"ALDAKETA GARAIAN EZ, GARAI ALDAKETA BATEAN GAUDE"

  • PERFILA. "Hara, beste feminista..." pentsatu duzu, akaso, Txaroren argazkia ikusi orduko. Legebiltzarrean irudikatu duzu erasokor, lehendakaria atzazal morez seinalatzen, diskurso osoan @rik esan ez duelako iskanbilan. Inori "feminista!" ohiukatzea "matxista" esatea bezain iraingarri bihurtu da (berdintasunaren seinale?). Baina Txarok ere gustora entzungo lituzke elkarte gastronomikoetako txiste sexistak, txistea ona bada, eta emakumeari elkartean sartzen utziko balitzaio. Ez da astapotroekin aterki-joka hasten den oiloloka, baina gizalegea defenditu behar den tokian, eta ez gizon-legea, badaki biboteak erakusten (nahiz eta emakumearen kanon estetikoek depilatu nahi dizkiguten, politikoki polita ez delako).
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Garai hartako 19 urteekin Parisa joan zinen frantzesa ikastera. Nola hartu zenuen erabakia?
Beti eduki izan dut garbi zer ez dudan nahi. Zer nahi dudan, berriz, oraindik ere ez dakit badakidan. Garai hartan Suchard-eko bulego batean lan egiten nuen. Oso gustura ari nintzen lanean, baina pentsatzen nuen bizitzak zerbait gehiago izan behar zuela, mundu hau oso txikia zela eta gehiago ikusi behar nuela. Garai hartan Parisa joatea atrebimendu handia zen. Gogoratzen dut aita eta anaia aurka jarri zirela. Ama ez, oso ondo iruditzen zitzaion eta berak bultza ninduen pausoa ematera. Oso esperientzia interesgarria iruditu zitzaidan eta Ingalaterrara joan nahi nuen ingelesa ikastera. Baina Frantziatik itzultzean ama hil zitzaidan. Aita eta bi anaia ditut, eta garai hartan oso gogorra egiten zitzaidan haiek bakarrik uztea. Gaur egun ziur aski ez nintzateke horregatik etxean geratuko.

Herri Irratian nola hasi zinen?
Ba kasualitate hutsez, beste bati laguntzera joanda. Maite Egaña, Iñaki Gabilondoren emazte zena oso lagun mina nuen. Herri Irratian esatariak behar zituzten, Maite froga egiteko aurkeztu zen berehala, eta azterketa horretara laguntzeko eskatu zidan. Nik ez nuen inolako bokaziorik, ezta asmorik ere, egun hartan laguntzea baino. 300 lagun aurkeztu ginen frogak egitera, eta ni hartu ninduten, kasualitatez.

Garai hartako irratia...
Franko garaiak ziren, irratiko zuzendaria ere falangista petoa zen... albisteak Radio Nacionalek bakarrik eman zitzakeen. Ez zen inor ateratzen kalera elkarrizketak egitera, mikrofono aurrean barre egitea bekatu larria zen, dena idatzita eta oso kontrolatua zegoen... Baina handik urte batzuetara gidaritza hartzen hasi ginen pixkanaka, eta beste era bateko irratia egiten hasi ginen, irratia kalera ateratzen... Eta batez ere euskaratzen.

Zure bizitzaren balorazioa baikorra da orduan...
Nire bizitzan dena kasualitatez gertatu zait. Irratian kasualitatez sartu nintzen, Emakunden ere bai... Jubilatzen naizenean hasiko naiz lehen aldiz pentsatzen zer egin nahi dudan nire bizitzarekin. Baina kasualitate horietan zorte handia izan dut.
Irratian egindako bilakaerak asko irakatsi zidan. Jende jator asko ezagutu nuen eta proiektu bat sortu eta landu genuen. Mundua aldatu nahi genuen. Beti mundua aldatu nahian nabil, nonbait ez zait gehiegi gustatzen... Irrati bidez eragina izan dezakezu, eta garai hartan asko hitz egiten nuen berdintasunari buruz. 60ko hamarkadan feminismoaren filosofia hona iritsi zen, eta "hor badago zerbait" sumatu nuen berehala. Irratian emakume feminista asko elkarrizketatu nituen, eta oso garai interesgarria izan zen.
Eta gero aukera eman didate gobernuan lan egiteko. Kanpotik, irratitik-eta, beti esaten dugu zer egin behar den. Eta egiteko aukera tokatzen zaizunean gogorra da, baina bestalde pertsonalki heltzeko oso interesgarria. Emakume jakintsu asko dago munduan eta aukera eman dit jende asko ezagutu eta ikasteko.

Gizartearen egitura bi ikuspegietatik aztertu duzu zure bizitzan, beraz.
Alde batetik komunikabideen ikuspegitik era batera ikusten da (boterea...), eta gobernutik beste era batera. Denok egon behar genuke gure bizitzan denbora pixka batez administrazioan lanean, zer den ikusteko eta administrazioari zer eskatu behar zaion eta zer ez jakiteko. Dena ez da administrazioaren eginkizuna, gizarteak ere hartu behar ditu beregain hainbat erantzukizun. Zortea izan dut nire intereseko gaia bi mundu ezberdinetatik landu dudalako, oso esperientzia ezberdinak biziz.

Frustrantea ere ez al da gobernura sartu eta hainbeste aldarrikatutako gauzak ez lortzea?
Ez, ni oso errealista naizelako. Farandularen mundutik nator eta gaien aurrean antzerki saio bat balitz bezala jartzen naiz. Zuk dituzu zuzendaritza, eta publikoaren gustuko antzezlan bat osatu behar duzu. Badakizu aktore eta aktoresen artean batzuk hobeak dituzula eta besteak txarragoak, batzuk beti bete nahi dutela paper printzipala... Baina zure eginkizuna indar horiek denak orekatzea da antzezlan osoa ongi atera dadin.
Oso garbi ikusten ditut mugak. Garbi eduki behar da zer gauza aldatu ditzakezun, eta aldatzeko aukera dagoen hori aldatu egin behar da. Baina mugak hor daude. Zu gobernu batetik ari zara lanean, eta hori garbi eduki behar duzu. Baina jendeak ere garbi eduki behar du Emakunde ez dela elkarte bat. Gu gobernu peto-petoa gara eta oso garrantzitsua da gai hau gobernuan egotea eta gobernutik bultzatzea berdintasunaren aldeko politika.

Feminista baten etxean berdintasuna lortzen da?
Bai zera! Saiatzen gara. Hori bai, feminista batek inoiz ez du berdintasunaren kontra dagoen bikoterik hartzen. Zu pixka bat inkonformista zara bizitza eta gizarteko egoerarekiko. Nire bikotea (Josetxo) klandestinitateari oso lotuta zegoen eta bera ere oso kezkatuta eta sentsibilizatuta zegoen gizarteko gaiekin. Biok garbi izan dugu pertsona bakoitzak bere bizitza landu behar duela eta bere bidea egin behar duela. Horrek zerikusi handia du feminismoarekin. Errespetu handiarekin bizi izan dugu gure harremana. Bion artean banatu ditugu gauzak.

Feminista batentzat ez du ondo ematen, baina ez al zaizu gertatu txiste matxistek grazia egitea?
Txiste matxista batzuk oso onak dira. Gainera gauza hauek umorearekin eta filosofiarekin hartu behar dira, bestela muturjoka pasako genuke eguna. Ni pertsonalki ez naiz feminismo kontuengatik inorekin haserretzen (ez Irungo alardekoekin, ez Gaztelubide elkartekoekin...) baina instituzionalki egon behar dudan tokian nago, eta hortik ez nau inork mugitzen.

Feminismoak, egun matxismoaren beste muturraren itxura hartu du...
Beti metrailetarekin edo gerlari itxurarekin ateratzen naute. Eta justu feministok aztertu eta konturatu gara generoen sisteman bizi garenaz. Biologikoki jaio garen sexuaren arabera funtzio batzuk egozten dizkigu gizarteak. Horren arabera egin den lanaren banaketak gizon eta emakumeok mugatu gaitu. Guk asko galdu dugu, baina gizonek ere bai, nahiz eta gizarte androzentriko honetan gizonak izan "erdigunea". Hainbeste mugatu gaituen gizarteratze prozesu hori, eta balore batzuk eraiki dizkigun gizarteratze prozesu hori aldatzeko bidean ari gara. Aldaketa garai batean beharrean, garai aldaketa batean gaudela esango nuke. Lanaren banaketak eratu du dena eta hori hausten ari da. Beraz, gizartearen oinarria hausten ari gara.
Baina badira seudofeministak ere, ezer ulertu gabe kontua gizonen kontra egitea dela uste dutenak.

Aldaketa nondik dator?
Gizarteko lan denak banatu behar ditugu gizon eta emakumeen artean. Munduaren gestioa konpartitu behar dugu. Prozesu horretan desajuste handiak daude, gizartea ez dagoelako eredu berri horretarako prestatua. Gizartea emakumea etxean eta gizona kanpoan egoteko antolatuta dago. Gu oinarri ideologikoak jartzen ari gara emakumeak mundu publikoan sartzeko eta gizona mundu pribatuan. Emakume gazteek oso garbi dute lan egin nahi dutela eta hori oso garrantzitsua da, horrek mugituko dituelako beste gauzak. Emakumeek asko aurreratu dugu, gogoeta egin dugu gure bizitzaz, eta badakigu pertsona askeak izateko nondik nora jo behar duen gizarteak. Baina gizonak nahiko despistatuta daude. Oraindik ez dituzte bere burua eta bere mugak aztertu: ez dute planteatu etxeko lanak ez egiteak autosufiziente ez izatea ekarri dietela, edota sentimenduen mundua ukatu zaiela. Mutilek asko sufritzen dute mundu afektibo falta horregatik bere erlazioetan. Hausnartu egin behar dute, eta gero erabaki dezatela zer egin eta izan nahi duten.

Berdintasunaren izenean ez al gara gizonezkoen akatsetan erori?
Emakume batzuk gizonen munduan sartu dira eta emakumeok ikasi ditugun gauzak ahaztu eta utzi dituzte. Eta kontua ez da emakumeek tortilla eta paella egiten ez ikastea, hori kultura delako eta pertsona autonomo egiten duelako. Gauza da gizonek ere autonomo izaten ikastea. Horrela emazteek ez dute senarraren ondoan iraungo diruagatik, eta gizonek ez dute iraungo bakarrik bizitzen ez dakitelako, eta harremanak askeak izango dira.

Hurrengo belaunaldia nolakoa izango da?
Gazteei buruzko ikerketa bat bukatu berri dugu. Berdintasunaren diskurtsoa asumitu dute eta bere gurasoek borrokatu zuten gauza bat dela pentsatzen dute, beraiek horren ondorio direla. Diskriminazioak nonbait existitzen duela sinesten dute, baina ez dute haiengan sentitzen. 18 urtetik 30era bitartekoen artean egin dugu ikerketa, eta egoera ezberdina bizi dutenak kontuan hartuz (ezkonduak, ikasleak, gurasoak...). Hiru eremu landu ditugu: afektuaren mundua, arduren mundua eta aisialdiarena.

Zer dio inkestak lan eta ikasketei buruz?
Lan munduan garbi ikusten da non dagoen diskriminazioa. Gizonak baino bi aldiz emakume langabetu gehiago baitago. Ikasketetan emakume gehienak "femenino" deitzen diren karrerak ikasten dituzte. Karrera teknikoetan emakumeen %4a ari da, eta gizonen artean %43a. Gizarte gaietako karreretan gizon-emakumeen kopurua orekatua da eta zerbitzuetan ia denak emakumeak dira. Lan merkatuan, gainera, oso baldintza kaxkarretan gaude. Azterketa honetarako gazteek neska eta mutilen bertuteak zerrendatu zituzten: neskak txukunak, arduratsuak... eta mutilak utziagoak direla esaten dute, baina elkarteetan zuzendariak beti gizonak dira.
Baina etorkizunerako garrantzitsua da unibertsitatean emakumeak egotea, horiek beste bide bat hartuko baitute.

Etxeko kontuak nola daude?
Etxean gauzak aldatu direla esaten da, etxeko lanak "banatzen" dira, ez dago hierarkiarik... Baina alabari lan gehiago egitea tokatzen zaio anaiari baino, neskei etxera etortzeko ordua jartzen zaie eta mutilei ez, neskek gauez etxera bakarrik joateko beldurra dute eta mutilek ez...

Eta koadriletan zer gertatzen da?
Koadrila aztertzen hasita, gazteak konturatu dira mutilek nahi duten tokietara joaten direla, arazoen aurrean laguntza afektiboa neskek ematen dutela batik bat...
Dantzaleku eta tabernetan mutil eta neskak non kokatzen diren ere oso bitxia da. Mutilak barra, sarrera eta komuneko bidean jartzen dira, eta neskak erdian. Neskak oraindik ere binaka joaten dira komunera eta mutilak kontrol posizioetan daude. Horiek detaile txikiak dira, baina horrelako gauza asko egoteak atzetik beste zerbait erakusten du.

Gizonezkoek zer jarrera dute berdintasunarekiko?
Gizonen jarrerak hiru motatan bereizten ditugu: Batetik, berdintasunarekin ezer jakin nahi ez dutenak daude. Bigarren multzoak onartzen du berdintasuna, baina eguneroko bizitza ahalik eta gutxien aldatzen saiatzen da. Jarrera honen barruan hiru mota daude: batzuk behartzen dituztenera egokitzen dira (plantxatzera, hizkera zaintzera...). Besteek negoziatu egiten dute eta beste batzuk benetan aldatzen saiatzen dira baina ez dute baliabiderik egoera berrira moldatzeko (bakoitzak jaso duen heziketa jaso duelako, duen esperientziatik abiatzen delako, eta abar). Eta hirugarren mota kontzienteak eta aktiboak dira. Bi muturretakoak dira gutxien, eta gizon gehienak tarteko multzo horietan daude.

Tratu txarrei erantzuten dien legedia ez al da oso estua? Larruan inprimatuta eraman behar dira frogak...
Asko aurreratu dugu lege eta zerbitzu aldetik. Baina ez dute zuzentzen oinarrian dagoen arazoa. Alegia, emakume eta gizonen arteko botere erlazioa. Dependentzia ekonomikoa, dependentzia sikologikoa (emakumeek jaso duten sumiso izateko hezkuntza)... Hori aldatu arte ez da arazoa konponduko. Baina egia da estamentu legegilea oso mantsoa dela. Gainera kontuan hartu behar da epaileek guk bezalako heziketa androzentrikoa jaso dutela.

Emakumeen datuak noizbehinka kaleratzen dira, baina itzalean geratzen dira andreek ere jipoitzen dituzten gizonenak.
Gizonezkoek jasandako tratu txarrak ere emakumezkoenak bezain salagarriak dira. Seguru nago gizon asko dagoela sikologikoki erasotua. Hori da emakumeek hartzen duten buelta. Ez daude bere egoerarekin eta ondoko gizonarekin gustura, eta azpitik izorratzen saiatzen dira. Gizonezkoek ez dute salatzen, indartsu planta, urguilua eta horrelakoak mantentzeko.

Diruagatik edo plantxatutako alkandorak izateagatik irauten dute bikote askok. Baina egun bikotea izatea estatusa ere bada. Beti egon dira gaizki ikusiak bikote eta umerik ez dutenak...
Egun Espainiar Estatuan gutxiengoa da familia tradizionala, alegia, bikote heterosexualez eta haurrez osatutakoa. Pertsona bakarrekoak geroz eta gehiago dira. Oso azkar aldatzen ari da. Legeak beti doaz gizartearen atzetik. Baina emakumeen mugimenduak beti irabazi izan ditu lehendabizi bataila legalak eta gero errealak. Zeren eta hau mentalidade, jokaera aldaketa bat da eta hori aldatzen gehiago kostatzen da lege bat idazten baino.

Prostituzioa lanbidea edo diskriminazioa da?
Legalizatu egin behar litzateke. Helburua prostituziorik ez egotea da, ez dut sinesten jendea nahi duelako prostituitzen denik. Prostituzioa emakumearen azken errekurtsoa da. Baina legalizatzen bada arazoa azaleratzen da.

Abortuarena ere ez da eztabaida antzua...
Oso garbi dut aukeratzeko eskubidea bikoteak duela. Sendagile edo epaile batek ez du ezer erabaki beharrik. Baina lortu behar dena nahi ez duen inor haurdun ez geratzea da. Ez dira helburuak nahastu behar. Erabakia bikotearena da baina noski, azken hitza emakumeak du, oraingoz bera baita umearekin kargatzen duena.

Zein da emakumeen egoera mundu mailan?
Dinamita purua da. Oso egoera txarra bizi da orokorrean, baina gizarteak uste duena baino askoz mugimendu indartsuagoa dago.
Suediak du sei hilabetez Europako lehendakaritza, eta eztabaidarako hartu duten lehen gaia berdintasunarena da. Iparraldeko herriak dira iparra. Finlandian emakumeen %80ak baino gehiagok egiten du lan etxetik kanpo. Zerbitzuak ere oso ongi antolatuta dituzte, haurtzaindegiak, ordutegiak. Hamalau hilabeteko baja dute umeak edukitzeagatik, dirulaguntza handiak daude seme alabentzat... Bizitza beste era batera dute antolatuta. Denak daude libre arratsaldeko 18:00etan. Eta ez diote etxeari, arropari eta itxurari hainbeste begiratzen, hemen ez bezala. Praktikoagoak dira eta horretan denbora asko aurrezten dute.

Hemen, emakume talde gehienak talde politiko bati lotuta daude. Emakumeen borrokak ez al luke bat izan behar?
Finlandian alderdi guztietako emakumeak elkartu dira gobernuan lehendakari emakumea atera zedin laguntzeko. Norbegian, berriz, alderdi ezberdinetako emakumeak elkartu ziren isilpeko sare batean parlamentuan %40ko kupoa lortzeko. Alderdikeria baino handiagoa da han emakumeen kontzientzia. Hori ikasi beharra daukagu. Emakumeok alderdi politikoetan gehiago sartuko bagina gure izaeragatik erlazio hobea legoke gauza askotarako.
Hemen horretarako gauza asko aldatu behar lirateke. Ia atzo arte emakumeak gizona lortzeko konpetentzian geunden. Emakume batek bizitza aurrera ateratzeko zuen aukera bakarrenetarikoa norbaitekin ezkontzea baitzen. Eta neskon artean konpetentzia kultura hori izaten jarraitzen dugu oraindik beste maila batean.

Beste baloreak dituzten kulturatan noraino inposatu ditzakegu gureak?
Ez dago tradiziorik giza eskubideen gainetik jar daitekeenik. Islamdar kulturetan eta bestelakoetan gure erabakiei erreserbak jartzen badizkiete ere, hori pixkanaka gizarte denetara iristen da, bertako biztanleen mentalitatea eraldatzen doa. Afganistanen, esaterako, emakumeek debekatuta dute ikastea eta etxeetan eskola klandestinoak antolatzen hasi dira. Guk ekonomikoki lagunduko diegu. Ezin duzu herri horretan gehiago egin, baina horraino behintzat egingo dugu. Pekingo kongresuko idazkari nagusiak oso argi esan zuen: mundu osoko emakumeen arazoen jatorria bera da. Aldatzen dena errealitatea moldatzeko dauden aukerak dira. Ugandan emakumeak jo egiten dira, eta hemen ere bai. Baina ezberdintasuna da Ugandan emakumeak auskalo zenbat kilometro egin behar dituela zauria garbitzeko iturri bila, eta sendagilea beste hainbeste kilometrotara duela, eta gainera etxera itzultzean agian berriro astindu bat emango diotela, emakumeak jotzea ongi ikusia dagoelako. Hemen dugun abantaila da jotzen gaituztenean iturria etxean dugula, anbulatorioa kale izkinan eta salatu dezakegula, gizartean gaizki ikusia dagoelako.

CURRICULUMA
Jaio:
Donostian, 1944. urtean.

Bizi:
Oiartzunen.

Emakundeko zuzendaria, 1998az geroztik.
Kazetaritzan:
1963tik 1988ra Donostiako Herri Irratian jardun zuen.
Pinpix, Ponpox eta Burutxuri pailazoekin aritu zen arduradun lanetan.

Alaba baten ama.
BERE HITZETAN
"Ezin da esan benetako demokrazia dagoenik, biztanleen erdiek, emakumeek, ez baitituzte aukera berak politikaren, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren arloetan" (Euskaldunon Egunkaria 2000-03-03)

"Etxeetan lansaririk gabe egindako lanaren balioa Barne Produktu Gor-dinaren % 35 eta 55 bitartekoa da" (Euskaldunon Egunkaria, 1999-03-06)

"Emakumeek bortxaketa salatzerakoan komisaldegietan 18 aldiz errepikatu behar izan dute beren istorioa, eta indarrean jarri dugun protokoloaren bidez, behin bakarrik kontatzen da"
(Argia, 1992-04-19)

"Emakundek ez du Emakume taldeen edo kolektiboen protagonismoa ordezkatu behar. Gure papera talde horien laguntzailea eta bultzatzailea izatea da, dauzkaten arazoak gaindi ditzaten. Inola ere ez dugu euren papera hartu behar" (Argia, 1992-04-19)

"Gizarte hau terrorismo politikoarekin oso sentsibilizatuta dago. Emakumeek jasaten dutena genero-terrorismoa izan daiteke. Askoz heriotz gehiago eragiten ditu, baina ez du besteak bezalako erantzunik izaten" ( Gara, 2001-01-21)

"Lana berrantolatu behar da. Orain arte lanerako bizi izan gara eta hori aldatu beharra dago"
(http://www.ehu.es/gabinete/bilduma/2000/junio/30jun/mundo16.htm)

BIZITZAREN PASARTEA
Senarra eta biok elkar ezagutu genuenekoa oso bitxia da. "De cesta" joan ginen biok, amu gisa, alegia, bikote bati ligatzen laguntzera. Urtezaharretarako Baionako pub batean egin genuen zita. Horrela ezagutu nuen Josetxo. Gau osoa elkarrekin berriketa batean pasa genuen eta 32 urtean ez gara bereizi. Beste bikoteak ez zuen ligatu.

BERTSOA
Doinua: Aita izena
Bizitza hontan kasualitatez
pasa omen zaizu dena...
Paris hartatik Gasteiz hontara
iraultza baten errena
"metrailetakin" jartzen zaituzte
"berdintasuna" ze lema!
Inauteriak iritsi dira
Nafarroatik barrena
ta Emakunde ez litzateke
farandularik txarrena

Jexux Mari Irazu
ARGAZKI ZAHARRA
"60ko hamarkadan feminismoaren filosofia hona iritsi zen, eta Herri irratian emakume feminista asko elkarrizketatu nituen".


Azkenak
2025-06-19 | Sustatu
AA batek zenbat eta gehiago “arrazoitu”, orduan eta okerrago

Applen lan egiten duen ikertzaile talde batek adimen artifizialaren (AA) esparrurako egindako ikerketa baten emaitza argitaratu dute. Izenburu esanguratsua du: The Illusion of Thinking. Euskaraz, bere izenburu luzean, honela: Pentsatzearen ilusioa: arrazoitzeko ereduen... [+]


Desokupacyl enpresa Donostian dagoela ohartarazi dute

Desokupacyl desokupazio taldeak bideo bat argitaratu zuen atzo sare sozialetan, Luis Nuñez Mané burua eta beste hiru kide Donostian zeudela esanez. Bideoa, Kontxan grabatuta dago, eta “okupatutako” etxeak erostera bultzatzen du bertan Manék:... [+]


Ekialde Erdia
Mundua begira, Israelek eta Iranek elkarri erasotzen jarraitzen dute

Joan den ostiralean Israelek Iran eraso zuenetik, bi herrialdeek bata bestea erasotzen jarraitzen dute. Ali Khamenei Iraneko liderra hilko dutela diote Israeleko agintariek, AEBen parte hartze zuzena eskatzen dute, baina AEBetako lehendakari Donald Trumpek ez du oraindik erabaki... [+]


Langileen eskubideek okerrera jo dute azken hamarkadan, bereziki Europan eta Ameriketan

Nazioarteko Sindikatuen Konfederazioak (ITUC) urtero argitaratzen duen txostenak langileen eta sindikatuen egoera globala gero eta okerragoa dela adierazi du.
 


2025-06-19 | Axier Lopez
Banco Santanderrek armagintzan eta genozidioan duen parte-hartzea salatzeko ekintza egin dute Azpeitian

Azpeitiko Elkar-ekin taldeak protesta ekintza egin du asteazken gauean. 1.000 kilo obra-hondakin utzi dituzte bankuko sarreran, hildakoak irudikatzeko panpinak jarri eta porlanez zikindu dute egoitza.


Iruñeko eta Gasteizko gertakarien gaineko erantzukizuna aitor dezala eskatu diote Espainiako Gobernuari

78ko Sanferminak Gogoan plataformak eta Gasteizko Martxoak 3ko ekimenak bat egin dute espainiar estatuak gertakari latz horietan bere erantzukizuna onartu eta biktimen aitortza ofiziala egin dezan. 'Estatua Erantzule!' izena darama kanpainak.


Prostituzioa debekatzeko lege proposamena aurkeztuko du Espainiako Berdintasun ministroak irailean

Birritan saiatu da PSOE legea aurrera ateratzen. "Berriro ekingo diogu, beharra bertute bihurtu behar dela uste baitut. Benetan, unea dela uste dut", adierazi du Ana Redondo Berdintasun ministroak.


BVE talde parapolizialak gutxienez 40 lagun hil zituen 1975 eta 1983 artean, Iñaki Egañaren arabera

Iñaki Egaña historialak Impunes (Txalaparta, 2025) liburuan dio frankismoak talde parapolizialetara jo zuela errepresioa "itxurak mantenduta" ezartzen jarraitzeko, eta beren kideen "inpunitatea" azpimarratu du. Duela 50 urte sortua, bederatzi... [+]


Teresa Zavaleta 
“Euskararen bidez Euskal Herriko egoera politikoa ulertu nuen”

Argentinarra da, baina sustraiek errotzen dute. Euskararekin maiteminduta dago, 25 urterekin ikasten hasi zenetik. Arbasoetako batzuk Euskal Herrikoak zituen, Soraluzekoak eta Azagrakoak, eta bizpahiru urterekin hasi zen Arrecifeseko Euskal Etxera joaten; arbasoa sortzaileetako... [+]


PSNko idazkariorde Ramón Alzórrizen dimisioak ustelkeria eta krisi politikoa Euskal Herrian kokatu ditu

María Chivite Nafarroako Presidentearen "konfiantza galdu" duela eta, Ramón Alzórrizek PSNko idazkariorde nagusi eta Nafarroako Parlamentuko bozeramaile izateari utziko dio. Bere bikotekidea Servinabar enpresan lanean aritu zela publiko egin ostean eman du... [+]


Papax Fagoaga, mutil-dantzaria 1970eko hamarkadatik
“Ezin nuen ulertu emakumeok herriko bestetan ezin genuela mutil-dantzetan parte hartu, horregatik hasi nintzen dantzan”

Elkarrizketa ilustratzeko erabili dugun argazki nagusia 1970eko hamarkadan hartua da. Erratzuko plaza festetarako apainduta ageri da, ezpelez atonduriko ohiko eszenatokiarekin eta etxetik etxera zintzilik, dilindan dauden xingolekin. Urrunean bi soinulari agertzen dira, Maurizio... [+]


Faxismoaren aurka borrokan, munduan zein Euskal Herrian

Lanaren Ekonomia irratsaioan faxismoaren gorakada aztertu dugu, munduan eta Euskal Herrian gertatzen ari dena.


Aroztegiko Elkartasun Komiteak salatu du bi kidek jazarpenak eta irain matxistak jasan dituztela

Taldeko kideen aurkako eraso matxistak talde osoaren aurkako eraso gisa ulertzen dituela adierazi du Aroztegiko Elkartasun Komiteak. Komiteak salatu duenez, Aroztegiko epaiketara ikusle gisa sartu nahi zuen jendearen zerrendatik "Baztango mutil-dantzari talde... [+]


Aurten ere batxilergoko ahozkoa euskaraz pasatzeko aukera irekiko dute hainbat irakaslek

Ekainaren 23aren eta uztailaren 2aren artean iraganen da ahozko azterketa. Frantsesez pasa beharreko azterketa izanda, Seaskako, sail publikoko eta pribatuko irakasle batzuek publikoki jakitera eman dute euskaraz bideratzeko aukera eskainiko dietela ikasleei.


Umandi ikastolak 50 urte
Euskara, bizikidetza eta berrikuntza pedagogikoa ardatz

Gasteizko Umandi ikastola duela 50 urte sortu zuten hainbat familia aski ausartek –herri ekimena, orduan ere–, euskararen transmisioa ardatz hartuta. Mende erdia joan da, ikastola hazi egin da, belaunaldi berriak hezi ditu ez gutxi, komunitate baten erreferente ere... [+]


Eguneraketa berriak daude