ZIENTZIAK BIZIA EMAN DIE MUSEOEI

  • Azken urteotan, berriz, gehientsuenontzat misteriotsu diren teknologia berriak garatu dira. Zientzia museoak horren guztiaren isla dira eta garai bateko fosil eta animalia disekatu bildumak nolabaiteko jolas parke bilakatu dira egun. Euskal Herriko zientzia erakustoki garrantzitsuenen errepasoa egingo dugu orriotan eta horietako batean ibilalditxo bat ere proposatzen dizuegu.
Etengabe mugimenduan ari den unibertsoa ulertzea, oinarri zientifikoak eta fenomeno naturalak geureganatzea, betidanik gizakia kezkatu duten gaiak izan dira. Gainera, azken urteetan azkartu egin den bilakaera teknologikoa eta beronen ondorioak hobeto ezagutzeko nahia gehitu behar diegu gaur egun ohiko galdera horiei.
Mendebaldeko gizartean badakigu ekaitzak ez dituela jainkoen izaera aldakorrak sortzen, badakigu Lurra borobila dela, Eguzkia izar bat eta Ilargia gure satelite naturala, badakigu grabitatearen legeak mantentzen gaituela lurrari itsatsita (zentzurik fisikoenean bederen) eta badakigu izarrak ez daudela sabai erraldoi beltzean zintzilik. Alegia, gero eta gehiago ezagutzen eta ulertzen dugula gure inguruan gertatzen dena.
Eta horretan lagungarri izan dira beti zientzia museoak. Hasieratik helburu didaktikoa izan badute ere, asko aldatu dira gune hauek urteetan zehar. Alor honetako museoen sorrera XVIII. mendean ipin daiteke, Ilustrazioak azaleratutako kezken erantzun moduan. Orain dela urte gutxi arte, ordea, zientzia museoak arte museoekin parekotasun handia izan dute. Natur zientzia museoak zirela esan genezake, nolabaiteko zoologiko edo lorategi "hilak". Animalia disekatuak, orratzez koadro batean itsatsitako tximeletak, animalia, landare nahiz mineralen marrazkiak... erakusten ziren bertan eta bisitaria ikusle hutsa zen.
Baina, gure planetako gorabeherez haratago, gizakiak zerura ere begiratu izan du beti eta izarrak, modu horretan, museo pieza bereziak bihurtu dira. Teknologiak aurrera egin ahala, planetarioek bilakaera izugarria izan dute eta euren kupuletako zeru artifizialek gero eta antza handiagoa dute benetakoarekin.
Teknologia aipatu dugu eta hori ere erakusketa objektu izan da. Erdi Aroko astrolabioak, duela ehun urteko argazki makinak, mikroskopioak, penduluak... bitrinatan sarturik daude munduko zientzia museo askotan. Zientzia eta teknikaren historiaren museo hauetan, tresna zaharrek, euren funtzioa galduta, askotan estetikoki baino ez dira baloratuak izaten. Gure oinordekoek gure PC-ekin gauza bera egingo al dute?


MUSEO BIZIAK.

Badirudi erakustoki hauetan joerak beste bide batzuetatik doazela azken urteotan. Horrelako zentroen bisitaria ez da dagoeneko ikusle hutsa. Interaktibitateak tokia jan dio koadroetan edo bitrinetan gorderik dagoen objektu hilari. Egungo zientzia museoak bizirik daude eta bisitaria aktibitatearen protagonista bilakatu da. Egoitza hauen helburu didaktikoa errazago lortzen da horrela, ikastea jolas bihurtzen baita. Argi uzten du hori azken hilabeteotan komunikabideetan zabaldu den lelo batek: "Ez ukitzea debekatua". Donostiako Zientziaren Kutxagunearen leloa da eta gune berrien funtzioa garbi adierazten du. Izan ere, Kutxagunea da Euskal Herriko tankera honetako zentrorik berriena eta zabalena. Baina, noski, ez da bakarra.
Gaur egun zabalik dagoen zaharrena Baionako Historia Naturalaren Museoa da. 1856. urtean sortua, aipatutako lehen museo horien ereduari jarraitzen dio. Dena dela, ekintza eta erakusketa osagarrien bitartez atzean ez geratzea lortu dute baionarrek. Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Fakultatean ikusgai den bilduma ere ildo horretakoa da, eta XIX. mendeko kutxa didaktikoek xarma berezia ematen diote.
Gaikako museoak ere ugariak dira gurean: Azpeitiko Ingurugiro Etxea, Urretxuko Mineral eta Fosilen museoa... (Euskal Herriko zientzia gune nagusien ezaugarri eta erreferentziak ezkerreko orrialdeko koadroan zehaztu ditugu). Gehiago ere badira eta Elgoibarren, adibidez, Makina Erremintaren museoa dago, Zarauzko Photomuseumak argazkigintzaren bilakaera azaltzen duten tresna zaharrak gordetzen ditu eta Irunen bada tximeleten inguruko gune bat.
Planetarioak ere badaude Euskal Herrian eta Iruñekoa da garrantzitsuena. 1996an ireki zituen bere ateak eta ordutik, bere kupula erraldoiak eskaintzen dituen programez gain, hainbat erakusketa eta ekintza antolatu dute bertan.


GEROA GAUR.

Donostiako Miramongo Zientziaren Kutxaguneko planetarioak ere aurki zabalduko dizkie ateak bisitariei, baina bitartean, bere lehen hilabetetan, arrakasta handia izaten ari da. Teknologia berriak lagun, etorkizuneko zientzia museoen erakusle garbia da.
Eta etorkizunaz ere jardun behar dugu, hor baitugu Barakaldon eraiki daiteken Euskadiko Teknika Museoaren proiektua. Dagoeneko bildumaren zati handi bat Lutxanako pabilioi batean daukate gorderik eta berau tokiz aldatzeko asmoa dago. Carlos Pera Barakaldoko alkateak iazko urte amaiera aldera esan zuzenez, ordea, epe laburrean ez da museorik izango: "Legegintzaldi honetan ez dirudi museo berririk aurrera aterako denik, diru partida guztiak loturik baitaude dagoeneko". Bitartean udalerri honetan 2002. urtean abian jarriko direnak Familia Aisialdirako Parke Tematikoaren lanak izango dira. 80.000 metro koadro izango ditu Rontegiko zubiaren ondoan eraikiko den parke erraldoiak eta, aurreikuspenen arabera, 1.200.000 bisitari izango ditu urtean.
Barakaldoko museoaren inguruko erabakiak datozen bitartean, guk dagoeneko martxan dauden museoetako bat hautatu eta gertuagotik ezagutzea erabaki dugu. Ondorengo orrialdeetan Donostiako Zientziaren Kutxagunean barrena txango bat egitea proposatzen dizuegu.

EUSKAL HERRIKO ZIENTZIA ERAKUSTOKI NAGUSIAK
ARABAKO NATUR ZIENTZIEN MUSEOA
Arabako Foru Aldundiko Museo Zerbitzuak kudeatuta, Otxanda dorretxean dago kokatua. Geologia, botanika eta zoologia bildumak ditu bere bi erakusgeletan. Arabako, EAEko eta munduko hainbat tokitako habitataren ezaugarriak ezagutu daitezke bertan. Tailerrak, ikastaroak eta ibilaldiak ere antolatzen dira.
Helbidea: Jesusen Zerbitzariak 24, 01001 Gasteiz. Telefonoa: 945 18 19 24.

MEDIKUNTZA ETA ZIENTZIA HISTORIAREN MUSEOA
EHUko Leioako Medikuntza Fakultatean eta liburutegi nagusiaren eraikinean kokatua, 1.520 metro koadroko azalera hartzen dute haren 21 aretoek. 4.500 pieza inguru ditu bildumak eta Medikuntzaren Historia Museoaz gain, Natur Zientzia eta Teknologiaren Museotzat ere har daiteke.
Helbidea: Sarriena auzoa, 48940 Leioa. Telefonoa: 94 464 77 00 (2647-2162).

INGURUGIRO ETXEA
Azpeitiko museo didaktiko honek gure planetaren ingurugiro arazo garrantzitsuenak gerturatzea du helburu. Lau areto interkonektatu ditu eta gaikako panel eta maketen bidez arazoen ikuspuntu desberdinak erakusten dira bertan.
Helbidea: Loiolako Bide Zaharra 1, 20730 Azpeitia. Telefonoa: 943 81 24 48.

ZIENTZIAREN KUTXAGUNEA
Donostiako Miramon Parke Teknologikoan duela hilabete gutxi zabaldu zuen gune hau Kutxak. Erakusketa iraunkorrak 9 gela ditu eta gainera Txikiklik haurrentzako gunea, Planetarioa eta behatoki astronomikoa ditu, besteak beste (ikus 21. orrialdea).
Helbidea: Mikeletegi pasealekua 43, 20009 Donostia. Telefonoa: 943 30 82 11.

MINERAL ETA FOSILEN MUSEOA
Urretxuko museo honetan garai geologiko ezberdinetako fosilak eta mineralen kristalizazioak daude ikusgai, 1.000 bat guztira. Panel interaktiboak ere badira, azalpenekin. Horretaz gain, mineralen ezaugarriak aztertzeko tailerra dute eta hainbat ekintza burutzen dute urtean zehar; ezagunena haurrentzako Mineralogi eta Paleontologi Parkea.
Helbidea: Aizpuru Enea, Jauregi kalea, 20700 Urretxu. Telefonoa: 943 72 41 70.

BAIONAKO HISTORIA NATURALAREN MUSEOA
Alor honetan Euskal Herriko zaharrena, 1856an sortua, 20.000 piezako bilduma du. Egun berritze lanetan da eta, erakusketa iraunkorra zabalik ez bada ere, ekintza ugari antolatzen du: gaikako erakusketak, hezkuntza zerbitzua, irteerak...
Helbidea: Lauga Gaztelua, Jean Rostand, 64100 Baiona. Telefonoa: 559 57 15 10.

NAFARROAKO UNIBERTSITATEKO ZIENTZIEN MUSEOA
Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Fakultatean zehar daude barreiatuta bilduma honen 7.000 aleak eta XX. mende hasierako kutxa didaktikoak. Atal zoologikoa, mineral eta fosilena eta farmazia, kimika eta argazkilaritza tresna zaharren bildumak osatzen dute museo hau.
Helbidea: Nafarroako Unibertsitatea, 31080 Iruñea. Telefonoa: 948 42 56 46.

IRUÑEKO PLANETARIOA
Espainiako Estatuko kupularik handiena du (20 metroko diametroa). Gainera 400 metro koadroko erakusketa aretoa eta hitzaldi aretoa ere baditu. Hainbat progama ikus daiteke bertan: Supernova, Eclipse, Abuela Tierra, Ilargia, Terra Incognita, Via Lactea, Con los ojos del Hubble...
Helbidea: Antso Ramirez z/g, 31008 Iruñea. Telefonoa: 948 26 26 28.


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude