"ESPETXERATU BAI, BAINA EZIN NAUZU EPAITU, ESAN NION GARZONI"

  • Ekin aferaren karietara atxilotua izan zen. 18/98 sumarioan auzipetua eta behin-behineko askatasunean dago. Euskal preso politikoen abokatu gisara hitz egin digu.

2001eko maiatzaren 13an
Presoen abokatua zara eta berriki preso ere egona. Espetxeratua izan aurretik hainbat eztabaida mantendu izan zenuen presoen egoerari buruz. Zein da euskal presoen egoeraz duzun pertzepzioa zazpi hilabeteko espetxealdia bizi ostean?
Espetxean ikusi dudanak ez du aldatzen euskal presoen kolektiboaren errealitatearekiko nuen ikuspegia. Funtsean, berbaietatzu ahal izan ditut lehendik nituen inpresioak. Euskal presoen munduarekiko oso harremana sakona izan dut hamar urtez eta presoen errealitatea, sufrimendua edota maitasun bizipenekiko ezagutza zuzena mantentzen dut.
Modu pertsonalean, batetik, nire esperientzia oso mugatua izan da, oso denbora motza izan naiz barruan, bestetik, espetxealdian suertatu zaizkidan koordenadak neure lanari lotuak daude. 35 urterekin sartu naute kartzelan, ez naiz mutiko bat, pertsona heldua naiz, espe-txeak ez nau asaldatu, besteak beste, abokatua naizen aldetik, nire burua defenda-tzeko bitartekoak ezagutzen ditudalako. Bestalde, ez nuen espero horren "azkar" ateratzea, baina banekien jakin ere espe-txealdiaren arrazoiek ez zutela sostengatuko urtetarako espetxealdia. Kontziente nintzen ez nengoela pertsona baten bizi-tza desegituratzen duen panorama baten aurrean, alegia. Espetxeratzeko modua bera, esaterako, pribilegiatua izan zen, komisaldegian izan nuen tratua erabat lasaia izan zen. Hori esanda ere, presoen egoera ez dela aldatu baieztatzen dut. Abokatua soila nintzela -preso izandakoaren oraingo sasizilegitasunik gabe, alegia- prentsan eta hedabidetan orduan adierazitakoek zeukaten balioa berdin-berdin dute gaur egun.

Ezker abertzalearen inguruko per-tsonekin aritu zinen eztabaidan. Gaur egunera etorri aldera, zeinek baldin-tzatzen du presoen egoera zure ustez, Madrileko eta Parisko Gobernuaren politikek, ETAren jarrerak edo euskal gizartearen geldotasunak?
Nork sartzen ditu presoak espetxean? Nork mantetzen ditu presoak bizi diren baldintzetan? Nork urrundu egiten ditu presoak? Madrilek eta Parisek. Printzipioz, erantzukizun nagusia bi estatuena da. Halaber, ez dut ukatuko Madrilek eta Parisek presoekiko hartzen dituzten erabakiek zerikusia dutenik ETAren jarduerarekin. Horrela da. Esaten dugunean presoak bahitu politikoak direla, estatuek ETA bera txantajeatzeko erabiltzen dituela esaten dugu. Beraz, faktore guztiek badute zerikusia.
Euskal gizarteak badu berea, zeharkakoa edo bigarren mailakoa. Nik ez nioke euskal gizarteari leporatuko presoek pairatzen duten bizi baldintzen eskasia. Gehiago egin lezakeela? Zalantzarik gabe. Beste gaietan bezala. Baina gauza bat da erantzukizuna eta beste bat bigarren mailako ardura, nolabait esanda.

Atxilotuek jasaten bide dituzten torturak ez ote daude gatazkak berak lausotuak?
ETAren hamalau hilabeteko tregoa bitartean ez zen inondik presoen egoera konpondu, ezta torturaren errealitatea ere. Egoera baretu egin zen. Besteak beste, Espainiako nahiz Frantziako estatuek beste interesak zituztelako. Bestela esanda, tortura erabiltzeko beharrik ez zutelako. Funtsean, borondatea ez zen aldatu. Hamalau hilabete haiek pasa ostean, gatazka biziagotu izan denean tortura errealitate bat da berriz ere.

Euskal gizartea kontzientea ote da torturaren praktikaz, ez al du entzungor egiten?
Gauza ezberdinak tartekatzen dira hor. Esaterako, borroka armatuaren eraginetariko bat horixe dela aipatzen dugu askotan. Borroka armatuak euskal gizartean sustraituak izan daitezkeen sentikortasunak blokea-tzen dituela esaten dugu. Hori horrela da, ez dut nik ukatuko. Ukatzea errealitatea ezkutatzea litzateke. Euskal gizarteak en-tzungor egiten duen? Euskal gizarteak jakin badaki azken bolada honetan errepresioa areagotu egin dela eta Estatuaren bisaiarik ankerrenak agertu egin direla. Ez dut sinesten Euskal Herrian tortura existitzen ez duela pen-tsatzen duen inor dagoenik. Batzuek onartzen dute zinikoki, beste batzuek entzungor eta ez ikustearena egiten dute, baina gizarteak badaki jakin torturatzen dela.

