DI-DAKOA

  • Urteko sasoi honetan gure fruta arbolek su-gorrinaren mehatxua jasaten dute. Landareak erre, ihartu egiten ditu gaitzak. Larria bada, errotik atera eta erre egin behar da landarea.

2001eko maiatzaren 27an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Urtero legez sasoi honetan nahi eta nahi ez aipatu beharrekoa bilakatu den gai batekin nator. Su-gorrinarekin. Fruta arbolak erasotzen dituen gaitz beldurgarri hau, zokoren batzuk izan ezik Euskal Herri osoa kolonizatu duela esan daiteke. Iparraldean aspaldi ezagutzen bazuten ere, hegoaldera duela urte gutxi iritsia da. Su-gorrina loraldian eta aireko hezetasunaren eta euriaren ur-ttantten bidez erraz sakabanatzen da, batik bat. Bakterio batek eragiten du eta errosazeoen familian fruitu hezurduna ematen duten fruta arbolei ez beste kide guztiei erasotzen die: elorrio zuria, sagarrondoa, udareondoa, otsolizarra, hostazuria, maspila, mizpirondoa, eta abar. Gaitza sartzen bada erraz igerriko diozu: puntta berriak artzapezpiku baten makuluaren tankeran makurtzen dira eta ihartutako hostoak bertan egoten dira, zintzilik, erori gabe, suak pasata bezala. Oraintxe hasi dira puja-muttur ihar hauek azaltzen. Gero enborreko azala gorritu eta laister landarea hil egiten da. Oraingoz ez da berari aurre egiteko inolako aurkari eraginkorrik ezagutzen eta idi-bihotz beltz preziatua errazago topatuko dela pentsatzen da. Bitartean mutur erreak azaldu ordurako, errea dagoenetik baino beheraxeagotik ebaki eta benetako suaz erre. Erasoa larria bada landare osoa ipurditik atera eta erre egin behar da, inguruko arbola guztiak kutsatuko dizkizu bestela.
Ingurukoenak ere erretzeko arriskua eta hauen jabe gogaituak zerorri ere kiskal zaitzake.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude