"ZERBAIT SOBERAN BADAGO HERRI HONETAN AURREIRITZIAK DIRA"

  • Bide Ertzeanen ibilerak norantz bat izan badu, hori, goruntzakoa izan da. SGAEren Musika Sarietarako euskal kanturik onenerako izendatua izan zen "Lilian" abestia eta Euskadi Gazteak gainera, 2000ko diskorik onenerako finalisten artean, "Grisa" diskoa hautatu du.

2001eko apirilaren 08an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Hasieratik, kritika eta entzuleen babesa izan du Deabruak Teilatuetan laukotearen etenaldiaren ondorioz sortutako proiektu berriak. Ordutik hona hiru disko plazaratu dituzte -lehena bost kanta biltzen zituen maxia eta ondokoak "Zure minari" eta "Grisa" izenburuko lan luzeak-. Gogotsu dabiltza hartara taldea osatzen duten Ubeda anaiak (Imanol eta Jon Ander), Karlos Aranzegi baterijolea eta Fran Iturbe gitarrista, bide ertzean sortutako ekimena errepide nagusitik baitabil inoiz baino sendoago. Tolosarren proposamenak oihartzunik izan du: Euskadi Gaztearen eta SGAEren izendapenek entzule eta kritikaren harrera ona berrestera datoz. Honetaz guztiaz, Imanol Ubeda solastu da gurekin.
SGAEren musika sarietan euskal kanturik onenerako izendapena jaso du "Lilian" abestiak eta Euskadi Gazteak apirilaren 5ean banatuko dituen sarietarako ere diskorik onenerako finalista izendatu du "Grisa". Garrantzirik ematen diezue sariketa hauei?
Egia esaten badizut, guretzat musika ez da saritzeko diziplina bat. SGAEko izendapena edo Euskadi Gaztearena, biak garrantzitsuak dira taldearentzako, baina guk ez diogu garrantzi handirik ematen. Hori gauzak ondo egin ditugunaren seinale da, baina nik uste dut anekdotariorako gelditzen direla bi izendapen horiek. Egia da bestalde, Madrilekoa baliagarria izan daitekeela ateak irekitzeko kanpoan, eta Euskadi Gazteakoa berriz, etxean bertan bultzada bat izan daiteke. Baina hala ere, nik ez dut gehiegi sinesten ez lehiaketetan ez sarietan.

Duela urte eta erdi grabatu zenuten diskoa. Harrera ona izan du kritika eta publikoaren aldetik. Zein da zuen balantzea orain arte?
Urrian plazaratu genuen "Grisa" eta urritik martxora hogei eta piku jaialdi egin ditugu. Egin genuen horrelako aurkezpen bira bat hamasei jaialdirekin eta balantzea ezin hobea da, gauzak oso ondo atera zaizkigulako. Zuzenean jendeak ondo erantzun du eta gu, hiru urte eta gero, zuzenean inoiz baino gusturago gaude. Hiru urtetako ibilbidearen ostean zerbaitetan irabazi baldin badugu, talde lanean izan da. Bitxia izan dena da hasieratik izugarrizko harrera izan dugula komunikabideen aldetik eta musikaren munduan ibiltzen den jendearen aldetik. Horrek harritu gaitu. Badirudi egin dugun honek eraginik izan duela eta hori ere pozgarria da, hainbeste disko egiten da eta hainbesteko eskaintza dago, zurea nabarmendua izatea pozgarria dela.

"Grisa"ren inguruan disko kontzeptuala egin zenutela esan genezake. Zergatik? Horren grisa ikusten duzue inguratzen zaituztena?
"Grisa" jarri genion bi arrazoi ezberdinengatik. Batetik memento jakin horretan eta inoiz baino gehiago orain ere, ikusten dugulako integrazio falta dagoela eta ez naiz ari Euskal Herriaz bakarrik, baita ere integrazio soziala, etorkinak... Grisak oso ondo integratzen ditu zuria eta beltza, kolore integratzailea delako. Hori da gure irakurketa. Bestetik, grisa bada zalantzaren kolorea ere, zalantza zuria eta beltzaren artean, eta gure kezka pertsonalak nahiko zalantzatsuak dira. Horregatik bi itsaso horietan mugitu gara, baina hala ere, nik uste dut inoiz baino letra baikorragoak egin ditugula nahiz eta jendeak kontrakoa esan edo ulertu. Beti dago amaieran baikortasunerako ate bat irekita.

Garrantzi handia eman zenioten ekoizpenari. Musika tresna anitz sartu zenituzten eta oso lan osatua egin zenuten.
Inoiz egin dugun diskorik landuena izan da. Kontua da gero eta disko gehiago egiten direla eta merkatuan gero eta gauza hobeagoak topatzen dituzula, eta zure burua ere estutu behar duzula. Disko bakoitzean muga urrutirago jarri behar duzu. Orduan, "Zure mina"rekin ikusi genuen leku konkretu batera iritsi ginela eta "Grisa"k ahalegin bikoitza eskatzen zuela. Azkenean, gauza ez da hamabi kantu hartu eta disko batean sartzea; disko bati behar bezalako garrantzia eman behar zaio eta errespetuz hartu behar duzu hori. Gero, hori guztia hezurmamitzeko guretzat ezinbestekoa da bosgarren kide baten lana, "Kaki"rena.

Kolaboratzaile anitz izan zenituzten, oso diferenteak batzuk besteen artean. Esaterako, Gorka Urbizu Berri Txarrak taldekoa eta Mikel Erentxun disko berean entzutea deigarri suerta dakioke bati baino gehiagori.
Jendeak komentatu digu: "Zer egiten duzue Mikel Erentxunekin?", baina guk inoiz ez ditugu aurreiritziak izan alde horretatik eta musikan are gutxiago. Zer edo zer soberan baldin badago herri honetan aurreiritziak dira. Azken finean, guk Berri Txarrakengana jo genuen memento jakin batean kantu batean bere ahotsa garrantzizkotzat jo genuelako eta batez ere, lagunak garelako eta ikusten dugulako feelinga dagoela. Guk musika horretarako hartzen dugu, ondo pasatzeko eta disfrutatzeko. Mikel Erentxun ere ezaguna dugu eta diskoan sartu da ez lagunak garelako bakarrik, baizik eta ikusi genuelako kantu horretan, hain zuzen, leku bat bazuela berak. Gero, gure susmoa errealitate bilakatu da, lan polita egin duelako eta ondo gelditu delako. Bai, mundu desberdinetatik datozen artistak dira, baina gure diskoan parte hartu duen hari laukotea ere Oskorri taldean eta musika klasikoan ibilitakoa da eta Betagarrikoak ere festa giroan ibiltzen dira eta gero gu bezalako talde batean ondo egin dute beren lana. Azken finean, entsalada eder bat prestatzeko osagai ezberdinak egon daitezke.

Beharbada, duela hamar urte uztarketa hori ezinezkoa zitekeen.
Uste dut gazte jendeak ez dituela aurreiritzi horiek. Nik gustukoa dut Mikel Erentxun artista bezala, Duncan Dhu baino gehiago, baina dirudienez, berak erdaraz abesten duelako baztertu behar dugu. Guk estilo aldetik Mikel Erentxunekin parekotasun batzuk baditugu. Distantzia handia dago gure artean, bera beste merkatu batean dabil, beste dibisio batean, beste baldintza batzuetan eta beste errealitate batean bizi da, baina musikalki gure genoma musikalak nahiko antzekoak dira.

Lehen maxia atera zenutenetik poesiari halako garrantzia eman diozue. Azkeneko honetan poesiarekiko gertutasun hori ere ikusten da.
Beldurra ematen dit nire hitzak poemak bezala definitzea. Hori Euskal Herrian ditugun poeta handien aldean errespetu falta da. Guk kantuak egiten ditugu. "Zure minari" diskoan egin genuena gauza berezi bat izan zen. Jose Luis Otamendiren poemak moldatu genituen, baina esan beharra dago Otamendiren poema hautatu horiek ere musikara oso ondo moldatzen zirela. Guk beti esaten dugu, kantuak egiten ditugula eta ez poemak. Jendeak hori poematzat hartzen badu, ongi etorria izan dadila.

Zertan da Deabruak Teilatuetan?
Inoiz ez dugu esan Deabruak behin betiko utzi dugunik. Hor gaizki-ulertuak egon dira. Testuinguru batean jarri behar da taldea. Deabruak txikitatik lagunak diren lau pertsonen proiektua da. Jolas moduan hartu genuen eta guretzako jolaserako talde bat da. Kontua da, denborarekin, jolasleku bat zena proiektu handi egin zela. Baina guk beti argi izan dugu taldea guk lauok nahi genuena izango zela, ez genuela jarriko taldea lau pertsonen gainetik. Taldekide bat kanpora joan zenean ikastera ikusi genuen taldea lau kidek osatzen zutela eta ezin genuela ordezkorik hartu. Eta etenaldi bat egitea pentsatu genuen. Ordutik ia hiru urte igaro dira. Tarteka biltzen gara, eta denok dugu gogoa beste disko bat eta kontzertu batzuk egiteko. Kantuak egin ditzakegu eta disko bat grabatu, baina disko hori defendatu behar da eta defendatzeko, lauak hemen egon behar dugu. Denborak esango du, baina oraingoz ez dugu ezer baztertzen.

Udarako zer asmo duzue?
Iraila bitartean kontzertuak egiten arituko gara. Gure lehentasuna hori da, handik hona ibiltzea. "Grisa"k oraindik merezi du ahalegin berezi bat. Zuzenekoetan inoiz baino gusturago eta sendoago gaude eta olatu hori aprobetxatuko dugu.


Azkenak
Uribarrin urperatutako herrietatik bota zituztenak omendu dituzte

Ur azpian utzitako herrietatik joan behar izan ziren 600 pertsonen omenez jarri dute oroigarria urtegiaren begiratokian, "ez ditugu inoiz ahaztuko urperatutako bizitzak", adierazi du Arabako ahaldun nagusiak.


2025-07-29 | Gedar
609 langile kaleratuko dituzte Ezkirozko BSHn

Plantillak baiezkoa eman dio aurreakordioari, eta, printzipioz, urte hau amaitzean itxiko dute fabrika.


Gasteizko lorezainek lau hilabete bete dituzte greban, Jaurlaritza eta Enviser enpresa aurrean manifestazioa eginda

Gasteizko lorezainen grebak lau hilabete bete ditu, langileek salatu dute Enviser enpresak eta Gasteizko Udalak blokeatu dutela auzia, bilera berririk ez dutelako egin uztailaren 7tik. 


Álvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia errudun jo dute iruzurra eta eroskeriagatik

2002 eta 2010 artean Kolonbiako presidente izan zenari gutxienez lau eta zortzi urte arteko espetxe zigorra ezarri diezaiokete. Auzitegi Gorena 2018an hasi zen ikertzen Uribe, Ivan Cepeda senatari ezkertiarrak jarritako salaketa batean lekuko ziren hainbat paramilitarri... [+]


Israeldar kolono batek ‘No Other Land’ dokumentala grabatzen lagundu zuen aktibista palestinar bat hil du Zisjordanian

Yinon Levi izeneko kolonoak Odeh Hadalin aktibista hil du Zisjordania hegoaldean. 'No Other Land' dokumentala grabatzen lagundu zuen Hadalin, dokumental onenaren Oscar saria irabazi zuen martxoan. Kolono hiltzailea palestinar lurraldeak okupatzeagatik AEBetako zigor... [+]


2025-07-29 | Mikel Aramendi
Analisia
Kanbodia eta Thailandia, gerra-plantak egiten?

Arma astunekin elkarri erasoka lau egun eman ondoren, baldintzarik gabeko su-etena adostu dute Kanbodiak eta Thailandiak, Malaysiaren bitartekaritzarekin, Kuala Lumpurren egin duten aurrez aurrekoan. Ezingo dute akabera hori ikusi bonbardaketetan, alde batean zein... [+]


Gurasotasun baimena 16 astetik 17ra luzatuko du Espainiako Gobernuak, eta 32 aste gurasobakarrentzat

Astearte honetako gobernu bileran onartuko dute PSOEk eta Sumarrek, akordioa iragarri baitute. Neurria "berehala" ipiniko dela indarrean jakinarazi dute.


Euskal diaspora elkartuko da Boisen, eta jendetsua izatea espero dute

AEBetako Idaho estutako Boise hiriburuan ospatuko dute euskal kultura ezagutarazteko, eta euskal diaspora batzeko. Hainbat ekitaldi egingo dituzte uztailaren 29tik abuztuaren 3ra arte.


Astebeteko liskarren ondoren, Thailandiak eta Kanbodiak su-eten akordio bat sinatu dute

Duela astebete, bien arteko mugan Thailandiako eta Kanbodiako tropak elkarri eraso egiten hasi ziren, Frantziaren kolonizazio aldian jatorria duen gatazka berpiztuta. Bi herrialdeek "berehalako eta baldintzarik gabeko" su-etena ezartzea adostu dute astelehenean, 35... [+]


Zuzenean eta zeharka 434.000 palestinar hil ditu Israelek 2023ko urritik, Gazako biztanleriaren %20, kalkulu baten arabera

The Lancet aldizkari ezagunak iazko uztailean eginiko "aurreikuspen zuhurraren" ondoren, zuzenean eta zeharka Gazan hilda egon daitezkeen palestinarren kopurua eguneratu du Steven Donziger abokatu entzutetsu estatubatuarrak, The Lancet-en formula... [+]


Europa makurrarazi du Trumpek
AEBek Europako produktuei %15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez

Horrez gain, Europa behartu egin du gasa AEBei erostera, 750.000 milioi euro xahutu beharko ditu horretan datozen hiru urteotan; beste 600.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko ditu han, "inbertsio estrategikoetan"; eta, "ehunka milioi euro", zehaztapen... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


Gosez hiltzen ari gara

Nire gorputza erortzen ari da. Ama kolapsatzen ari da nekeak jota. Nire lehengusuak egunero jokatzen du bizitza laguntza pixka baten truke. Gazako haurrak gure begien aurrean hiltzen ari dira eta ezin diegu lagundu.


Eguneraketa berriak daude