Gizarteak ez du erreakzionatzen baina. ETAren egungo ekintzak direla medio, agian?
Izan liteke. Egia da hori. Nik beste galdera bat luzatuko nuke: ETAren jarduerak zilegiztatzen al du Estatuen jarduera? Ez, zalantzarik gabe. Baina, hau ez da bakarrik gertatzen presoen gaiaren inguruan, gai guztietan antzeko zerbait gertatzen ari da gaur egun. Irakaskuntzako gaien inguruan eta euskararen aurkako erasoen inguruan, esaterako. Gai hauen guztien gainean kontzientzia eta sentiberatasuna badago egon, baina euskal gizarteak ez du guztiz erantzuten ere. Fenomeno honi bahiketa etikoa deitzen diot neronek. Gai honi buruz ere idatzi izan nuen eta honengatik ere espetxeratu ninduten. Hori ere esan beharra dago.

Argitu itzazu, mesedez, zu espetxeratzeko izan ziren arrazoiak.
Ni espetxeratzeko -Ekin legez kanpo uzteko arrazoiak tarteko- oinarri juridikoen artean "Gara"ko nire zutabe txikiak eta Joseba Tobar-Arbulurekin artikulu baten bidez izaniko ika-mika baten zatia daude. Baltasar Garzonek horiek erabil-tzen ditu nire pentsamoldea zein den adierazteko. Horiek horrela direla jakinda, nire pertsonaren inguruan muntaia bat egin du eta agindu bat eman ere: "Pertsona honek honela pentsatzen du eta espetxeratzeko agindua ematen dut".

Espetxeratzeko aztarnarik gabe?
Hainbat jenderekin bildu naizela ikusi omen du poliziak. Publiko egin ditudan iritzietan eta egin dizkidaten segimenduen ondorioz detektadu dituzten bilkuretan ez dago inolako aztarnarik.

Zein da orduan leporatzen zaizun jokabide deliktiboa zehazki?
Bada, batere ez, horregatik nago kalean. Behin-behineko askatasunean, alegia.

Garzonek artean, Ekin ETAren osagarria dela dio eta Ekinen kontra segitzen du.
Lehenik eta behin zehaztu beharko li-tzateke ea atxilotuta dauden pertsonak Ekinekoak diren ala ez. Kontuan hartu behar da Garzonen teoria -partzialki bada ere- bertan behera gelditu dela akusatuta gauden zazpi lagun askatasunean jarri gaituztenean.
Kontua da Barne Ministerioak -edo batek daki zeinek- teoria bat egin eta Garzonek bideratu egin duela. Teoria hori aurerra eramateko ageriko borondate politikoa dago eta Garzonek itxura juridikoa eman dio. Itxura hori emateko dokumentazioaren interpretazio interesatua eta okertua egin du Garzonek. Dokumentuak leku ezberdinetan hartuak dira, karriketan dabiltzan agiri publikoak dira ba-tzuk eta ETAri atzemandakoak beste-tzuk. Horiek guztiak hartu eta konklusio batzuetara iritsi da Garzon. Ordea, Garzonen interpretazioak zuzendu izan dituenak -bere gainetik dagoen beste auzitegiak- arrazoia kendu dio, esanez, frogarik ez dagoela eta egiten dituen interpretazioak interesatuak direla. Aldez aurretik helburu batera iristeko interpretazioak dira, akusazio pertsonalik ez du egiten, eta inportanteena dena, pertsona ba-tzuen kasuan -nolabaiteko jarduera politikoak izan dituzten arren- ez daudela jokabide deliktiboak dio ebazpenak, hau da, ez daudela kolaborazio molde baten barruan. Garzonen kontrako interpretazioa da, presoen aldekoagoa nolabait. Ez dago patrimonializatua Auzitegiaren 4. Sekzioan. Era berean, Auzitegi Gorenaren ezbazpena eta EAEko Auztiegi Gorenaren ebazpena daude. Garzonen oinarrizko tesiari kontra egiten zaio bietan. Alabaina, hau guztia ezkutatuta geratu da. Espainiako komunikabidei kasu egitera, Garzonek bere ebazpenak borobildu dituela ematen du, bikainak direla; ordea, nola ulertu daiteke gu kalean izatea? Bada, bere gainean dauden beste erakundeek juridikoki deskalifikatu dutelako.

Bien bitartean, Ekineko partaide izateaz akusatutako batzuk barruan daude. Zergatik?
Autoari begira ez da ondorioztatzerik inondik inora Ekin erakundea legez kanpokoa denik, ezta deliktiboa denik ere, baina hortxe krak egiten du autoak. Autoaren ibilbidean bat-batean norabide aldaketa eman da, eta espetxean geunden hamalau lagun horientzako baliagarria izan beharko litzatekeen autoa murriztu egin da. Auzitegiak esaten du Ekin ez dela deliktiboa, baina balitz ere, Auzitegiak dio, lagun hauen artean badaudela aztarna deliktibo handiagoak dituztenak. Auzitegiak norberaren egoera per-tsonala aztertu du, eta teorian, aztarna gehiago izan liteke barruan geratu direnen aurka. Denak oso erlatiboak dira, hala ere. Barruan geratu diren lagunei, etxean ETAren 47 pegatina izatea edo publikoki banatu izan diren "ETAren ekimena" liburuxka izatea leporatzen diete.

Ekin herrigintza sustatzeko eratu omen zen. Hori al da bere fun-tzioa zure ustez?
Nik publikoki egin dituen bere definizioengatik ezagutzen dut Ekin. Uste dut nahaste txiki bat ere badagoela, hala ere. Ekinek herrigintzaren inguruan aipamenak egiten dituenean ez da ari "eman hitza herriari" delakoaz. Herrigintzaren kontzeptua beste zerbaitekin lotuta dago. Hau da, instituzioen hauteskunde erronkari loturiko politikagintza alde batera utzita, badaude egon Euskal Herriaren zutoin estrategikoekin lotuta dauden bestelako problemak. Gure herriaren osagai materialak, sinbolikoak edo bestelakoak. Hau da, hizkuntza, azpiegiturak edota ingurumena. Elementu horiek babestu behar dira estrategikoki, bestela, borrokan aritu arren, konturatzen garenerako, gerta daiteke, herri hau zeharo makalduta egotea. Irtenbide politikoaren zain geldi-tzen baldin bagara auskalo zerekin egingo dugun topo, eta badaezpada egin behar duguna da gaurdanik herria egiten hasi, herrigintzan lanean segitu, joku politiko konbentzionaletatik kanpo. Hori da, nire ustez, Ekinek herrigintzaren inguruan agertzen duen ideia.

Garzonek Ekin eta ETA bera direla mantentzen du horregatik.
Hala dirudi. Baina Garzonek esaten badu Ekinen herrigintzak ETA lagundu egiten duela, bi ekimenak bat datozela, gauza bera gerta daiteke Xabier Arzalluzek egiten dituen adierazpenekin ere. Legezkotasun mailan ez bada ere, Arzalluzen hitzek ere ETAri lagundu diezaiokete. Objetiboki horrela da, kontua ordea ez da laguntzen ote dioten, baizik eta laguntza hori modu deliktibo batean burutu egiten den ala ez, baita berariaz eginak diren ala ez. Hori azpimarratu behar da, eta hori da 4. Sekzioak Garzoni zuzentzen diona. Hau da, pertsona hauek jokabide hori daukate, baina egiten dute ETAri nahi diotelako lagundu? Esaterako, euskara laguntzeak ez ote dio ETAri laguntzen?

Ekinen auzia 18/98 sumarioan dago. Zein bukaera ikusten diozu sumario honi?
Inpresioa dut sumario honen helburu nagusia ez dela epaiketa batean bukatzea baizik eta bidea egitea ezker abertzalearen egitura batzuk oztopatzeko, ezker abertzalearen jarduera baldintzatzea, alegia. Baina jakin badakite lehenbiziko unetik ikuspegi juridiko batetik sumario honek ez duela bukaera onik. Garzoni berari esan nion: "Espetxera bialduko nauzu, baina badakizu ez nauzula inola ere epaituko". Epaiketa egitea oso konplexua da. Sumario erraldoia da, 120 pertsona gaude berean. Atxiloketa gehiago egiten bada makrosumarioa bihurtuko da. Inportanteena hauxe da: eskuetan duten zigor kodearekin, atxilotuei leporatzen ari zaizkien jokabideak ez direla zehazki deliktiboak, deliktiboak lirateke baldin eta kode penala aldatuko balute. Zuzenbideko estatu batean legeak zigortzen duena zigortu daiteke eta ez besterik

JARIO BIZIKO HIZLARIA
Santzurtzin jaioa da; 1965ean. Euskaldunberria. Ekonomia Zuzenbidea Deustun ikasia. 1989an presoen abokatu gisa hasi zen lanean. Donostian aritu ostean Gasteizera jo zuen 92an. Jarraiko partaidea izan zen eta HASIn ere bi urtez aritu zen. AABko abokatua baino euskal presoen abokatutzat jotzen du bere burua, inolako jarduera politiko publikotik kanpo gaur egun, bere hitzetan.


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude