LURRAREN PAISAIA ILARGIAREN AGINDUETARA

  • Gure geografian ordu batzuetan erabat aurpegi desberdinak eskaini ditzakeen paraje bat baldin badago hori Laida hondartza da. Txikitxoa itsasgoran, erraldoia itsasbeheran, Urdaibaiko altxorraren harribitxia da, baina berarekin batera perla ugarik bere edertasuna laguntzen dute: Santimamiñeko kobak, Oma basoa, Laga hondartza...

2001eko martxoaren 18an
Gernikatik hiru kilometrotara eskuinera desbideratu beharko dugu, "Santimamiñeko Kobak" jartzen duen seinaleari jarraikiz. Bide honetatik 2,5 kilometrotara Lezika jatetxera ailegatuko gara.
Lehenik (ordutegia errespetatu behar denez), 200 metro aurrerago aparkatu osteko eskaileretan gora dauden Santimamiñeko koba ikusgarriak bisitatuko ditugu, gure historiaurrearen ezinbesteko erreferentzia.
Horren ondoren, jatetxe aurreko gorantzako bidea hartu (oinez hobeto) eta lehenbizi Agustin Ibarrolak moldatutako Baso Bizidun harrigarria eta gero Oma bailara bakartia bisitatzea gomendatzen dizuegu, biak lotuz eta bestaldetik itzuliz sekulako paseo zoragarria egingo duzuelako.
Errepidera itzuli eta eskuinera jarraituz, segituan Kortezubi herrian sartuko gara, berau zeharkatuz. Bertako udalerrian, Santimamiñez gain, bestelako historiaurreko aztarna ugari aurki daiteke: Kobaederra, Atxondo eta Elesu kobetan esaterako.
Zeharkatu eta berehala, Gautegiz-Arteagan barneratuko gara. Ia herriaren amaieran ezkerrera joko dugu (errepidearen eskuinaldean Kristoren estatua bat ikusi aurreko ezkerreko kalean, nekazalturismoaren kartel bat duena), bertako gaztelura hurbildu asmoz. Arteaga dorretxea (itxita) Eugenia de Montijo enperatrizak berreraikitzea agindu zuen (bere sendia Arteagakoa zen).

Itsasadarraren eskuinaldeko hondartza aldakorrak
Herritik atera eta berehala dugun bidegurutzean ezkerrera joko dugu (bi aldiz), Laga-Laida norabidean, horrela berriz ere urbazterrera hurbilduz. Bizpahiru kilometrotan Agirreta, eta Isla Beko auzoak pasako ditugu, eta Isla Goikoa izenekoan sartuko gara. Honetan sartu eta berehala begiratokietatik Urdaibaiko itsas paduraren ikuspegi ederra izango dugu.
Segituan sartuko garen Kanala auzotik berriz, ikustaldiak jada ez dira ederrak, zoragarriak baizik, izugarriak, laster Laida hondartza aldakorra ere ikusteko aukera aurkeztuko zaigula.
31,5. kilometroan Kanala jatetxea igarota, 200 metrora eskuinera "San Pedro Atxerre 47 min. GR 123" jartzen duen seinalea ikusiko dugu. Zuzen eta gorantz segitzen badiogu 300 bat metrotara, erdi zuri erdi gorri-gris koloretako hormigoizko langa duen baserriaren pareraino iritsiko gara. Bertan, bere pareko ermitatik gora, Urdaibai gaineko balkoi natural pribilejiatuan kokatutako Atxerreko ermitarako bidexka hasten da.
Berriz errepidean, 1,5 kilometrotara, Euskal Herriko hondartzarik ikusgarri eta aldakorrenera iritsiko gara, batik bat itsasbeheran: Laida. Azken honen ikustaldi izugarriekin gozatu ostean (itsasbeheran bisitatu ahal izan duzuela espero dugu) pare bat kilometrotara behatzeko aukera izango duguna Ogoño mutur edo haitz erraldoia izango da, eta segituan, berak babesten duen Laga hondartza ederra, aurrekoarekin zerikusi gutxi duena (hau askoz babestuagoa dago) baina bere modura eder-ederra.
Lagatik irten ostean, aldi batez itsasaldetik pixka bat urrunduko gara, baina paisaiak ez dio polita izateari uzten. Zuzen goazela, 40,5 kilometroaren inguruan Ibarrangelua herria zeharkatzen hasiko gara, lehenbizi behealdetik, eta 180ºko bira egin ostean goialdetik. Aipatutako aurreko bi hondartzez gain, herrian bertan San Andres eliza (erretaula barroko-txurrigereskoa, sabai platereskoa eta dorrean Jesusen estatua handia ditu) eta ondoko Betikazarre baserria (elizarekin komunikatua) azpimarratuko ditugu.
Herriko erdiguneko bidegurutzean zuzen joko dugu, jaisten hasiz. Horrenbestez, ibilbide honen amaiera den Elantxobe herri polit eta bitxian sartzeko bi aukera ditugu: errepidea azkeneraino jaitsi eta portutxo ederrean sartu edo bidegurutzean ezkerrera egin eta goialdean amaitu. Batera edo bestera, ziur gaude Ogoñoren kontra eskalatzen ari dela ematen duen herri hau oso gustuko izango duzuela, bai aipatutako etxe politen antolaketagatik (ia bata bestearen gainean), zein portuko xarmagatik.

URDAIBAI BIOSFERAREN ERRESERBA

Izendapen hori Unesco-k jarri zion 1984an, zalantzarik gabe Europako hezegunerik garrantzitsuenetako baten aurrean gaudelako. Horrela, Gernikako itsasadarraren inguruan zabaltzen diren 22.000 hektareatan zehar dagoen habitat eta ekologia aberastasuna oso leku gutxitan bizi ahal izango dugu. Baina aberastasun ekologikoaz gain, lehen aldiz bisitatzen duena gehien txunditzen duena Oka ibaiaren bokale honen itxuraldaketa da, itsasgora eta itsasbehera, alegia.
Itsasoaren gorabeherei esker inguru zoragarri honen itxura erabat aldatzen ikusteak, itsas padurak eta hondartzak nola agertzen eta desagertzen diren behatzeak, lehenago itsaso zabala zirudien urontzi handia areatza zabalaren artean sigi-saga aurrera egiten duten ibaitxoak bihurturik aurkitzeak... imajina dezakegun ikuskizun naturalik ederrenetakoaz gozatzea esan nahi du.

Erreserbaren ezaugarriak
Babestutako inguru honek 220 km2 ditu luze-zabaleran, hau da, Bizkaia osoko % 10 inguru, eta osorik edo zatika 22 udalerri biltzen ditu; denen artean Bermeo eta Gernika nabarmenduz. Ezagunena itsasadarra bada ere, denetariko ekosistemak gordetzen ditu, eta horri esker, landaretza eta faunari dagokienez, aberastasun itzela erakutsi dezake.
Horrela, Urdaibaiko %70etik gora basoz beterik dago, eta bere biotopo ezberdinetan era guztietako animaliak bizi edo igarotzen dira (Urdaibai Europa eta Afrika arteko hegaztien atsedenleku da): eiderrak, zerrak, lertxunak, anatidoak, espatulak, kaioak, txirriak, kuliskak... Horrelako natur aberastasuna izanda, ez da harritzekoa gizakiak orain dela milaka urte inguru hau bizitzeko aukeratzea, Santimamiñeko kobazuloek erakusten diguten moduan.

Santimamiñeko Kobak
Kortezubin kokatuak (ikus ibilbidea), haitzulo ikusgarri hauek ezkutatzen zituzten garrantzi handiko margo eta grabatuak ez zituzten 1916-17ra arte aurkitu, zientifikoki behintzat. Aurkikuntza hauek eta giza aztarnen beste batzuek zirela-eta, Bizkaiko Foru Aldundiak kobazuloak erosi eta ikertu zituen (Aranzadi, Eguren eta Barandiaranen talde ospetsuaren esku). Hauek animalien pinturak, grabatuak eta erliebeak aurkitu zituzten, Goi-Paleolitikoaren Madeleine garaiko aztarnak (14.000-9.000 K.a.). Aurkitutako aztarnarik zaharrenak 35.000-18.000 K.a. artekoak dira.
Gaur egun, haitzuloetako pinturen areto txikia ikusleentzat itxita geratu da, bisitaldien eraginez berauek hondatzen ari zirela zirudielako eta beraietaz ikerketa zientifiko sakona burutzeko, baina kobak bestelako alde ikusgarriak ere gordetzen ditu, milioika urtetan sortutako karezko formak, hain zuzen. Zabalik dago astelehenetik ostiralera 10:00, 11:15, 12:30, 16:30 eta 18:00etan. Ezin da sarrera aurrez hartu, aldi bakoitzean ilarako 15 lehenak sartzen dira.

Omako Baso Biziduna
Santimamiñen bertan dagoen Lezika jatetxearen paretik, errepidearen beste aldean gorantz hasten den bidea hartuz gero gure herriko basorik "ezberdinen"era iritsiko gara, Agustin Ibarrolak modu askotan margotutako pinuek osatzen duten baso-zati magikora, hain zuzen.
Oman bertan bizi den margolari honek modu horretan artearen eta naturaren harreman berria bilatu nahi izan du, pinudi honi "bizitza" berria eskainiz; horrela, bisitari bakoitzak osotasuna bere modura ikusiko du, kokatzen den lekuaren arabera ikusiko dituen kolore, itxura eta perspektibak desberdinak izango baitira.
Aipatu dizuegun bidea kotxez ere egin dezakezue, baina guk oinez egitea aholkatzen dizuegu, horrela baso margotua zeharkatu eta Oma bailara idilikotik itzuli ahal izango duzuelako (kotxez ezin duzue hori egin, eta oinez pare bat orduko txangoa besterik ez da).
Esanda bezala, Lezikatik irtenez, 45 bat minutuan baso bizidun txiki honetara iritsiko zarete (bidearen erdialdetik beti beherantz jo behar duzue). Hau erdi-erditik zeharkatu eta ezker-beherantz doan bidezidor batetik jaisten hasi zaitezkete. Laster eskuin-beherantz jaisten den beste bide batekin bat egingo duzue. Azkenik, jaitsiera Omako bederatzigarren eta hamargarren baserrien artean pasatzen den errekatxo baten gainean amaituko duzue.
Puntu honetan, zuen gogo eta denboraren arabera bi gauza egin dezakezue: errepidetxoan lehenbizi eskuinerantz jo, bailara lasai honetako azken baserrietaraino eta gero itzuli, edo besterik gabe baserri guztiak lotzen dituen errepidetxotik Santimamiñerantz itzultzen hasi.
Bat edo beste aukeratu, bailaratxo isolatu, lasai eta eder honek arrobatuko zaituzte. Zeharkatzen duzuen bitartean ohar zaitezte baserri eder eta errota zaharretan, zelaietako berdetasunean eta lasai asko bizi den ganaduan. Bizkaian horrelako txoko lasai gutxi geratzen dira.

Atxarreko San Pedro
Atxarreko ermita hau estuarioaren talaia paregabea da, itsasadarraren bokalearen zati handia menperatzen duen balkoi naturala baita.
Bertaratzeko, guk Laidatik hurbil dagoen Kanala jatetxe auzotik irteten den bidea aukeratu dugu (ikus ibilbidea). Horrela, oinezko bidea hasten den ermita-askaldegitxoa atzean utziz gorantz doan bidexka hasten da. 50 metro ingurura ezkerrera etxe bat utziko dugu eta hortik aurrera egin beharreko bakarra bidexka bidezidorra segitzea da.
Ordu erdi ingurura agertuko zaigun zabalgune handi bat zeharkatu eta segituan Atxarrera (ezkerrera) edota Ogoñora (zuzen-eskuinera) joateko bidegurutze seinalizatua harrapatuko dugu. Azkenik, galtzada moduko aldapa gogor baten ostean, sekulako bistak eskainiko dizkigun baselizara iritsiko gara, 300 metrora dagoen "balkoi" batean.

Laida eta Laga
Bi hondartza hauek Bizkaiko ederrenetakoak dira, baina batetik bestera hiruzpalau kilometro besterik ez dauden arren, bakoitzak bere fisonomia berezia gordetzen du.
Horrela, Laida oraindik itsasadarraren barruan kokatzen da, eta bere edertasuna itsasaldiek sortzen dizkioten itxuraldaketa izugarrietatik datorkio, batzuetan errekatxoek zeharkatzen duten sekulako hondartza dena hurrengoan txiki-txikia geratzen delako. Lagakoa aldiz, Ogoño muturrak ondo babestu eta sekulako paraje arrokatsua sortzen dion hondartza ederra da, ez hain haizetsua eta eguzkia hartzeko egokia.
INFORMAZIO PRAKTIKOA
SANTIMAMIÑE

Jatorduan:
Lezika Jatetxea- Lezika Baserria.

Lo egiteko:
Morgota Nekazal Etxea- Basonso auzoa (Arteaga-Oma errepidean). 94- 625 27 72. Log. bikoitza 5.000-5.500 pzta.

OMA

Lo egiteko:
Bizketxe Nekazal Etxea- Oma auzoa 8. 94- 625 49 06. Logela bikoitza 4.000-5.500 pzta.

GAUTEGIZ-ARTEAGA

Lo egiteko:
Ozollo Nekazal Etxea- Ozollo Baserria. 94- 625 10 13. Logela bikoitza 5.000-5.800 pzta.

KANALA

Lo egiteko:
Ugaldeberri Nekazal Etxea- Kanala auzoa (Gautegiz-Arteaga). % 94- 625 65 77. Etxe osoa 10.000-13.500 pzta.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#2
Barbara Miller
#4
Olaia Salazar Urrutia
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude