Baina ez dira konturatzen motorrean edozein aldaketak bere iraupena murrizten duela, zarata horrek epe luzera lo eta kirio arazoak zein gorreria sortuko dizkiola, eta ondotik igarotzean bere gutizia jasan behar duten hiritarrek ezer onik opa ez diotela.


Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude