ENERGIA NUKLEARRA JAKIAK KONTSERBATZEKO

  • Asteak fresko irauten duten fruta eta barazkiak, hozkailurik gabe pare bat urtez kontserbatzen diren aurrez prestatutako platerak... Behi eroen eta elikagai transgenikoen garaian, giza elikaduraren iraultzak beste urrats bat eman du: irradiazioa.

2001eko martxoaren 11n
Europako Batasunak 1999ko otsailean onartutako arauaren ostean, elikagai ionizatu ala irradiatuen salmenta eta erabilpena heda daitezke Hego Euskal Herrian, baina badirudi epe laburrean ez dela horrelakorik gertatuko. Izan ere, Bruselak iazko iraila arte jarri zuelako herrialde bakoitzak aipatutako araua gauzatzeko epetzat, baina Frantziako Estatuak ez bezala (hemen elikagai hauen erabilpena dagoeneko zabaltzen ari da) Espainiako Estatuak (eta are gutxiago Eusko Jaurlaritzak edo Nafarroako Gobernuak) ez du oraindik gai honetan aurrerapauso nabarmenik eman, eta oraindik jakiteke dugu zein elikagai izango diren irradiatzeko gai eta zein prozedura erabiliko den horretarako. Behin onartuz gero, dendetan "irradiazioz tratatuak" etiketapeko fruta, barazki edota edonolako plater gero eta gehiago aurkitzeko aukera izango dugu. Baina, zertan datza teknika iraultzaile berri hau eta zeintzuk izan daitezke bere onura eta kalteak?


IRRADIAZIOAREN ABANTAILA ETA ZALANTZAK.

Teknika hau energia nuklearra elikagaien kontserbaziorako erabiltzean datza, eta produktu fresko zein aurrez prestatuetan erabil daiteke. Elikagaiak irradiatzeko bi modu daude, kobalto 60 delako materiala edo elektroien azelerazioa erabiltzea, baina emaitza berdina da. Adituen esanetan eguzkiaren argia (ultramore izpiak) ere irradiazio edo ionizazio kontsidera daiteke, eta beraz, teknika hau natura bera bezain naturaltzat hartzen dute. Azken elektroia kentzea besterik ez da, ADN katearen bikoizketa prozesua hausteko asmoz. Ondorioz, elikagaiak edozein bakteria izanez gero, berau zabaltzeko aukera saihesten dugu. Bestalde, ernetze entzimak ere hiltzen ditu, patata eta tipula bezalako barazkietan sustraiak sortzeko aukera saihestuz.
Zientifikoen ikuspuntutik, dagoeneko abantailak arlo ugaritan dira ikusgai. Alemanian, esaterako, ospitaleek minbizia, hiesa edo bestelako gaixotasun inmunologikoak dituzten gaixoei elikagai irradiatuak ematen dizkiete, astronautek horrelako elikagaiak besterik ez dituzte jaten eta herrialde askotan elikadura pozoidurak saihesteko aurrerapausoak ematen ari dira. Hala ere, badira elikagai hauen onurak zalantzan jarri eta abantaila nagusiak ekoizleentzat direla (produktuak nahi beste eta arriskurik gabe biltzeko gai dira merkaturatu aurretik) diotenak ere.
Talde ekologisten esanetan, alde batetik irradiazioan kobalto 60 bezalako material kutsakor eta arriskutsuak erabiltzen dira, beste alde batetik ionizazioak elikagaien ezaugarri kimikoak aldatu eta desnaturalizatu egiten ditu, proteina eta bitaminak gutxituz. Azkenik, irradiazioa bakteria gehienak hiltzeko gauza da, baina ez denak, eta geratzen direnak irradiazioarekiko inmune bihurtzeaz gain zabaltzeko oztoporik gabe geratzen dira.
Kritika hauei zientifikoek zera erantzuten diete: egia dela irradiatuz gero fruta eta barazkietan elikatze-balioa alda daitekeela, edozein esterilizazio prozesutan bezala, baina ez letxuga bat egosiz gero aldatzen dena baino gehiago, eta edozein kasutan, emaitza osasuntsuagoa dela adierazten dute. Kobalto 60-aren arriskuaz, berriz, elektroien azelerazioa (elektrizitatez) garbiagoa dela onartzen dute, baina aurrekoa merkeagoa eta efizienteagoa dela argitzen dute.


ZENBAIT HERRIALDETAN DAGOENEKO JANGAI.

Edozein kasutan, elikagai hauen erabilpenak Osasunaren Munduko Erakundearen babesa jaso du, besteak beste munduan gosearen eragina murrizteko, pestiziden erabilpena gutxitzeko eta elikadura pozoidurak saihesteko balio izango duelakoan. Hori bai, askotan gertatzen den bezala, onuradun nagusiak elikagaien industria handiek izaten jarraituko dute, produktuak merkaturatu aurretik askoz denbora gehiago bilduta izateko gai izango direlako. Prozesu honen kritikoek zera diote, denbora larregi bilduta izanez gero ezabatutako mikroorganismoak berriz zabaltzen has daitezkeela eta onartezina dela, Estatu Batuetan gertatzen den bezala, horrelako produktuak gero "fresko" gisa (letra handian) saltzea edo "irradiazioz tratatuak" (oso letra txikian) dioen etiketatxoa oharkabe pasatzea kontsumitzaileen bistatik.
Estatu Batuetan oraindik produktu hauen presentzia txikia da saltokietan, irradiazioa garestia delako eta kontsumitzaileek oraindik ez dutelako prozesu honetaz informazio nahikorik, baina ikusi dugun moduan, erosleak erakartzeko saltzaileek ere ez dituzte gauzak oso argi, legearen arabera irradiazioaren logotipoa (biribil bat eta bi hosto) nola eta non jarri ekoizle bakoitzaren esku geratzen delako, eta jarrera honen emaitza sinbolo ikusgaitza izan ohi delako.


ELIKAGAI IRRADIATUAK GURE ARTEAN.

Lehenago ere esan dugu Hego Euskal Herrian elikagai hauen eragina oraindik ia hutsa dela, eta araudia ere oraindik finkatzeke dagoela. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Sailak esaterako, ez du araudi propiorik burutzea pentsatu, eta Europako zein Espainiako Estatuan onartu berri den araudia begiratzeko esan digute. Dolores Coll Eusko Jaurlaritzako teknikariak zera azaldu digu: "Hemen ez da gai honen inguruan ezer ekoizten, ezta saltzen ere; gai teoriko bezala oso interesgarria izan daiteke, irradiazioak hainbat erabilpen izan dezakeelako, baina praktikan Espainiako Estatu osoan ez dago horretan aritzen den enpresa bakar bat ere, eta egotekotan ere kontsumitzaileak horrelako tratamenduak errefusatzeko jarrera izan ohi duenez, ez dut uste mota horretako prozedurek mementoz eraginik izango dutenik".
Bizkaiko Sukarrietan egoitza duen Azti elkarteak ere antzeko iritzia agertu digu eta horregatik, beraien esfortzuak energia baxuko irradiazioen ikerkuntzan oinarritu dituzte. Iñigo Martinez de Marañon teknikariak azaldu digun moduan, kobalto ala elektroien azelerazioaren bidezko teknikak energia altukoak dira. Teknika hauek irradiatua den produktuan eragin sakona dute, baina era berean kontsumitzaileak mesfidati agertzen dira, "jendeak kobaltoa eta horrelako irradiazioak Txernobilekin eta beste hainbat gauzarekin lotzen dituelako". Aztiren ikerketak, ondorioz, eguzkiaren argi naturalean oinarritu dituzte, hots, ultramoreak bezalako energia txikiko izpien erabileran. Argi honen intentsitatea 60.000 aldiz handituz, edonolako materialen -baita elikagaiak ere- bizitza dezente luzatzea eta beren segurtasuna hobetzea lortu dute. Halaber, ura esterilizatzen ere asmatu dute. Teknika "arin" hau ez da aurrekoak bezain eraginkorra, materialen azalean -ez produktuaren barruan- duelako batez ere eragina, baina kobaltoaren eta elektroi azelerazioaren ahulezien aurrean kontsumorako eragozpen gutxiago agertzen ditu, eta epe motz edo ertainean -hiruzpalau urte- horrelako produktu zein elikagaiak merkatuan izan daitezkeela uste dute Azti elkartekoek.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude