"ORAIN LASAIAGO BIZI DITUT ROCK & ROLL GAUAK"

  • Egun, "dena txuri beltzean ikusten den" Ilurdotz herrixkan bizi da. Bandera piratak salatzen du Drogasen ezkutalekua. Etxe-zuloan sartuta gustura, sotoa estudio bihurtu zaio eta "unerik onenak klandestinitate" horretan ematen ditu baxua astinduz. Bi kumeren aita, oraindik ez zaio itzali barruko "animalia beroa".
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Nola joan da aldatzen musikarekiko harremana? Zer musika mota ezberdinen eragina izan duzu?
14-15 urterekin 70eko hamarkadako "glam" kontuetako musika entzuten nuen. Flasheatuta utzi ninduten hurrengoak "Sex Pistols" izan ziren. Hor hasi zen giro makarra. 80ko hamarkada zen, Euskal Herrian talde pila bat sortu ziren eta orduan hasi ginen gu ere Barricadarekin. Garai hartan hasten da hemen kanpoko musika eta disko pila entzuten. Gure artean informazio asko pasatzen genuen.

Ramoncinek lehen diskoan asko lagundu omen zizuen...
Ni Iruñeko Radio Paraíso irratian nenbilen. Bertako arduraduna zen Luis Uztardoz Iruñea aldeko pederasta sare batean harrapatu zuten dela urte batzuk. Ramoncin jotzera Anaitasunara etorri zen batean elkarrizketa egin nion. Hor ezagutu genuen elkar eta diskoaren grabaketan esku bat botako zigula esan zigun.
Baina Ramoncinekiko harremana denborarekin aldatu egin da. Duela jada urte asko Hermidaren programan ikusi nuenean, zer eta drogen legalizazioaren aurka hizketan, sutan jarri nintzen. Garai hartan gustura egon ginen eta berarekin estudio batean egoten ikasi genuen, eta bira bat ere egin genuen.

Lehen diskoaren grab
Esan bezala, Ramoncinek lagundu zigun grabaketan. Baina grabatutakoa ez zen bateragarria nahasketa egiteko aparailuekin eta egindako lan dena alferrikakoa izan zen. Mariano Goñik (asko lagundu izan diguna hasieratik) Donostiako Sunami-n bi egunetan grabatzeko aukera eskaini zigun. Lehen egunean 20 ordu sartu genituen lanean eta bigarrenean 14. Karajiloei esker egin ahal izan genuen diskoa. Hasi berrien inozokeria ordaindu genuen. Baina ongi etorri zitzaigun, ordurarte diskoa ateratzen zuen taldea bere zilborrari begira egoten baitzen, inguruko jendea bakarrik bilatzen zuen. Eta Iruñeko talde bat Donostiara grabatzera etortzeak orain lerdokeria badirudi ere, orduan kristorena zen.

Nola ikusten dituzu egungo musika taldeak? Lehen bezainbeste errotuta daude publikoarengan?
Orain errotua ez dagoena ni naiz. Orain 41 urte ditut, 14 urteko seme bat eta 4ko alaba bat eta guraso bizitza daramagunez, ez dut kalea batere bizi. Egungo taldeek maila handia dutela ikusten dut eta musika proposamen interesgarria eskaintzen duten taldeak badira. Jousilouli asko gustatzen zait, PILT... Baina ez dut jendearen erantzunik ikusten. Josilouli orain 15 urte taberna batean jotzen egon beharrean Ilargin jotzen ariko litzateke, 800 lagun sartzen ziren bertan eta jendeak erantzun egiten zuen. Lehen festibala zen musika zaleen helburu gorena eta orain gaua pasatzeko duten hirugarren edo laugarren aukera da.
Musikalki gauza askotan asko aurreratuko zen, baina musika pentsamoldea ez da asko aldatu. Gauza denei jartzen zaien zigilu politikoa oso markatuta dago oraindik. Lehen irekiagoa zen joera musikal ezberdinetara.

Zergatik pasa da zuzeneko emanaldietatik disko eta tabernetara?
Denak du eragina. Entzuten den musika motak, kontsumitzen diren sustantzia motak... Horrek denak pertsona besteekiko komunikatiboagoa egiten du edo itxiagoa. Dibertsioa beste era batera bilatzen da orain, lehen kontzertuetan jartzen zen arima ikusten zen gehien, eta egun hor mugitzen den zaborra. Lehen lagunekin Agurainera joaten zen jendea La Polla entzutera, edo Bilbo edo Zaragozara. Orain jendea gutxiago mugitzen da. Dena dela, ez dut asko jarraitzen egungo egoera eta galdetuko diot semeari bi edo hiru urte barru...

Madrilen asko jo izan duzue. Hango giroak hemengoarekin zer antzekotasun eta ezberdintasun ditu?
Hemen dena dago mugimendu politikoak blaitua. Ez dago barkamenik hanka beste lorontzietan jarri nahi dutenentzat. Sukar aftosoaren kontu horregatik aireportuetan jarri dituzten alfonbra desinfektagarriak datozkit burura, eta badirudi alor guztietan hankak garbitzen bukatuko dugula. Dena oso nahastuta dago, errealitatea hala delako, bestalde. Madrilen beste arnas bat nabari da. Han ere noski deskarga politikoa badagoela, baina ez hemen bezainbeste. Eta falta duen deskarga politikoa alde sozialarekin betetzen da. Euskal Herrian gure adineko eskaleak ikustera ohitzen ari bagara ere, Madrilen urte asko daramatzate horrekin eta kantitate handitan gainera. Maila sozialen arteko aldea han oso nabarmena da. Horregatik, Barricada oso ongi hartu izan dute han, errespetatua eta maitatua da. Jendeak oso ongi erantzun du. Alaskak, Loquillok eta beste musikari askok esan digute Barricadari publikoagatik diotela inbidia. Ez musika, ez piura eta ez kantuengatik, publikoagatik baizik.
Baina gure kantuak parekatu ezkero Los Suabes, Consuelo, edo baita Platero y tu-rekin ere, gureek deskarga politiko handiagoa dute. Hirugarren diskotik aurrera Euskal Herrian "monjatxoak" ginen bitartean, estatuan iparraldeko barbaroak izaten jarraitzen genuen. Konposatzeko garaian ezin da zer etiketa jarriko zaizkion pentsatzen aritu. Barricadak Barricada izena izaten jarraitzen du, hitz egiten duen horretaz hitz egiten du, eta hori ezingo da ziur aski aldatu.

Multinazionalekin lan egitea, zuen kasuan, ez al da kontraesana?
Lan bat egiteko hiru edo lau aukera izatea zorte handia da. Eta erabaki batean hanka sartuz gero hurrengoan beste bat aukeratu dugu, horrela joan gara ikasten. Polygram-ekin ez dugu grabatu Hego Amerikara jotzera iristeagatik. Polygramekin nabarmena zena da estatuko denda guztietara iritsiko zirela diskoak. Hori Soinua, Oihuka edo Gor-ekin garai hartan zailagoa litzateke. Gor-ekin "La venganza de la abuela" atera dut, eta gustatzen zait bere lan egiteko modua. Ez dut espero Polygramekin bezalako emaitzarik, baina horrek ez du proiektu bat bestea baino txikiagoa edo handiagoa egiten. Jokatzeko modu ezberdinak dira eta horiei eusteko ahalmena baduzu, bejon deizula!

Diskoetxe batek bi abesti zentsuratu zizkizuen. Nola hartu zenuten?
Oso gaizki hartzen da zure lanean esku sartzea, zer eta kentzeko denean, ez aportatzeko. Gainera kendu zizkiguten bi kantu horiek diskoetako giltzarriak ziren. "No sé que hacer contigo" diskoa Barricadak egin duen poperoenetakoa izan da. Horregatik, "Bahia de Pasaia" kantua diskoko puntu beltza zen; kantu barruan erregateak egitea gustatzen zaigun bezala, disko barruko estilo aldaketa izan behar zuen kantu hark. Oso kantu iluna, bai doinu eta hitzen aldetik ere. Eta pikutara bidali ziguten. Gauza bera egin zuten "Pasión por el ruido" diskoko "En nombre de Dios" kantuarekin. Kantu horrek emango zion diskoari izenburua eta kendu egin ziguten.
Garai sutsuak ziren guretzat, eta laban desafioka aritu ginen. Barricadako beste denak lasaiagoak dira eta ni erraz sutzen naiz. Ez zaigu gustatzen inork gure lanetan esku sartzerik, zuk aukeratutako jendeak eta zuk aukeratutako alorraz arduratzeko ez bada. Polygramera lan dena egina eraman genuen. Hasi azala eta kontraportadatik, kantuak eta barruko testuetaraino. Baina batzuen soldata justifikatzeko modu bakarra esku sartzea da, kantu bat kenduz edo barneko orri bat aldatuz, edo bideoklipeko plano batean esku sartuz. Lana oso gure sentitzen dugu eta guk egiten dugu dena. Zentzu horretan "La araña" diskoaren azala hankasartze handi bat izan zen. Ez dut esan nahi "Insolencia" diskoarena baino okerragoa denik, baina "Insolencia"koa gurea da eta "La araña"koa besteren esku utzi genuen, eta gero taldeak nabaritu egiten du. Gauza guztiei buelta gehiegi ematen dizkiegu, bizi egiten dugulako.

"Esta es una noche de Rock & Roll" abesten zenuten etengabe. Zer da rock & roll gau bat?
Garai batean azken gaua bizitzea zen, hurrengo eguna ez axola izatea. Hori horrelaxe esango nuke, zuzen-zuzen, dela 18 urte, baina orain lasaiago bizi ditut rock & roll gauak. Aiton amonek bezala tximiniaren ondoan ere rock & roll gau asko pasa izan ditugu.

Ez al da posible rock & roll egunik?
Lehen ezetz erantzungo nuke, eta orain baietz. Hor dago koxka. Baina nireak gehiago dira "punk egunak". Egunero 07:00etan jaiki, gosaria prestatu...

Zergatik deitzen dizute "Drogas"?
Txantrean bakoitzak bere ezizena zuen eta niri piuragatik jarri zidaten "Drogas". Granoak, txima luzeak... Eta garai hartan ezer probatu gabea nintzen oraindik! Gerora ere ez naiz desfasatu bat sentitu, eta egun aktibismo hutsagatik eusten diot porroak erretzeari bakarrik, legalizatu dezaten.

Txantrea. Zer dakarkizu gogora?
Lohitutako kaleak datozkit gogora, oraindik asfaltatu gabeak. Eta orain autorik pasatzeko ere lekurik ez dagoela ere bai. Jada ez da izan zena. Gainera Txantrea goikoa da ezagunena eta ni behekoa naiz, inon ateratzen ez den aldekoa, ezta auzoak 50 urte bete dituelako atera duten liburuan ere! Oroitzapen pila ditut: txikitan txirrindan ibiltzen ikastetik, Madalena kalekoei harrika ibiltzera. Hazi ahala gustatzen hasten zaizkizun neskatxa denena, gero koadrila, ostiak, barrikadak, auzoan sartu ezin zen polizia...
Baina ez naiz Txantrean bakarrik bizi izan, handik hona ibili naiz. 12 urterekin Iturramara joan nintzen. Han lau urte eman eta Merkatu ondoko Amaia kalera. Garai hartan hasi nintzen Txinoan ibiltzen eta musikalki auzo horrek eragin handia izan zuen. Manolo Gilek (Negu Gorriaken bideoak egiten dituenak) beste lagun batzuekin "Caballo Blanco" taberna zuen eta diaporama emanaldiak, antzerkia... antolatzen zituen bertan. Murallas-en jendea elkartzen ginen gitarra akustikoarekin, eta hor hasi ginen maria eta haxixa erretzen, musika mugimenduan sartzen, okupen mugimenduan... Tabernetan mugimendu asko zegoen, kalean auto bat gurutzatzen genuen bidea mozteko eta azerak eseritako gaztez betetzen ziren... Fanzineak, irratiak...

Zergatik etorri zineten Ilurdotzera bizitzera?
Garikoitz semea jaiotzean bizitza aldatzen joan zitzaigun. Ez zuen auzoan jolasteko ere lekurik, dena kotxez josita dago, eta mendira joaten hasi ginen. Eta halaxe.

Rockero zaharrak ez omen dira sekula hiltzen. Oraindik rockero bizitza daramazu?
Niretzat orain lanbide bat da beste ezer baino gehiago. Oraindik lanbide horretan sinesten jarraitzen dut. Baina orain ez dut uste mundua aldatu dezakedanik. Lehen, agian, denari buelta emateko itxaropena genuen. Niretzat jada zaila da honetatik bizitzen jarraitzea. Betiko ziurgabetasuna badut ere, orain jabetzen naiz gero eta denbora gutxiago geratzen zaidanaz. Eta ez zait gustatzen musikaren inguruko beste mundutxoetan sartzea. Estudio bat jartzeko ez dut balio, manager izateko oso putakumea izan beharra dago... Kantuak egin eta zuzenean jotzea gustatzen zait, ez besterik. Lehen ez nion honi guztiari bueltarik ematen.

Nola uztartzen dituzu "No hay tregua" kantua eta Elkarri?
Lehen aipatu dut "glam"arena, nahasmena, kontu androginoak... Politikan ere gauza beraren zalea naiz. Ikuspegi baikor batetik Elkarriren proposamenarekin bat egiten dut. Baina nire puntu ilunetik 100.000 tipo garbituko nituzke. Noski, gauza bat da esatea, eta beste gauza bat, zeharo ezberdina, gero egitea. Puntu baikorrari eutsi behar zaiola uste dut, denen artean arazoa aurrera aterako badugu.

Ilea moztuko duzu inoiz?
Erori egiten zait, beraz, ez dut moztu ere egin beharrik. Nerabetan bataila kontua bazen ere, orain ez dut horrela ikusten, ilea moztu arren lan eta musika bera egiten jarraituko nuke.

Zer proiektu dituzu?
Lasaitu egin nahi nuke eta etxean gehiago egon. Berriro sarriago irakurtzen hasi nahi dut. Orain arte ordenagailuaren instrukzioak irakurtzen aritu naiz, 500 orri ditu eta bi aldiz irakurri behar izan dut... Sarriago irakurtzen hasi nahi dut, kantuetako hitzak idazten ikasten jarraitzeko. Gai berez kantatu behar badugu ere, ez errepikatzeko. Nik gehiago begiratzen baitiet kantuen hitzei, musikari baino.

CURRICULUMA
Jaio:
Iruñeko San Juan auzoan, 1959an.

Bizi:
Egun Ilurdotzen bizi da.

"Barricada" taldeko abeslari eta baxu jolea, 1982tik.
Diskoak:
"Noche de Rock & Roll" (1983); "Barrio conflictivo" (1984); "No hay tregua" (1985); "No sé qué hacer contigo" (1987); "Rojo" (1988); "Pasión por el ruido" (1989); "Barricada directo" (1990); "Barricada 1983-85" (1990); "Por instinto" (1991); "Balas blancas" (1992); "La araña" (1994); "Los singles" (1995); "Insolencia" (1996); "Salud y Rocanrol" (1997); "Acción directa" (2000).

Bakarkako diskoak:
"Txarrena" (1992) eta "La venganza de la abuela" (1999).

Sariak:
Nafarroako talderik onena izendatu zuten "Egin"eko irakurleek 1984an. 1990ean "Barricada" zuzeneko disko bikoitza urrezko diskoa izan zen. 1991ean "Por instinto" diskoa platinozko diskoa izan zen.

BERE HITZETAN
"Lehen kalean ikasten nuena orain komunikabideetatik jasotzen dut. Zahartzen ari naiz". (Argia, 1994-07-17)

"Sormenik gabeko garaian bizi gara, eta neure burua ere hor kokatzen dut. Iruñeko izotz pistak ongi isladatzen du gaur egungo maila intelektuala". (Euskaldunon Egunkaria, 2000-01-09)

"Ni rock and rollaren lepotik bizi naiz. Dirua irabazi... Nik irabazi dudana gastatu egin dut, batzuetan ongi eta beste batzuetan gaizki. Soilik hilik zaudenean ez duzu daukazuna gastatzen". (Euskaldunon Egunkaria, 2000-01-09)

"Publizitatea, informazioa, bizimodua... nola bideratu dizkiguten ikustea ikaragarria da. Ohizkotik ateratzen den edonor 'bide onera' ekartzen saiatzen dira. Gero eta beldur handiagoa dio jendeak desberdintasunari".(Argia, 1994-07-1)

"Hori da nire bizitzako kontraesanik ikaragarriena. Multinazional batentzat lanean aritzea, finean".
(Argia, 1994-07-17)

"Politikoak Euskal eta Kataluniar nazionalismoaz mintzatzen dira etengabe, baina espainiar nazionalismo beldurgarria bizi da egun hemen bertan. Inork ez du horretaz hitz egiten, eta hori oso arriskutsua da".(Argia, 1994-07-17)

"Programa ridikuluetan play-back egiten ikasi dugu". (http://www1.uniovi.es:8080/musica/fact2/barri_dd.html)

BERTSOA
Doinua: Andre txarraren bentajak
Txantrea kume, Txantrea kasta barrikadaren lurrian
Rock & Roll izar gurasotua
dena itzali beharrian
Rock & rol gauak badu bai tregua
behar du derrigorrian
bestela Drogas nola bizi da
tabernik ez den herrian?

Jexux Mari Irazu
BIZITZAREN PASARTEA
Izugarria izan zen Garikoitz, lehen umea jaio zenekoa. Erizainak deitu zuenean "familiar de Mari Carmen Irujo..." zuzenean joan, eta neska edo mutila zen galdetu gabe, besoetan hartu eta aurpegia ikustea txundigarria izan zen. Ez nuen behin ere umerik besotan hartu eta betidanik egin izan banu bezala hartu nion erizainari. Alaba jaio zenekoa alderantzizkoa izan zen. Erditzea oso mingarria eta zaila egin zitzaion Mameni. Horrela atera dira, semea oso lasaia eta alaba punki galanta.

ARGAZKI ZAHARRA
"Ile luzearena nerabetan bataila kontua zen, orain ez. Ilea moztu arren lan eta musika bera egiten jarraituko nuke".


Azkenak
2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


2025-07-18 | Sustatu
Fitxategi handien transferentziarako alternatibak (WeTransferrekoa ikusita)

WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.


2025-07-17 | ARGIA
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]


2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


2025-07-17 | Joan Mari Beloki
Ekialde Hurbila sutan

Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera... [+]


Eguneraketa berriak daude