UR TERMALEN BERPIZKUNDEA MODAKO HOTELETAN

  • Haurrak jolas parkean, guraso gazteak piszinan eta helduak soinketako klasean. Ez daude Espainiako Mediterraneoko hotel batean, Euskal Herrian, bainuetxean atsedena hartzen dira. Bistan da, heldu da bainuetxeen loraldia eta belaunaldi guztien oporraldia.

2001eko otsailaren 25an
Zestoako Bainuetxera hurbildu ahala, Urola ibaiaren gaineko eraikin nagusiak handiostasun guztiaz agurtzen gaitu, aurreko pasealeku arbolatsutik hainbat pertsona nagusik txandala ongi lotu eta ibiltzeari ekiten dion bitartean. Barruan ere, itxura informalez jantzitako hainbeste jenderen artean versallestar itxurako gela erraldoiaren luxua aurkituko dugu, geure buruari gaur egungo bizimodurako gehiegitxo ez ote den galdetzen diogularik. Noski, kontrasteak azaltzeko eraikina beste garai bateko noblezia eta burgesia dirutsuarengan pentsaturik egin zela esan behar da, eta ordutik hona bainuetxeen munduan ere gauzak asko aldatu direla.


BI MILA URTETIK GORAKO HISTORIA GORABEHERATSUA.

Erromatarren garaian dagoeneko, termak oso garrantzitsuak ziren beraien bizitza sozial eta osasunean; esaterako, Fiteroko termak jadanik Zesar Augusto enperadorearen garaian ezagunak eta erabiliak zirela dakigu, hots, K.a. II. mendetik. Hortik aurrera, nafar Erriberako bainuetxeok musulman, kristau noble, eliza eta hainbat partikularren eskuetatik igaro dira. Hala ere, bainuetxeen loraldia ez da XIX. mendea arte helduko, besteak beste Zestoako ura interes orokorrekoa izendatu (1792) eta lehenbiziko bainuetxea (1804) eraiki zenetik, eta baita Fiteroko bigarrena urbegia aurkitu eta ustiatzen hasten denetik (1846). Aurrerantzean, bainuetxeak dirudunen turismoaren helmuga bihurtuko dira mende luze batez (Zestoakoak Gipuzkoako turismoari hasiera eman zion eta probintzian 11 bainuetxe egon ziren), farmakologia oraindik bere hastapenetan zegoenean eta oporrak dirudunek bakarrik har zitzaketen garaian; nobleek atzean hamaika zerbitzari ekartzen zituzten, noski.
Mende luzean, Ane Olivan Zestoako gerentearen esanetan, "medikuntza naturalaren onurei larregiko balioa eman zitzaien, baina egia da medikuntza konbentzionalak osatu ezin zituen zenbait gaitzentzat ur termala onuragarria zela".
Hala ere, medikuntzaren aurrerapenak etengabeak ziren, eta XX. mendearen bigarren erdialderako gaixoei askoz errazago, merkeago eta erosoago suertatzen zitzaien pilula bat hartzea bainuetxe bateraino hurbiltzea baino. Gainera, urte horietan jendea kostaldeko turismo-guneak deskubritzen hasi zen, eta doako hondartzaren aldean ordaindu beharreko bainuetxeen gainbehera etorri zen. Bata bestearen atzetik Euskal Herriko terma guztien ateak ixten joan ziren, gaur egun geratzen zaizkigun Nafarroako Fitero, Lapurdiko Kanbo eta Gipuzkoako Zestoa izan ezik. Hauek krisiari aurre egiten jakin izan dute eta, beharrezko erreformak egin eta tratamendu berriak barneratu ostean, XXI. mendeari ilusio osoz begiratzen diote.


PREBENTZIOAREN MENDEAN BAINUETXEEN LORALDI BERRIA.

Medikuntzan XX. mendea farmakologiarena izan bada, XXI.a prebentzioarena izango da, eta horretan ur termalak zeresan handia izango du. Mundu hau ikusgarriro aldatzen ari da, eta Fiteroko Bainuen gerente Raimundo Azpilikuetak adierazten digun bezala, "lehen bainuetxeak gaixotasun, zahartzaro eta goibeltasunaz lotzen baziren, orain ongizate, gaztaro eta osasunarekin lotzen dira". Osasunaren kontzeptua eraldatu egin da, eta jadanik ez da nahikoa osasuntsu izatea, helburua orain osasuntsu sentitzea baita.
Honen guztiaren ondorioz, gaur egun bainuetxeetara hurbiltzen den bezero motak antzinako nobleziarekin zerikusi gutxi duela esan genezake. Batetik -askotan dirulaguntzen bidez- hurbiltzen diren pertsona nagusiek bezeria potentzial nagusia izaten jarraitzen dute, batez ere astean zehar eta denboraldi baxuan, baina Raimundo Azpilikuetak argitzen digun bezala, "asteburua eta oporrak heltzen direnean hau jende gaztez betetzen da, hirietako presa eta estresetik ihesi; izan ere, beraiek dira mundu hau deskubritzen ari direnak eta ilusionatuen daudenak, paradisua iruditzen zaie; imajinatu, duela urte batzuk hemen haurtzaindegi bat jartzea zorakeria irudituko zitzaigukeen, eta jadanik abian dago".
Beste kontu askotan bezala, publizitaterik onena ahoz-ahokoa da, eta Ane Valeronek ez du zalantzarik agertzen: "Etortzen denak errepikatu egiten du, eta gainera bitxikeria bat gertatzen da: bezero gazteak bere gurasoei gomendatzen die, eta jende nagusia seme-alabetaz gogoratzen da, beraz horretan ez dugu arazorik".
Bai batak zein besteak, dena den, argi uzten dute tratamendu guztiak medikuen gainbegiratuaz egiten direla, eta helburua ez dela inolaz ere medikuntza orokorra ordezkatzea, laguntzea baizik: "Hemen ez dugu inor engainatzen -dio Ana Valeronek- hau ez da Lourdes-eko ura eta guk ez dugu miraririk egiten, badaude osatu ezin ditugun gaixotasunak, baina oinazea arin dezakegu, eta hori ez da gutxi; jendea horren kontziente da, eta sinesgaitz datorrelako-edo joaterakoan oso pozik uzten gaitu".
Arduradunon baikortasun mugagabea ikusteaz gain, bainuetxe guztiek beren instalakuntzak egunean jarri, garai eta bezero berriei egokitu (Fiteroko Bainuetan ur termalez eginiko gel, eguzki- krema edota kolonia saltzera ere ausartu dira) eta etengabeko inbertsioak egiteari ekin dietela kontuan hartuz, argi dago bi milurtetik gora iraun duen termen tradizioari oraindik denbora luzerako bizia geratzen zaiola.

Jabier Agirre sendagilea
Jabier Agirre sendagilea
Uraren ezaugarri mesedegarriak aspalditik ezagutzen dira. Historiari erreparatzea aski da termak, hamman eta antzeko hitzak non-nahi eta noiznahi topatzeko. Bainuetxeek, gaur egun ulertzen ditugun bezala bederen, joan zen mendearen hondarretan ezagutu zuten bere urrezko garaia.
Urteek aurrera egin ahala eta medikuntzaren ikuspegia aldatzearen ondorioz, garrantzi soziala galdu zuten, eta garai bateko argi eta distirak ilundu egin ziren. Behin modatik pasata-edo, bainuetxeak zahar eta gaixoen babesleku bilakatu ziren hamarkada luzetan. Baina, zorionez medikuntzak berak itzularazi ditu egiaz merezi duten lekura.
Azken ikerketek erabat argi utzi dute urak hainbat gaixotasunen tratamendurako, estresa esaterako, duen garrantzia. Dena den, bainuetxe batetik bestera alde handia egon daiteke bertako uren arabera, eta horregatik komeni da beti bainuetxeko talde medikoari kasu egitea, beroriek izango baitira pertsona bakoitzarentzat tratamendurik egokiena aukeratuko dutenak, sarritan ariketa fisikoarekin, dieta edo jan-neurriarekin eta yoga, erlaxazioa edo antzeko beste teknika batzuekin konbinatzeraino.
Ur guztiak ez dira berdinak, eta horrela, Euskal Herrikoen artean, barrualdean ur sulfuratuak dira gehienbat (arnas arazoetan, larruazalerako edo hezurretako gaitzentzat bereziki mesedegarriak), itsasotik gertu ur kloruratuak eta bikarbonatatuak izanik usuagoak (Zestoakoak, adibidez, giltzurruneko arazoentzat, digestioko gaitzetan, erreumatismoetan eta abar oso egokiak dira).
Bukatzeko, zera esan beharra dago, urak barruko erabileran (ura edan egiten da batik bat), edota kanpoko erabileran (bainuak, zorrotadak, dutxak, saunak, eta abar) erabili daitezkeela. Bi sistema ohizkoez gain buztinak eta substantzia deribatuak ere asko erabiltzen dira gaur egun. Murgildu, beraz, osasunean.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#3
Estitxu Eizagirre
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude