PP ETA EAJ-EA BLOKEETAKO ATE, PSE, EH ETA EB BALIZKO GILTZAK

  • Badator eguna, eta erabaki beharra. Maiatzaren 12a garrantzitsua izango da, baita EAEtik harat ere, baina 13an egunak berriz argituko du, loguraz bada ere. Blokeen arteko lehiak hor dirau, eta blokeen baitakoak ere bai, batez ere abertzaleen artean.

2001eko maiatzaren 06an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Hauteskunde kanpaina ofiziala -egiazkoa aspaldi hasi zen- bere erdigunera heltzen ari denean, ez da aldaketa gehiegirik honen norabidean, nahiz eta egungo Euskal Herrian edozerk jarri ditzakeen hankaz gora batetik bestera. Oro har, bloke abertzalea eta espainolistaren arteko lehiak jarraitzen du izaten kanpainaren ardatz, eta zehatzago esanda EAJ-EA batetik, eta PP-PSOE bestetik. Azken hauek daramate abantaila inkestetan eta hauek diotena egia balitz, gehiengo osotik gertu leudeke.
Edozein modutan, apurka gauzatu beharrekoa zen errealitate batek indarra hartu du kanpainak aurrera egin ahala, PP eta PSE-EEren arteko lehiak. Indar estatalista bien artean elkarri gogor ez erasotzeko halako itaun bat zegoen, alderdi biek ETAren aurka sinatutako akordioaren itzalpean ulertu beharrekoa. Mezu nagusia "aldaketa"ren inguruan zentratu behar zen, abertzaleak Lakuan ordezkatzearen gainean. Hala izan da eta hala izaten jarraitzen du, baina PSOEk badaki jokaldi horretan buru-belarri arituz gero, orain arte eskaini duen PPrekiko menpekotasun irudia handituko dela. Zer egin, beraz? Buruzagi batzuen aldetik -Madrildik datozen Jose Luis Rodriguez Zapatero idazkari nagusia eta besteren batzuen aldetik- popularrei ziria sartu. Zerekin? Popularrengandik gehien aldendu ditzakeen mezuarekin eta, aldi berean, haientzako mingarriena dena: EAJrekiko balizko gobernu bati ateak zabaltzea, hori bai, jeltzaleei aukera hori oso garesti salduz. Mezu horrekin zentratuago azaldu da PSE-EE nahiz eta barne tirabira batzuk ere ekarri dizkion. Rosa Diez buruzagi sozialistak Espainiako telebista bateko elkarrizketa batean PP-PSE koalizioaren aldeko apustu tinkoa egiten zuen bitartean, Zapateroren prentsa arduradunak harriduraz galdetzen zuen ea nola den posible Rosa Diez telebistan horrenbeste ateratzea. Hala gertatu zela diote kronikek.
Halakorik gertatuz gero, PPren gehiengo osoak Espainian izan dezakeen erreakzioa edonor kikiltzeko modukoa izan daiteke. Sozialisten hipotesien artean hor izango da, dena den, eta gainera beren azken hogei urteetako kultura politikoaren osagaia ere bada jeltzaleekiko aliantzarena. Ez da aukera samurra jeltzale eta sozialisten aliantzarena, baina egon hor dago, jeltzaleen amets eremuan.
Eta EAk, zer egingo luke? ETAren su-etenaren aurreko legealdian EAJ, PSE eta EAk osatzen zuten Jaurlaritza, baina EAko zuzendaritzak orain arte adierazitakoaren arabera sozialistek asko aldatu beharko lukete beraiek halako jokalditan sartzeko. Sabin Intxaurraga Justizia Kontseilariak, esate baterako, EAJ eta EAren gobernu akordioan ez dela halakorik aurreikusten aipatu izan du, eta gertatzekotan EAk herrigintza oposiziotik egin beharko lukeela. Bestetik, zerrendetan parlamentarigai izateko aukeratik baztertua, Gipuzkoan nagusi den EAko sektore kritikoak ez dirudi hiruko gobernuaren aukera horretatik kanpo geratzea atsegin handiz hartuko lukeenik.


ALDERDIETAKO SALTSAK.

Hauteskunde gehienetan izaten da saltsaren bat alderdien baitan, gehienetan zerrendak osatzearen zeregin arantzatsuaren inguruan. Ezker Batuan ohiko eztabaida da hori, bere alderdi izaerak bere baitan duen ezaugarrietakoa da gainera. Oraingoan, dena den, eztabaida korapilatu egin da eta Arabako Koldo Usin hautatzeko moduan ez jartzeak, haize eman die zatiketaren mehatxua agertu izan duten EPK eta beste sektore txikiago batzuei.
EHren egoera askoz korapilatsuagoa da, Aralar Ildoarekin izandako ika-mikak agerian utzi zuen moduan. Ezker abertzalearen beste banaketa bat saihestu da oraingoz, baina hauteskundeen biharamunean Aste Santu aurreko jokaldiaren errepikaldia ikus dezakegu, EHk hartzen duen erabakiaren arabera. Aralar eta EHko zuzendaritzaren arteko desberdintasunak EAJ-EAko lehendakarigai bat sostengatzea baino askoz sakonagoak dira, baina hori izan daiteke banaketaren sua piztu dezakeen txinparta. Aralarrek %9ko ordezkaritza lortu du Batasuna prozesuaren barruan, baina inozoenak ere badaki bere planteamenduek sostengu askoz zabalagoa izan dezaketela ezker abertzalearen esparru soziologiko zabalean. Bestela arazoa ez litzateke horren burrunbaratsua eta akaso 'garbitua' legoke.
Beherakada handia aurreikusten zaio EHri, baina EHk horrenbestekoa ez izatean jarri du bere konfiantza. Beherakada ez handiegiak ez dirudi berebiziko eraginik izango lukeenik egungo soberanismo moldearen estrategian. Bederatzi eserleku edo hortik beherako emaitza izateak "pandorako kutxa" irekiko luke seguruenik. Gehiengo abertzalearen giltza, dena den, bere esku dago.
Jeltzaleak, popularrak eta sozialistak dira kanpaina zirrikiturik gabe eramaten ari direnak, nahiz eta sozialisten buruzagien artean ika-mikaren bat izan den. Hauen benetako koska, beti ere emaitzen arabera, hauteskunde biharamunean etor daiteke, gobernua norekin osatu erabakitzerakoan.
Gobernu autoritario baten botereak ematen dien segurtasunarekin, popularrek harria bezain trinko azaltzen dute euren burua. Gehiengo osoa, alderdi izaera eta iragan nahiko hurbil baten oinordekotza zenbaiten ondorioak.
Bukatu den legealdi honetan jeltzaleek zenbaitetan eskaini duten banaketa irudiak -komunikabide espainiarrek anplifikatua- plaust egin du kanpainan sartzeaz bat. Ibarretxe lehendakariak apaiz onarena egin du eta -gutxi agertu arren- espainiar agintaritzari zaunka egitea Xabier Arzalluzi egokitu zaio. Buruzagi jeltzale desberdinen artean gisa horretara banatu dituzte rolak. Esparru zabalenetara iristeko modu eraginkorra eta jeltzaleek ondo menperatzen dutena.
Kanpainak aurrera jarraitzen du eta azken hogei urteetako EAEko hauteskunde garrantzitsuenak ei diren hauen galdera esanguratsuenak airean dira. Erantzunetako batzuk 13ko gauean hasiko dira azaleratzen, beste batzuek denbora luzeagoa beharko dute.

GERO ETA JENDE GEHIAGOK EZ DITU INKESTAK ERANTZUTEN
Martxoan CISek (Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentrua) EAEko hauteskundeei buruz egindako inkesta batean, boto asmoari buruz itaundutakoen artean ia herenak erantzunik ez zuela eman nahi kaleratu zen komunikabideetan. Hauetako gehientsuenetan berehala atera zen lehenbiziko ondorioa honakoa zen: herritarrak erantzutearen beldur dira; beldur badira, hori da Euskal Herrian bizi den beldur egoeragatik. Horixe izan da helarazitako mezu nagusia.
Ricardo Montoro CISeko lehendakariak Espainiako aldizkari batean esandakoaren arabera, "Euskal Herrian populazioa mehatxuan bizi da", eta hori gertatzen denean datuak interpretatzeko behar den intuizioa korapilatu egiten da eta errealitatearen ezagutzara hurbiltzea gaitzagoa da.
Beste aditu askoren arabera, ordea, egiazkoa da herritarrek gero eta gutxiago erantzuten dutela, baina edozein lekutan eta edozein gairi buruz. Arrazoiak ugari izan daitezke: azken hamarkadetako arlo guztietako inkesten ugaltze geraezina eta intimitatea gordetzea leudeke nagusienen artean, eta horiei tokian tokiako testuinguruaren presioa gehitu beharko litzaieke. Jose Valencia EHUko irakaslearen ustez, argi ibili behar da ondorio azkarregiak ateratzearekin: "Gizartearen zati batek inkestarien aurrean izan duen isiltasuna hor egon da beti. Inkestetan hori nola islatzen den metodologia arazoa ere izan daiteke. Orain beldurragatik erantzuten ez dutela esaten dutenak, lehen botoa nori eman ez zekitela edo erabakitzeke zutela esaten zutenak izan daitezke".
Arrazoi oso sakonak egon daitezke ez erantzutearen atzean, edo oso sinpleak, zenbait adituren arabera inkestatzaile emakumezko gaztearen aurrean, gizonezko gaztearen aurrean baino samurrago erantzuten baita, adibidez.
Frantzian ere beste horrenbeste gertatzen da eta berdin EEBBetan. 1990etik 1995era, adibidez, erantzun gabekoak %15 hazi ziren EEBBetan. Herrialde bereko lehendakaritzarako azken hauteskundeetan, estatistikaren kontrol erakunde batek (Statistical Assessment Service) telefonoz egindako galdeketetan, %60-%80k ez zuen erantzuten.
Edozein modutan, bere egunean (martxoan) albiste izan zena ahaztua dago jadanik eta gaur egun nekez jartzen da zalantzan inkesten sinesgarritasuna (lehen herenak ez zuela erantzuten azpimarratzen bazen ere). Aditu batzuen ustez, dena den, ez erantzutea ez da arazo, zuzenketa estatistikoak estaltzen baitu laginean horrek sortzen duen akatsa.
Saltsa hor da aspaldi, eta akaso gune berezituetan gaia jorratzen bada ere, arazo honek ez du oihartzun handirik izan komunikabide handienetan.

INKESTEN ARABERA PP-PSE BLOKEA GEHIENGO OSOTIK GERTU DA
Egun hauetan ugaritzen dira batez ere inkesten emaitzak, eta 'D egunaren' gertutasunagatik boto erabakia hausnartuagoa dagoela pentsatzen denez, orain ematen zaie fidagarritasunik handiena. Enkargatu duenaren interesa funtsezkoa da datuen interpretazioan eta emaitzetan ere bai. Jadanik egin da makina bat inkesta eta garai desberdinetakoak badira ere (iazko uztailetik aurtengo apirilera) datu askotan adostasun handia dago. Inkesten aurrean zalantza asko eta sinesmen gutxi dagoela esaten da sarri, ez dutela asmatzen, baina iritzi publikoaren arreta erakartzen dute eta, akaso, boto emalearen iritzia bideratzea ere bai. Xabier Aierdi EHUko soziologia irakaslearen esanetan "batez ere, frankotiratzaileen inkesta interesatuek egiten dute huts, edo koiunturalegiak direnek. Lau hilabetez behin joerak aztertzen dituztenek gutxitan egiten dute huts".
Instituzioetatik, Eusko Jaurlaritzak bi inkesta egin ditu orain arte: iazko abenduan eta apirilean. Euskal Herriko Unibertsitateak ere beste bi atera ditu, bata uztailean eta bestea abenduan; eta CISek (Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentrua) bat, martxoan. Gainerakoak medio pribatuek egin dituzte, egunkariek, irratiek, horietako gehienak Espainiako medio handienenak. Egiten diren beste batzuk pribatuak dira, gehientsuenetan alderdi handienek bideratutakoak.
Hamar inkesta aztertuta (Eusko Jaurlaritza bi, EHU beste bi, CIS , Correo Taldea, "El Periodico", "ABC", Tele 5, eta SER irrati katea), emaitzak bat datoz zenbait ondoriotan. Ez da gehiengo osorik izango (38 boto) eta EAJ-EA koalizioa izango da garailea. EAJ-EA eta PP-PSOEren arteko blokeen arteko lehian estatalistak aurretik dabiltza inkesta denetan, gehienetan hiruzpalau eserlekuen abantailarekin. EH 10-11 eserlekura jaitsiko da (14tik) eta Ezker Batuak 3 lortuko ditu.
Desberdintasunak EAJ-EA eta PSE-PP blokeen arteko eskainu kopuruetan dira. Gutxienean 26 parlamentario lortuko lituzke EAJk (EHUko iazko uztailekoan) eta gehien 33 ("El Periodico"renean). Bloke espainolistari dagokionez, gutxienez 31 eserleku eta gehienez 36, gehiengo osotik oso gertu. PSE-EEk enkargatutako beste inkesta bat, halaber, bat ei dator Eusko Jaurlaritzako apirileko inkestarekin: bloke espainolista gehiengo osotik oso gertu izango da eta jeltzale eta EAtarrak 27 eta 29 eserleku artean geratuko.


Azkenak
Astebeteko liskarren ondoren, Thailandiak eta Kanbodiak su-eten akordio bat sinatu dute

Duela astebete, bien arteko mugan Thailandiako eta Kanbodiako tropak elkarri eraso egiten hasi ziren, Frantziaren kolonizazio aldian jatorria duen gatazka berpiztuta. Bi herrialdeek "berehalako eta baldintzarik gabeko" su-etena ezartzea adostu dute astelehenean, 35... [+]


Zuzenean eta zeharka 434.000 palestinar hil ditu Israelek 2023ko urritik, Gazako biztanleriaren %20, kalkulu baten arabera

The Lancet aldizkari ezagunak iazko uztailean eginiko "aurreikuspen zuhurraren" ondoren, zuzenean eta zeharka Gazan hilda egon daitezkeen palestinarren kopurua eguneratu du Steven Donziger abokatu entzutetsu estatubatuarrak, The Lancet-en formula... [+]


Europa makurrarazi du Trumpek
AEBek Europako produktuei %15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez

Horrez gain, Europa behartu egin du gasa AEBei erostera, 750.000 milioi euro xahutu beharko ditu horretan datozen hiru urteotan; beste 600.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko ditu han, "inbertsio estrategikoetan"; eta, "ehunka milioi euro", zehaztapen... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


Gosez hiltzen ari gara

Nire gorputza erortzen ari da. Ama kolapsatzen ari da nekeak jota. Nire lehengusuak egunero jokatzen du bizitza laguntza pixka baten truke. Gazako haurrak gure begien aurrean hiltzen ari dira eta ezin diegu lagundu.


2025-07-28 | Hala Bedi
Gasteizko kanpaldian jasandako Poliziaren bortizkeria salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak gogor kargatu zutela "giro lasaian" egiten ari ziren ekimenaren aurka. Lau atxilotu, 11 identifikatu eta hamarnaka zauritu utzi zituzten Poliziaren esku hartzeari buruzko bestelako... [+]


Janaria sartzeko “10 orduko etenak” iragarri ditu Israelek, Gazan 100.000 haur desnutrizio arriskuan daudelako

"Pausa taktiko" gisa definitu ditu Israelek. Igandean hasi da eta 35 kamioi sartu dira Gazako zerrendara.


Espetxetik irten da Georges Abdallah, Europan espetxean denbora gehien zeraman preso politikoa

40 urte pasatxoko espetxealdiaren ostean, joan den ostiralean atera zuten espetxetik, eta segituan Libanora eraman, bere jaioterrira. Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz ez... [+]


2025-07-28 | Gedar
Arrazakeriarekin lotu ziren iazko gorroto-delituen ia erdia Espainiako Estatuan

%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.


Umezurtz geratu diren Palestinako haurrei eskolak ziurtatzeko 41.000 euro bideratuko ditu Salam Gaza erakundeak

Nafarroako Kutxa Fundazioari esker 41.000 euro bideratuko ditu Palestinara Salam Gaza Gobernuz Kanpoko Erakundeak, umezurtz geratu diren haurrei eskolak bermatzeko gutxienez beste urtebetez. Alor akademikoa eskaintzeaz gainera, babes psikologikoa eta laguntza emozionala... [+]


Paul Urkijoren ‘Gaua’ hurrengo filmaren soinu bandaren grabaketan parte hartu du Aiaraldeko Iaiaiai taldeak

Irrintzi eta performance taldeak aste honetan egin ditu grabaketak Paul Urkijoren eta Mursegoren eta Aran Callejaren gidaritzapean, eta beste artista batzuekin elkarlanean, Ibon RG-rekin besteak beste. Sitgeseko zinema jaialdian estreinatuko dute pelikula, urrian.


Octavio Alberola zendu da, Donostian Franco hiltzen saiatu zen anarkista

1962ko udan, CNT Francisco Franco diktadorea hiltzen saiatu zen Donostian, ETAren laguntzarekin. Octavio Alberola anarkistak koordinatu zuen ekintza, baina huts egin zuten.


Sendabelarrak oliotan

Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]


Eskuz eta banaka

Udan, Sargazoen itsasoan (Ipar Amerikako ekialdean) eme bakoitzak 2-3 milioi arrautza askatuko ditu. Baten batek bizirauterik badu, bi hilabeteren baitan ekialderantz igerian hasi eta urte erdi izaterako Azore uharteetara helduko da. Bertan elikatu eta haziko da, urtebeterekin,... [+]


Eguneraketa berriak daude